40. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

116/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Europako Itunaren I. eranskinean jasota dauden eta kalitate deituren babesa duten nekazaritzako produktuen publizitaterako laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 74/2009 Foru Aginduaren bitartez, Europako Itunaren I. eranskinean jasota dauden eta kalitate deituren babesa duten nekazaritzako produktuen publizitaterako laguntzak emateko arauak ezarri ziren eta 2009ko deialdia onetsi zen.

Deialdi honetako laguntzak Estatuko laguntzak dira eta, haien xedea Itunaren I. eranskinean jasotako nekazaritzako produktuen publizitatea denez, nekazaritzako eta basogintzako sektorearentzako 2007-2013rako estatuko laguntzei buruz Europar Batasunak emandako zuzentarauen (2006/C 319/01) (2006.12.27) aplikazio esparruan sartuta daude. Batzordeari jakinarazi beharrekoak dira beraz.

Aldez aurretik, Europako Batzordearen Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion arau hau, eta hark bateragarritzat jo zuen jakinarazitako neurria EE Tratatuaren 87.3.c) artikuluarekin. Aipatu arau-proiektua N 176/2008 laguntza gisa erregistratu zuen, 2008ko abuztuaren 18ko Erabakiaren bidez, C(2008) 4572.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Aurrekoan esandakoa oinarri hartuta, foru agindu honen bidez Europako Itunaren I. eranskinean jasota dauden eta kalitate deituren babesa duten nekazaritzako produktuen publizitaterako laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten da. Aplikatzekoak izanen dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 74/2009 Foru Aginduan ezarritako arauak eta foru agindu hori aldatzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 27an emandako 223/2009 Foru Agindua. Foru agindu horren bidez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 74/2009 Foru Agindua aldatu zen.

Gobernuak, 2010eko otsailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman dio 2010eko, 2011ko eta 2012ko ekitaldietan laguntza hauek finantzatzeko gastu konpromisoa hartzeko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Europako Itunaren I. eranskinean jasota dauden eta kalitate izendapeneren babesa duten nekazaritzako produktuen publizitaterako laguntzak emateko 2010eko deialdia onestea.

2. 2010ean laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. Laguntzen deialdi honi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 23an emandako 74/2009 Foru Aginduan jasotako arauak aplikatuko zaizkio. Foru agindu horren bidez Itunaren I. eranskinean jasota dauden eta eta kalitate izendapeneren babesa duten nekazaritzako produktuen publizitaterako laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren.

4. Foru agindu hau aplikatzearen ondorioz sortutako gastuei aurre egiteko, 205.000 euroko gastua baimentzen da 2010eko ekitaldirako, 50.000 eurokoa 2011ko ekitaldirako eta 50.000 eurokoa 2012ko ekitaldirako, 2010eko Aurrekontu Orokorretako "Kanpaina orokorrak" izeneko kontu-sailaren kargura eta 2011ko eta 2012ko ekitaldietan helburu bererako sortuko direnen kargura.

5. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko martxoaren 12an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1005017