1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
128/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 16koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatu eta 2010erako laguntzen deialdia onesten duena. Foru agindu horren bidez, kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri ziren.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 478/2007 Foru Aginduaren bidez, kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri ziren, eta 2007ko deialdia onetsi zen.
Kooperatibak berregituratzeko esparrua Nafarroako nekazaritzako kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa planean zehaztu zen. Plan hori Nafarroako Gobernuaren 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bidez onetsi zen. Gobernuaren erabaki horretan, gainera, jarduketa planean ezarritako neurriak gauzatzeko konpromiso ekonomikoak jasotzen dira, besteak beste, foru agindu honetan adierazitakoa.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 7an emandako 137/2008 Foru Aginduaren bidez azaroaren 2ko 487/2007 Foru Agindua aldatu eta 2008ko ekitaldiko deialdia onetsi zen.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 29ko 238/2009 Foru Aginduaren bidez, laguntzetarako deialdia egin zen 2009ko ekitaldian.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.
Aurreko horretan oinarrituta, foru agindu honen bidez, berriro ere kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko deialdia egiten da, 2010erako.
Gainera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2ko 478/2007 Foru Aginduaren bidez onetsitako laguntzen arauak aldatzen dira, Nafarroako nekazaritzako kooperatiben sektorea berregituratzeko jarduketa planean aurreikusitako denborarako mugatuz laguntzak hartzeko aldia. Plan hori Nafarroako Gobernuak onetsi zuen 2006ko maiatzaren 8ko Erabakiaren bitartez.
Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azaroaren 2an emandako 478/2007 Foru Agindua aldatzea.
Kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezartzen dituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatzen da, foru agindu honen eranskinean agertzen den bezala.
Lehen xedapen gehigarria. 2010. urteko laguntzen deialdia.
1. Kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzen deialdia onesten da 2010erako.
2. 2010ean laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasiko da eta irailaren 1ean bukatuko da.
3. Deialdi honi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 2ko 478/2007 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko zaizkio. Foru agindu horren bidez, kooperatiben berregituraketaren esparruan teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis" laguntzak emateko arauak ezarri ziren.
Bigarren xedapen gehigarria. Aurrekontuko kredituak.
139.000 euroko gastua baimentzen da, 2010eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nekazaritzako kooperatibak berregituratzeko pizgarriak" izeneko kontu-sailaren kargura; 200.000 euroko gastua baimenduko da 2011. urterako, 200.000 eurokoa 2012. urterako eta 120.000 eurokoa 2013rako, ekitaldi horietan helburu bererako sortuko diren kontu-sailen kontura. Hori guztia Nafarroako Gobernuaren 2008ko maiatzaren 8ko Erabakiak onetsitako Nafarroako nekazaritzako kooperatibak berregituratzeko jarduketa planaren 8. neurria aplikatzetik datozen konpromisoei erantzuteko xedez.
Hirugarren xedapen gehigarria. Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2010eko martxoaren 16an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.
ERANSKINA
Kooperatiben berregituraketaren esparruan
teknikari kualifikatuen kontratazioa sustatzeko "de minimis"
laguntzak emateko arauen aldaketa
Bakarra. Azaroaren 2ko 478/2007 Foru Agindua aldatzen da. Honela geratuko da:
1. 5. artikuluko c) letra aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:
"c). 2.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, hitzemandako gehieneko kontratazio urteak zenbat diren, horrenbeste iraungo du laguntzak. Lanpostu bakoitzagatik laguntza jasotzeko aldia lau urtekoa izanen da gehienez ere, eta betiere 2013ko abenduaren 1ean bukatuko da."
2. 10.1 artikuluaren 1. atala aldatu da, eta honela idatzita agertuko da:
"1. Laguntza eman eta hura jasotzeko eskubideak irauten duen urteetan, urtero, abenduaren 1a baino lehen, entitate onuradunak honako agiriak aurkeztu beharko ditu."
Iragarkiaren kodea: F1005174