40. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

123/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko arauak ezarri zituen maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Agindua aldatu eta 2010eko laguntzetarako deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 28an emandako 264/2008 Foru Aginduaren bidez nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko arauak ezarri ziren, eta 2008ko laguntzetarako deialdia onetsi zen.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta goian aipatu arau proiektua XA207/2008 "Nekazaritza kooperatiben nekazaritzako makinerian egindako inbertsioetarako laguntzak" izeneko laguntza gisa erregistratu zuen.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urtarrilaren 12an emandako 10/2009 Foru Aginduaren bidez, maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Agindua aldatu zen, eta 2009. urteko laguntzetarako deialdia onetsi.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Aipatutakoa oinarri hartuta, foru agindu honen bidez egiten da 2010eko ekitaldiko deialdia, nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzetarako.

Gainera, maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako laguntzetarako arauak aldatzen dira, ordaintzeko modua zehazten baita, eta inbertsio bukaerako justifikazio prozedura eta dagozkien prozedurak doitzen; hori guztia onuradunak berme juridiko handienak izan ditzan eta neurria bera hobeki kudea dadin.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko arauak ezartzen dituen maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Agindua aldatzea.

Nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko arauak ezartzen dituen maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Agindua aldatzen da, foru agindu honen eranskinean ageri den moduan.

Lehen xedapen gehigarria.-2010. urteko laguntzetarako deialdia.

1. 2010eko ekitaldiko deialdia onesten da, nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko.

2. 2010ean eskaerak aurkezteko epea lau hilabetekoa izanen da, deialdiak indarra hartzen duenetik.

3. Deialdi honetan maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Aginduan aurreikusitako arauak aplikatuko dira, hau da, nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko ezarritakoak.

Bigarren xedapen gehigarria.-Aurrekontuko kredituak.

Foru agindu honen aplikazioak sortuko dituen gastuetarako, 2.000.000,00 euroko gastua baimentzen da. Diru hori Nafarroako 2010eko Aurrekontu Orokorren "Makineriarako eta produkzio-bideetarako diru-laguntzak" izeneko 721002-72230-7700-412103 kontu-sailaren kargura izanen da, 2011ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko baita. Alabaina, kreditu egokia eta nahikoa izan beharko da.

Hirugarren xedapen gehigarria.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Xedapen iragankor bakarra.-Aurreko deialdiarekin bat aurkeztutako eskaerak.

2009ko deialdiaren arabera aurkeztutako eskaerak, baldintza guztiak bete arren ebatzi ezin izan baziren, deialdi honen arabera ebatziko dira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Nekazaritza kooperatibek nekazaritza makinerian egindako
inbertsioei laguntzak emateko arauen aldaketa

Bakarra. Ondotik adierazi bezala aldatzen da maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Agindua, nekazaritza kooperatibek nekazaritzako makinerian egindako inbertsioei laguntzak emateko arauak ezartzen dituena, alegia:

1. I. eranskineko 13. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"13. artikulua. Diru-laguntzaren helburua lortu dela eta hartutako dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen xedeko jarduketak bukatu ondoren, eta betiere diru-laguntza eman eta ondoko urteko urriaren 30a baino lehen, onuradunak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Erositako makinen edo ekipoen fakturak, diru-laguntza eskatzeko aurkeztutako aurrekontuko epigrafeen arabera ordenatuak, BEZik gabeko prezio garbia zehaztuta.

b) Ordainketen frogagiriak, aurreko puntuko ordena berean. Jatorrizko agiriak eta fotokopiak aurkeztu beharko dira. Fotokopiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan gordeko dira, jatorrizko agiriak entitate onuradunari itzultzen zaizkionean.

c) Makineriaren inskripzioa Nafarroako Nekazaritzako Makineriaren Erregistroan tramitatu dela frogatzen duten agiriak.

d) Erantzukizuneko aitorpena, eskaera egunaren ondotik xede bererako beste edozein laguntza eskatu edo jaso izanari buruzkoa."

2. I. eranskineko 14.3. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"3. Laguntza ematen duen ebazpena egin eta hurrengo ekitaldian, ordainaldi bakar batean jasoko dira laguntzak; dena dela, aurreko ekitaldian ordaintzen ahalko da aurrekontuan dirurik bada, onuradunak inbertsioak bukatu izana frogatzen badu eta gainerako baldintzak bete badira."

Iragarkiaren kodea: F1005180