39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ITURMENDI

Ordenantza, Herriko bideak eta mendiko pistak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Iturmendiko Udalak, 2010eko martxoaren 5ean egin osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen Iturmendiko herriko bideak eta mendiko pistak arautzen dituen ordenantza, 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz. Orobat xedatu zuen haren testu osoa argitaratzeko, behar diren ondorioak izan ditzan.

Ordenantza, Iturmendiko udal mugapeko herriko bideen eta mendiko pisten erabilera arautzen duena.

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Iturmendiko udal mugapeko herriko bideak eta mendiko pistak erabiltzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Bide eta pista horiek zaintzea Udalari dagokionez, beharrezkoa da haien erabilera arautzea.

3. artikulua. Udalari baimena eskatzera behartuta daude partikularrak, edozein izaera juridikoko sozietateak, eta baita elkarte eta entitate publiko zein pribatuak ere, ondoko artikuluetan ezarritako eran eta baldintzetan. Iturmendiko Udala da salbuetsirik dagoen bakarra.

4. artikulua. Hauek egiteko Udalaren baimena beharko da:

a) Zurgai diren oihaneko gaiak pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuetsi dira nekazarien produktuak eta etxerako egurra, 15 tona bitartekoak, horiek oso garrantzi txikikoak baitira.

b) Eraikuntzako materialak pista eta bide horietan barrena garraiatzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez egiten bada.

c) Makina astunak bide eta pista horietatik pasatzea, salbu eta Iturmendiko Udalak berak eskatuta erabiltzen badira.

Erabat debekaturik dago oihaneko gaiak eta eraikuntzako materialak arrastaka eramatea, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta gaiok behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku hau haustea zorrotz zehatuko da. Egindako kalte guztien ordaina eskatzeaz gain, garraiatutako oihaneko gaiek edo eraikuntzako materialek balio dutenaren halako bi ordainaraziko da, isun gisa.

5. artikulua. Baimena nahitaez eskatu behar duten subjektuak:

a) Zura denean, zurketariak edo oihan gaiak ateratzeaz arduratzen den enpresak. Halakorik ezean, zuraren jabea izanen da erantzulea.

b) Eraikuntzako materialen kasuan, obraren sustatzaileak.

c) Makina astunak direnean, makina horien zerbitzuak kontratatzen dituenak.

d) Garraio batek 7. artikuluan ezarritako pisu muga gainditzen badu (15 tona), zerbitzu hori eskatu edo kontratatu duen pertsonak edo, horrelakorik ez bada, gidariak.

6. artikulua. Aurreko puntuaren arabera baimena eskatu beharra daukanak, eskaera eginen du, behar bezala aurkeztutako eta erregistratutako eskabidearen bidez, gutxienez ere 7 egun natural lehenago, eta hartan honako hauek adierazi:

-Bertatik zenbat zur garraiatu nahi duten; mendia ustiatzeko baimen ofiziala ere aurkeztu beharko dute, kontratazioa dela-eta, zerga ordaintzeko.

-Eraikuntzako materialen kantitatea.

-Makina astunen tonajea.

-Garraio mota eta pisua, 15 tonako muga gaindituz gero.

-Zer egunetan egin behar den.

Edonola ere, aurreko kasu guztietan garraio eginen da, nahitaez, eskatzaileari baimen idatzia jakinarazi ondoren.

7. artikulua. Guztiz debekaturik dago 15 tona baino gehiagoko garraiorik egitea. Arau horren salbuespena da aurreko puntuen arabera dagokion baimena tramitatu eta lortzea.

8. artikulua. Herriko pista eta bideetan, abiadura gehienez ere 40 km/ordua izanen da.

9. artikulua. Euri edo elur egunetan espresuki debekaturik dago zuraren edo eraikuntzako materialen garraioa edo makina astunen pasatzea, Udalak espresuki baimena eman ezean.

10. artikulua. Bide horiek erabiltzen dituztenek beraien jarduerarekin eragiten dituzten kalteak konpondu beharko dituzte. Hartara, jarduera hasi baino lehen, behar den fidantza utzi beharko dute Iturmendiko Udaletxean, fidantza hori emateko espresuki eskatu bada. Kasu bakoitzean Udalak kalkulatuko du fidantza, bideetan ustez sor dezakeen arriskuaren arabera.

11. artikulua. Kasu bakoitzean, eta jarduera, urte sasoia, ibilgailu mota eta horrelatsukoen arabera, Udalak egoki iruditzen zaizkion mugak eta fidantzak ezarriko ditu, ordenantza honetan biltzen direnen osagarri.

12. artikulua. Ordenantza honetako bide eta pistetan sartzeko finka pasabideak eraikitzerakoan, baldintza hauek bete beharko dira:

-Jabeak aldez aurretik baimena eskatuko du, bai eta, aldi berean, ezaugarri teknikoei buruzko krokisa aurkeztu ere.

-Pasabide guztiek hodi bat izan beharko dute, gutxienez 40 cm-ko diametroa eta gutxienez 6 metroko luzera dituena.

-Finkako pasabidearen zorua horretarako egokia dena izanen da.

-Jabeak edo, bestela, errentariak pagatuko ditu beti eraikitzeko eta zaintzeko gastuak; hala ere, horrek ez dua inolako eskubiderik sorraraziko.

13. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea arau-haustea izanen da. Arau-haustea ekarriko dute, orobat, baimena ez eskatzeak eta, fidantza eskatu bada, hura behar den denboran eta moduan ez emateak; baita ordenantza honetako beste arauren bat ez betetzeak ere.

Ordenantza honetako edozein arau ez betetzeak 300 euroko isuna izanen du zehapen. Berriz eroriz gero, halako bi eginen du isunak.

14. artikulua. Kalte-ordainak.

Bideetan eragindako kalteak konponduko dira ordenantza honetan ezarritako jarduketak egin dituenaren kargura. Kalteen balorazioa administrazio bidez eginen da.

15. artikulua. Isunak ez badira borondatez ordaintzen, premiamendu bidez ordainaraziko dira.

Iturmendin, 2010eko martxoaren 8an.-Alkatea, Nicolás Arbizu Gabirondo.

Iragarkiaren kodea: L1004307