46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

84/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen arauak ezarri eta 2010. urterako deialdia onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko ingurumenean eragin nabarmen eta onuragarria duten nekazaritza jardueren artean erlezaintza dago, erleen polinizatze lana garrantzi handikoa baita bertako florako espezie asko ongi kontserbatzeko.

Eraginpeko eremuko berezko landarediko polinazioak eragina du ingurumean oro har, bereziki, nekazaritzako ekoizpenean. Hori horrela, erlezaintza desagertu edo gutxituz gero, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde askotako biodibertsitatearen iraupen egokia arriskuan jar daiteke.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, erlezaintza sektoreari laguntzeko asmoz, erlauntz bakoitzeko laguntzak ematea egokitzat jo du, horrela erlezaintzako jarduera maila mantentzen laguntzeko, ingurumenean ondorio on eta garrantzitsuak baititu.

Foru agindu honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude (Batzordeak 2007ko abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamendua, Europar Batasuna osatzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorean "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Polinizaziorako nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak onestea.

Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onetsi dira. Foru agindu honen eranskinean daude.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Laguntzen 2010erako deialdia.

1. 2010. urtean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen deialdia onestea.

2. Eskaerak aurkezteko epea 2010eko maiatzaren 1ean hasi eta maiatzaren 31n bukatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuetako kredituak.

Laguntza hauetarako 63.300 euroko gastua onestea, 2010eko aurrekontu orokorretako "Nekazaritza eta ingurumen arloko laguntza. Polinizazioa" izeneko 711001-71310-4700-412206 kontu-sailaren kargura.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Deialdiaren aurkako errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko otsailaren 23an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean polinizaziorako emanen diren nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen arauak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea polinizaziorako nekazaritza eta ingurumen arloko laguntzen arauak ezartzea da, erlezaintzako jarduera maila egokia izan dadin, biodibertsitatea zaintzeko ondorio on eta garrantzitsuak baititu, batez ere erleen polinizazioak biodibertsitatea egoki mantentzeari begira duen garrantziagatik.

2. Diru-laguntzen xede izanen dira produkzioan ari diren erlauntzak, erlezainek hirugarren artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

2. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza urteko sari bat izanen da, gehienez ere hamabi euro eskabidea aurkeztean produkzioan ari den erlauntza bakoitzeko.

2. Laguntza hau "de minimis" araubidearen menpean dago (Batzordeak abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamendua, Europar Batasuna osatzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritza produktuen ekoizpenaren sektorean "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

3. Onuradunek "de minimis" eran guztira jasotzen dituzten laguntzak ez dira 7.500 eurotik gorakoak izanen hiru urteko epean. Batzordeak 2007ko abenduaren 20an emandako 1535/2007 EE Erregelamenduaren 3. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, Europar Batasuna osatzeko Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak nekazaritzako produktuak ekoizteko sektoreko "de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Onuradun bakoitzari ordaindu beharreko kopurua zehazteko, ustiategiak aurreko hiru urteetan eta de minimis araubidearen menpe jasotako diru-laguntzak hartuko dira kontuan.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroako Foru Komunitatean abeltzaintzako ustiategien titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta banakako laguntza ematen denean baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribaturik dagoen erlategi baten titularra izatea eskabidea aurkeztu aitzin.

b) Erlategiak produkzioan ari diren 50 erlauntz izatea gutxienez; erlauntz bakoitza identifikatuta egonen da dagokion ustiapen zenbakiarekin.

c) Osasun arloko legeriak ezarritako osasun betebeharrak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak berariaz zehazten dituenak betetzea.

d) Erlategiak antolatzeko arauak ezartzen dituen otsailaren 22ko 209/2002 Errege Dekretuan aipatzen diren baldintzak betetzea.

e) Nekazaritza iraunkorrean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak uztailaren 2an emandako 207/2007 Foru Aginduan zehazten diren nekazaritzako praktika egokien metodoak erabiltzea, ingurumenaren babesaren eta zelaien zainketarekin bat datozenak.

2. Onuradunek, laguntzak eskatu behar dituztenean, konpromiso hauek hartu beharko dituzte:

a) Beren erlategiko erlauntzen errolda mantendu eta, bidezko bada, handitu eta hobetzea.

b) Transhumantzian diharduten erlezainak izanez gero, erlategiak gutxienez ere zortzi hilabetez mantendu beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitatean eta joan-etorriak kasuan kasuko giden bidez frogatu.

c) Laguntza jasotzen duen onuradun baten erlauntzen kokalekuek gutxienez ere bi hektareako berezko landaretza izan beharko dute erlauntz bakoitzeko, kokalekuaren inguruko 2,5 kilometroko erradioan.

d) Erleei polena duen elikagai bizigarririk ez ematea.

e) Administrazioko teknikariei erlauntzetara iristeko erraztasunak ematea, hartutako konpromisoak betetzen diren ala ez egiaztatzeko.

f) Erlauntz guztiak oraingo ustiapen zenbakiarekin identifikatzea erlauntzaren alde guztietan (oinarria, goratzekoak eta estalkia). Identifikazioa eginen da suz markatuta, plastikozko txaparekin, plastikozko krotalarekin edo Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onesten duen beste metodo batekin, betiere marka ezabagaitza bada eta erraz irakur badaiteke. Zenbaki eta letrak zentimetro batekoak izanen dira gutxienez.

g) Erlategiaren liburua eguneraturik edukitzea.

h) Erlezainak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz jakinarazi beharko dio diru-laguntza hartzen duten erlategietan gertatzen diren bajak, horiek izan eta hamar eguneko epean gehienez ere.

4. artikulua. Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko artikuluan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoa bada, entitatearen IFK eta eraketa eskrituraren fotokopia. Eskaerak bazkide guztiek edo legezko ordezkariak edo administratzaileak sinatuko dituzte; azken kasu horretan, ordezkaritzaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

b) Lehenbizikoz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzak eskatzen dizkioten ekoizleek, transferentzia bidez kobratzeko eskabidea.

c) Erlategiko osasun planaren eta egindako tratamenduen frogagiriak.

d) Ustiategiaren liburua, errolda eguneratua duela.

5. artikulua. Eskaerak aurkezteko eta eskatutako baldintzak frogatzeko epea.

1. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 1etik 30era bitartekoa da.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzenduko zaizkio eta departamentu horretako Erregistroan eta bere menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztuko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

3. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

6. artikulua. Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honetako diru-laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Onartzen diren eskaerek aurrekontuetan ezarritako muga gainditzen badute, laguntzak eskatzaileen ezaugarrien arabera banatuko dira. Eskaerak hurrenkera honetantxe hartuko dira kontuan:

1. Nafarroako Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat jotzen diren ustiategien eskaerak.

2. 150 erlauntz baino gehiago dituzten erlezain profesionalen eskaerak.

3. Gainerako eskatzaileak. Aurrekontua lehentasunezko talderen baten eskaerak finantzatzeko aski ez bada, talde horren barruan kobratu beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

7. artikulua. Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuko Abere Ekoizpenaren Atalak ebaluatuko ditu eskaerak.

8. artikulua. Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera harturik, eskatzaileak 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen eta 4. artikuluan aipatzen diren agiriak aurkeztu dituen egiaztatuko da. Eskatutako agiri guztiak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean ekar ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.

Halaber, Abere Ekoizpenaren Atalak egiaztatu du eskaturiko betebeharrak betetzen direla, Nafarroako Gobernuan dauden agiri, erregistro eta datu base ofizialen egiaztapen administratiboen bidez eta tokian berean egindako jarduketen ikuskapen akten bidez.

2. Eskaera ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak diru-laguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 6 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

9. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

10. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen helburua bete dela, alegia, polinizazioa egin dela, justifikatzeko, konpromisoan sartutako erlauntzak mantendu beharko dira, foru agindu honen 3. artikuluan hartzen diren konpromisoei jarraikiz.

11. artikulua. Ordaintzeko modua eta epeak.

Diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez pagatuko da, onartzen den momentuan, eta laguntza emateko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak onesten duen ebazpen berean tramitatuko da.

12. artikulua. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio batzuek helburu bererako ematen dituztenekin.

13. artikulua. Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

14. artikulua. Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F1003679