1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
131/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, presiozko sareen bidezko barne-banaketan inbertitzeko diru-laguntzak arautzen dituena, herrilurrak eta baliokideak ureztalur bihurtuz edo ureztaketa hobetuz nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuetarako.
Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduak, martxoaren 24ko 59/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 11. artikuluan irizpideak ezartzen ditu zehaztu ahal izateko zer portzentaje jaso ahal izanen duten toki entitateek edo pareko erakundeek diru-laguntzatan, herrilurrak edo horien baliokideak ureztalur bihurtuz edo oraingo ureztaketa hobetuz nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuetan herrilurren edo parekoen aprobetxamenduen onuradunek zenbait betekizun betetzeagatik dagokien finantzaketa-zatiaren arabera.
Erregelamendu horrek ahalmena ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariari (gaur egun Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria) hura garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak emateko.
2003ko maiatzaren 28ko Foru Aginduak oraingo honek jorratzen dituen gai berak arautu zituen eta haren aplikazioak erakutsi du beharrezkoa dela araua eguneratzea, hartara, aipatu erregelamenduari eta foru legeari jarraituz, eraginkortasunik ez galtzeko, eta, gainera, aurreko arauan aurreikusi ez ziren egoerak ere kontuan hartzeko: hor daude etxeko baratzeak eta horiek ere aintzat hartu behar dira; Udalaren beraren edo parekatutako entitateen herrilurrak ere badira zenbait ureztaketa sektoretan eta horiek ez dira aldi berean eraldatzen edo modernizatzen; eta, azkenik, badago herrilurretako lurzatietako instalazioak hainbat fasetan banatzeko aukera, Udalak edo Nafarroako Gobernuak horrela erabakitzen badu bere aurrekontuko baliabideen arabera.
Halaber, Nafarroako Landa Garapeneko 2007-2013 urteetarako Programako "nekazaritzako ustiategiak modernizatzeko" eta "nekazari gazteak beren gain hasteko" laguntzei buruzko arauek epeak ezartzen dituzte ur kontsumoa kontrolatzeko, ureztaketa ongarridunari buruzko prestakuntza ikastaroen ondoren (kontsumoa zein alditan kontrolatuko den zehazten da). Hori horrela, koherentzia hutsez, irizpide hori modu berdintsuan aplikatu behar da herrilurretako lurzatietako instalazioen kasuan ere, baina honelako jarduketei dagozkien berezitasunak erantsita, Administrazioak nahitaez egin beharrekotzat arautzen baitira Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71. artikuluan. Berezitasun hori dela-eta, gainera, komeni da bete beharreko epe eta baldintzen kontrolerako erreferentzia gisa hartzea administrazio espedienteko une jakin bat: aipatu foru legearen 70. artikuluari jarraituz toki entitateari edo parekoari obrak ematen zaizkion eguna, hain zuzen ere. Egun hori gakoa da betebeharrak toki entitatearen edo parekoaren gain uzteko, eta horregatik erreferente bihurtzen da arauak ezartzen dituen epeen kontrolerako.
Komenigarritzat jo da, azkenik, egin behar diren bi eskaeren eta bakoitzari erantsi behar zaizkion agirien edukia zehaztea: lehenbiziko eskaerak hasiera ematen dio administrazio espedienteari, Administrazioak oinarrizko finantzaketa onets dezan. Bigarren eskaerak hasiera ematen dio diru-laguntza osagarria eskuratzeko espedienteari.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, agindu dut,
1. artikulua. Xedea.
Foru agindu honen xedea da arautzea zein baldintza bete behar dituzten toki entitateek eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen hamargarren xedapen gehigarrian aipatzen diren erakundeek diru-laguntzak jaso ahal izateko Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 71. artikuluko 2. idatz-zatiko d) letran azaltzen diren inbertsioetarako, hots, herrilurretan edo parekoetan presiozko sareen bitartez barne-banaketa egiteko; halaber, diru-laguntza horien zenbatekoa zehazteko arauak ematen dira foru agindu honetan.
2. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.
1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, bidezkoa bada, inbertsioaren %50eko oinarrizko diru-laguntza emanen du lurzatiko instalazioa egiteko, presiozko sareekin, herrilurretan edo parekoetan, baldin eta toki entitateek edo pareko erakundeek foru agindu honetan (4.1 artikulua) ezarritako konpromiso eta beharkizunak betetzen badituzte, bereziki 1/2002 Foru Legearen Erregelamenduaren 10. artikuluko "a" letrakoa. Aipatutako obrak, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 68. eta 71. artikuluen arabera, Foru Komunitateko Administrazioak zuzenean edo bere sozietate publikoen bitartez nahitaez egin beharrekotzat jotzen dira.
2. Lurzatiko instalazioaren kostu osoaren %15eko diru-laguntza osagarria emanen da baldin eta herrilurren edo parekoen %60, gutxienez, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan lehentasunezkotzat katalogatuta dauden nekazaritzako ustiategiei esleitua badago horretarako lehiaketa egin ondoren. Lehiaketa ebatzitakoan, lehentasunezko nekazaritza ustiategi gehiago ez izateagatik, aipatu portzentajea lortu ezean, diru-laguntza emanen da baldin eta Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan ezartzen den lehentasun ordena errespetatzen bada.
3. Diru-laguntza osagarriari lurzatiko instalazioaren kostu osoaren %10a gehitu ahalko zaio, toki entitateak edo erakundeak ondokoa frogatzen badu:
a) Diru-laguntzarako eskaeraren xede diren herrilur loteen edo parekoen esleipen-hartzaileen %75ek, gutxienez, ureztaketak eta ongarridun ureztaketak programatzeari buruzko prestakuntza ikastaro homologatuak egin dituztela. Ikastaro horiek amaitzeko urtebeteko epea izanen da, Administrazioak herrilurretako lurzatiko interes orokorreko obrak, proiektu bakoitzari dagozkionak, toki entitatearen edo parekoaren esku uzten dituen egunetik hasita.
b) Diru-laguntzarako eskaeraren xede diren herrilur loteen edo parekoen esleipen-hartzaileen %75ek, gutxienez, frogatu behar dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Riegos de Navarra S.A.ren bitartez ur kontsumorako ezarritako erreferentziako jarraibideak betetzen dituztela, dela lehenbiziko ureztatze-kanpaina osoan, behin Administrazioak toki erakundearen edo parekoaren esku utzi ondoren proiektu bakoitzean herrilurretako lurzatian egindako interes orokorreko obrak, dela obren entrega hori egin eta hurrengo urte naturalean (urtarriletik abendura).
3. artikulua. Eskabideak aurkeztea.
1. Toki entitateek edo pareko erakundeek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari aurkeztu behar dizkiote oinarrizko diru-laguntzarako eta diru-laguntza osagarrirako eskabideak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan adierazitako moduetako edozeinetan. Gainera, eskabidea bide telematikoetatik aurkeztu ahalko da, erregistro orokor elektronikoa erabiliz.
2. Proiektu bakoitzerako diru-laguntza osagarrirako eskabideak aurkezteko epea hiru urtekoa izanen da, Administrazioak obrak toki entitatearen edo pareko erakundearen esku uzten dituenetik hasita.
4. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.
1. Oinarrizko diru-laguntzarako eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Esleitu beharreko loteen tamaina, gutxienez ere, nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuko oinarrizko ureztatze-azalera bezainbestekoa izateko konpromisoa.
Hala ere, honako inguruabarrak gertatzen direnean ez da ulertuko konpromiso hori bete gabe dagoela:
i) Oinarrizko ureztatze-azalera lortzea ezinezkoa denean, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 52.3 artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik.
ii) Herrilurretan dauden eta gizarte funtzioa betetzen duten etxeko baratzeak direnean.
b) Herrilurretako loteen oinarrizko ureztatze-azalerari gutxienez hamabost urtean eusteko konpromisoa, aurreko letran aipatutako i) eta ii) salbuespenak salbu.
c) Nafarroako Gobernuak behar den finantzaketa onetsi ondoren eta Administrazioak obren esleipena duen enpresarekin obra kontratua sinatu baino lehen ekarpen ekonomikoa norberaren kargura egiteko konpromisoa.
d) Eraldaketarako edo modernizaziorako jarduketaren xede diren herrilurretako laborantza loteen aprobetxamenduari buruzko araudi berezia aurkeztea, toki entitateak edo parekoak onetsia. Araudi horrek barnean hartu behar ditu ondokoak:
i) Loteak esleitzeko lehentasun ordena, aipatu 1/2002 Foru Legearen 40. artikuluko 5. idatz-zatiko b) letrarekin bat datorrena.
ii) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua erantzukizunetik salbuestea, ureztaketa-instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik sor daitezkeen kalteak direla-eta.
3. Tarifa-egitura ezartzea, oinarri finko batez eta unitateko kontsumoarekin lotutako bi blokez osatua, halako moldez non zigorra ezarriko baita, aipatu 59/2003 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraituz, baldin eta hektareako eta kanpainako kontsumoek gainditzen badute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zona bakoitzean finkatutako erreferentziazko balioa.
4. Kanpainaz kanpaina ureztalurretan ezarritako laboreei buruzko datu aipagarriak ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo horren sozietate publikoei, estatistika kontuetarako, eta nekazaritzako elikagaien eta energiaren industriek informazio hobea izan dezaten.
2. Diru-laguntza osagarrirako eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Herrilur loteen edo parekoen esleipen-hartzaileen zerrendaren ziurtagiria, toki entitatearen edo pareko erakundearen proiektu bakoitzerako. Horrela egiaztatuko da foru agindu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa betetzen dela.
b) Foru agindu honen 2. artikuluko 3. idatz-zatiko a) eta b) letretan ezarritako baldintzak betetzen direla dioen ziurtagiria, toki entitatearen edo pareko erakundearen proiektu bakoitzerako.
5. artikulua. Laguntzak ematea eta ordaintzea.
1. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak ikusirik, bidezkoa dena ebatziko du. Betiere, aurrekontuan nahiko diru egotea izanen da laguntza emateko baldintza.
2. Administrazio ebazpenak jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, agiriak aurkezten diren egunetik hasita. Epe horretan ez bazaio eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazten, ulertu ahalko da eskaera ukatu egin dela.
6. artikulua. Onuradunen betebeharrak.
Toki entitateek edo pareko erakundeek ondoko betebeharrak izanen dituzte:
a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egiaztapenak onartzea, jasotako diru-laguntzen ingurukoak, hain zuzen ere ureztaketaren gaineko prestakuntza ikastaroak egiteari eta ur kontsumoei buruzkoak.
b) Laguntza kobratu izana kontabilitatean erregistratu behar dute, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badaude.
7. artikulua. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
Foru agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzen itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak, Europar Batasuneko araudian xedaturikoa galarazi gabe, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedaturikoarekin bat etorriko dira.
Xedapen gehigarri bakarra.-Aurrekontua.
Foru agindu honen aplikazioak sortzen duen gastua Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nafarroako ubideko ureztalur berriak" izeneko kontu-sailen kargura ordainduko da jarduketa honen eremuko lurzatietarako, eta ezartzen diren kontu-sailen kargura, berriz, Nafarroako ubidetik kanpoko gainerako obretarako.
Xedapen iragankor bakarra.-Hasita dauden espedienteak.
Gaur egun tramitatzen ari diren eta diru-laguntza emateko ebazpenik ez duten espedienteei foru agindu hau aplikatuko zaie, salbu eta toki entitateak edo parekoak berariaz adierazten badu 2003ko maiatzaren 28ko Foru Aginduaren arabera jarraitu nahi duela gai hauek tramitatzen.
Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzen diren arauak.
Indargabeturik dago 2003ko maiatzaren 28ko Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak emana, xedapen iragankor bakarrean azaltzen den kasuan izan ezik. Foru agindu horren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartu behar den eremuetako herrilurrak edo haien baliokide diren lurrak ureztalur bihurtzeko edo oraingo ureztalurrak hobetzeko ura banatzeko presiozko sareak jartzeko inbertsioak finantzatzeko eta hartarako laguntzak emateko araubidea ezarri da.
Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2010eko martxoaren 16an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
Iragarkiaren kodea: F1005177