39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroan egiten diren abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko 2010. urteko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak abuztuaren 5ean emandako 391/2009 Foru Aginduaren bidez, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak ezarri ziren eta 2009. urterako deialdia onetsi zen.

Lehenago, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, XA 198/2009 laguntza gisa.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Horren ondorioz, kontuan harturik laguntzen araubidea 2013ko abenduaren 31ra artekoa dela, bidezkoa da, foru agindu honen bidez, 2010. urteko deialdia onestea, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko 2010. urteko deialdia onestea.

2. Eskaerak aurkezteko hiru hilabeteko epea izanen da, abereak mugitu gabe edukitzeko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

3. Deialdi honi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak abuztuaren 5ean emandako 391/2009 Foru Aginduan ezarritako arauak aplikatuko zaizkio. Izan ere, foru agindu horren bidez, abeltzaintzako saneamendu kanpainetan azienda mugitzeko debekuaren edo osasun arrazoiengatik ustiategia hustu beharraren ondorioz abeltzaintzako ustiategiei laguntzak emateko arauak ezarri ziren.

4. 197.200 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Lortu gabeko irabaziagatiko laguntzak" izeneko 711000 71320 4700 412202 kontu-sailaren kargura, foru agindu honen ondoriozko gastu konpromisoei erantzuteko.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko martxoaren 12an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1004913