39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

110/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 9koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean bertako abere arrazen produkzio sistemak araubide estentsiboetan bultzatzeko laguntzetarako deialdia onesten duena, 2010. urterako.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 29ko 229/2009 Foru Aginduaren bidez, oinarri arautzaileak ezarri ziren, Nafarroako Foru Komunitatean bertako abere arrazen produkzio sistemak araubide estentsiboetan bultzatzeko laguntzetarako, eta 2009. urterako deialdia onetsi zen.

Aldez aurretik, Europako Batzordeko Nekazaritzaren eta Landa Garapenaren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion arau hau, eta hark bateragarritzat jo zuen jakinarazitako neurria EE Tratatuaren 87.3.c) artikuluarekin. Bestetik, aipatu arau-proiektua N 10/2008 laguntza gisa erregistratu zuen.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarriak ezarrita dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Aurreko horretan eta 2013ko abenduaren 31 arte dirauen laguntzen araubidean oinarrituta, foru agindu honen bitartez egiten da 2010eko ekitaldiko laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean bertako abere arrazen produkzio sistemak araubide estentsiboetan bultzatzeko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2010. urteko laguntzak emateko deialdia onestea, Nafarroako Foru Komunitatean bertako abere arrazen produkzio sistemak araubide estentsiboetan bultzatzeko.

2. 2010ean eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2010eko maiatzaren 31n bukatuko.

3. Deialdi honi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 29ko 229/2009 Foru Aginduan ezarritako oinarri arautzaileak aplikatuko zaizkio, foru agindu horretan ezartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean bertako abere arrazen produkzio sistemak araubide estentsiboetan bultzatzeko diru-laguntzen arauak.

4. 500.000 euroko gastua baimentzea 2010. urterako, "PDRn sartu gabeko nekazaritza eta ingurumen neurriak" izeneko 710001 - 71230 - 4700 - 414203 kontu-sailaren kargura. Guztira eskatzen den zenbatekoak baimendutako kreditu hori gainditzen badu, laguntza ematerakoan kontu-sailean baliagarri dagoen kreditua deialdi honi erantsiko zaio, ahalik eta eskaera gehienei erantzun ahal izateko.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko martxoaren 9an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1004593