39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

89/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana. Horren bidez onesten da Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrei diru-laguntzak emateko deialdia, baldin eta ehiza espezieek nekazaritzan egindako kalteen erantzule badira, Nafarroan ehizarako basa faunak egiten dituen kalteei aurre egiteko.

Nafarroako alderdi batzuetan, zenbait ehiza espeziek, untxiek eta basurdeek batik bat, arazo larriak sortzen dituzte nekazaritzan, laboreetan egiten dituzten kalteengatik.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 86. artikuluan ezarritakoarekin bat, lege zibilen arabera erantzule direnek ordainduko dituzte ehizarako basa animaliek nekazaritzan eragindako kalteak.

Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza ekonomikoak ezartzen ahal dituela barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat, ehiza espezieek nekazaritzan egiten dituzten kalteengatiko erantzukizun ekonomikoa estaltzeko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzako diru-laguntzen deialdia onestea, ehiza espezieek nekazaritzan eragindako kalteen erantzule direnean, ehizarako basa faunak eragindako kalte horiei aurre egiteko Nafarroan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 130.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetatik sortutako gastu konpromisoetarako, 2010eko Gastuen Aurrekontuko "Partikular eta sozietateentzako kalte-ordain, aseguru eta laguntzak" izeneko 740002 74200 4809 456302 kontu-sailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2010eko otsailaren 25ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

OINARRIAK

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legeak 52. artikuluan (ehiza sustatzeko neurriak) zehazten du Nafarroako Gobernuak diru-laguntzak ezartzen ahal dituela barrutietako ehiza aprobetxamenduaren titularrentzat, ehiza espezieek nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ustiategietan egiten dituzten kalteengatiko erantzukizun ekonomikoa estaltzeko.

Horren haritik, deialdia onetsi da, norgehiagokako araubideari jarraikiz, Nafarroako ehiza barrutien ehiza aprobetxamenduaren titularrei ehiza espezieek nekazaritzan egiten dituzten kalteen erantzule direnean emanen zaizkien diru-laguntzak arautze aldera, basa faunak egiten dituen kalteei aurre egiteko.

2. Laguntza horiekin oreka egokia eta iraunkorra lortu nahi da batetik ehiza barrutietako ehiza espezieen populazioaren eta bestetik horiek nekazaritza arloan sor ditzaketen kalteen artean.

Bigarrena.-Baldintzak.

2.1. Honako hauek izaten ahalko dira deialdiko laguntzen onuradun:

-Tokiko ehiza barrutietan:

  • Ehiza aprobetxamenduaren titularrak legez eratutako tokiko ehiztari elkarteak izatea, kalteak eragin dituen espeziearen ehiza aprobetxamendua zuzenean esleitua dutenak.
  • Ehiza aprobetxamenduaren titularrak toki entitateak izatea, kalteak eragin dituen espeziearen ehiza aprobetxamendua zuzenean kudeatzen dutenak.

-Ehiza barruti pribatuetan, ehiza aprobetxamendua tokiko ehiztari elkarteak berak egiten badu, onuraduna tokiko ehiztari elkartea izanen da.

2.2. Betiere, eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

2.2.1. Ehiza barrutiak ehiza antolatzeko plana onetsia izatea, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legearekin bat.

2.2.2. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak funtzionamendu zuzenaren froga aurkeztea, ehiza arloan (Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea) eta basa fauna eta haren habitatak babestearen gainean (Basa Fauna eta Haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legea) indarra duten arauei jarraikiz.

2.2.3. Zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

2.2.4. Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea.

2.2.5. Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 10eko 0191/2009 Ebazpenak ukitutako ehiza barrutiek kalteei aurrea hartzeko programa bat, ehiza aprobetxamenduko titularrak sinatua, aurkeztu beharko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, 2010eko ekainaren 30a baino lehen. Ebazpen haren bidez, baimena eman zen zenbait barrutitan 2010ean untxi populazioa kontrolatzeko, nekazaritzan izandako kalteak direla medio.

Aurrea hartzeko programa horretan adierazten denez, hilero aurkeztuko dira, abuztutik otsailera, Ehiza eta Arrantza Atalean, populazioaren eta harrapakinen bilakaera begiratzeko programaren emaitzak.

Kalteei aurrea hartzeko programak ehiza aprobetxamenduaren titularrarren jarduketa konpromisoa eskatzen du. Programa aplikatzearen ondorioz, ehiza barrutiko untxi populazioa kontrolatzea lortu beharko da eta, horrekin batera, kalteak nabarmen gutxitzea.

Horregatik, ehiza aprobetxamenduaren titularrak ez badu lehen aipatu dokumentazioa 2010eko azaroaren 12a baino lehen aurkeztu, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntza ekonomikoa ukatuko du.

2.2.6. Halaber, aurreko puntuan aipatu ebazpenak ukitutako barrutiek, diru-laguntzen deialdian parte hartu ahal izateko, ehizazaina izan beharko dute. Ehizazainak ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 8.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Dekretu horren bidez, Nafarroako Ehizari eta Arrantzari buruzko abenduaren 22ko 17/2005 Foru Legea garatu eta betearazteko Erregelamendua onetsi zen.

Ehizazainaren kontratazioa frogatzen duen kontratua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztu beharko da 2010eko uztailaren 15a baino lehen.

Hirugarrena.-Baztertzekoak.

3.1. Foru agindu honi dagokionez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak zenbait kasu diru-laguntzetatik kanpo utziko ditu:

3.1.1. 2009ko urriaren 1a eta 2010eko irailaren 30a artean ehiza espezieek ehiza barrutian egindako kalte guztiak 600 eurora iristen ez badira.

3.1.2. Ukitutako nekazaritzako lurzatiek baldintza hauek betetzen ez badituzte:

Laborantza lanak bere garaian egin behar dira, eta ohiko teknikak erabiliz. Era berean, laborantzako lehengaiak, hala nola, haziak, ongarri herbizidak eta gai fitosanitarioak egokiak izanen dira eta beharrezkoak, laborea normal gara dadin. Kaltetutako lurzatiek ez dute belar gaiztorik edukiko. Halakorik bada, ez dira kalteak baloratuko. Peritoak eskatzen dionean, ehiza aprobetxamenduaren titularrak fakturak eta dokumentuak aurkeztu beharko ditu, ukitutako jabeak kaltetutako laborean egin dituen laborantza lanak eta aplikatutako produktuak justifikatzeko. Lehengaiak eta kaltetutako laborean egin ez diren lanak deskontatu eginen dira, kaltea baloratzean.

3.1.3. Jarraian adierazten diren labore mota iraunkorretan edo balio ekonomiko handikoetan, kalteak jasateko arriskua duten eskualdeetan daudenak, babes sistema hauek ez badaude:

-Hazitarako patata laboreak eta ezarri berri diren belarsoroak hesi elektrikoarekin babestuko dira.

-Uztarik ezin bilduz isolatuta gelditzen diren arto landak hesi elektrikoarekin babestu beharko dira.

-Untxi edo erbien kalteak jasateko arriskua duten eskualdeetan, mahatsondo, olibondo, zainzuri, almendrondo eta gainerako fruta arbolen sail berrietan eta zuhaizti berrietan landareak nahitaez babestu beharrak dira, hodiekin, sareekin edo hesi elektrikoarekin.

-Mahatsondo, olibondo, almendrondo eta gainerako fruta arbola helduen sailak sare edo hesi elektriko batekin babestuko dira, kaltea eragiteko aukera handia izaten hasten bada betiere.

-Brokoli, azalore eta bestelako barazkiak landatzen diren alorretan, untxien kontrako aurreneurri eraginkorrak hartuko dira.

-Arroz alorretan, ahateak uxatzeko kanoiak erabiliko dira, ahate gehiegi izanez gero.

Ehiza aprobetxamenduaren titularrek, ukitutako jabeekin batera, babes sistema horiek jarriko dituzte, kalteen arriskua saihesteko.

Nolanahi ere, jartzen den babes motak eta horren garaierak, bai eta mantentze lanek ere, egokiak beharko dute izan, babes lana bete dezaten, ehiza espezieek egin ditzaketen kalteen aurrean.

3.1.4. Kalteak zereal, proteginoso, oleaginoso eta lekadunen alorretan edo belarsoroetan izan badira, horietako bakoitza 5,5 erregutik beheitikoa izanik.

3.1.5. Zereal, proteginoso, oleaginoso eta lekadunen alorretan, gainazal kaltetuak lurzati osoarekin alderatuta gutxieneko portzentaje hauek gainditzen ez baditu:

Lurzatiaren azalera

Kalteen gutxienekoa %-tan

22 erregu baino gutxiago

%10

22,1etik 40 erregura bitarte

%6,5

40,1etik 60 erregura bitarte

%5

60,1etik 100 erregura bitarte

%4

100 erregu baino gehiago

%3,5

3.1.6. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak peritu tasatzaileari eskatzen badio gutxieneko portzentajetik beheitiko eremu ukitua duen alor batera joan dadila, bisitak kobratuko zaizkio, azken diru-laguntzatik deskontatuz, honelaxe:

Lurzatiaren azalera

Kalteen gutxienekoa %-tan

Tarifaren zenbatekoa

5,5 erregu baino gutxiago

%10

36 euro

5,6tik 11 erregura bitarte

%10

48 euro

11,1etik 22 erregura bitarte

%10

60 euro

22,1etik 40 erregura bitarte

%6,5

72 euro

40,1etik 60 erregura bitarte

%5

90 euro

60,1etik 100 erregura bitarte

%4

150 euro

100 erregu baino gehiago

%3,5

180 euro

3.1.7. Kaltetuaren edo hirugarren baten utzikeriari edo borondateari egozten ahal zaizkion kalteak izan badira. Utzikeria izan dela ulertuko da baldin eta kalteak eragiten dituzten animaliak ugaltzeko eta bertan gelditzeko laguntzen ahal duten lanak egiten badira, hala nola barrutirako hartutako aurreneurriak egokiro mantentzen ez badira.

3.1.8. Ustiategi industrialetan edo era artifizialean zein basa ez den era batean hazitako ehiza espezieek egindakoak.

3.1.9. Basa faunako zenbait espezie izurri deklaratu eta haiek harrapatu eta hiltzeko neurriak arautzeko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako maiatzaren 5eko 198/2008 Foru Aginduaren bidez izurri izendatu diren espezieek sortutako kalteak.

3.2. Barruti baten barrenean dauden lurren jaberen batek bere lurrak barrutitik bereizi nahi eta barrutian sartzen ez baditu, erantzukizuna ez da ehiza aprobetxamenduko titularrarena izanen eta, beraz, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ez du diru-laguntzarik emanen.

Laugarrena.-Epea, kalteak egiaztatzeko modua eta balorazioak.

4.1. Ehiza aprobetxamenduaren titularrek kalteak erreklamatzeko orriak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko erregistroan aurkeztu beharko dituzte. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitako tokietan aurkezten ahal dira.

Hauexek izanen dira horiek aurkezteko epeak:

Untxiek neguko zerealak kaltetu dituztela erreklamatzeko orriak, 2010eko apirilaren 15a arte.

Untxiek mahasti eta fruta arboletan kalteak eragin dituztela erreklamatzeko orriak, 2010eko ekainaren 10a arte, urteko tasazioetarako.

Erreklamazio orriak epe horiek amaitu ondoren aurkezten badira, peritu tasatzaile taldeak ez du tasaziorik eginen, eta ez da diru-laguntza eskubiderik izanen.

Bestelako laboreak kaltetzearen ondoriozko edo beste espezie batzuk eragindako kalteen ondoriozko laguntza eskaerak aurkezteko epea 2010eko irailaren 30ean amaituko da. Data horren ondotik aurkezten diren eskaerak hurrengo urteko deialdian sartuko dira, halakorik bada.

Peritu-tasatzaileei deitu aurretik, ehiza aprobetxamenduaren titularrak kaltea baieztatu beharko du, eta ikusi gutxieneko azalera gainditzen duela diru-laguntza eskuratu ahal izateko. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak peritu tasatzaileari eskatzen badio gutxieneko portzentajetik beheitiko eremu ukitua duen alor batera joan dadila edo kalterik ez bada, bisitak kobratuko zaizkio, azken diru-laguntzatik deskontatuz.

4.2. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak, tasazioaren aurretik, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

-Diru-laguntza eskatzeko orria, eranskinean ageri denaren araberakoa.

-Ehiztarien Elkarteari zuzendutako erreklamazio orria, gehitzen den ereduaren araberakoa, eskatzen diren datu guztiak adierazita.

-Mahastiak badira, jatorrizko deituran inskribatutako mahastien zerrendaren kopia ekarri beharko da.

-Ukitutako eskualdearen katastro zedularen kopia, eta, mahasti edo fruta arbolen kasuan, kaltetutako kopurua.

-Dirua transferentzia bidez jasotzeko eskabidea, behar den bezala betea, eta ehiza aprobetxamendurako eskubidearen titularraren IFZren kopia. Baldintza hori nahitaez bete beharko dute dokumentazioa aldatu duten barrutiek, edo 2009an halako laguntzarik jaso ez dutenek.

NPBko deklarazioa egin ondotik, horren kopia emanen zaio peritu tasatzaileari.

4.3. Peritu tasatzaileek beharrezkotzat jotzen dutenean bakarrik, ehiza aprobetxamenduaren titularrak eta kaltetuak lurzatiraino lagunduko diote peritu tasatzaileari, kaltea erakusteko. Gainerako kasuetan, peritu tasatzaileari ehiza aprobetxamenduaren titularrak baizik ez dio lagunduko, laguntzaren eskatzaile gisa.

Landa tasazioak egin ondotik, kaltetutako gainazalaren zenbatespenaren kopia emanen dio ehiza aprobetxamenduko titularrari peritu tasatzaileak, nekazari kaltetuek horren berri izan dezaten.

Ekoizpenak eta prezioak jakin eta gero, perituak kalteen balorazioa igorriko du Ehiza eta Arrantza Atalera. Balorazioa barrutira bidaliko da, erantzuleak kalteak ordain ditzan, eta dagokion laguntza jaso.

Bosgarrena.-Laguntzen zenbatekoa.

5.1. Ehiza barrutian izandako kalte tasatu guztien arabera kalkulatuko dira ehiza aprobetxamenduko titularrentzako diru-laguntzen zenbatekoak:

Tasaturiko kalteak

Tasaturiko kalteen %

18.000 eurotik beheiti

%50

18.001 eurotik 24.000ra bitarte

%45

24.001 eurotik 30.000ra bitarte

%40

30.001 eurotik 35.000ra bitarte

%35

35.001 eurotik gora

%30

5.2. Nolanahi ere, ehiza aprobetxamenduko titularrei diru-laguntzak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta kreditua aurrekontuetan, eskaeren ebazpen administratiboa emateko unean. Aurkeztu eta diru-laguntzak izateko eskubidea duten eskaera guztiei erantzuteko adina krediturik ez badago aurrekontuetan, kalteei aplika dakieken portzentajea modu proportzionalean jaitsi eginen da 5.1 puntuan ezarritako tarte guztietan.

5.3. Prezioa eta produkzioa.

5.3.1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak kontratatutako peritu tasatzaileak tasatzen duen kaltearen zenbatekoa finkatzeko erabiliko duen araudia, nekazaritzako produktuen preziorako, honako hau izanen da:

-Nekazaritzako produktuen prezioa, Agrosegurosek finkatua, edo zerealen likidazio prezioa, kooperatibek urtero, uztailean, abuztuan eta irailean egiten dutena.

-Mahatsaren kasuan, kalteak sortu diren herrietako upategiek ordaindutako prezioa.

-Landareen kasuan -zainzuriak, mahastiak, olibondoak, bestelako fruta-arbolak eta oihan espezieak-, merkatuko prezioa erabakitzeko Nafarroako merkatuan diharduten enpresen fakturetakoak erabiliko dira.

5.3.2. Produkzio datuak biltzeko, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren "Boletín de Coyuntura Agraria" delakoan nekazaritzako eskualdeen arabera argitaratzen direnak hartuko dira kontuan. Mahatsaren kasuan, "Nafarroa" eta "Errioxa" jatorrizko deiturentzat ezarritakoak jasoko dira. Alternatiba gisa, produktu guztietarako, kaltetuak lortutako uztaren zuzeneko zenbatespenaren batez besteko ekoizpena hartuko da kontuan. Horretarako, ekoizpen horren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Seigarrena.-Organo eskudunak.

6.1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, bidezkoa denean, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dio laguntza ekonomikoa ehiza aprobetxamenduko titularrari, deialdiaren oinarrien arabera betiere. Diru-laguntzak emateko ebazpenean kaltetu bakoitzari egindako kalteen tasazioen zenbatekoa agerraraziko da, bai eta kalteen zenbateko osoa eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzaren zenbatekoa ere.

Prozedura ebazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izanen da, irailaren 30etik aurrera. Epe horretan ebazpen espresik eman ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.

6.2. Aurkeztutako eskaeraren berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

6.3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak onuradunen eta emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web gunean.

Zazpigarrena.-Ordainketa.

7.1. Laguntza emateko ebazpena jaso ondoren, onuradunek kaltetuei kalteak ordaindu beharko dizkiete tasazioaren zenbateko osoarekin (kaltearen %100). Ehiza aprobetxamenduko titularrak, tasatutako kalteen %100 ordaindu duela frogatu beharko du, banku transferentzien egiaztagiriak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erregistroan aurkeztuz, ezertan galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa. Egiaztagiriak 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Agiriak posta bulego batean aurkezten badira, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (Posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

7.2. Ehiza aprobetxamenduko titularrak, kaltetuei egindako ordainketak justifikatu ondoren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ehiza aprobetxamenduko titularrari diru-laguntza ordainduko dio, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

Zortzigarrena.-Onuradunaren betebeharrak.

8.1. Noiznahi Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari datu eta jarduerak egiaztatzen uztea.

8.2. Espedientea aurrera eramatean edukiaren edo gastuaren aldaketaren bat dakarren edozein gorabeheraren berri ematea, gertatzen den unean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari. Aldaketa horrek ez dio Foru Komunitateko Administrazioari inolako konpromisorik ekarriko, bere gain espresuki hartzen ez badu.

8.3. Ehiza aprobetxamenduaren titularrak peritu tasatzaileari eskatzen badio ehizaldi berean alorrera behin baino gehiagotan joan dadila, bigarren bisitan eta hurrengoetan 150 euroko tarifa kobratuko zaio eskatzaileari, azken diru-laguntzatik kenduta.

8.4. Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren laguntzarekin egiten ari dela.

8.5. Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

8.6. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste diru-laguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo emaileari.

8.7. Kalte-ordain bat eman beharko die nekazariei, kalteen tasazioaren %100 eginen duena, eta agirien bidez, hau da, bankuko transferentzien agirien bidez, egiaztatuko du tasatutako kalteen %100 ordaindu duela.

Bederatzigarrena.-Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak jarduera berbererako beste laguntza batzuekin.

Hamargarrena.-Laguntza ekonomikoen kontrola.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, Ehiza eta Arrantza Atalaren eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren bitartez, ardura hartuko du diru-laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak bete daitezen eta aurreikusitako inbertsioak behar bezala egin daitezen. Horretarako, ikuskapen eta egiaztapenak egiten ahal ditu eta onuradunei eskatzen ahalko dizkie jarduerari buruz beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta agiriak, baita haiek bertara ager daitezela ere.

Hamaikagarrena.-Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, diru-laguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzultzeen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

I. ERANSKINA

2010ean ehiza espezieek nekazaritzan eragindako
kalteengatiko diru-laguntzaren eskabidea

Izena: ............................ (herriko ehiztarien elkarteburua, alkatea edo toki entitateko buruak), NAN: ...................................................... helbidea: .................................kalea, zk.: .............., solairua: ................., herria: ......................., telefonoa: ...................., ..................................... jaun/andrea ordezkatuz, IFZ: ............................, NA-......................... ehiza aprobetxamenduaren titularra,

ADIERAZTEN DUT:

2010. urtean ehizarako basa faunak nekazaritzan eragindako kalteei aurre egiteko Nafarroako ehiza barrutietako ehiza aprobetxamenduen titularrei diru-laguntzak emateko deialdiari dagokionez, zeina otsailaren 25eko 89/2010 Foru Aginduaren bidez onetsi baitzen, deialdi horren oinarriak osorik onartzen ditudala, eta uste dudala eskatzen diren beharkizunak betetzen ditudala. Hori dela eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren diru-laguntza eskatzen dut.

Era berean, hauxe aitortzen dut:

-Jarduera bererako ez naizela beste diru-laguntzarik jasotzen ari.

-Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan onuradun izateko adierazita dauden debekuetako bat ere ez dudala.

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari baimena ematen diodala Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Gizarte Segurantzan dauden datuak ikusteko, horrela egiazta dezan, diru-laguntzak ematen dituen ebazpenaren proposamena egiten den unean, zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak ditudala.

.................................. (e)n, 2010eko .........................aren ...... (e)an

(Eskatzailearen, ehizarako eskubidedunaren, sinadura)

II. ERANSKINA

Ehiztarien Elkarteari kalteak erreklamatzea

Izena: ............................ Tel. ....................... NA-...................... barrutiko burua den aldetik, erreklamazio hau jaso du: ...........................................

Izena:............................................, IFZ: ........................ Helbidea: ........................ Herria: ................................... Tel.: ..................................

(Arrazoia) ............................... sortutako kalteak dituela, finka hauetan:

Jabetza

Errentan

Herrilurra

Poligonoa

Lurzatia

Lehorreko lurra edo ureztalurra

Lur mota

Espezie erruduna

Azalera, guztira

Ukitutako azalera, nekazariaren arabera

Peritazioa

(Kaltea duten erreguak)

Bete zutabe guztiak.

Ukitutako lurzati bakoitzaren planoa gehitu, eta eremu kaltetua adierazi.

.............(e)n, ........(e)ko ..........aren ..........(e)an.

Kaltetua Burua

Iragarkiaren kodea: F1004365