1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
118/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, 2011. urtean Nafarroako ibai eta sakanetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia eta oinarri arautzaileak onesten dituena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ibai sistemen mantentze eta lehengoratze lanak egiten ari da azken urteotan. Besteak beste, hiriguneak uholdeetatik babesteko azterketak eta lanak eta ibilguak mantentzeko eta lehengoratzeko lanak, eta horien artean aipagarri, ibai eremuen berreskuratzea.
Nafarroako Salmonidoen Arrantza Antolatzeko Plan Orokorraren helburuetako bat da gaur egun garatzeko aukera egokirik ez duten habitatak berreskuratzea.
Laguntza deialdi honek hiru helburu ditu: ibilguen hustuketa ahalmenari eustea, ur-bazterrak lehengoratzea eta ibaietako habitata hobetzea. Lan horiek Ibaiak Lehengoratzeko Estrategia Nazionalarekin bat datoz.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2011. urtean Nafarroako ibai eta sakanetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onestea.
2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean jaso dira.
3. 850.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2011ko aurrekontuan den 2010eko Gastuen Aurrekontuko "Ibaien hobekuntza eta lan hidraulikoak" izeneko 740003-74300-7609-452100 kontu-sailaren kargura.
4. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Foru agindu hau Uraren Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari eta Kontrol Ekonomiko-Administratiboaren Atalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
ERANSKINA
2011. urtean Nafarroako ibai eta sakanetan mantentze eta lehengoratze lanak egiteko udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak
Lehena.-Xedea eta diru-laguntzen xede izan daitezkeen jarduketak.
1. Foru agindu honen xedea da Nafarroako ibai eta sakanetan 2011. urtean egin beharreko mantentze eta lehengoratze lanetarako diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea.
2. Aurkezten diren proiektuak azterturik, Nafarroako Foru Komunitatearentzat interesa eta etekin soziala duten lanek jasoko dute diru-laguntza, kontuan harturik babesten diren ondasunen izaera eta saihesten diren arriskuak eta, orobat, proiektuak ibaialdeari ekarriko dizkion ingurumen onurak.
Bigarrena.-Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzen zenbatekoa diruz laguntzen ahal den aurrekontuaren %70ekoa izanen da, lanak, proiektuaren erredakzioaren eta obra zuzendaritzaren ordainsariak, elkargoaren ikus-onespena eta BEZa barne.
Gehienez ere diruz lagunduko diren ordainsariak: %3 proiektuaren erredakziorako eta %3 obra zuzendaritzarako, diru-laguntzaren xede den exekuzio materialeko aurrekontuaren gainean. %3 horretan ordainsariak, BEZa eta elkargoaren ikus-onespena sartzen dira.
Edozein kasutan, diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300.000 eurokoa izanen da eskaera bakoitzeko, BEZa barne.
Hirugarrena.-Onuradunak.
Mugapean ibai eta sakanak dituzten Nafarroako udal eta kontzejuek izanen dute honelako laguntzak hartzeko eskubidea.
Laugarrena.-Laguntzarik jasotzerik ez duten jarduketak.
Jarduketa hauek ez dute diru-laguntzarik jasoko:
1. Ibilguak zeharkatzen dituzten edo horien parez pare doazen azpiegiturak osorik edo partzialki eraikitzea, babestea edo horien mantentze-lanak egitea, hala nola errepideak, bideak, fabrika-obrak (hodiak, erretenak, estoldak, pontoiak eta zubiak), hornidura eta saneamendu hodiak, besteak beste.
2. Ezpondak edo mazelak egonkortzea, ez badira ibai edo sakan baten higadurak eragindakoak. Ez da diru-laguntzarik emanen, halaber, alorrei edo oihanei eragiten dieten ibai-bazterrak babesteko lanetarako, baldin eta ur-bazterreko landaredia errespetatu ez bada zortasun eremuan bederen (5 metro, ibilgutik hasita neurtuta), salbu eta proiektuaren xedea landaredi horren leheneratzea denean.
3. Ingurumenari kalte egin diezaioketen jarduketak eta ingurumenari edo hirigintzari buruzko indarreko arauei aurka egiten dietenak.
4. Beharrezkoak direla behar bezala justifikatzen ez duten jarduketak.
5. Natura 2000 Sareko lurretan egin nahi diren jarduketak, xedeko jarduketak eta zaindu nahi diren balioak bateragarri direla behar bezala frogatzen ez bada.
6. Eskaera egin aurretik burutu edo hasi zirenak.
Bosgarrena.-Eskabideak eta agiri osagarriak aurkezteko epea.
1. Eskabideak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Uraren Zerbitzuari zuzenduak, departamentu horretako Erregistroan aurkeztuko dira (Tutera kalea, 20, Iruña). Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.
2. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
3. Eskabidea horretarako ezarritako ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es web guneko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.
4. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.
Seigarrena.-Aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabideari ondoko dokumentazioa erantsiko zaio:
a) Diru-laguntzarako eskabidea, bertan zehaztuta deialdiaren foru agindua, eskatzailearen datuak eta lanen xedea.
b) Teknikari eskudun batek erredaktaturiko proiektua, indarra duten legeen araberakoa, kasuan kasuko lanbide elkargoak ikus-onetsia; bi ale aurkeztu beharko dira. Proiektuak agiri hauek izan behar ditu erantsirik:
1. Memoria, alternatiben azterlana eta proposaturiko konponbidearen justifikazio teknikoa bilduko dituena. Gaurko eta geroko egoeraz azterlan hidrologiko eta hidrauliko bat egonez gero, baloratuko eginen da.
2. Segurtasun eta Osasun arloan indarra duen legeriari jarraikiz dagokion azterlana, laneko arriskuen prebentziorako neurrien justifikazioa eta aurrekontu zehaztua barne.
3. Ingurumen ukipenen azterlana. Proiektu guztiek azterlan hori izan beharko dute gutxienez. Ibilgu naturalak bideratzeko eta babesak eraikitzeko lan proiektuetan, Kontseiluak 1979ko apirilaren 2an eman 79/409/EEE Zuzentaraua eta Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean eman 92/43/EEE Zuzentaraua aplikatuz babestutako ibilgu edo hezeguneetan edo RAMSAR Hitzarmeneko zerrendako hezeguneetan gauzatzen direnean, Ingurumen eraginaren azterlana aurkeztu beharko da Ingurumen ukipenen azterlanaren ordez, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatu ahal izateko.
Dragatze lanen kasuan, Ingurumen eraginaren azterlana eskatuko da ateratzen den bolumena 20.000 m³-tik gorakoa denean aurreko atalean aipatutako eremu babestuetan, eta 100.000 m³ gainditzen direnean gainerako ibai tarteetan.
4. Baldintzen agiriak, orokorrena zein tekniko partikularrena.
5. Aurrekontu zehatza, sailkako neurketak, prezioen taulak (1 eta 2 zenbakiduneko prezioen taula), aurrekontu partzialak, aurrekontu orokorra eta administrazioari jakinarazi beharreko aurrekontua, prezioak justifikatzeko eranskina barne.
6. Planoak. Gutxienez hauek jasoko ditu: jarduketak kokatzeko plano orokor bat, kokalekuaren planoak eta xehetasun planoak, esate baterako zeharkako sekzioena, luzerako profilak, eraikuntzako xehetasun kotatuak, eredu-profilak edo bestelakoak, egin beharreko obra zeharo definituta gelditzeko behar direnak.
Agiri horiek guztiek erredakzioa egin duen teknikariak izenpetuta eta kasuan kasuko elkargoak ikus-onetsita egon beharko dute.
c) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen erantzukizuneko aitorpena.
Gainera, eskatzaileak Gizarte Segurantzarekiko eta Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eguneratuak izan beharko ditu.
Zazpigarrena.-Diru-laguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da.
2. Balorazio irizpideak.
a) Eskaturiko jarduketaren arriskugarritasuna eta presa: gehienez ere 50 puntu.
Lehentasunezkotzat joko dira bizilagunak dituzten etxebizitzen kalteak, bai hiriguneetan bai etxe isolatuetan, eta, bigarren mailan, deialditik berariaz bazterturik ez dauden bestelako ondasun moten babesa. Arriskugarritasunaren eta arriskuaren justifikazioa aurkeztu den azterlan hidrologiko eta hidraulikoaren bidez baloratuko da.
Presari dagokionez, kontuan hartuko da arriskuan dauden ondasunetan higadurak, aurreikuspenen arabera, izanen duen eraginaren bilakaera.
b) Proposatutako soluzioaren eraginkortasuna: gehienez ere 40 puntu.
Batzorde Teknikoak proiektuan proposatzen diren alternatibak eta hautaturiko konponbidearen justifikazioa aztertu eta, egokitasunaren arabera, puntuazio bat esleituko dio; eraginkortasunaren justifikazioa azterlan hidrologiko eta hidrauliko baten bidez baloratuko da.
c) Ibaietako lehengoratze lana: 20 puntu.
Ibaialdearen berreskuratzea edo jarduketak baloratuko dira Ingurumenaren eta Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioak ibaiak lehengoratzeko proiektuak prestatzeko eman duen gida metodologikoari jarraituz.
Zortzigarrena.-Ebaluazio organoa.
Eskaerak Uraren Zerbitzuko langileek osatuko duten Batzorde Tekniko batek ebaluatuko ditu.
Bederatzigarrena.-Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaera harturik, Uraren Zerbitzuak egiaztatuko du seigarren oinarrian aipatzen diren agiri guztiak aurkeztu diren. Eskatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala, horretarako errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita hamar egun naturaleko gehieneko epean, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.
Eskaeraren erantzuna Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan (Armada etorbidea, 2, Iruña) aurkezten ez bada, Ibaiertzak Lehengoratzeko eta Obra Hidraulikoetarako Atalera eskabidearen fax bat igorriko da (fax zenbakia: 848 42 14 95), eskatzailearen datuak, deialdiaren eta errekerimenduaren erreferentziak eta erantsirik dituen agirien zerrenda agertzen dituena.
2. Aurreko oinarrian adierazitako batzorde teknikoak arautegi honetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunen araberako ebaluazioa egin ondoren, Uraren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen du eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela. Horrez gainera, zerrenda bat ere prestatuko du, baldintza guztiak bete arren aurrekontuetako diru-mugak direla kausa deialditik kanpora gelditu diren eskatzaileekin.
Ebazpen proposamenean onartutako eskaerak agertuko dira, kasuan kasuko diru-laguntzak esleiturik, zazpigarren oinarrian ezarritako irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran, aurrekontuko dirua ahitu arte. Hori dela eta, diru-laguntza jasotzen duen azken onuradunak une horretan esleitzeko dagoen aurrekontuko diruaren %70eko edo gutxiagoko diru-laguntza jasoko du.
3. Diru-laguntzak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eman edo ukatuko dira.
4. Prozeduraren gainean ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.
Hamargarrena.-Onuradunaren betebeharrak.
Onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen ditu. Gainera, baita ondoko hauek ere:
1. Diru-laguntzaren xede diren obrak bost hilabeteko epean esleitzea, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten denetik hasita.
Diru-laguntza jasotzen duenak diruz lagundu daitekeen inbertsioaren %100 kontratatu ahal izanen du gehienez.
2. Obrak esleitzen direnetik hilabeteko epean gehienez ere, ondoko agiri hauek igortzea Uraren Zerbitzura:
a) Obrak egiteko behar diren baimen eta lizentzia guztien kopia. Obrak hasteko, Ur Konfederazioaren kasuan kasuko baimena aurkeztu beharko da.
b) Obrak esleitu direla frogatzen duen dokumentazioa, bertan adierazita esleipen horretarako erabilitako irizpidea eta prozedura.
c) Obren zuzendari fakultatiboa izendatzeko akta, indarra duten xedapenen arabera.
Betebehar horietako bat ezarri den epean betetzen ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
3. Diru-laguntzaren xede diren lanak Uraren Zerbitzuak ingurumenaren arloan emandako jarraibideekin bat gauzatzea, eta zerbitzu horri obrak aurrera eramatean edukian edo kostuan aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean.
4. Uraren Zerbitzuari astebete aurretik abisatzea (tel.: 848 42 14 88-848 42 49 27) "Obraren zuinketa eta hasiera frogatzen dituen akta" eta "Obren behin-behineko harreraren akta" egiteko egintzara, zerbitzuko langileak ager daitezen. Uraren Zerbitzuak obra garaian egiten duen edozein egiaztapen onartu beharko du gainera.
5. Obra zuzendaritzak emandako ziurtagiri guztiak eta egindako obra ordaindu dela frogatzen duten agiriak Uraren Zerbitzura igortzea.
6. Enpresa esleipen-hartzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideak kontuan hartuz hautatu dela frogatu beharko da.
Hamaikagarrena.-Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.
Diru-laguntzaren xede diren jarduketak bukatu ondoren, eta betiere 2011ko abenduaren 20a baino lehen, onuradunak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:
1. Obraren zuinketa eta hasiera frogatzen dituen akta, toki entitateko alkateak, zuzendaritza teknikoak eta kontratista esleipen-hartzaileak izenpetua.
2. Egindako gastuak eta haien ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiri eta fakturak.
3. Obraren bukaerako akta, toki entitateko alkateak, zuzendaritza teknikoak eta kontratista esleipen-hartzaileak sinatua.
Hamabigarrena.-Ordaintzeko modua eta epeak.
1. Agiri horiek aztertu ondoren, onetsitako diru-laguntza pagatuko da, eta, proiektuaren exekuzioa frogatzen ez bada laguntza onetsi zenean baloratutako zenbatekoan, diru-laguntzaren kopurua gutxituko da, buruturiko obraren arabera.
2. Hasieran aurkeztutako memoria edo proiektuan lanari ematen zaion balioa handitzen duen aldaketa edo gehigarririk ez da onartuko.
3. Egindako lanak proiektuan ageri diren jarduketekin bat datozela egiaztatu ondoren ordainduko da diru-laguntza.
4. Desjabetzeen ondoriozko gasturik ez da ordainduko.
Hamahirugarrena.-Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
Foru agindu honetan araututako diru-laguntzak bateraezinak dira Foru Komunitateak, Estatuak edo Europar Batasunak helburu berarekin ematen dituen bestelako diru-laguntzekin. Hori dela eta, diru-laguntza jasotzen duenak proiektu honetarako edo xede bererako onartutako laguntzaren berri eman beharko du, berak jakiten duen unean.
Hamalaugarrena.-Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.
Argibide guztietan, onuradunak adierazi beharko du lanak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin egiten ari direla.
Hamabosgarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.
Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.
Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
Hamaseigarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Deialdi honetako laguntzen onuradunen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian argitaratuko da (www.navarra.es).
Iragarkiaren kodea: F1005235