46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

120/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2010. urtean Nafarroako ehiza barrutietan ehizazainak kontratatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearen 20. artikuluak ezartzen du ehiza barrutietako kudeatzaileen eginkizunetako bat ehiza babesteko behar diren zaindariak jartzea dela, ehiza antolatzeko planen arabera.

Era berean, aipatutako 17/2005 Foru Legearen 52. artikuluak (ehiza sustatzeko neurriak) ezartzen du Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak ematen ahalko dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

Horregatik, ikusi da egokia litzatekeela diru-laguntza sail bat ezartzea, 2010. urtean ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren edo haien kudeaketaren titularrek ehizazainak kontratatzean dituzten gastuak zati batean finantzatzeko.

Laguntza horien bidez, barrutietan ehizazainak izan daitezela sustatu nahi da, ehiza antolatzeko planaren arabera behar duten zaintza izan dezaten, eta, orobat, Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko lotura lana egin dezaten, nekazaritzari eragiten zaizkion kalteak kontrolatu eta haiei aurrea hartzeko eta ehiza-espezieen kontrola eta segimendua egiteko, kudeaketa iraunkorreko irizpideei jarraikiz.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2010. urtean Nafarroako ehiza barrutietan ehizazainak kontratatzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean jaso dira.

3. 168.900 euroko gastua baimentzea foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2010eko Gastuen Aurrekontuko "Ehiza barrutietan zaintza ezartzeko laguntzak" izeneko 74200 740002 4809 456300 kontu-sailaren kargura.

4. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

2010. urtean Nafarroako ehiza barrutietan ehizazainak kontratatzeko diru-laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Oinarri hauen helburua da ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenek ehizazainak kontratatzeko dituzten gastuen zati bat ordaintzeko diru-laguntzak arautzea.

Laguntza horien bidez, barrutietan ehizazainak izan daitezela sustatu nahi da, ehiza antolatzeko planaren arabera behar duten zaintza izan dezaten, eta, orobat, Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko lotura lana egin dezaten, nekazaritzari eragiten zaizkion kalteak kontrolatu eta haiei aurrea hartzeko eta ehiza-espezieen kontrola eta segimendua egiteko, kudeaketa iraunkorreko irizpideei jarraikiz. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du ezen Nafarroako Gobernuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela zaintza sistema bat ezartzeko.

2. Honako honetarako ematen ahalko da diru-laguntza:

2010. urtean ehiza barrutiak kudeatzeko ardura dutenek ehizazainak kontratatzeko dituzten gastuak.

Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Ehizazain bakoitzeko diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa ondokoa izanen da:

-Urteko soldata gordinaren %40. Ehizazain bakoitzeko, gehienez, 8.500 euroko diru-laguntza emanen da.

-Kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada eta urteko lan orduak finkatuak baditu, kontratuan agertzen den diru-kopuruaren %40ko diru-laguntza emanen da; gehienez 6,80 euro ordu bakoitzeko eta 8.500 euro urtean.

Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta behar den adinako kreditua aurrekontuetan, eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean. Hori horrela, diru-laguntza jaso dezaketen eskaera guztiei erantzuteko aurrekontu-kreditu aski ez badago, inbertsioei aplikatu beharreko ehunekoa, eman daitekeen gehieneko diru-laguntza finkatzen duena, gutxituko da.

Hirugarrena.-Onuradunak.

Honako hauek izaten ahalko dira deialdiko laguntzen onuradun:

-Tokiko ehiza barrutietan:

  • Tokiko ehiztari elkarteak, barrutiaren titularra den toki entitateak ehiza guztiaren aprobetxamendua esleitu badie zuzenean.
  • Barrutien titularrak diren toki entitateak, gainerako kasuetan.

-Ehiza barruti pribatuetan, irabazi-asmorik ez badute:

  • Deialdi honen laguntzen jasotzaileak izaten ahal dira ehiza barruti pribatuak, tokiko ehiza elkartea bada ehiza barrutiaren titularra eta ehiza aprobetxamendua harexek egiten badu, onuraduna ehiza elkartea bera izanen dela.

Laugarrena.-Bete beharrekoak.

Betiere, eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Ehiza barrutiak ehiza antolatzeko plana onetsia izatea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat.

2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan dagoen informazioaren arabera, barrutiaren titularrak barrutia zuzen gobernatzea, ehiza arloan eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean indarra duten arauei jarraikiz: Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea eta Basa fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea, hurrenez hurren.

3. Ehiza barrutiak zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

4. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

5. Ehiza barrutiko zaintza lanak egiten dituen pertsonak Justizia eta Barne Ministerioak emandako ehiza espezialitateko landazainen gaikuntza izan beharko du, Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legearekin bat.

6. Ehizazaintza zerbitzua barruti bakar baterako edo beste batzuekin partekatua izan daiteke. Gutxienez, zaintza lan hauek egin beharko dira:

-Ehiza eremuko hegoaldean diren ehiza barrutietan gutxieneko zaintza hau egin beharko da: ehizazain bat lanaldi osoan 15.000 hektareako. Ehizazainak urtean bete beharreko orduetan adierazita, eremuaren hektarea kopurua bider 0,12 egin beharko da (120 ordu urtean 1.000 hektareako).

-Ehiza eremuko iparraldean diren ehiza barrutietan gutxieneko zaintza hau egin beharko da: ehizazain bat lanaldi osoan 25.000 hektareako. Ehizazainak urtean bete beharreko orduetan adierazita, eremuaren hektarea kopurua bider 0,07 egin beharko da (70 ordu urtean 1.000 hektareako).

Ehizazainak zainketako beste eginkizun batzuk betetzen ahalko ditu ehiza barrutian sartzen diren udal mugapeetan, betiere ehizari buruzko gutxieneko eginbeharrak, aurretik ezarri direnak, betetzen baditu.

7. Kontratua urtebeterako izanen da, gutxienez. Zerbitzuak egiteko kontratua aurkeztuz gero, iraupena, urtean kontrataturiko ordu kopurua eta kontratazioaren diru-zenbatekoa adierazi beharko dira. Ehizazainak dago(z)kion barrutian edo barrutietan banatu beharko ditu lanak urtean zehar.

8. Kontratuan, langileek izanen dituzten eginkizunen artean, hauek zehaztuko dira:

-Ehizari buruzko datuen kontrol administratiboa egitea.

-Administrazioaren, ehiztarien eta nekazarien arteko harremana bideratzea.

-Kalteak kudeatzea (kontrolatu eta aurrea hartzea).

-Ehiza-espezieetako populazioen kontrola eta segimendua egitea.

-Harrapariak kontrolatzea.

-Habitatak kudeatzea.

-Usategien mantentze-lanak egitea (garbiketa, kokalekuaren kontrola, egoera...).

-Administrazioari laguntzea, ehizaren kudeaketa errazteko eskatzen zaionean.

-Nafarroako Administrazio Publikoak ehiza espezialitateko landazainentzat antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetara joatea.

Barruti batzuk ehizazain bat kontratatzeko elkartuz gero, baldintza horiek bildutako ehiza barruti bakoitzak bete beharko ditu.

Bosgarrena.-Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko oinarrian aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, agiri hauek aurkeztuko dira:

1. Eskabidea, eranskineko ereduaren araberakoa. Tokiko ehiztari elkarte eta/edo toki entitate batzuek ehizazaina konpartitzeko eskaeretan, onuradun bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du.

2. Zenbait ehiztari elkartek eta/edo toki entitatek ehizazaina partekatzeko batera egindako eskaeretan, ordezkari bat izendatzeko idazkia, deialdiko betebeharrak frogatzeko eta diru-laguntza jasotzeko ardura izanen duena.

3. Justizia eta Barne Ministerioak emandako ehiza espezialitateko landazainen gaikuntzaren fotokopia, Segurtasun Pribatuari buruzko uztailaren 30eko 23/1992 Legearekin bat.

4. Kontratuaren fotokopia, laugarren oinarriaren 7. eta 8. puntuetan eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko.

5. Nominaren edo beste agiri ofizial baten fotokopia, kontratatzen den zaindariaren urteko soldata gordina, urteko zerbitzu orduen kopurua (kontratua zerbitzuak ematekoa baldin bada) eta ordu bakoitzeko ordainsaria agertzen dituena.

Seigarrena.-Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura igorri eta departamentuko Erregistroan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

2. Eskaerak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

3. Eskabidea eranskinean agertzen den ereduan aurkeztuko da.

4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

Deialdi honetako diru-laguntzak norgehiagokako prozeduaren bidez emanen dira. Onartutako eskaerek aurrekontuko muga gainditzen badute, onartutako eskaera guztien artean banatuko da aurrekontua, eta hasieran zehaztutako laguntzak proportzioan murriztuko dira.

Zortzigarrena.-Ebaluazio organoa.

Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Ehiza eta Arrantza Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

Bederatzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, hirugarren eta laugarren oinarrietan ezarritako betebeharrak betetzen dituen egiaztatuko da. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman, eta jakinaraziko zaio.

2. Eskaera Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak ebaluatu ondoren, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ebazpen proposamena eginen du eta diru-laguntzen banaketa arrazoi bidez ebatziko da. Berariaz aipatuko dira ezetsi diren eskaerak.

3. Prozeduraren gainean ebazteko epea 4 hilabetekoa izanen da. Epea berariazko ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Hamargarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko ditu.

Hamaikagarrena.-Lanak bukatzeko epea eta gastuen justifikazioa.

Deialdi honetako diru-laguntzaren xedea izanen da ehizazainak 2010. urtean egindako lana.

2010eko abenduaren 2a baino lehen, onuradunek gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe.

Gastuen justifikazioa bide hauen bitartez egin daiteke:

-Ehizazaina lan kontratu bidez kontratatu bada, 2010. urtean egindako nomina guztien edo soldata gordinaren zenbatekoa adierazten duten beste agiri ofizial batzuen fotokopiaren bidez.

-Ehizazaina zerbitzuak egiteko kontratu bidez kontratatu bada, 2010eko faktura jatorrizkoen edo horien fotokopien bidez. Egindako gastua benetan ordaindu dela frogatzeko, fakturekin batera bankuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, transferentzia bidez ordaindu bada, edo hartu-agiria, fakturaren igorleak sinatua, ordainketa eskudirutan egin bada.

Hamabigarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ordaintzeko ebazpena eman ondoren ordainketa eginen da, dena batera.

Ordainketa deialdiko hamaikagarren oinarriari jarraikiz egin eta justifikatzen diren gastuen araberakoa izanen da, baina ordaintzen dena ez da inoiz ere hasieran finkatutako diru-laguntza baino handiagoa izanen.

Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin. Alabaina, proiektu edo programa bererako erakunde desberdinek emandako bi diru-laguntzaren edo gehiagoren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste diru-laguntzaren bat jasotzen baldin badu, Ehiza eta Arrantza Atalari jakinarazi beharko dio, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. d) artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hamalaugarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamabosgarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es Interneteko atariko ''Zerbitzuak'', ''Laguntzak eta bekak'' atalean argitaratuko da.

ERANSKINA

2010. urtean ehizazainak kontratatzeko diru-laguntza eskaera

Izena: .................; NANa: .....................................................; helbidea (kalea, zenbakia, solairua): ..................................:...............................; herria: .......................; telefonoa: ....................; ..................... tokiko ehiztarien elkartea/toki entitatea (izena jarri) ordezkatuz; IFZ: ............................, honako matrikula hau duen ehiza aprobetxamendu edo ehiza-barrutiaren titularra baita, NA-........................., ..............(e)koa,

ADIERAZTEN DUT:

2010eko martxoaren 15eko 120/2010 Foru Aginduaren bidez, 2010. urtean ehizazainak kontratatzeko diru-laguntzak emateko onetsitako deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala, eta hura arautzen duten oinarri guztiak onartzen. Beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari diru-laguntza eskatzen diot.

Era berean, hauxe aitortzen dut:

-Ez naizela beste diru-laguntzarik jasotzen ari jarduera bererako edo, jasoz gero, behar bezala justifikatzen dudala, deialdiaren hamargarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere ez dudala.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diodala Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak ditudala.

.................................(e)n, 2010eko ................aren.....(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: F1005654