46. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

5/2010 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako,

IRISGARRITASUN UNIBERTSALARI ETA ORORENTZAKO DISEINUARI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Ezgaitasunen bat duten pertsonek talde hetereogeneo bat osatzen dute, baina horiek guztiek komunean dute, neurri batean edo bestean, berme osagarriak behar izatea eskubide guztiak baliatuz bizi ahal izateko edota gainerako herritarren baldintza berdinetan parte hartu ahal izateko bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalean.

Foru lege hau onestea justifikatzen duten arrazoiak dira gizartean desberdintasunek bere horretan dirautela, nahiz eta Konstituzioak ezbairik gabeko aldarrikapenak egiten dituen eta ahalegin handia egin den oraindik indarrean dagoen legean oinarrituta; eta are garrantzitsuagoa dena, "ezgaitasuna" ulertzeko moduan izandako aldaketa eta, ondorioz, ikuspegi eta estrategia berrien sorrera.

Izan ere, gaur egun jakina da ezgaitasunen bat duen pertsona batek jasan behar izaten dituen oztopoen jatorria pertsona horrek dituen zailtasunetan dagoela, baina baita ere, eta batez ere, pertsona ertainen neurrira eginiko gizartean bertan ezartzen diren oztopo eta mugetan ere, herritar horien erabateko parte-hartzea eragozten baitute.

Hori horrela izanik, beharrezkoa da esku-hartze estrategiak diseinatu eta abian jartzea, aldi berean eragiteko baldintza pertsonaletan eta inguruari buruzko baldintzetan.

Ikuspegi horrekin lotuta, badira bi esku-hartze estrategia, nahiko berriak direnak eta, jatorri desberdinak izan arren, pixkanaka bat egiten ari direnak, hala nola bereizkeriaren kontrako borroka eta irisgarritasun unibertsala.

Bereizkeriaren kontrako borrokaren estrategia sartzen da zenbait gutxiengok tratu berdintasuna eta aukera berdinatasunerako eskubidea lortzeko eginiko bide luzean.

Irisgarritasun unibertsala nahitaezko baldintza da gizartea osatzen duten pertsona guztiek aukera-berdintasunean beren eskubideak erabili ahal izateko, eta haien giza duintasunaren nahiz beren nortasunaren garapen aske eta osoa erdiesteko.

Hogei urte baino gehiago igaro dira oztopo fisikoak eta zentzumenezkoak kentzeari buruzko Foru Legea onetsi zenetik eta, hori dela eta, beharrezkoa da beste arau bat onestea, hura ordezkatuko duena eta ezgaitasunen bat duten pertsonen normalizaziorako eta gizarte integraziorako politikei bultzada emanen diena.

Gaur egun, aipatu eskubide eta askatasun horiek dira ezgaitasunaren arloko jardueren ildo nagusietako bat; halaxe aitortzen da Ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezerako eta nonahi ibiltzeko aukeretarako abenduaren 2ko 51/2003 Legean, hura garatzen duten erregelamenduetan eta Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioan, zeina Espainian indarrean sartu baitzen 2008ko maiatzaren 3an eta Nafarroako Parlamentuak berretsi baitzuen urte bereko irailaren 15ean.

1978ko Espainiako Konstituzioak bere artikuluetan zehar zenbait arau jasotzen ditu, zeinetan hainbat modutan defendatzen eta babesten baitira pertsona guztien eskubideak, edozein dela ere pertsona horien egoera fisikoa, mentala edo soziala.

Horrela, 1. artikuluak herritar guztien berdintasuna eta askatasuna ezartzen ditu, zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoaren esparruan.

9.2 artikuluak botere publikoak behartzen ditu bideak jartzera norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen; askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzera, eta herritar guztiei aukera egokia ematera bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko.

Horrela, bada, askatasun eta berdintasun printzipioa irisgarritasun unibertsalarekin elkartu behar da, zeren eta, zenbait kasutan, bata ezin baita bestea gabe existitu.

Bestalde, Konstituzioko 49. artikuluaren arabera, botere publikoek aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratze politika eginen dute gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoei dagokienez; beharrezkoa duten laguntza espezializatua emanen diete, eta bereziki babestuko dituzte titulu horrek herritarrei ematen dizkien eskubideak gozatu ahal izan ditzaten.

Konstituzioko 10. artikuluak ezartzen du ezen Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei dagozkien arauak interpretatzeko orduan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari eta gai honetan Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tratatu eta hitzarmenei begiratuko zaiela.

Azken puntu horri dagokionez, azpimarratu beharrekoa da gai hau garatzen duen nazioarteko araudia. Besteak beste, aipatzekoa da Ezgaitasunak dituzten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioa, 2006ko abenduaren 13koa, gure herrian barne-zuzenbidea dena, zeinak babestu eta bermatu egiten baititu ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bizitzako arlo guztietan, hezkuntza, osasuna, lana, kultura, aisia, parte-hartze sozial eta ekonomikoa, eta irisgarritasuna azaltzen baitu arlo guztietara hedatzen den zeharkako elementu gisa. Garrantzi berezia hartzen du lanabes juridiko honek, aitortzen baitu zer garrantzia duen ingurune fisiko, sozial, ekonomiko eta kulturalaren, osasunaren, hezkuntzaren, informazioaren eta komunikazioen irisgarritasunak, ezgaitasunen bat duten pertsonek osoki baliatu ahal izan ditzaten giza eskubide eta funtsezko askatasun guztiak.

Nazioarteko arau horretako 2. artikuluak "komunikazio" gisa definitzen ditu ondokoak: lengoaiak, testu-bistaratzea, braille-a, ukipen bidezko komunikazioa, makrotipoak, irisgarritasun errazeko multimedia-gailuak, idatzizko lengoaia, entzumen-sistemak, lengoaia sinplea, ahots digitalizatuaren bidezko bitartekoak eta bestelakoak, komunikazioa areagotzeko bitartekoak eta formatuak, edo ordezko komunikazio-bitartekoak, informazioaren teknologia eta irisgarritasun errazeko komunikazioak barne. "Arrazoizko egokitzapen" gisa, berriz, ondokoak: beharrezko eta egoki diren aldaketak eta egokitzapenak, zama neurrigabea edo behar ez bezalakoa ekartzen ez dutenak, eta kasu zehatz batean beharrezkoak direnean, ezgaitasunen bat duten pertsonei giza eskubide eta funtsezko askatasun guztien gozamena edo erabilera bermatzeko. "Diseinu unibertsal" gisa definitzen ditu, azkenik, produktu, ingurune, programa eta zerbitzuak diseinatzea, pertsona guztiek erabili ahal izateko modukoak, egokitzapenik edo diseinu espezializaturik behar gabe, ahal den neurrian, eta oinarrizko elementutzat jotzen ditu erabateko irisgarritasuna lortzeko eta, horrela, irisgarritasun unibertsala konbentzioaren printzipio orokorretako bat dela aitortzeko.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 44. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatietan, Nafarroako Foru Komunitateari eskumen osoa eman zion lurralde antolamendu, hirigintza eta etxebizitzaren arloan, bai eta erkidegoan interesa eta eragina duten herrilanen arloan ere. Halaber, 49.1.f) artikuluan eskumen osoa eman zion foru erkidegoko garraioaren arloan, eta artikulu bereko b) letran eskumen osoa ematen zaio Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen arloan, Estatuko oinarrizko legeriak funtzionario publikoei onartzen dizkien funtsezko eskubide eta betebeharrak errespetatuz.

Bestalde, 55.1 artikuluan ezartzen denez, Nafarroari dagokio soinuen eta telebista seinaleen irrati-hedapenaren araubideari buruzko legegintza garapena egin eta betearaztea, Irrati eta Telebistaren Estatutu Juridikoa arautzeko Legeak ezarri bezalako kasu eta moduetan, eta, era berean, 56.1.b) artikuluan ezartzen da Nafarroari dagokiola, Konstituzioak xedatutako moduan, industria gaiei buruzko eskumen osoa.

Foru lege honen bidez zenbait kontzepturen berrikusketa sakona egiten da. Hala, ezgaitasunen bat duen pertsonaren kontzeptuak ordezkatuko du lehengo terminologia, argituz egoera hori, norbanakoaren faktoreez gain, inguru sozialaren ondorio ere badela, giza eskubideek berezkoak dituzten balio jakin batzuk bere egiten dituen "sozial" deituriko arreta ereduaren arabera.

Irisgarritasun unibertsala, ororentzako diseinua, gizarteratzea bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean, aukera-berdintasuna, bizitza beregaina, elkarrizketa zibila, arrazoizko egokitzapenak, normalizazioa eta zeharkakotasuna: guztiak ere indarrez agertzen diren kontzeptu eta printzipioak dira, nazioarteko ezgaitasun-politika berriei gehiago egokitzen zaien esanahia daukatenak, eta printzipio modernoagoak hartzen dituztenak, ezgaitasunen bat daukaten pertsonei buruzko ikusmolde berriari loturikoak.

Halaber, foru legearen xedean sartuko dira ere orain arte indarrean egon den Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko 1988ko Legean jasotzen ez diren zenbait alor; hain zuzen, informazioaren gizartearekin eta telekomunikazioekin zerikusia duen alorrera, bai eta administrazio publikoen ondasunak eta zerbitzuak eskuratzearekin zerikusia duen alorrera ere.

Foru lege honen xedea da ongizate orokorraren maila igotzea eta xedapenak eta arauak ezartzea, irisgarritasun unibertsala eta ororentzako diseinua errazteko, herritar guztiek ingurune, ondasun eta zerbitzuak erabiltzeari dagokionez.

Foru lege honek oinarri gisa hartzen du Aukera Berdintasunari, Diskriminazio Ezari eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea, eta bigarren belaunaldiko araudi bat sortzen da, irisgarritasunari buruz lehenago zegoen araudiaren bitartez berdintasunaren oinarriak ipini ondoren, ezgaitasunen bat duten pertsonen berariazko beharrizanen konstantzia utzita, baina haien eskubideen etengabeko hobekuntza bati zuzendua, esparruak eta gara daitezkeen harremanak zabalduz. Lotura bat ezarri beharko da, jadanik ezgaitasun zehatz batera mugatuta ez dagoen giza talde baten interesen eta oro har gizartearen hobekuntzaren artean, eta hori guztia, administrazio publikoek beraien herritarren ongizatearen bermatzaile diren aldetik beren buruari exijitu behar dizkieten interes eta betebeharrekin.

Administrazio Publikoak premiatzen dira foru lege honetan xedatutakoa bete eta kontrola dezaten, bai eta legearen xedea sustatu eta bultza dezaten ere. Halaber, zenbait eginkizun osagarri esleitzen zaizkio jarraipen batzorde bati, zeinak jasoko baitu Ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako, bereizkeriarik ezerako eta nonahi ibiltzeko aukeretarako abenduaren 3ko 51/2003 Legearen 15. artikuluan adierazitako espiritua, alegia ezgaitasunen bat dutenen sektoreak dagozkion politiketan parte hartzeari buruzkoa.

Nafarroako administrazio publikoek gaur egun dauden oztopoak ezabatzeko ekimenak hartzea izanen da foru legearen eta hura garatuko duten arauen eta herritar guztientzat integrazio eta ongizate maila hobeak lortzeko asmo sendoaren bermerik handiena.

I. TITULUA

Foru legearen xedea eta printzipioak

I. KAPITULUA

Foru legearen xedea

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasuna bermatzea, irisgarritasun unibertsala eta ororentzako diseinuari dagokienez, halako moduz non inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izan behar baitute, segurtasun eta erasotasun baldintzetan eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere.

2. artikulua. Printzipioak.

Hona hemen foru lege honek oinarri dituen printzipioak:

1. Irisgarritasun unibertsala. Inguruneek, prozesuek, ondasunek, produktuek eta zerbitzuek zein objektuek, tresnek, bitartekoek eta gailuek bete behar duten baldintza da, pertsona orok ulertu eta erabiltzeko modukoak izateko, segurtasun eta erosotasun egoeran eta ahalik eta autonomia eta naturaltasun handienaz betiere. "Ororentzako diseinua" estrategia du abiapuntu printzipio honek, eta ulertzen da hori ez dela eragozpen izanen erabaki beharrekoak diren arrazoizko egokitzapenak egiteko.

2. Ororentzako diseinua. Irisgarriak eta ahalik eta erabiltzaile gehienek erabiltzeko modukoak diren produktu, zerbitzu eta inguruneak proiektatzea eta merkaturatzea da. Produktu, zerbitzu edo ingurune bat ororentzako diseinatua izateko gomendagarriak diren arauak honakoak dira: erabilera parekagarria izatea, bai eta malgua, sinplea eta intuitiboa ere; informazio hautemangarria eta errakuntza-tolerantzia eskaintzen duena, eta irismen nahiz erabilerarako ahalegin fisiko, tamaina eta espazio txikiak eskatzen dituena.

3. Gizarteratzea. Prozesu bat da, zeinaren bitartez gizabanakoek erabat hartzen baitute parte bizi diren gizartean, eta bizitza ekonomiko, politiko eta kulturalean. Parte-hartze prozesua ulertzen da prozesu gisa, zeinaren bitartez bizitza sozial, politiko eta ekonomikoari eragiten dioten ekimen, erabaki eta baliabideen gaineko kontrolari eusten baitzaio. Gizarteratzeak honako egintza hauek dakartza:

Lehena.-Aldaketak lege-esparruan.

Bigarrena.-Ezgaituek berek edo beren erakundeek parte hartzea.

Hirugarrena.-Ezgaituek osatzen duten giza taldearen trebetasunak eta gaitasunak sustatzea.

Laugarrena.-Erkidego-izaerako loturak sortu eta sendotzea.

Bosgarrena.-Ezgaitasun-egoeraren ondoriozko ahulezia-faktoreak murriztea.

Seigarrena.-Baliabideen aprobetxamenduan berrikuntza eta optimizazioa sustatzea.

Zazpigarrena.-Helburu kualitatiboei lehentasuna ematea kuantitatiboen gainean.

Zortzigarrena.-Ikusmolde dimentsioaniztuna eta diziplinartekoa ezartzea.

Bederatzigarrena.-Beharrizan berezietarako berariazko erantzunak taxutzea.

Hamargarrena.-Eragileen inplikaziorik handiena sustatzea: departamentuak, alorrak, entitateak eta erakundeak.

4. Aukera-berdintasuna. Eezgaitasunen batean oinarritutako ezein bereizkeriarik ez egotea da, zuzenekorik zein zeharkakorik, bai eta ekintza positiboko neurriak hartzea ere, ezgaitasunen bat duten pertsonek bizitza politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean osoki parte hartzeko izan litzaketen edo dituzten desabantailak saihestu edo berdintzeko.

5. Bizitza beregaina. Halako egoera bat da non ezgaitasunen bat duten pertsonek euren bizitzaren gainean erabakitzeko ahalmena erabiltzen duten, eta bere erkidegoko bizitzan parte hartze aktiboa duten, nortasuna libreki garatzeko eskubidearekin bat.

6. Elkarrizketa zibila. Printzipio honen bitartez, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta haien familiak ordezkatzen dituzten erakundeek parte hartzen dute, legeek eta gainerako arau-xedapenek ezartzen dutenari jarraituz, ezgaitasunen bat duten pertsonen alorrean garatzen diren politika ofizialen prestaketan, gauzatzean, jarraipenean eta ebaluazioan.

7. Arrazoizko egokitzapenak. Ingurune fisikoa eta soziala eta jarrera orokorrak ezgaitasunen bat duten pertsonen beharrizan berariazkoetara egokitzeko neurriak dira, zeinen bitartez modu eragingarri eta praktikoan eta aldaketa gehiegi egin beharrik gabe lortuko baita ezgaitasunen bat duen pertsonen irrisgarritasuna edo gainerako herritarren baldintza beretan parte hartu ahal izatea.

8. Normalizazioa. Printzipio horren arabera, bizitza normala egin ahal izan behar dute ezgaitasunen bat duten pertsonek, beste edozein pertsonak eskueran dituen leku, esparru, ondasun eta zerbitzu berak eskueran izanda.

9. Zeharkakotasuna. Printzipio horren arabera, administrazio publikoek egiten dituzten jarduerak ez dira mugatzen beren-beregi pertsona hauentzat pentsaturiko plan, programa eta ekintza berariazkoetara, baizik eta barnean hartzen dituzte izaera orokorreko politikak eta ekintza-ildoak, jarduera publikoaren edozein esparrutakoak, betiere aintzat harturik ezgaitasunen bat duten pertsonen beharrizanak eta eskaerak.

II. KAPITULUA

Foru legearen esparrua

3. artikulua. Esparrua.

Foru lege honen esparrua izanen da hirigintzaren prozesuekin eta ezaugarriekin zerikusia duen oro, hiri altzariak eta obrak direla-eta jartzen diren behin-behineko babes-elementuak eta seinaleak barne. Halaber, foru lege honen esparrua osatzen dute, irisgarritasun unibertsalaren printzipioetara egokitzeari dagokionez, erabilera publikoko gune libreek izan beharreko diseinuak eta ezaugarriek, bai eta informazioaren gizartea deiturikoaren berezko elementuek ere. Foru lege honek orobat jasotzen du administrazio publikoen ondasunak, baliabideak eta zerbitzuak baldintza beretan izatea eskuragarri.

Foru lege honen aplikazio-esparrua honakoa izanen da:

a) Telekomunikazioak eta informazioaren gizartea.

b) Urbanizatutako gune publikoak, azpiegiturak eta eraikuntzak.

c) Garraiobideak.

d) Jendearentzat eskuragarri dauden ondasunak eta zerbitzuak.

e) Administrazio publikoekiko harremanak.

f) Unibertsitateak eta hezkuntza-sistema.

4. artikulua. Informazioaren eta telekomunikazioen gizartea.

Informazioaren eta telekomunikazioen gizartearen alorrean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zainduko du irisgarritasun unibertsalari eta ororentzako diseinuari buruzko printzipioak betetzen direla sinadura elektronikoa edo webgune publikoetarako sarbideak bezalako elementuetan, bai eta zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoetan ere. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, bere eskumenen esparruan, hitzarmenak eginen ditu telekomunikazioen alorreko enpresekin, berma dezaten ezgaitasun fisiko edo zentzumenezkoren bat duten foru erkidegoko herritarren irisgarritasuna bezeroak artatzeko zerbitzuak eskuratzean. Halaber, eta xede berarekin, hitzarmenak eginen dira foru erkidegoaren esparruan jarduten duten telebista eta irrati digitaleko enpresekin.

5. artikulua. Nafarroako Administrazio Publikoen ondasunak eta zerbitzuak eskuratzea.

Foru lege honen xedea da, besteak beste, irisgarritasun unibertsala eta ororentzako diseinua administrazio publikoen ondasunak eta zerbitzuak eskuratzearen esparruan, bereziki giza baliabideei eta baliabide materialei, jendea artatzeko bulegoei eta Nafarroako Administrazio Publikoaren inprimaki eta ereduei dagokienez.

II. TITULUA

Aplikatzekoak diren xedapenak eta neurri orokorrak eta berariazkoak

6. artikulua. Irisgarritasun globalaren kudeaketa eta erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak kasuan kasuko erregelamenduaren bidez arautuko du Nafarroako Foru Komunitateko hirigintzaren arloko eta hiri altzarien, erabilera publikoko gune libreen, barneko guneen, garraio publikoaren eta telekomunikazioen arloko ezaugarriei aplikatzekoak diren xedapen orokor eta berariazkoekin zerikusia duen oro, Irisgarritasun Unibertsalaren eta Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Aukera-berdintasunaren Sustapenerako Kontseiluari kontsulta egin ondoren.

Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren administrazioko prozesu guztiak erregulatuko ditu, halako moduz non, arauak onetsi aurretik, kasuan kasuko organo edo zerbitzuak irisgarritasun eta ezgaitasun eraginari buruzko txostenak egin beharko dituen.

Nafarroako Gobernuak legedia indarduna garatuko du, administrazio-prozedurak arautze aldera, Nafarroako gainerako administrazio pulibkoek, entitateek eta enpresa publikoek, muntako akordioak hartu aurretik, irisgarritasun- eta ezgaitasun-eraginari buruzko txostenak egin eta, aldez aurretik, espedienteetan sar ditzaten.

Betiere, Foru Komunitateko Administrazio Publikoek honako arau hau bete beharko dute: UNE 170001-2:2001, Irisgarritasun globala. Inguruaren irisgarritasuna errazteko irizpideak eta 2. zatia: irisgarritasun globala kudeatzeko sistema. Irisgarritasun globala kudeatzeko sistema bat ezartzea beharrezkoa izanen da eraikitako ingurunearen edozein alde, ondasunak eta zerbitzuak irismenean edukitzeko aukerak bermatzeko, bai eta pertsona guztiek haiek autonomia handiagoz erabili ahal izatea ere, alde batera utzirik beren adina edo balizko ezgaitasuna.

7. artikulua. Diskriminazioaren aurkako neurriak.

Diskriminazioaren aurkako neurritzat jotzen dira helburu gisa daukatenak prebenitzea edo zuzentzea ezgaitasunen bat duen pertsona bat zuzenean nahiz zeharka onberatasun gutxiagoz tratatua izatea halakorik ez duen beste pertsona bat baino, antzekoa edo konparagarria den egoera batean.

Diskriminazioaren aurkako neurritzat joko dira jazarpen-ekintzak debekatzen dituztenak, eta exijitzen dutenak irisgarritasun unibertsala, ororentzako diseinua eta, irisgarritasun unibertsala exijitzea posible ez denean, arrazoizko egokitzapenak egin beharra, pertsona guztien erabilera eta irismena erdiesteko. Administrazio publiko eskudunek laguntza publikoen araubide bat ezarri ahalko dute, arrazoizko egokitzapenak egin beharretik heldu diren kostuei aurre egiten laguntzeko.

8. artikulua. Ekintza positiboko neurriak.

Ekintza positiboko neurritzat jotzen dira berariazko laguntza batzuk, bideratuta daudenak ezgaitasunen bat duten pertsonek bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean txertatzeko eta osoki parte hartzeko dauzkaten desabantailak edo zailtasun bereziak prebenitu edo berdintzera, ezgaitasun-mota eta -gradu ezberdinak aintzat harturik.

Ekintza positiboko neurriak mamitu ahalko dira laguntza osagarrietan eta arau, irizpide eta jokabide onuragarriagoetan. Laguntza osagarriak honakoak izan ahalko dira: laguntza ekonomikoak, laguntza teknikoak, laguntza-zerbitzu pertsonala, zerbitzu espezializatuak eta komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarriak.

9. artikulua. Oinarrizko baldintzak.

Oinarrizko irisgarritasun-baldintzek eta diskriminaziorik ezari buruzkoek neurri zehatzak ezarriko dituzte esparru edo arlo bakoitzerako, diskriminazioak prebenitu edo ezabatzeko, eta desabantailak edo zailtasunak berdintzeko. Xedapenak ezarriko dira honako alderdiei buruz, gutxienez ere:

a) Sektore edo arloan erabilitako eraikin eta inguruneen, tresna, ekipo eta teknologien eta ondasun nahiz produktuen irisgarritasun-betekizunak. Bereziki, instalazioetara sartzeko oztopoak kentzea eta ekipoak nahiz tresnak egokitzea.

b) Esparru edo alor bakoitzeko baliabideen irismen-, partaidetza- eta erabilera-baldintzarik onuragarrienak eta arau, irizpide eta jokabideetan diskriminaziorik ez egoteko baldintzak.

c) Laguntza osagarriak, hala nola laguntza ekonomikoak, sostengurako laguntza teknologikoak, zerbitzu edo tratamendu espezializatuak eta bestelako zerbitzu pertsonalak.

d) Barne-arauak ezartzea enpresetan edo zentroetan, ezgaitasunen bat duten pertsonek irisgarritasun unibertsalari dagokionez pairatzen dituzten desabantailen edo diskriminazio-egoera orokorren ezabaketa sustatzen dutenak edo helburu horretarako pizgarri direnak.

e) Irisgarritasun-betekizunak ezartzeko eta baldintzarik onuragarrienak eta diskriminazioaren aurkakoak ezartzeko planak eta egutegiak.

f) Kasuko esparruan irisgarritasuna eta diskriminaziorik eza sustatzeko baliabideak eta bitartekoak, pertsonalak nahiz materialak.

Oinarrizko irisgarritasun-baldintzak eta diskriminazioaren aurkakoak araututa daude Aukera Berdintasunari, Diskriminazio Ezari eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legea garatzeko araudian.

III. TITULUA

Arau orokorrak

I. KAPITULUA

Sustapena, bultzada eta parte-hartzea

10. artikulua. Sustapena, bultzada eta parte-hartzea.

Administrazio publikoek irisgarritasun unibertsala eta ororentzako diseinua ziurtatu beharko dituzte foru lege honetan deskribaturiko alorretan, titulartasun publikokoak edo pribatukoak izanda ere. Halaber, eskatu beharko dute proiektuak egokitu daitezen foru lege honetan eta legea garatuko duten erregelamenduetan ezarritako parametroetara.

Sentsibilizazioa, prestakuntza eta diskriminaziorik ezaren nahiz aukera-berdintasunaren sustapena, irisgarritasun unibertsalarekin batera, gizarteko sektore guztienganaino iristea lortzeko premiazko ekintzak dira. Ezgaitasunen bat duten pertsonek beren ekarpenak beharrezkoak diren esparru guztietan parte har dezaten sustatuko da.

Administrazio publikoek garatu eta sustatuko dituzte informazio-jarduerak, sentsibilizazio-kanpainak, prestakuntza-ekintzak eta aukera-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren sustapenerako beharrezkoak diren bestelakoak.

Horretarako, sustapen-lana eginen da, ezgaitasunen bat duten pertsonek nork bere kasa nahiz beren ordezkaritza-erakundeen bitartez parte har dezaten, ezgaitasunarekin zerikusia duen orotan, haiei dagozkien erabakiak prestatzen, taxutzen eta hartzen, eta administrazio publikoen zeregina da, bakoitzaren eskumenen esparruan, parte-hartze hori egiazkoa eta eraginkorra izan dadin ziurtatzeko baldintzak sustatzea. Era berean, aurreikusten da pertsona horiek presentzia iraunkorra izatea administrazio publikoetako parte-hartze eta aholkularitza organoetan, baldin eta organo horien eginkizunek zuzeneko zerikusia badute ezgaitasunen bat duten pertsonentzat eta beren familientzat lehentasunezko interesa duten alorretan eragina duten gaiekin.

Administrazio publikoek sustatuko dituzte ezgaitasunen bat duten pertsonen bizitza beregaina errazteko beharrezkoak diren jarduerak, parte hartzea eta onartuak izatea eskatzen duten pertsonek horretarako aukera izan dezaten behar diren baldintzak ezartzen dituzten programen bitartez.

Administrazio publikoek erraztasunak eta laguntza emanen dituzte araudi teknikoa garatzeko, eta dagoen araudia berrikusteko, halako moldez non ziurtatuko baita diskriminaziorik ez egotea teknologia, produktu, zerbitzu eta ondasunen prozesu, diseinatze eta garapenean, horretarako lankidetzan arituz normalizazio- eta egiaztatze-entitate eta erakundeekin eta zeresana duten eragile guztiekin, ezgaitasunen bat duten pertsonen bizitza-kalitatea ziurtatzearren.

II. KAPITULUA

Betetzea, kontrola eta defentsa-neurriak

11. artikulua. Betetzea eta kontrola.

Nafarroako Gobernuak eta administrazio publikoek -plangintza eta exekuzio tresnak nahiz foru lege honetan xedatutakoa aplikatzekoak zaizkien kasuak jasotzen dituzten proiektuak, edonolakoak izanda ere, izapidetzeko eta onesteko eskumena dutenek- egiaztatuko dute ea proiektu horiek foru lege honetako eta legea garatzeko erregelamenduetako xedapenetara egokitzen diren.

Foru lege honetan eta legea garatzeko erregelamenduan jasotako xedapenak betetzea exijitu ahalko da plangintza eta exekuzio tresna onesteko, bai eta beharrezkoak diren lizentziak, inon bizitzeko baimena, lehen erabilerarako lizentzia eta babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa emateko.

Foru lege honetan aipatzen diren telekomunikazioen, informazioaren gizartearen zerbitzuen eta garraiobideen emakida eta erabilera arautzeko eta baimentzeko eskumena duten Nafarroako administrazio publikoek foru lege honetako ebazpenak eta erregelamendu bidez ezartzen direnak beteko dituzte beren xedapenetan eta betearaziko dituzte horren karietara izapidetzen diren espedienteetan.

12. artikulua. Arbitrajea.

Alderdiek beren burua arbitraje-sistemaren esanetara jartzea borondatezkoa izanen da, eta espresuki geratuko da jasota, idatziz.

Interesdun diren sektoreen ordezkariek, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta beren familiak ordezkatzen dituzten erakundeen ordezkariek eta, zein bere eskumenen esparruan, administrazio publikoen ordezkariek osatuko dituzte arbitraje-organoak.

Aukera-berdintasunerako, diskriminazioaren aurkako eta irisgarritasun unibertsalerako arbitraje-batzordea da arbitraje-sistemako kudeaketa- eta administrazio-organo kolegiatua. Foru Komunitatean aukera-berdintasunerako, diskriminazioaren aurkako eta irisgarritasun unibertsalerako arbitraje-batzorde bat eratuko da, zeinaren jardueraren lurralde-esparrua bat etorriko baita Nafarroaren lurraldearekin.

Arbitraje-sistemaren xede izanen dira, ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunari, diskriminaziorik ezari eta irisgarritasun unibertsalari dagokienez, gai hauetakoren bati buruz sortzen diren kexak eta erreklamazioak:

a) Telekomunikazioak eta informazioaren gizartea.

b) Urbanizatutako gune publikoak, azpiegiturak eta eraikuntzak.

c) Garraiobideak.

d) Ondasun higigarri eta higiezinak, produktuak, zerbitzuak eta jarduerak, kontsumitzaileei azken erabiltzaile gisa zuzenean merkaturatzen zaizkienak, eta pertsona fisiko edo juridikoek, norbanakoek nahiz kolektiboek, profesionalek, establezimendu publiko edo pribatu, finko nahiz ibiltarietako titular direnek, produzitzen, eskuratzen, hornitzen edo igortzen dituztenak, zuzenbide pribatuko araubidean.

e) Zuzenbide pribatuaren alorreko harremanak administrazio publikoekin.

Ezgaitasunen bat duten pertsonentzat inguruneak, produktuak, ondasunak eta zerbitzuak inportatu, produzitu, hornitu edo eskuratzen dituzten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoek iragarri ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko aukera-berdintasunari, diskriminazio-ezari eta irisgarritasun unibertsalari buruzko arbitraje-sistemari men egiten diotela, ezgaitasunarekin loturiko aukera-berdintasunaren, diskriminazio-ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren alorrean. Halaber, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta beren familiak ordezkatzen dituzten erakundeek, bai eta irabazi-asmorik gabeko izaera ekonomikoko erakundeek ere, arbitraje-sistemari men egiten diotela iragarri ahalko dute.

13. artikulua. Legitimazio aktiboa.

Ukituak diren pertsonen banakako legitimazioa ezertan galarazi gabe, eskubide eta interes zilegi kolektiboen defentsarako legalki gaituak diren pertsona juridikoek prozesu batean jardun ahalko dute horretarako baimena ematen duten pertsonen izenean eta interesen alde, haien eskubide indibidualak defendatuz eta xedetzat izanik aukera-berdintasunerako eta diskriminatua ez izateko eskubidea bermatzea; jardun horren ondorioek pertsona horiek ukituko dituzte.

14. artikulua. Legitimazio pasiboa.

Demandatuak izan ahalko dira ezgaitasunen bat duten pertsonak diskriminazio-egoeretan jarrita foru lege honetan aitorturiko aukera-berdintasunaren eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioak urratzen dituzten pertsona eta entitate guztiak.

15. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak

Foru lege honetan deskribaturiko esparruei dagozkien arau-hausteei aplikatuko zaie Ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunaren eta irisgarritasun unibertsalaren alorreko arau-hausteei eta zigorrei buruzko abenduaren 26ko 49/2007 Legean ezarritakoa.

Arau-hausteak izan daitezke:

1. Arinak: Foru lege honek ezarritakoarekiko irregulartasun formal bat denean.

2. Larriak:

a) Diskriminaziozko ekintzak edo ez-egiteak, baldin eta zuzenean nahiz zeharka eragiten badute ezgaitasunen bat duen pertsonari emandako tratua antzekoa edo konparagarria den egoera batean dagoen beste pertsona bati emandakoa bezain faboragarria ez bada.

b) Foru lege honetako 2. artikuluko 8. idatz-zatian definituriko arrazoizko egokitzapeneko neurriak hartzeko ukoa eta irisgarritasun-betekizunak urratzea.

c) Foru lege honetako xedapenak betearazteko eskumena duten organoek ezartzen duten berariazko administrazio-betekizunak ez betetzea.

d) Ezgaitasunen bat duen pertsonaren gain edo edozein lege-ekintza mota abiarazi duten edo abiarazi nahi duten beste pertsona fisiko edo juridiko batzuen gain egindako presio-mota oro.

3. Oso larriak:

a) Ez-betetze errepikatua, foru lege honetako xedapenak betearazteko eskumena duten organoek ezartzen dituzten berariazko administrazio-betekizunena.

b) Edozein presio-mota, arau honetan eta bere garapen-arauetan jasotako neurrien exekuziorako administrazio-botereen erabileraren esparruan diharduten agintarien gain ezarritakoa.

16. artikulua. Irisgarritasunaren nazioarteko ikurra.

Irisgarritasunaren nazioarteko ikurra, zeina oztopo fisiko eta zentzumenezkorik ez egotearen adierazlea baita, erabilera publikoko eraikin eta lokaletan jarri beharko da, bai eta bidaiarien zerbitzu publikoko garraio baliabideetan ere.

17. artikulua. Irisgarritasun Unibertsalaren eta Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Aukera-berdintasunaren Sustapenerako Kontseiluaren eraketa eta funtzionamendua.

1. Irisgarritasun Unibertsalaren eta Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Aukera-berdintasunaren Sustapenerako Kontseilua eratuko da, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikirik, aholku emateko eta parte hartzeko organo gisa; bertan ordezkatuta egonen dira zeresana duten Nafarroako Gobernuko departamentuen ordezkariak, eta horiez gain, ordezkaritzarik handieneko elkarteak, xede dutenak ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak defenditzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak eta inguruneak, produktuak, ondasunak eta zerbitzuak inportatzen, produzitzen, hornitzen edo eskuratzen dituzten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoen elkarteak.

2. Kontseiluko lehendakari izanen da Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, eta ondokoak, berriz, kontseilukide:

a) Honako alor hauetako bakoitzetik Nafarroako Gobernuaren ordezkari bana, gutxienez ere zuzendari nagusi baten mailakoa: Lurraldearen Antolamendua eta Etxebizitza, Berrikuntza, Gizarte Gaiak, Hezkuntza, Osasuna, Herri Lanak eta Garraioak, Ekonomia eta Kultura.

b) Ezgaitasunen bat duten pertsonen alorrean ordezkaritza handienekoak diren irabazi-asmorik gabeko entitateen hiru ordezkari.

c) Ordezkaritza zabalenekoak diren kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkarteen bi ordezkari.

d) Inguruneak, produktuak, ondasunak eta zerbitzuak inportatzen, produzitzen, hornitzen edo eskuratzen dituzten izaera pribatuko pertsona fisiko nahiz juridikoen elkarteen hiru ordezkari.

3. Kontseiluaren eginkizunak:

a) Foru lege honetan eta legea garatzeko erregelamenduzko xedapenetan ezarritakoa bete dadin sustatzea.

b) Foru lege honi jarraikiz hura betetzeko betebeharra duten entitate eta pertsonei aholkua ematea, gaia dela-eta gerta daitezkeen auzi guztietan.

c) Teknika arloko aurrerapenak nahiz foru lege hau eta legea garatzeko erregelamenduak aplikatzean jasotako iradokizunak aztertu eta biltzea, bai eta legearen helburuak betetzeko behar adina neurri har daitezen bultzatzea ere.

d) Foru lege honen eta legea garatzeko erregelamenduzko xedapenen edukia berrikustea eta haien aplikazioaren eraginkortasuna egiaztatzea, bidezkoak diren aldaketak proposatze aldera, lorturiko esperientzian eta eraginkorrak izan diren aurrerapenetan oinarrituta.

e) Zaintza eta kontrol lanak egitea, foru lege honetan deskribaturiko eskumen-esparruetako inguruneetan irisgarritasun unibertsalari eta ororentzako diseinuari buruzko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta, beharrezkoa bada, zigor espedientea abia dezaten proposatzea erakunde eskudunei.

f) Urteko txostena egitea foru lege honetako xedapenen betetze-mailari buruz, eta ondoren Nafarroako Parlamentura bidaltzea txosten hori.

g) Arbitraje-batzordeak ezartzea eta arbitraje-sistemari buruzko auzien betetzearen jarraipena egitea.

h) Bere antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamendua onestea.

Lehenengo xedapen gehigarria.-Foru lege honetan xedatutakora egokitzeko txostena.

Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuko departamentuek, zeinek bere eskumenen esparruan, txosten bana prestatuko dute, foru lege honetan xedatutakora egokitzeko planak noraino bete diren ebaluatzeko.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuko departamentuek, edota Lehendakaritza Departamentuak, Gobernu osoaren izenean, jarduketa plan bat aurkeztuko dute Nafarroako Parlamentuan, eta bertan finkatuko dira herritar guztien irisgarritasun eskubidearen inguruan egun dauden gabeziak ahal den eperik laburrenean zuzentzeko behar diren neurriak, egutegia eta diru zenbatekoak.

Bigarren xedapen gehigarria.-Igogailua instalatzea eta soilik ezgaitasunen bat duten pertsonentzako etxebizitzak.

1. Igogailua instalatzea nahitaezkoa izanen da behe-solairua eta jasotako hiru solairu edo gehiago dituzten obra berriko eraikinetan, etxebizitza baterako sarrera hirugarren solairu jasoan edo solairu hori baino gorago dagoenean.

Behe solairua eta jasotako solairu bat edo bi dauzkaten obra berriko eraikinetan, nahitaezkoa izanen da igogailu bat instalatzeko modua emanen duen espazio bat erreserbatzea, baldin eta bi etxebizitza edo gehiagotarako sarbide diren eskailerak badaude.

Jadanik eginda dauden etxebizitzetan, Jabetza Horizontalari buruzko Legeak araututakoari eutsiko zaio, bai eta aplikatzekoak diren foru araudiaren bidezko eguneratzeetan araututakoari ere.

2. Edonola ere, eta foru lege honetan ezarritako xedapenetatik aplikatzekoak zaizkienez gain, soilik ezgaitasunen bat duten pertsonentzako etxebizitzak egiteko proiektua dagoen eraikinetan ondoko baldintzak hartuko dira kontuan:

a) Ziurtatu beharko da ezgaitasunen bat duten pertsonentzako etxebizitzak eta erabilera komuneko guneak irisgarriak izanen direla pertsona horientzat, foru lege honetan eta bere erregelamenduetan ezarritako xedapen eta arauei jarraikiz.

b) Aipatu etxebizitza eta erabiera komuneko guneen diseinu eta exekuzioa foru lege honetan eta legea garatzeko erregelamenduetan ezarritakoaren arabera eginen da, eta betiere ahalbidetuko dute ezgaitasunen bat duten pertsonek modu egokian erabili ahal izatea.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Irisgarritasuna eta diseinua gorrentzat, entzumen-ezgaitasunak dituztenentzat eta gor-itsuentzat.

Gorrei, entzumen-ezgaitasunak dituztenei eta gor-itsuei dagozkien irisgarritasun unibertsaleko eta ororentzako diseinuko alderdiak egokitu beharko zaizkio urriaren 23ko 27/2007 Legeak ezarritakoari, zeinaren bitartez aitortzen baitira Espainiako zeinu-hizkuntzak eta arautzen baitira gorren, entzumen-ezgaitasunak dituztenen eta gor-itsuen ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoak, bai eta hura garatzen duen araudiak ezarritakoari ere.

Laugarren xedapen gehigarria.-Sustapen publikoko etxebizitzak.

Sustapen publikoko etxebizitzetatik ezgaituentzat erreserbaturiko ehunekoak etxebizitza horien barnealdea behin betiko banaketarik gabe mantendu beharko du, gutxienez ere eskaintza publikotik sei hilabete igaro bitartean, esleipen-hartzailearen ezgaitasunaren ondoriozko beharrizanetara egokituak izateko. Kasua bada, sustatzailea behartuta egonen da egokitzapen horiek egitera. Foru Gobernuak sei hilabeteko epean arautuko ditu beharrezkoak diren gutxieneko egokitzapenak.

Lehen xedapen iragankorra.-Foru lege honetan xedatutakora egokitzea.

Foru lege hau indarrean sartzen denean indarra duten Nafarroako administrazio publikoen plan, arau, ordenantza eta bestelako xedapenak egokitu egin beharko dira foru lege honetan xedatutakora.

Bigarren xedapen iragankorra.-Araudi indarduna.

Foru lege honek indarra hartzen duenean indarrean dauden irisgarritasun-arauek bere indarra mantenduko dute foru lege honetan ezarritako arau-garapenek indarra hartzen ez duten bitartean.

Azken xedapenetan lehena.-Erregelamendu bidezko garapena.

Foru lege hau indarrean sartu eta gehienez ere sei hileko epean, legea erregelamendu bidez garatzeko beharrezkoak diren arauak onetsiko ditu Nafarroako Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak, gehienez ere foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, eta ukituriko alderdiekin adosturik, Irisgarritasun Unibertsalaren eta Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Aukera-berdintasunaren Sustapenerako Kontseilua eratuko du.

Azken xedapenetan bigarrena.-Ezgaitasunen bat duten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko txartela eskuratzeko prozedura.

Erregelamendu bidez ezarriko da ezgaitasunen bat duten pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak aparkatzeko txartela eskuratzeko prozedura.

Azken xedapenetan hirugarrena.-Indargabeturiko araudia.

Indarrik gabe geldituko dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, Oztopo Fisikoak eta Zentzumenezkoak Kentzeari buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea eta aurreko foru lege hori aldatzekoa den martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legea.

Azken xedapenetan laugarrena.-Indarrean sartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

Iragarkiaren kodea: F1006294