39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

DEIKAZTELU

Udalaren putzuak erabiltzeko araudia.
Behin betiko onespena

Deikazteluko Udalak, 2009ko abenduaren 23ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Deikazteluko udalerrian Udalaren putzuak erabiltzeko araudia.

Hasierako onespenaren iragarkia urtarrilaren 27an argitaratu zen, 2010eko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta jendaurrean egoteko legeak aurreikusten duen epea iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluan ezarriari jarraikiz. Hona hemen nola gelditu den idatzirik.

Deikaztelun, 2010eko martxoaren 5ean.-Alkatea, J. Carmelo Salvatierra Macua.

Udalaren putzuak erabiltzeko araudia

Deikazteluko Udalak hainbat putzu eginik eta legeztaturik ditu alderdi hauetan: Pradoekoien, El Prado, Urbaltza eta Pradovedado.

Udalaren ur putzuetatik, ezarri da nekazaritzarako ondoko hauek erabiltzeko aukera: Pradoekoiengo putzua (idoiko bidearen bertze aldera dagoena), El Pradoko putzua eta Urbaltzako putzua.

Nekazaritzarako erabiltzea kasu hauei mugaturik ulertzen da:

Lehena. Baimendu da Pradoekoiengo (idoiko bidearen bertze aldera dagoena), El Pradoko eta Urbaltzako putzuetako ura herbizidetarako erabiltzea.

Bigarrena. Baimendu da Pradoekoiengo (idoiko bidearen aldean dagoena) ur putzua erabiltzea mahastia eta olibondoa bustitzeko.

Pradovedadon dauden ur putzuek xede bakarra dute, alegia, baratze gisa familia mailan ustia ditzaten herritarrei ureztalurreko loteetan banatzen zaizkien herrilurretako lurzatiak ureztatzea.

Nekazaritzako erabilera honela arautu da:

1. artikulua. Herbizidetarako erabiltzeko baimena duten putzuak, erran nahi baita, Pradoekoiengoa (idoiko bidearen bertze aldera dagoena), El Pradokoa eta Urbaltzakoa, urte osoan egonen dira irekiak.

2. artikulua. Mahastia eta olibondoa bustitzeko baimena duten putzuak, erran nahi baita, Pradoekoiengoa (idoiko bidearen aldean dagoena), hetsirik egonen dira irailaren 30etik apirilaren 15era. Salbuespenez, Udalak baimen lezake data horien artean erabiltzea, eskatzaileren batek behar adina arrazoitzen badu erabili beharra.

3. artikulua. Mahastia eta olibondoa bustitzeko baimena duten putzuak, erran nahi baita, Pradoekoiengoa (idoiko bidearen aldean dagoena), orobat baimendurik daude frutarbolak bustitzeko, soil-soilik produktua denean bateragarria mahastian eta olibondoan erabiltzen direnekin.

4. artikulua. Erabiltzaileak beharturik daude ontzi eta kapsula guztiak biltzera eta eramatera horretarako baimendurik dauden tokietara.

5. artikulua. Erabiltzaileek ura xurgatzeko erabiltzen dituzten mangerek atzera egitea galarazteko sistemaz horniturik egon beharko dute (atzera egitea galarazteko orburu-sarea).

6. artikulua. Jarduketa hauek debeku dira arras:

1. Edonolako produktu toxiko botatzea, bai putzu barnera, bai haien inguruko zorura, bertako urari kalte larria egiten ahal badiote.

2. Herbiziden orgak erabiltzea, mahastia eta olibondoa bustitzeko putzuetatik ura biltzeko.

3. Putzuetako ura urteztatzeko erabiltzea, non ez den behar adina arrazoituriko eskaera egiten eta Udalak espresuki baimentzen.

4. Idoietako ura ureztatzeko edo nekazaritzako bertze edozein erabilera egiteko erabiltzea, non ez den behar adina arrazoituriko eskaera egiten eta Udalak espresuki baimentzen.

7. artikulua. Hutsegite arinak dira:

1. Herbiziden edo bertzelako gai toxikoen ontziak botatzea horretarako baimendurik ez dauden tokietan.

2. Mahastia eta olibondoa bustitzeko baimena duten putzuak, erran nahi baita, Pradoekoiengoa (idoiko bidearen aldean dagoena), hetsirik egon behar duten epeetan erabiltzea, non ez dion Udalak erabiltzaileari baimena espresuki ematen.

3. Putzuak edo idoiak ureztatzeko ura ateratzeko erabiltzea, Udalak aitzinetik baimenik eman gabe.

8. artikulua. Hutsegite larriak dira:

1. Putzuak edo idoiak herbizidetarako erabiltzea, horretarako baimenik ez dutenean.

2. Ura xurgatzeko mangerak erabiltzea, atzera egitea galarazteko sistemarik ez dutenean.

3. Herbizida-orgak erabiltzea, mahastia eta olibondoa bustitzeko putzuetatik ura biltzeko.

4. Hutsegite arinen errepika.

9. artikulua. Ondokoak joko dira hutsegite oso larritzat:

1. Edonolako gai toxikoa edo herbizida botatzea putzu edo idoetara.

10. artikulua. Beren mailaketaren arabera, hutsegiteak ondotik ematen diren isunekin zehatuko dira.

1. Hutsegite arinen zehapena 60,00 euro da.

2. Hutsegite larrien zehapena 600,00 euro da.

3. Hutsegite oso larrien zehapena 6.000,00 euro da.

11. artikulua. Arau-hausleak, behar den zehapen prozeduratik heldu diren zehapenez gain, erantzun beharko du hirugarrenei edo ingurumenari eragin dien kalteengatik; horiek Udalak galdatuko ditu edo, bertzenaz, ingurumen arloan eskumena duen bertze edozein agintarik.

Iragarkiaren kodea: L1004226