1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
122/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 23ko 462/2007 Foru Agindua aldatzen duena. Hartan, Nafarroako nekazaritza kooperatibei laguntzak emateko arauak ezarri ziren nekazaritzako elikagaien kalitateko produktuak sustatzeko eta laguntza teknikoko planetarako, kooperatiben integrazioaren esparruan, eta 2010erako laguntzen deialdia onetsi zen.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 23an emandako 462/2007 Foru Aginduaren bidez, teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri ziren, kooperatiben berregituraketaren esparruan, eta 2007ko deialdia onetsi zen.
Kooperatibak berregituratzeko esparrua Nafarroako nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa planean zehaztu zen. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Gobernuaren erabaki horretan, gainera, jarduketa planean ezarritako neurriak gauzatzeko konpromiso ekonomikoak jasotzen dira, besteak beste, foru agindu honetan adierazitakoa.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, otsailaren 27ko 76/2008 Foru Aginduaren bidez, 2008ko ekitaldiko deialdia onetsi zuen.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, martxoaren 23ko 137/2009 Foru Aginduaren bidez, 2009ko ekitaldiko laguntzetarako deialdia egin zuen.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.
Aurreko horretan oinarrituta, foru agindu honen bitartez, Nafarroako nekazaritza kooperatibentzako 2010eko laguntzen deialdia egiten da nekazaritzako elikagaien kalitateko produktuak sustatzeko eta laguntza teknikoko planetarako.
Gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 23ko 462/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako laguntzen arauak aldatzen dira, Nafarroako nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa planean aurreikusitako denborarako mugatuz laguntzak hartzeko aldia. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bitartez. Orobat, diru-laguntza jasotzen ahal duten jarduketak justifikatu eta bukatzeko prozedura eta epeak aldatzen dira.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 23ko 462/2007 Foru Agindua aldatzea. Hartan, Nafarroako nekazaritza kooperatibei laguntzak emateko arauak ezarri ziren nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzeko eta laguntza teknikoko planetarako, kooperatibak bateratzeko esparruan.
1. 2. artikuluko 2. puntua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:
"2. a) eta c) ataletan definituriko entitate onuradunen salmentek urtean 3 milioi eurotik gorakoak beharko dute izan. Eta gauza bera b) atalean ezarritako kooperatiben arteko itun batean parte hartzen dutenen multzoaren salmentek ere.
2. 1. artikuluko 5. puntua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:
"1. Laguntza jaso ahal izateko, ekintza plana 40.000 eurotik gorakoa izan beharko da. Gainera, ebazpena zein ekitaldikoa den, hartan bukatuta egon behako du; horrenbestez, ekitaldi horretan gauzatu edo justifikatu gabeko zatiak ez du diru-laguntzarik izanen."
3. 10. artikuluko 1. puntua aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:
"1. Laguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren, eta betiere diru-laguntza ematen den urteko abenduaren 1a baino lehen, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du."
Xedapen gehigarri bakarra.-2010eko deialdia.
1. Nafarroako nekazaritza kooperatibei laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten da, nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzeko eta laguntza teknikoko planetarako, kooperatibak bateratzeko esparruan.
2. 2010ean laguntza eskaerak aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da, foru agindu honek indarra hartzen duenetik aurrera.
3. Deialdi honetan, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 23ko 462/2007 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira. Hartan, Nafarroako nekazaritza kooperatibei laguntzak emateko arauak ezarri ziren nekazaritzako elikagaien kalitatea sustatzeko eta laguntza teknikoko planetarako, kooperatibak bateratzeko esparruan.
4. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Bigarren xedapen gehigarria.-2010eko deialdiaren aurrekontuko kredituak.
200.575 euroko gastua baimentzen da, "Nekazaritza kooperatibak berregituratzeko pizgarriak" izeneko 721000-72210-4701-413100 kontu-sailaren kargura, Nafarroako 2010eko Aurrekontu Orokorretatik; hori guztia, foru agindu honen ondoriozko gastuen konpromisoak betetzeko, Nafarroako nekazaritza kooperatibak berregituratzeko jarduketa planeko (Nafarroako Gobernuak 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsia) 8. neurria aplikatuz.
Hirugarren xedapen gehigarria.
Aurrekontuak mugatuko ditu laguntzak; izan ere, aurrekontuan dagoen diruaren arabera eta Erregistro Orokorrean egindako eskariaren ordenaren arabera emanen dira.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
Iragarkiaren kodea: F1005182