163. ALDIZKARIA - 2018ko abuztuaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

559/2018 EBAZPENA, abuztuaren 13koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Gesalazko Udalari eta Garisoaingo Kontzejuari entzunaldia ematea eta kontzeju hori iraungitzeko espedientea jendaurrean jartzea xedatzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44.1.a) artikuluak xedatzen du, besteak beste, kontzejuak iraungitzen direla auzotar egoiliarren gehiengoaren idatzizko eskaeraren bidez, udalari entzunaldia eman ondoren.

Aipatu 44. artikuluko 2. apartatuaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio, Lurralde Mugaketako Batzordeak txostena eman ondoren, kontzejuen iraungitzea dekretatzea. Iraungitzearen foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Estatuko Administrazioari igorriko zaio, Toki Entitateen Erregistroan inskribatzeko.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren Erregistroan 2018ko martxoaren 26an aurkeztutako idazki baten bidez, Garisoaingo Kontzejuko 14 bizilagunek eskatu zioten Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari kontzejua iraungitzeko prozedura hasteko, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. a) artikuluak xedatzen duenarekin bat. Eskaerak atxikiak zituen 14 bizilagun horien izen-abizenak, NANak eta sinadurak, kontzejuko idazkariak ziurtatuak.

2018ko maiatzaren 2ko ofizio baten bidez, zuzendaritza honek eskatu zion Gesalazko Udalari Garisoaingo Kontzejuko erroldako datuen ziurtagiria bidaltzeko, egiaztatzeko sinatzaileak toki entitate horretako bizilagunak diren eta populazioaren gehiengoa ordezkatzen duten, eta, hala bada, erabaki bat har dezan, kontzejua iraungitzeko egin duten eskaeraz udalak zer iritzi duen adieraziz.

2018ko ekainaren 15ean, Gesalazko Udalak Garisoaingo Kontzejuaren egungo errolda aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan, eta bertan egiaztatzen da kontzejua iraungitzea eskatu duten 14 lagun horiek entitatean erroldatutako bizilagunak direla eta bertan bizi diren auzotar egoiliarren gehiengoa egiten dutela; hortaz, bidezkoa da Garisoaingo Kontzejua iraungitzeko prozedurari hasiera ematea, udalari entzunaldia emanez, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 44. a) artikuluan xedatzen denez.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 39/2015 Foru Legearen 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoaren arabera, bidezkoa da Garisoaingo Kontzejuari eta Gesalazko Udalari entzunaldia ematea, baita kontzeju hori iraungitzeko espedientea hilabetez jendaurrean jartzea ere.

Horrenbestez, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen irailaren 21eko 78/2016 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Garisoaingo Kontzejua iraungitzeko espedientea dela eta, Gesalazko Udalari eta kontzeju horri entzunaldia ematea hilabetez, eta espedientea jendaurrean jartzea hilabetez ere, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz, pertsona fisiko edo juridiko guztiek egokiak iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal ditzaten.

2. Ebazpen honen berri ematea Gesalazko Udalari eta Garisoaingo Kontzejuari, beren iragarki tauletan argitara dezaten behar diren ondorioetarako.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 13an.–Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Xabier Lasa Gorraiz.

Iragarkiaren kodea: F1810415