40. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 31

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CASCANTE

Lan eskaintza eta deialdi publikoa, funtzionario araubidean administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko. Onespena

Cascanteko Udalak, Alkatetzaren 2010eko martxoaren 3ko Ebazpenaren bidez, erabaki du 2010eko lan eskaintza onestea. Eskaintzan funtzionario araubidean administrari ofizial izateko lanpostu bat sartu da, baita lanpostu hori betetzeko izangaiak hautatzeko oposizio-lehiaketa murriztuaren oinarriak ere.

Horren ondorioz, ondoko deialdi hau ematen da argitara:

DEIALDIA, CASCANTEKO UDALEKO ADMINISTRARI-OFIZIAL IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA MURRIZTUAREN BIDEZ BETETZEKO

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Cascanteko Udalaren zerbitzuko plantillako langileekin, funtzionarioak nahiz lan-kontratudun finkoak izan, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.

1.2. Hautapen probak gainditu ondoren administrari-ofizial lanposturako izendatzen den izangaia C mailan sailkatuko da eta maila edo talde horretako ordainsariak jasoko ditu, baita plantilla organikoan ezar daitezkeen osagarriak ere.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanpostua eskuratzen duen lagunak burutu beharreko egitekoak, bere mailari eta kategoriari dagozkienak izango dira. Udalaren alor berari atxikita jarraituko du, berak zituen egitekoak eginez, maila berria edo laneko jardun berriaren ondoriozkoez gain.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Cascanteko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izatea, D maila edo taldekoa.

b) Administrari laguntzaile lanpostu baterako izendapena izatea edo lanpostu hori esleiturik izatea, Udalak hartu erabakiaren bidez.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

e) Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako administrazio publikoetan zortzi urteko zerbitzuak eman izana frogatzea.

Baldintza horiek betetzen direla eskabideak aurkeztean egiaztatu beharko da.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Cascanteko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 20ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetan (1. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera bete behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean. Orobat, lehiaketaldian baloratu beharreko agiriak ere aurkeztuko dituzte.

3.2. Eskabideari erantsi beharko zaizkio deialdiaren 2,1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten egiaztagiriak.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea egindakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Antonio Irujo Redrado, Cascanteko Udaleko alkate udalburua.

-Ordezkoa: Luis Moneo Alava, Cascanteko Udaleko lehen alkateordea.

-Lehen mahaikidea: Esther Jiménez Pellejero, Cascanteko Udaleko kontu-hartzailea.

-Ordezkoa: Jesús Rosón Lete, Castejongo Udaleko kontu-hartzailea.

-Bigarren mahaikidea: José Ignacio Alonso Melero, Cascante Udaleko administrari-ofiziala.

-Ordezkoa: Ana José Aicua, Ablitasko Udaleko kontu-hartzailea.

-Hirugarren mahaikidea: Manuel Corpas Rubio, Monteagudoko Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Víctor Mendívil Zubizarreta, Murchanteko Udaleko idazkaria.

-Mahaikide-idazkaria: María Teresa Perales Díaz, Cascanteko Udaleko idazkaria.

-Ordezkoa: Fernando Arriazu Bonel, Ablitasko Udaleko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haiei buruz soilik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.

Gero, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, egoki denean paratu ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.

7.-Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Prestakuntza.

Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

-15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

-15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1 puntu.

-30 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1,5 puntu.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

b) Administrazio publikoetan, administrari laguntzailearen lanpostuan egindako urte bakoitzeko 1 puntu. Gehienez ere, 15 puntu.

7.3. Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da.

7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du oposizioaldian onartutako izangaien zerrenda Cascanteko Udalaren iragarki oholean, eta bakoitzak lehiaketaldian lortutako puntuak zehaztuko ditu.

8.-Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehen ariketa: ariketa praktikoa izanen da, deialdiko 2. eranskinean agertzen diren informatikako gaiei buruzkoa.

Ariketa hau egiteko 90 minutu emanen dira gehienez.

Ariketaren puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu.

b) Bigarren ariketa: 40 galdera teoriko edo teoriko-praktikoak (test motakoak), deialdiko 3. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa hau egiteko 2 ordu emanen dira gehienez.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du. Kalifikazio guztien banaz bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa atal bakoitzaren emaitza.

8.4. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Cascanteko Udaleko iragarki oholean, hura gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.5. Probak plika itxien sistema erabiliz eginen dira eta bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute probetara. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.-Gainditzen dutenen zerrenda.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Cascanteko Udalaren iragarki oholean eta azken ariketa egin zen tokian ikusgai jarriko du azterketa gainditzen dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketetan ateratako puntuazioak batu ondoren.

9.2. Epaimahaiak organo eskudunari bidaliko dio puntuaziorik altuena lortu duten lehiakideak izendatzeko proposamena edo lanpostua haiei esleitzeko proposamena.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatu hautatze prozesua bukatutakoan, alkateak ebazpen baten bidez Cascanteko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du puntuazio handiena lortzen duen izangaia, Cascanteko Udaleko administrari-ofizial lanpostuan ari dadin deialdi honen 9.2 oinarrian ezarri bezala.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badute, administrari-ofizialaren kategoria erdiesteko eskubide guztiak galduko ditu, eta horrela gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko da hutsunea.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo errekurritu nahi den ekintza jakinarazten denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Cascanteko Udaleko alkate udalburuari zuzendua, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..........................., adinez nagusia; Nortasun Agiri Nazionala: ......; jaioteguna: .........; jaioterria: .........................; (...................); helbidea: .................. (.........), kalea: ................................. zenbakia: ..........., posta kodea: ........, telefonoa: .....................................

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Cascanteko Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, behar diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez,

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

(Eguna eta sinadura)

CASCANTEKO UDALEKO ALKATE-UDALBURUA.

II. ERANSKINA

-Informatika:

1.-Word testu-lanketa.

2.-Excel kalkulu-orria.

3.-Katastroa kudeatzeko programa.

4.-Mantentze-lan orokorrerako programa.

5.-Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren programa.

6.-Zirkulazioaren gaineko zergaren programa.

7.-Udal erroldaren programa.

8.-Diru-bilketaren programa.

9.-Sarrera-irteeren programa.

III. ERANSKINA

1-Udalerria: antolamendua eta funtzionamendua.

2.-Populazioa. Udalaren biztanleen errolda.

3.-Hirilurraren gaineko kontribuzioa. Zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Zerga oinarria. Kuota. Hobariak. Sortzapena eta zergaldia.

4.-Hirilurraren gaineko kontribuzioaren kudeaketa. Katastroa. Kontzeptua. Kontserbazioa. Ondasun higiezinetako aldaketak.

5.-Jarduera ekonomikoen gaineko zerga: izaera eta zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Tributu-kuota. Zergaldia eta sortzapena.

6.-Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kudeaketa.

7.-Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga: Izaera eta zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Zergaldia eta sortzapena.

8.-Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kudeaketa.

9.-Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Izaera eta zergapeko egintza. Salbuespenak. Subjektu pasiboa. Zerga oinarria, kuota eta sortzapena.

10.-Eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zergaren kudeaketa.

11.-Hirilurren balioaren igoeraren gaineko zerga. Izaera eta zergapeko egintza. Subjektu pasiboa. Sorrarazpena.

12.-Hirilurren balio igoeraren gaineko zergaren kudeaketa.

Iragarkiaren kodea: L1004002