39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 15ean hartua, "El Cerro de Valpertunan etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko jarduketa eta Los Pinos sektorean etxebizitzak egiteko jarduketa" Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hasten duena. AR-1 Cerro Valpertuna izeneko konpentsazio batzordeak sustatu du El Cerro sektoreko antolamenduari eta urbanizazio faseei buruz, besteak beste.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako Erabakiaren bidez, Fontellasko "El Cerro de Valpertunan etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko jarduketa eta Los Pinos sektorean etxebizitzak egiteko jarduketa" udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zen. Jarduketa horiek Fontellasko Udalak, Tenis Club Cerro Fontellas elkarteak eta Construcciones Monrepos, S.A.k sustatzen dituzte (2007ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 8koa).

Gero, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren urriaren 31ko 375/2007 Ebazpenaren bidez, aipatu UPSko araudia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea erabaki zen. (2007ko 153. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 10ekoa), eta orduan hasi zen lurraldearen antolamenduko tresna horren determinazioen indar betearazlea.

Gaur egungo UPSko determinazioak bi lurralde eremu desberdinetan gauzatzen dira, bakoitza lurzoru urbanizagarriko sektore batean, banaketa eremu bati loturik.

-El Cerro sektorea: 730 etxebizitza (620 libreak eta 110 prezio tasatukoak) eta 18 zuloko golf zelaia.

-Los Pinos sektorea: 427 etxebizitza (babes ofizialeko 300 etxebizitza eta 127 prezio tasatukoak).

Lurzoru urbanizagarriko azken sektore horri dagokionez, Fontellasko Udalak, 2009ko abuztuaren 17an egindako osoko bilkura berezian, behin betiko onestea erabaki zuen Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 2. eremuko (Los Pinos) plan partziala (2009ko 110. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 7koa).

II.-Proposamenaren xedea eta justifikazioa.

UPSko El Cerro sektoreko antolamenduan aldaketa txiki bat egitea eta sektore horretako urbanizazio faseak handitzea dira espediente honen xede nagusia.

Bizitegien hasierako ereduak inguruneko ezaugarrietara moldatzea bilatzen du antolamenduaren aldaketak, batez ere egoera ekonomikoak sortutako eredu berrietara. Bestetik Espainiako golf federazioarekin egindako akordioen ondorioa da, hotel bat izan nahi baitu golf zelaian.

Zehazki, "jabekidetasun" tipologiako bizitegietarako lurzatien azalera librea (eraikiezina) handitzen da, baita hotel baterako ekipamendu pribatuarena ere, kirol sistema orokor pribatuaren kaltetan (golf zelaia).

Bestalde, aldatu egiten da sektoreko urbanizazio etapen plana; izan ere, fase batean egin beharrean bitan eginen da, proposamenaren dokumentuaren arabera, bizitegiko beharrei egokitutako neurria bezala. Lehen fasean ipar-ekialdea eta sektoreko eremu osoko (761.890 m²) %60 inguru (golf zelaiko 1. zulotik 9.era, 446 etxebizitza -hiru tipologietako etxebitzak barne, eta horien artean prezio tasatuko 110 etxebizitzak-) eta ekipamendu pribatuko lurzati guztiak sartuko lirateke. Tramitean den dokumentuaren arabera, lehen faseko obrak -4 urtean egitekoak omen- bi urteko epean hasiko dira, urbanizazio proiektua onetsi ondotik; aldiz, bigarren fasea, iraupen berekoa, 10 urteko epean hasiko da.

III.-Kontuan hartu beharrekoak.

Dokumentu bat aurkeztu da, 3. kapituluan (Hirigintzako araubidea) AR-1 edo El Cerro sektoreko egungo hirigintzako araubidea agertzen duena aldaketaren batekin. Aldaketa horiek, besteak beste, etxebizitzen banaketan dute eragina (bloke tipologiako 2 etxebizitza jabekidetasun tipologiakoak bihurtu dira), doikuntzak egiten dituzte eraikigarritasunean (etxebizitzen batez besteko azalera eta ekipamenduko lurzati pribatuen eraikigarritasuna gutxitu dira), eta zerbait handitu da irabazi asmoko aprobetxamendua.

Aldaketa horiek guztiak, oro har, garrantzirik gabeak dira eta ez dute, inola ere, funtsezko aldaketarik eragiten eremuko egiturazko hirigintza antolamenduan; gainera, ez dute eraginik LAHFLren 53. artikuluko determinazioak betetzeko orduan, ekipamenduetako estandarrei buruzko determinazioetan, alegia. Dena dela, LAHFLren (ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legea, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzekoa) 53. artikulu berriki aldatuan oinarrituta, bidezko da sektoreko guztirako eraikigarritasunaren %7tik beherako eraikigarritasuna ematea udalez gaindiko ekipamenduko lur erreserbari. Orobat, aparkalekuen erreserba araututakotik oso hurbil dagoenez eta aparkatzeko tokiak bide publikoetan ezarritakoak handituz antolatu direnez, bidezkotzat jotzen da justifikatzea aparkalekuen arrapaletako sarbideen edo zabor edukiontzien edo autobus geralekuen kokalekuak ez duela erreserba hori gutxituko.

Kirol sistema orokor pribaturako (golf zelaia) dokumentu berriak langileen etxebizitza eraikitzeko aukera gehitzen du. Hori dela eta, neurri gabeko interpretazioak saihestarren, irizpide bat hartzea komeni da etxebizitzen kopurua langileei ostatu emateko dauden beharren arabera mugatzeko. Orobat, komenigarria da arauan argitzea zenbateraino diren berdinak "bizitegiko erabilera komunitarioa" eta D4.1 eta D4.2 lurzatietako "erabilera bateragarria", "integratu edo ez" edo "hotelekin edo beste erabilera bateragarriekin". Alde horretatik eta modu orokorrean, arauak definizio bat eman beharko luke bertan zehaztutako erabilera guztientzat, "bizitegi komunitarioa", "bateragarria", "xehakatua" edo "baimendua" izan.

Proposamenak, gutxieneko lurzati eraikigarria murrizteko planteatzeaz gain, bide publikora ematen duen lurzatiaren gutxieneko luzera (gaur egun 12 m-koa) eta lurzatiko eraikinaren gehieneko okupazioa kendu gogo ditu. Ez dago justifikatuta; izan ere, gutxieneko lurzati eraikigarriari dagozkion luzera eta okupazioko parametroak proposatu behar lirateke.

Bestetik, "blokeko etxebizitza kolektiboen" tipologian zilegi dira atikoak laugarren solairutik gora, solairu berritzat edo azalera eraikigarritzat jo gabe. Proposamen hori ez da onargarritzat jotzen eta, gainera, eragina du sektoreko hirigintzaren aprobetxamenduan.

Halaber, espedienteak "3.13 Kontserbazio entitatea, jabeen elkartea eta segurtasun pribatua" izeneko atala eransten du; horren arabera, sektoreak itxitura bat du bere inguruan eta bada kontrol bat urbanizaziora sartzeko. LAHFLren aipatu 53. artikuluak honela dio: "Ekipamendu publikoetako sare hau osatzen duten lurrek jabari eta erabilera publikokoak izan beharko dute; alabaina, zenbait formula itunduko dira partikularrekin haien mantentze eta kontserbazio lanetarako". Ekipamendu horien erabilerari dagokionez, ez dago mugatuko duen formularik; hortaz, ezin da haiek ixteko planteatu, ekipamendu pribatuetakoak izan ezik, hala nola golf zelaia.

Bestetik, sektorearen urbanizazioaren bigarren fasean N-232 errepidearen gaineko oinezkoen pasabidea sartzea proposatzen da. Proposamen honi buruz, uste da pasabidea lehen fasean egin beharko litzatekeela, hau da etxebizitzen %60 inguru egiten direnean.

Gainera, testua ulergarriagoa izan dadin eta dokumentua aiseago aplikatzearren, informazioko testuak edo proposamena justifikatzen dutenak "araudia" eta "hirigintzako araubidea" ataletatik bereiztea iradokitzen da, haien tokia memoria baita edo beste edozein dokumentu deskriptibo. Helburu beragatik komeni da urbanizazio faseei buruzko artikulu guztiak (3.4.2. Tipologiak, 1. faseko aparkalekuak, 3.10.2. Fasekako aprobetxamenduak,...) taula bihurtzea, eta bertan fase bakoitzeko jarduketak aipatzea.

Azkenik, aldaketa honetako proposamenak gorabehera, esan behar da Nafarroako Gobernuak 2007ko apirilaren 16an hartutako Erabakian, UPSa onetsi zuen hartan, ezarri ziren determinazio guztiak beteko direla.

IV.-Ohar osagarria.

Proposamen honekin batean, 2009ko azaroaren 3an, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Alorreko zuzendariaren idazki bat sartu zen Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, "La Serna-Magallón 2 eta 3" izeneko zirkuitu bikoitzeko 400 kV-eko linea elektrikoaren aurreproiektua eta Ingurumenaren eraginaren azterlana erantsita zituela, aipatu Industria eta Energia Alorrera "behar diren baldintzak, instalazio elektrikoarekiko adostasuna edo eragozpenak jasotzen dituztenak" igortzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, besteak beste, ohar hau egin zaio:

-V-15 eta V-16 erpinen arteko trazadurak 18 zuloko golf zelaia zeharkatzen du, Cerro de Valpertunan egin gogo den bizitegiaren ondoan, Fontellasko udal mugapean. Bada, lineak golf zelai horretan ahalik eta ukipen gutxien izan ditzan, linearen trazadura aldatzea azter liteke ondoko eskeman adierazi den moduan.

Ohar hori osatzearren, komenigarria litzateke linea gehiago urruntzea sektoreko hegoaldean kokatutako familia bakarreko etxebizitzetatik (urbanizazioaren 2. fasean egin gogo dira), antolamenduaren muga (biribilgunea) 60 bat metro atzera eramanda. Atzera eramate horrek familia bakarreko 6 etxebizitza kentzea ekarriko luke, baina sektoreko beste toki batean jartzen ahal lirateke.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "El Cerro de Valpertunan etxebizitzak eta 18 zuloko golf zelaia egiteko jarduketa eta Los Pinos sektorean etxebizitzak egiteko jarduketa" Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea. AR-1 Cerro Valpertuna izeneko konpentsazio batzordeak sustatu du El Cerro sektoreko antolamenduari eta urbanizazio faseei buruz, besteak beste.

2. Sustatzaileak erabaki honen azalpen zatiaren III. eta IV. atalei buruz kontuan hartu beharrekoak sartu, aldatu edo justifikatu beharko ditu planean, zehaztasun maila egokiarekin.

3. Espedientea hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta proiektuaren eraginpeko lurren jabe den udalari entzunaldia ematea. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiari, Red Eléctrica de España, S.A.ri, NILSAri, Tuterako Udalaren Ur Batzordeari, Tenis Club Cerro Fontellas elkarteari, Construcciones Monrepos, S.A.ri, Fontellasko eta Tuterako udalei eta AR-1 Cerro Valpertuna konpentsazio batzordeari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1004872