Iragarkia
41. ALDIZKARIA - 2010eko apirilaren 2a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
134/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 18koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, I. eranskinean ageri ez diren nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko nekazaritzako elikagaien ETEek egiten duten enpresa-inbertsiorako laguntzak eta nekazaritzako elikagaien enpresa handien enpresa-inbertsiorako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dituena.
Europako Batzordeak abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamendua onetsi zuen (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra), Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz, eta, horren bidez, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen dira; besteak beste, inbertsiorako eta enplegurako eskualde-laguntzak eta inbertsiorako eta enplegurako ETEentzako laguntzak.
Erregelamendu horren babesean, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 10eko 488/2009 Foru Agindua onetsi da, enpresei inbertsiorako laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.
Foru agindu horren 2.1 artikuluan eta lehenengo xedapen gehigarrian ezarrita dagoenarekin bat, bidezkoa da enpresa-inbertsiorako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenen esparruan.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-ETEek egiten duten enpresa-inbertsiorako laguntzak eta nekazaritzako elikagaien enpresa handien enpresa-inbertsiorako laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenen esparruaren barnean onetsi egin dira I. eranskinean ageri ez diren nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko nekazaritzako elikagaien ETEek egiten duten enpresa-inbertsiorako laguntzak eta nekazaritzako elikagaien enpresa handien enpresa-inbertsiorako laguntzak emateko oinarri arautzaileak, I. eranskinean agertzen direnak.
Lehen xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kontu-saila.
Foru agindu honen aplikazioak sortzen dituen gastuak "Nekazaritza industrializatzeko eta merkaturatzeko inbertsioetarako diru-laguntzak, EGP (LGENF)" izeneko 721000-72210-7701-413102,kontu-sailaren kargura ordainduko dira, 2010eko eta hurrengo ekitaldietako Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik, 2011., 2012. eta 2013. urteetan emandako diru-laguntzen ondoriozko ordainketei dagozkiela.
Bigarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Xedapen iragankor bakarra.-Jada hasi diren prozedurak.
1. Maiatzaren 14ko 146/2007 Foru Aginduaren babesean aurkezten diren eskaerei foru agindu hau aplikatuko zaie, oraindik laguntza emateari buruzko ebazpenik ez badute.
2. Maiatzaren 14ko 146/2007 Foru Aginduaren arabera laguntza emateari buruzko ebazpena baduten prozedurei foru agindu hori aplikatzen jarraituko da.
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.
Foru agindu honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatuta dagoenari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak, eta, zehazki, 146/2007 Foru Agindua, maiatzaren 14koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, nekazaritzako elikagaien sektoreko produktuak eraldatu eta merkaturatzeko Nafarroako Foru Komunitateko estatu-laguntzei buruzko araudia ezartzen duena, lurralde xedea duten estatu-laguntzen 2007-2013 bitarteko mapan sarturik dauden Nafarroako eskualdeetarako.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2010eko martxoaren 18an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
I. ERANSKINA
I. eranskinean ageri ez diren nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko nekazaritzako elikagaien ETEek egiten duten enpresa-inbertsiorako laguntzak eta nekazaritzako elikagaien enpresa handien enpresa-inbertsiorako laguntzak emateko oinarri arautzaileak
1. oinarria.-Xedea eta helburua.
1. Oinarri arautzaile hauen xedea da enpresa-inbertsiorako laguntzak emateko baldintzak ezartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumenen esparruan. Laguntza horiek Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren azaroaren 10eko 488/2009 Foru Aginduan araututa daude.
2. Laguntza hauen helburu nagusia nekazaritzako elikagaien industriako sektorean inbertsioak dinamizatzea da, Nafarroako Landa Garapeneko 2007-2013 Programan aurreikusten direnen osagarri gisa.
2. oinarria.-Onuradunak.
1. Laguntzen araubide honen onuradun izanen dira diruz lagundu daitezkeen inbertsio eta gastuen azken erantzuleak diren eta finantza-karga jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoak, honako kasu hauetan:
a) Laguntzen xede diren inbertsioen helburu gisa Ituneko I. eranskinean ageri ez diren nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzea duten nekazaritzako elikagaien industriak.
b) Enpresa handi gisa katalogatuta dauden nekazaritzako elikagaien industriak, 750 langile edo gehiago eta 200 milioi euroko edo gehiagoko negozio-bolumena dutenak, baldin eta laguntzen xede diren inbertsioen helburu gisa Ituneko I. eranskineko nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzea badute.
2. Laguntza hauen ondorioetarako, ETEaren definizioa, eta langileen nahiz negozio-zifraren kalkulua, merkatu bateratuarekin bateragarriak diren laguntzen kategoria batzuk ezartzen dituen Batzordearen abuztuaren 6ko 800/2008 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinaren arabera eginen da, Itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuz (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).
3. Europar Batasunak berariaz arautzen duen sektore bateko enpresen kasuan, laguntza araubide hau aplikatzen ahalko da, bakar-bakarrik, arau haiekin bateragarria den kasuetan.
4. Ezin dira laguntza hauen onuradun izan:
a) Betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mendeko enpresak, Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta merkatu bateratuarekin bateraezintzat jo badu aurretik.
b) Krisian dauden enpresak, Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorraren 1.7 artikuluko definizioaren arabera.
3. oinarria.-Inbertsioen betebeharrak.
1. Foru agindu honetan aurreikusita dauden laguntzen xede izanen dira Nafarroan aktibo materialetan eta ez-materialen egiten diren inbertsioak, honako xede hauek dituztenak:
a) Establezimendu berri bat sortzea.
b) Lehendik dagoen establezimendu bat handitzea.
c) Establezimendu baten ekoizpena dibertsifikatzea, produktu berriak gehituz.
d) Establezimendu bateko ekoizpen prozesu orokorrean funtsezko aldaketa bat egitea.
e) Establezimendu bati zuzenean lotuta dauden aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta establezimendua itxi egin bada, edo eskuratu ez balitz itxiko zatekeen establezimendu bat bada, eta aktiboen eskuratzailea inbertsiogile independente bat bada. Azken baldintza horretatik kanpo dago enpresa txiki bat jatorrizko jabearen edo jabeen familiaren alde edo enplegatu izandakoen alde eskualdatzea.
2. Ordezte inbertsioek aurreko ataleko baldintzetakoren bat bete beharko dute laguntza jaso ahal izateko.
3. Proposatzen diren inbertsioak bideragarriak eta errentagarriak direla frogatzeko modua egon beharko da, azterlan ekonomiko baten bidez.
4. Enpresa handien kasuan, enpresa horiek frogatu beharko dute laguntzak lortzearekin batera ondorio pizgarri hauetako bat edo batzuk sortuko direla:
-Proiektuaren edo jardueraren neurria nabarmen handitzea laguntzari esker.
-Proiektuaren edo jardueraren aplikazio esparrua nabarmen handitzea laguntzari esker.
-Onuradunak proiektuan edo jardueran egindako inbertsioaren zenbateko osoa nabarmen handitzea laguntzari esker.
-Proiektuaren edo jardueraren gauzatze erritmoa nabarmen handitzea.
-Proiektua ez zatekeela laguntzadun eskualdean eginen laguntzarik jaso izan ez balitz.
5. Diru-laguntzen onuradunek inbertsioa gauzatzen deneko ondasunen jabeak izan beharko dute, leasing-aren bidez finantzatzen direnenak izan ezik, eta haien kudeaketa ekonomikoa zuzenean egin.
6. Onuradunek inolako laguntza publikorik gabeko ekarpen finantzarioa egin beharko dute, diruz laguntzen ahal diren kostuen %25ekoa gutxienez, dela beren baliabideekin dela kanpoko finantziazioaren bidez.
4. oinarria.-Onuradunen konpromisoak.
1. Laguntzak hartzen dituztenek konpromiso hauek bete beharko dituzte:
a) Laguntza ematen duen administrazio ebazpenean adierazten den epean gauzatzea inbertsio plana.
b) Inbertsioak enpresan mantentzea, eta erabiltzea, amaitu eta gutxienez ere bost urtez, edo balio bizitza osoan, hori laburragoa izanez gero, diru-laguntzaren xede izan diren ondasunak hirugarrenei eskualdatu, errentan utzi edo laga gabe. Leasing-aren bidez eskuratzen diren lur eta eraikinen kasuan, horiek gutxienez 5 urtez mantendu beharko dira enpresan, kontratua bukatzen denetik aurrera.
c) Diru-laguntza emateko arrazoi izan zen helbururako aplikatzea jaso diren funtsak.
d) Kooperatiben kasuan, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 45. artikuluko 12. idatz-zatian xedatuta dagoena betetzea, alegia jasotako kapital diru-laguntzak ondarean edo ustiapen kontuan zuzenean sartzeari dagokiona.
e) Gutxienez %25eko finantza-ekarpena egitea, bere baliabideak erabiliz edo inongo laguntza publikorik gabeko kanpo-finantzaketaren bidez.
f) Eman zaion diru-laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea.
g) Enpresako teknika, ekonomia, lan eta gizarte arloetako kontuei buruz behar diren argibideak ematea, baita neurri horren esparruan hartu diren laguntzei buruzkoak ere, haren jarraipena eta ebaluazioa bideratzeko adierazleak prestatzeko.
2. Foru agindu honetan aurreikusten diren laguntzetarako eskaera aurkezteak berarekin dakar aginduan ezarritako konpromisoak onartzea.
5. oinarria.-Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak.
1. Diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak aktibo material eta ez-materialetan egiten direnak dira.
"Aktibo materialak" lurrei, ekoizpenari loturiko eraikinei, instalazioei, makinei eta ekipoei dagozkienak dira.
"Aktibo ez-materialak" teknologia eskualdatzekoak dira, patenteetarako eskubideak, lizentziak, know-how edo ezagutza tekniko patentatu gabeak eskuratuz horretarako.
2. Aktibo materialen kostuen zenbatekoa zehazterakoan ondokoa hartuko da kontuan:
a) Leasing-aren bidez finantzatuta eskuratzen diren aktiboak diru-laguntzaren xede izan daitezke, baldin eta enpresak ondasuna erosteko aukera gauzatzeko konpromisoa hartzen badu eta, gainera, eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik ordaintzen bada.
b) Establezimendua handitzeko lekuz aldatu behar denean, diruz laguntzen ahal den gastutzat joko da lurretan eta eraikinetan egitekoa den inbertsioaren kostuaren eta lekuz aldatuko ez diren zaharren balioaren arteko aldea, okupatu gabe dauden ondasun higiezinak enpresarenak izan edo bertako bazkideenak izan.
Teknikari independente batek eginen du balorazioa eta kasuan kasuko elkargo ofizialak ikus-onetsirik aurkeztuko da. Aktibo horiek laguntzak ordaindu baino lehen saldu badira, kendu beharreko dirua salerosketako eskritura publikoan agertzen den prezioa izanen da.
c) Establezimendu bat eskuratuz gero, aktiboak hirugarrenei erostearen kostuak soilik hartuko dira kontuan, betiere eragiketa merkatuaren baldintzetan egiten bada eta aktibo horiek diru-laguntzarik jaso ez badute. Eskurapena hasierako beste inbertsio batzuekin osatzen denean, kostu horiek eskuratzearen kostuei gehituko zaizkie.
d) Eskuratzen diren aktiboak berriak izanen dira, non ez den establezimendu bat eskuratzen.
3. Aktibo ez-materialetan inbertitzearen kostu guztiak izaten ahalko dira diru-laguntzen xede, baldin eta enpresa onuraduna enpresa txikia edo ertaina bada. Enpresa handien kasuan, kostu horiek diru-laguntzaren xede izaten ahalko dira, baina diru-laguntza jaso dezaketen proiektuko gastu guztien %50 arte gehienez.
Aktibo ez-materialek baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntzaren xede izateko:
a) Laguntza hartzen duen establezimenduan soilik erabiliko dira.
b) Aktibo amortizagarritzat joko dira.
c) Hirugarrenei eskuratuko zaizkie merkatuko baldintzetan, eta eskuratzaileak ez du saltzailearen gaineko kontrola gauzatzeko moduan egon behar, edo alderantziz, Kontseiluak enpresen arteko kontzentrazioen kontrolari buruz 2004ko urtarrilaren 20an emandako 139/2004 (EE) Erregelamenduaren 3. artikuluari jarraikiz.
d) Enpresaren aktiboetan sartu beharko dira eta laguntza jaso duen establezimenduan egon bost urtez gutxienez edo, ETEen kasuan, hiru urtez.
6. oinarria.-Laguntzen muga orokorrak.
1. Inbertsio hauek ezin izanen dira diru-laguntzen xede izan:
a) Laguntzen eskaera-data baino lehen hasten direnak.
b) Ekipamendu edo makina erabiliak eskuratzea, establezimendu bat eskuratzeari lotuta daudenak alde batera utzita.
c) Erreformak edo/eta handitzeak, ekoizpen edo establezimenduko plantaren ibilgetu guztiaren %1 baino gutxiagoko gastua dakartenak, onetsi den azken balantzean ageri den balorazioaren arabera.
d) Ekoizpena handitzen dutenak, merkatuko antolaketa komun batek, Nekazaritzako Bermerako Europako Funtsak finantzatuak, ekoizpenari ezartzen dizkion banakako murrizketak edo mugak gainditzen badituzte, laguntza araubideak barne.
e) Fruta eta barazki fresko eta eraldatuen sektorerako direnak, 1.200 000 euro baino gutxiago egiten badute, sektore horien merkatuko antolaketa komunaren barruan laguntza eskatu dutenak.
f) Tabako, oliba olio eta mahaiko oliba eta eztiaren sektoreetan eginikoak, ekoizle elkarteek sustatuak, Europar Batasuneko merkatu antolaketaren barruan ematen den laguntza hartzen ahal dutenek, hala bada.
g) Esnearen edo esnekien suzedaneo edo ordezkoak fabrikatu eta merkaturatzeko inbertsioak.
h) Txikizkako sektorean egiten direnak.
i) Garraioko elementuak, non eta ez dauden ezin bereizizko moduan loturik eraldatze prozesuekin.
j) Arrantzaren eta akuikulturaren produktuak eraldatzeko edo merkaturatzeko egiten direnak.
k) Nekazaritzako produktuak ikertu edo sustatzeko proiektuak egiteko neurriak.
l) Oihangintzaren sektoreari begira egiten direnak.
m) Ondasunak atzeraeraginezko salmenta eta errentamendu sistema baten esparruan eskuratzea.
2. Honako gastu hauek ezin izanen dira diru-laguntzen xede izan:
a) BEZa edo onuradunak berreskura ditzakeen beste zerga batzuk ordaintzeko gastuak, ez eta zorren interesenak ere.
b) Finantza errentamenduko kontratuari lotutako beste kostu batzuetarako, hala nola zergetarako, errentatzailearen marjinarako, interesen birfinantzaketa kostuetarako, gastu orokorretarako edo aseguru gastuetarako.
3. Ez da diru-laguntzarik emanen laguntzak eskatzen dituen enpresak berak bere ibilgeturako egiten dituen lanetarako.
4. Laguntzak jaso ahal izateko, inbertsioen bolumenak 100.000 eurotik gorakoa izan behar du, mikroenpresen kasuan izan ezik. Horiei dagokienez, inbertsioen bolumenak 30.000 eurotik gorakoa izan behar du.
7. oinarria.-Banakako jakinarazpenaren atalaseak.
1. Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra ez zaie aplikatuko ETEen aldeko inbertsiorako banakako laguntzei, baldin eta diru-laguntza gordinaren parekoak 7,5 milioi euro gainditzen baditu enpresa bakoitzeko eta inbertsio proiektu bakoitzeko.
2. Inbertsio proiektu handiei ematen zaizkien eskualdeko laguntzak Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio, baldin eta iturri guztietatik ateratzen diren laguntzen zenbateko osoak gainditzen badu inbertsio batek jasotzen ahal duen laguntzaren zenbateko osoaren %75 (diruz laguntzen ahal diren kostuak 100 milioi eurokoak izanik). Horretarako aplikatuko da eskualdeko laguntzen mapan -laguntza ematen den egunean onetsita dagoen horretan- enpresa handientzat indarra duen laguntzako atalase estandarra.
8. oinarria.-Laguntzen mota eta intentsitatea.
1. Enpresa-inbertsiorako laguntzak inbertsiorako zuzeneko diru-laguntzak izanen dira.
2. Enpresa-inbertsiorako laguntzen intentsitatea, 2007-2013 aldirako eskualde-laguntzen mapan (laguntza horiek II. eranskinean agertzen dira) ezarrita dauden eremuen arabera, honakoa izanen da:
a) Eskualdeko laguntzen mapan sartuta dagoen eremua: laguntzen gehieneko muga, diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko portzentaje baten bidez neurtua, diru-laguntza gordinaren %10ekoa izanen da.
Gehieneko muga hori diru-laguntza gordinaren %20 handitzen ahalko da enpresa txikiei emandako laguntzen kasuan, eta %10 enpresa ertainei emandako laguntzen kasuan, inbertsio proiektu handiei emandako laguntzak izan ezik.
b) Eskualdeko laguntzen mapan sartuta ez dagoen eremua: laguntzen gehieneko mugak, diruz laguntzen ahal diren gastuen gaineko portzentaje baten bidez neurtuak, diru-laguntza gordinaren %20koak izanen dira enpresa txikien kasuan, eta diru-laguntza gordinaren %10ekoak enpresa ertainen kasuan.
Laguntza hauek gehieneko intentsitatearekin jasoko dituzte minusbaliatuentzat enplegua sortzen aritzen diren entitateek.
3. Laguntzaren intentsitatea, diru-laguntza gordinaren portzentajeetan neurtuta, honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Tamaina, inbertsioaren bolumena eta eremu mota:
ENPRESAREN | GUTXIENEKO | LAGUNTZA EMATEA | LAGUNTZA EMATEA BABESTUTA EZ |
Mikroenpresa | 30.000 | 27 | 17 |
Enpresa txikia | 100.000 | 27 | 17 |
Enpresa ertaina | 100.000 | 17 | 7 |
Enpresa handia | 100.000 | 7 | Ez dago laguntzarik |
b) Enplegu iraunkorra mantendu edo sortzea, inbertsio proiektuaren zuzeneko ondorio gisa.
Laguntzak jasotzen dituen enpresak lanpostu finkoak mantentzen baditu inbertsioa exekutatzeko aldian, aurreko letran zehaztu den diru-laguntzaren portzentajea 2 puntu igoko da, eta, gainera, lanpostu finko berriren bat sortzen bada, beste puntu bat gehituko da.
9. oinarria.-Laguntzak metatzeari buruzko arauak.
1. Laguntzetarako 8.2. oinarrian ezartzen diren gehieneko mugak inbertsio proiektuari emandako laguntza publikoaren zenbateko osoari aplikatuko zaizkio, kontuan hartu gabe udaletako, autonomia erkidegoko, Estatuko edo Europar Batasuneko iturrien bidez finantzatzen den.
2. Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorraren arabera salbuetsita dagoen laguntza erregelamendu beraren arabera salbuetsita dagoen beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko da, baldin eta laguntza neurri horiek diruz laguntzen ahal diren kostu identifikagarri desberdinei buruzkoak badira.
3. Halaber, Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorraren arabera salbuetsita dagoen laguntza bat bateragarria izanen da erregelamendu beraren arabera salbuetsita dagoen beste laguntza batekin, edo 1998/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen dituen de minimis laguntza batekin, edo diruz laguntzen ahal diren kostu berei osorik edo partzialki dagokien Europar Batasuneko beste finantziazio batekin, baldin eta metaketa horrek ez badu gainditzen erregelamendu honen arabera laguntza horri aplika dakiokeen portzentaje handiena edo zenbateko handiena.
4. Enpresei inbertsiorako emanen zaizkien laguntzak ezin izanen dira metatu Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 22ko 287/2009 Foru Aginduan ageri direnekin. Agindu horrek Nafarroan ekonomia sustatzeko laguntzen aldi baterako araubidea ezarri du.
10. oinarria.-Diru-laguntza emateko modua.
Ezarrita dauden laguntzak banakako ebaluazioko prozeduraren bidez emanen dira.
11. oinarria.-Eskatzen diren betebeharrak frogatzeko modua.
Inbertsio proiektua deialdiaren xedeen araberakoa dela frogatzeko, eskaerarekin batera ondoko dokumentu hauek aurkeztuko dira:
1. Nortasuna frogatzen duen dokumentazioa:
a) Pertsona fisikoentzat, NANaren fotokopia. Pertsona juridikoentzat, IFZren kopia, eraketa eskriturak, estatutuak, gobernu organo eskudunak laguntza hauek eskatzeko hartu den erabakiaren dokumentua, eta eskaera tramitatzen duen ordezkariaren izendapena. Sozietatearen kapitalaren banaketa frogatzen duten dokumentu osagarriak, horrelakorik baldin bada.
b) Eskatzailearen posta elektronikoko helbidea edo telefaxa, jakinarazpenak bidaltzeko.
2. Enpresari buruzko informazioa:
a) Enpresaren azalpena, negozioaren bolumena, bestelako enpresekin duen mendekotasun maila eta kategorien eta kontratu moten arabera sailkatutako plantilla.
b) Enpresa plana, haren bideragarritasuna frogatuko duena, finantza egoeraren eta etorkizunaren ebaluaziotik abiaturik.
c) Inbertsio proiektuari eta lortu nahi diren helburuei buruzko memoria, gutxienez atal hauek bilduko dituena:
Ondasun higiezinetan, makinetan eta ekipamenduetan egitekoa den inbertsioa; proiektuaren, aholkularitzaren eta bideragarritasun azterlanen gastuak eta patenteak eta lizentziak eskuratzeko gastuak, aurrekontu zehatzak eta proformako fakturak barne; edo hornitzailearen eskaintza, obrak egiteko kostuaren kasuan 30.000 euroko zenbatekoa gainditzen badu, edo, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzuak egiteko kasuetan, 12.000 eurokoa gainditzen badu, salbu eta merkatuan finantzatzen ahal den ondasunaren hornidura egiten duten entitate nahikorik ez badago edo hornitzailearen hautapena irizpide teknikoan edo esklusibako eskubideen babes irizpideetan oinarrituta dagoela justifikatzen bada.
-Hala behar denean, ikus-onetsitako proiektu teknikoa.
-Produktu bakoitzaren fabrikazio prozesuaren eta fabrikatzeko ahalmenaren azalpena, proiektua burutu aurretik eta ondotik.
-Erabili beharreko lehengaiak, urteko kopurua eta haien fabrikako balioa, inbertsioak egin aurretik eta ondotik.
-Lehengaiak eta bukaturiko produktuak biltzeko ahalmena, egindako inbertsioen arabera.
-Inbertsioaren bideragarritasunaren azterlana.
-Inbertsioak gauzatzearen ondoriozko plantillaren aldaketa.
-Inbertsioaren finantza-plana, berezko baliabideei eta kanpoko finantzaketari dagozkien kopuruak zehaztuta.
-Egoeraren balantzea eta ustiapen kontuak, itxitako azken hiru ekitaldiei dagozkienak. Merkataritza erregistroan erregistratutako urteko kontuen kopia aurkeztu beharko da, edo sozietateen gaineko zergaren kopia, edo bestela kontu-ikuskatzailetzaren txostena.
-Urteko kontu bateratuak, talderen batekoa baldin bada enpresa.
-Urteko aurreikuspen-kontuak, proiektua abian jarri ondoko hiru urteetarako.
-Inbertsioa eginen deneko lurren identifikazioa eta kokapena.
3. Baimenak eta lizentziak:
a). Zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz honako hau dioena: "Nik, ......................, nire izenean (edo ............................en izenean) baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, I. eranskinean ageri ez diren nekazaritzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko nekazaritzako elikagaien ETEek egiten duten enpresa-inbertsiorako laguntzen eta nekazaritzako elikagaien enpresa handien enpresa-inbertsiorako laguntzen deialdien tramitazioan, nik (edo ordezkatzen dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko."
b) Ingurumen baimen integratua edo jarduera sailkatuaren udal lizentzia, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen mendeko jarduerak direnean. Halakorik izan ezean, horien eskaerak.
c) Obretarako udal baimena, edo baimen horren eskaera.
d) Abeltzaintzako produktuak eraldatu edo merkaturatzeko jardueretan, albaitari batek egindako ziurtagiri edo txostena, abeltegiak Europar Batasunak abereak abeltegietan babesteko ezarririko arauak betetzen dituela frogatzen duena.
e) Obra edo instalaziorako bestelako lurrak erabiltzen badira, inbertsioa burutzeko lurren jabetza edo eskuragarritasuna frogatzen duen eskritura edo dokumentuaren kopia.
4. Erantzukizuneko aitorpenak eta konpromiso-dokumentuak:
a) Diruz lagundu diren ondasunak ez dituela beste batzuek erabiltzeko eskualdatu, alokatu edo lagako dioen konpromisoa, gutxienez bost urtean, edo, gutxiago irauten badute, haien balio bizitza osoan.
b) Erantzukizuneko aitorpena, xede bererako beste laguntzaren bat eskatu edo jaso duen edo ez azaltzen duena.
c) Erantzukizuneko aitorpena, eta hornitzaileak hautatzerakoan Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarrita dagoenarekin bat ekonomiaren eta eraginkortasunaren irizpideei jarraitu zaiela justifikatzeko txostena.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
e) Enpresaren tamainari buruzko erantzukizuneko aitorpena, abuztuaren 6ko 800/2008 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarrita dauden irizpideen arabera.
5. Berariazko dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
a) Eraikita dauden eraikinak eta horiek daudeneko lurrak erosten diren kasuan:
-Tasatzaile independente eta kualifikatu batek egindako ziurtagiria, zeinean ziurtatuko den prezioak ez duela merkatuko balioa gainditzen. Tasazioan lokalaren prezioa eta lurrena bereiziko dira.
-Azken hamar urteetan eraikinari eman zaizkion diru-laguntzen aitorpena, epe hori diru-laguntza eman den egunetik aurrera zenbatuta.
b) Finantza-errentamenduaren kasuetan: kontratua, eta 5.2, a) oinarrian aurreikusten diren betebeharrak egiaztatu ahal izateko nahikoa den dokumentazioa. Betekizun horiek ondasuna erosteko aukera gauzatzeari buruzkoak eta, gainera, eragiketa osoaren BEZa aurretiaz ordaintzeari buruzkoak izanen dira.
c) Enpresa handien kasuan: laguntzak lortzearekin batera 3.4 oinarrian aurreikusten diren ondorio pizgarrietako bat edo batzuk sortuko direla egiaztatzeko justifikazioa.
6) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskaerarekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.
12. oinarria.-Eskaerak aurkezteko epea.
1. Eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau argitaratu eta biharamunean hasiko da.
2. Eskaerak laguntzen diren inbertsioak egin baino lehen aurkeztu beharko dira.
13. oinarria.-Tramitatzeko prozedura: eskaeren aurkezpena, instrukzioa ebazpena.
Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira. Espedienteak tramitatu eta ebatziko dira eskaerak aurkeztu ziren ordenari jarraikiz eta aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean, jarraian zehaztuko den prozeduraren arabera:
1. Aurkezpena:
a) Laguntza eskaerak horretarako ezarrita dauden eredu normalizatuetan aurkeztuko dira. Eredu horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web guneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal dira. Haiekin batera, 11. oinarrian aipatzen diren dokumentuak aurkeztu beharko dira.
b) Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan, Nafarroako Gobernuko gainerako erregistroetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuena) 38.4 artikuluan aipatu bulegoetako edozeinetan.
c) Eskaerarekin batera eskatzen diren dokumentuak agertzen ez badira, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio 15 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta horixe jakinaraziko zaiola.
2. Instrukzioa:
a) Instrukzio fasean, organo eskudunak interesdunari eskatzen ahalko dio inbertsio proiektuak ebaluatzeko behar diren dokumentuak eta bestelako elementuak aurkez ditzala. Halaber, adieraziko dio 15 egun balioduneko epean dokumentu eta elementu horiek aurkeztu ezean eta horrek ebaluazioa eragotziz gero, eskatu diren laguntzak ukatzeko ebazpena emanen dela.
Ebazteko epea eten eginen da organo eskudunak argibide edo dokumentu osagarriak eskatzen dituenean. Etenaldia errekerimendua jakinarazten denean hasi eta eskatzaileak betetzen duenean bukatuko da, edo, bete ezean, emandako epea bukatzean. Epe hori iragan eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunak zilegi izanen du eskaera ukatu dela ulertzea.
b) Eskaera osorik egon ondoren, egiaztatuko da eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela. Horretarako behar diren kontrolak eginen dira. Jarraian eskaera ebaluatu eginen da eta laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren eta kasu bakoitzean aplikatu beharreko baremoaren arabera.
c) Proposaturiko kostuak gehiegizkoak ez direla egiaztatzeko, aurrekontuak eta proformako fakturak ebaluatuko dira.
d) Eskaerak ebaluatu ondoren eta, bidezkoa bada, finantza-erakundeak leasing-eko eragiketa formalizatuaren frogagiriak aurkeztu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena igorriko dio organo eskudunari, non adieraziko baita onuradunek inbertsiorako laguntzak jasotzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
3. Ebazpena:
a) Organo eskudunak laguntzak emateari buruzko ebazpena emanen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Gehieneko epe horretan berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da, administrazioaren isiltasun bidez.
b) Diru-laguntzak emateko ebazpenean onuradunari ezartzen zaizkion baldintzak eta bete beharrekoak proiektuak gauzatzeko epeei eta abian jartzeari buruzkoak izanen dira. Epe hori gehienez bi urtekoa izanen da, laguntzak ematen diren egunetik hasita, edo 30 hilabetekoa, eskaera aurkezten den egunetik hasita. Kasu berezietan, eta aurrekontuan diru nahikoa eta egokia badago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak luzapen bat ematen ahal du, eskaera arrazoitua aldez aurretik eginez gero betiere.
c) Laguntzak emateko ebazpenetan honako hauek aipatuko dira: kontzesio horrek ukitzen dituen Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorraren II. kapituluko berariazko xedapenak (1. atala edo 2. atala), foru agindua eta ebazpenaren testu osoa jasotzen duen Interneteko helbidea, bai eta Batzordeak Estatuko laguntzari esleitzen dion identifikazio zenbakia ere.
d) Aurkeztu den eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ezespena jakinarazi eta hilabeteko epean, gehienez.
14. oinarria.-Eskaeren aldaketa.
1. Arrazoiak emanda, diru-laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren inbertsio proiektuari buruzko aldaketa nabarmenak egin behar direnean, proiektu osagarria edo alternatiboa aurkezten ahalko da. Proiektu hori hasierako proiekturako prozedura berari jarraituz ebaluatu eta onetsi beharko da, eta bidezkoa bada laguntza birdoitu beharko da, baina birdoitzearen ondorioz hasieran eman diren laguntzak ez dira handituko. Aldaketak onartzeak ez du aldaketarik ekarriko baremoaren aplikazioan, laguntzaren zenbatekoa handitzea ekartzen badute.
2. Aldaketa nabarmentzat hauxe hartzen da:
-Produkzioaren orientazioa aldatzea, sektorearen, produktu landuaren edo kudeaketa sistemaren aldetik.
-Enpresak, tamainaren edo tipologiaren arabera duen katalogazioa edo inbertsioen lokalizazioa aldatzea dakarrenean.
-Obra zibileko elementuak, makineria edo ekipamendua gehitu, kendu edo aldatzea, hasieran aurreikusi den balioaren %20tik gora.
-Inbertsioen lokalizazioaren aldaketa eragitea.
15. oinarria.-Gastuen eta egindako ordainketen justifikazioa.
1. Inbertsio proiektua horretarako ezarri den epean amaitu ondoren, onuradunak justifikatu egin beharko du horretarako ezarritako formularioa aurkeztuz, inbertsio proiektua amaitu eta hilabeteko epean.
Formulario hori 13.1, b) oinarrian ezarrita dauden lekuetan aurkezten ahalko da, dokumentazio honekin batera:
a) Eginen diren eta egin diren inbertsioen zerrenda, laguntzak emateko ebazpenean ageri diren hurrenkera berean. Jatorrizko fakturak erantsiko dira, bai eta ordainagiriak eta guztiaren fotokopia ere. Zerrenda hori formatu elektronikoan ere eman beharko da (Excel kalkulu orria).
b) Inbertsioak lurretan eta eraikinetan egiten direnean, eskritura publiko legeztatua eskatuko da.
c) Inbertsioei buruzko kontabilitate dokumentuak.
d) Sozietateen eta Urteko Kontuen aitorpenak, itxitako azken bi ekitaldietakoak.
e) Enpresako plantillari buruzko dokumentuak eta, hala denean, inbertsioaren ondorioz sortu diren lanpostu berriei buruzkoak.
f) Erantzukizuneko aitorpena: foru agindu honen bitartez diruz lagundu diren inbertsioetarako beste laguntzaren bat jaso den ala ez adierazi behar da.
g) Inolako laguntza publikorik gabeko finantza-ekarpena -diruz laguntzen ahal diren kostuen %25ekoa gutxienez- justifikatzeko dokumentazioa.
h) Eskaerarekin batera aurkeztu ez diren obren lizentziari eta jarduerari buruzko dokumentazioa, 11. oinarrian ezarri dena.
Jarduera sailkaturako baimena edo ingurumen baimen integratua eta/edo obretarako lizentzia tramitatzen ari badira, onuradunak lizentzia eta baimen horiek aurkeztu beharko ditu, emandako laguntza ordain diezaioten, ez baditu aurkeztu laguntzetarako eskaerarekin batera. Jarduera sailkatuko lizentzia edo Ingurumen baimen integratua eta/edo obra lizentzia lortzen ez bada, emandako laguntzak indargabetuko dira.
2. Inbertsioa Nafarroako Gobernuak sustaturiko industrialdeetan lurzatiak eskuratzea baldin bada, non finkatu den prezioaren ordainketan zatikapenak egitea baimendu baita, laguntza ordaintzeko ez da beharrezkoa izanen gastu guztia ordaindu izana justifikatzea. Dena dela, justifikatutako ordainketak ondasunerako eman den diru-laguntzaren zenbatekoaren adinakoa izan beharko du, gutxienez.
3. Onuradunak inbertsio proiektua Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko du, kasuan kasuko diru-laguntzaren azken ordainketatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean. Enpresak Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroko inskripzioa behar den epean egiten ez badu, jaso dituen laguntzak itzuli beharko ditu, justifikatutako arrazoiren bat izan ezean.
16. oinarria.-Inbertsioen egiaztapena.
1. Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak behar adina kontrol eginen ditu, indarreko araudia eta onuradunak hartu dituen konpromisoak betetzen dituela eta inbertsioa aurkeztutako proiekturako benetan erabili dela egiaztatzeko.
2. 60.000 eurotik gorako kapitaleko diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala eginen du eta halaxe agertuko da espedientean, egiaztatze akta edo txostenaren bidez.
Salbuespen gisa, egiaztapen material horren ordez ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela frogatuko duena bidezkoa eta nahikoa den moduan.
3. Inbertsiorako zuzeneko diru-laguntzak ematen direnean kontuan hartu bada enplegua sortu edo mantentzeko irizpidea, egoera hori egiaztatuko da aurkezten diren frogagirietan edo, hala denean, enpresara egiten den bisitan, eta horrek emandako diru-laguntza egokitzea ekar dezake.
17. oinarria.-Laguntzen ordainketa.
Inbertsioen frogagiriak azterturik eta, bidezkoa bada, horiek egiaztaturik, instrukzio organoak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari. Horrekin batera, onuradunak diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten beharkizunak betetzen dituela frogatzen duen txostena aurkeztuko du.
18. oinarria.-Ez-betetzeen mailakatzea, murrizketak eta salbuespenak.
1. Inbertsioetarako proiektua buruturik, egiazko inbertsioaren zenbatekoa onetsiriko inbertsiotik beherakoa baldin bada, laguntzen zenbatekoa doitu eginen da, proportzioan gutxituz, inolako zehapenik gabe, baldin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak uste badu eginiko planek balioa izaten segitzen dutela, teknikoki eta ekonomikoki.
2. Diru-laguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezik, onartutako diru-laguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedaturikoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, hala behar denean, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Espediente egoki baten bidez, onuradunak gezurrezko adierazpen bat nahita egin duela frogatuz gero, onarturiko laguntzak indargabetu eta haiengatik pagaturiko zenbateko guztiak berreskuratuko dira. Gainera, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako zehapenak jarri ahalko dira.
19. oinarria.-Gero betetzeko konpromisoak.
1. Foru agindu honen 4. oinarrian aipatzen diren konpromisoak bete ezik, laguntzak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.
2. 4.1, b) artikuluan aipatzen den konpromisoa ez-betetzat joko da, laguntzen azkeneko ordainketa egin eta hurrengo bost urtean industria jarduera amaitzen bada negozioa itxi delako, lantegia Nafarroatik kanpora edo laguntza kalkulatzeko oinarri gisa erabili ezin diren eremuetara eramaten bada, inbertsio proiektua hasierako aurreikuspenetatik asko aldentzen bada, edo krisi espedienteko, enpleguaren zein lanaldiaren erregulazioko eta hartzekodunen konkurtso zein porrot egoerarik gertatzen bada.
3. Arestiko idatz-zatiak aipatzen dituen konpromisoak mailakatzeko eta ordainduko den zenbatekoa zehazteko honako irizpide hauek aplikatuko dira:
a) Jarduera bertan behera uztea: %100.
b) Porrota: %100.
c) Instalazioak Nafarroatik kanpora eramatea: %100.
d) Nafarroa barnean, laguntza jasotzen duen leku batetik laguntzarik jasotzen ez duen leku batera aldatzea: %10.
e) Hartzekodunen konkurtso, krisi espediente edo enpleguaren erregulazioko egoera gertatzen bada, enpresak enpresa plan bat aurkeztu beharko du, bideragarritasun ekonomikoa jasotzen duena. Enpresa onuradunaren bideragarritasun ekonomikoa justifikatzen ez bada, jaso diren laguntzak itzultzeko eskatuko da.
4. Onuradunak idatziz jakinaraziko ditu ezinbesteko kasuak edo salbuespenezko inguruabarrak, bidezko diren frogen bidez, hala egin dezakeenetik hamar egun balioduneko epean.
20. oinarria.-Onuradunen betebeharrak.
Enpresei inbertsiorako eman beharreko laguntzak jasotzen dituztenek ondoko betebehar hauek izanen dituzte:
a) Inbertsioak Nafarroan egin behar dira, laguntza emateko ebazpenean zehazten den epean.
b) Instrukzio organoari igortzea, proiektua bukatu eta hilabeteko epean gehienez, egindako inbertsioen eta enplegua mantendu edo sortu izanaren frogagiriak.
c) Diru-laguntza hauen xede den inbertsioa Nafarroan mantendu beharko da, kasuan kasuko jarduerari loturik eta enpresaren jabetzapean, gutxienez ere 5 urtez, inbertsio osoa burutzen denetik aurrera. Lurretan eta eraikinetan egindako inbertsioen kasuan, gutxieneko aldi hori 10 urtekoa izanen da.
Betebehar horrek ez du eragotziko epe horretan teknologiaren eboluzio azkarragatik zahartuta gelditzen diren instalazio edo ekipoak aldatzea, baldin eta jarduera ekonomikoa ezarri den gutxieneko epean mantentzen bada Nafarroan.
e) Leasing-aren bidez eskuratu diren lur eta eraikinen kasuan, horiek gutxienez 5 urtez mantendu beharko dira enpresan, kontratua bukatzen denetik aurrera.
f) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egin beharreko kontrolei oztoporik ez jartzea, eta departamentu horri ematea eskatzen dizkion dokumentuak, datuak eta bestelako frogak, espedientea tramitatzeko eta horrela egiaztatu ahal izateko aurkeztu den proiektua benetan gauzatu dela eta hartutako konpromisoak benetan bete direla.
g) Kasuan kasuko inbertsioa Nekazaritzako Elikagai Industrien Erregistroan inskribatu beharko da, diru-laguntzaren azken ordainketatik hasi eta gehienez ere urtebeteko epean.
h) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu edo lortu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.
i) Hartu den laguntzaren kobrantza kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.
j) Kooperatiben kasuan, Nafarroako Kooperatibei buruzko abenduaren 11ko 14/2006 Foru Legearen 45. artikuluko 12. puntuan xedatuta dagoena betetzea, alegia jaso diren kapital diru-laguntzak ondarean edo ustiapen kontuan zuzenean sartzeari dagokiona.
k) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan frogatzea hartu diren funtsak laguntza emateko arrazoi izan ziren helburuetarako erabili direla, ezarrita dauden epe eta moduan.
l) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari 19. oinarriko 3. eta 4. puntuetan aipatzen diren gorabehera guztiak idatziz jakinaraztea, gertatzen diren orduko.
m) Inbertsioak benetan egin diren eta hartutako konpromisoak bete ote diren ziurtatzeko ikuskapen eta egiaztapenetan erraztasunak ematea.
n) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta eduki behar ditu.
o) Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluko xedapen orokorrak eta, hala denean, laguntzak emateko ebazpenetan ezartzen direnak.
21. oinarria.-Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzei buruzko itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak, Europar Batasuneko araudian xedaturikoa galarazi gabe, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat etorriko dira.
2. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura administratiboa abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan ezarrita dagoena izanen da, haren bidez onetsi baitzen nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko administrazio prozedura.
22. oinarria.-Informazioa artxibatzea.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jatorrian altxatuko du eskuratu behar duen informazioa, Europar Batasunak jarraipen, ebaluazio eta kontrol eginkizunetarako jartzen dituen baldintzak betetzeko, eta organo eskudunei bidaliko die Europar Batasuneko instituzioek ezartzen dituzten beharkizunak betetzeko behar den informazioa.
II. ERANSKINA
2007-2013 aldian EE Itunaren 87. artikuluko 3. idatz-zatiko c) letraren arabera laguntza jaso dezaketen Nafarroako udalerriak
Eskualde xedeko laguntzen mapa.
Eskualde xedeko 2007-2013 aldiko estatu-laguntzei buruzko gidalerroak. Eskualde laguntzen mapa: Espainia. (2007/C 35/03); N 626/06-Espainia.
Eskualde laguntzen mapa nazionala. 2007-1-1/2013-12-31 (Batzordeak 2006-12-20an onetsia).
1.-2007-2013 aldian EE Itunaren 87. artikuluko 3. idatz-zatiko c) letraren arabera laguntza jaso dezaketen Nafarroako udalerriak:
Abaigar, Abartzuza, Abaurregaina, Abaurrepea, Aberin, Aguilar Kodes, Oibar, Allin, Allo, Ameskoabarrena, Antzin, Anue, Agoitz, Araitz, Aranaratxe, Artzi, Arcos (Los), Arellano, Aria, Aribe, Armañantzas, Arroitz, Atetz, Azuelo, Barasoain, Barbarin, Bargota, Basaburua, Baztan, Beire, Betelu, Auritz, Burgi, Busto (El), Cabredo, Kaseda, Gazteluberri, Zirauki, Desoio, Deikaztelu, Erro, Ezkaroze, Eslaba, Espartza Zaraitzu, Esprontzeda, Esteribar, Etaiu, Eulate, Ezkabarte, Ezporogi, Galipentzu, Galoze, Garaioa, Garde, Garinoain, Garralda, Genevilla, Goñi, Gorza, Gesalatz, Ibargoiti, Iguzkitza, Imotz, Izaba, Itza, Itzagaondoa, Itzaltzu, Jaurrieta, Txulapain, Lana, Lantz, Lapoblación, Larragoa, Leatxe, Legaria, Leotz, Lerga, Lezaun, Lizoain, Longida, Irunberri, Lukin, Mañeru, Marañón, Mendaza, Metauten, Mirafuentes, Elo, Morentin, Mues, Murieta, Nabaskoze, Nazar, Oko, Otsagabia, Odieta, Olaibar, Olexoa, Oloritz, Ollo, Orbaitzeta, Orbara, Orisoain, Orontze, Orotz-Betelu, Oteitza, Piedramillera, Pitillas, Puiu, Erromantzatua, Erronkari, Orreaga, Zare, Jaitz, San Martin Unx, Santsol, Sartze, Sorlada, Torralba del Río, Torres del Río, Uxue, Ultzama, Untziti, Untzue, Urdazubi, Urraulgoiti, Urraulbeiti, Urrotz, Urzainki, Uztarroze, Luzaide, Bidankoze, Villamayor de Monjardín, Hiriberri Aezkoa, Deierri, Zugarramurdi, Zuñiga, Larraun, Lekunberri.
Iragarkiaren kodea: F1005239
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
