40. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

115/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten duena.

Gobernuak 2006ko maiatzaren 8an hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Nafarroako nekazaritza kooperatibak birmoldatzeko jarduketa plana. Hartan, nekazaritza kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa esparruaren alderdi tekniko, legezko eta finantzarioak zehaztu ziren.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak maiatzaren 14an emandako 144/2007 Foru Aginduaren bitartez, kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzen gaineko arauak ezarri ziren eta 2007ko deialdia onetsi zen. Aipatu foru agindua 68. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 1ean.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek 2007ko maiatzaren 18an igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA101/2007 zenbakiarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Aurrekoan esandakoa oinarri hartuta, foru agindu honen bidez kooperatibak bateratzeko prozesuak nekazaritza kooperatibak berregituratzeko esparruan bultzatzeko laguntzen 2010eko deialdia onesten da, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren maiatzaren 14ko 144/2007 Foru Aginduan ezarritako arauei jarraikiz.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kooperatibak bateratzeko esparruan, elkarteen araubidea duten nekazaritzako ustiategiak instalazioz eta ekipamenduz hornitzeko inbertsioetarako laguntzak emateko 2010eko deialdia onestea.

2. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

3. 450.000 euroko gastua baimentzea, 2011. urterako, 2010eko Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritza industrializatu eta merkaturatzeko inbertsioetarako diru-laguntzak, NGP (LGENF)" izeneko 721000 72210 7701 413102 kontu-sailaren baliokidearen kargura.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko martxoaren 12an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1005015