39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1080/2010 EBAZPENA, martxoaren 11koa, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emana, maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia onesten duena.

Otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatutako irakasleen kidegoetan sartu, bertara igo eta espezialitate berriak lortzeko Erregelamendua onetsi zen, eta lege horren 17. xedapen iragankorrean sarrerarako aipatzen den araubide iragankorra arautu zen. 276/2007 Errege Dekretuaren 52. artikuluan xedatzen denez, hezkuntza administrazioek beharrezkoak diren deialdien bidez zehaztuko dituzte erregelamenduaren V. tituluan ezarritako prozeduren bidez lor daitezkeen espezialitateak. Deialdi horietan deialdia egin duen hezkuntza administrazioaren mende dauden karrerako funtzionarioek soilik hartu ahalko dute parte.

Horrenbestez, Giza Baliabideen Zerbitzuak, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak irailaren 19ko 155/2007 Ebazpenaren bidez emandako eskudantziak erabiliz, erabaki du:

1. Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia onestea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen hau igortzea Idazkaritza Tekniko Nagusira, Giza Baliabideen Zerbitzuko Langileriaren Kudeaketarako Atalera eta Araubide Administratiboaren Ataleko Argibide eta Agiri Bulegora.

MAISU-MAISTREN KIDEGOKO KARRERAKO FUNTZIONARIOEK KIDEGO HORRETAN ESPEZIALITATE BERRIAK ESKURATZEKO PROZEDURAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.-Arau orokorrak.

Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioek kidego horretan espezialitate berriak eskuratzeko prozeduraren deialdia egiten da.

Deialdiko espezialitateak hauek dira:

-Haur Hezkuntza.

-Lehen Hezkuntza.

Bigarrena.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Espezialitate berriak eskuratzeko prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Maisu-maistren kidegoko karrerako funtzionarioa izatea.

B) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren kudeaketa esparruan izatea behin-behineko edo behin betiko destinoa.

Eszedentzian dauden funtzionarioen kasuan eta, orobat, kanpoko lanpostuei atxikita edo antzeko egoeraren batean daudenen kasuan, baldintza hau destinoko azkeneko ikastetxean betetzea eskatuko da.

Hirugarrena.-Eskabideak eta eskubideen ordainketa.

1. Hautapen prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide baten bidez eskatu beharko dute; eskabidearen eredua interesdunen eskura izanen da Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan. Halaber, parte hartzeko eskabidea eta ordainketa-gutuna Hezkuntza Departamentuaren web orrian (www.educacion.navarra.es) eta Nafarroako Gobernuarenean (www.navarra.es) egonen dira.

Izangaiek zein espezialitate eskuratu nahi duten adieraziko dute eskabidean, deialdiaren lehenbiziko oinarrian ezarritakoarekin bat.

%33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidean adierazi beharko dute zenbateko desgaitasuna duten eta hori frogatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, denborari eta baliabideei dagokienez probak egiteko behar diren egokitzapenak eskatu ahal izateko.

Proba egiteko denbora eta baliabideetan behar dituzten egokitzapenei dagokienez, izangaiek aparteko orri batean adierazi beharko dute zein egokitzapen eskatzen duten.

%33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangai horiek Nafarroako Mendekotasun Agentziara eramanen dira, proba egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Deialdi honetako proba euskaraz egin nahi duten izangaiek halaxe adieraziko dute parte hartzeko eskabidean. Halakorik adierazi ezean, ulertuko da proba gaztelaniaz eginen dutela.

2. Izangaiek parte hartzeko eskabide bakarra aurkeztuko dute, eta horri ordainketa-gutun bat erantsiko diote parte hartuko duten espezialitate bakoitzeko, oinarri honen 5. atalean xedatuari jarraikiz.

3. Espezialitate batean izena eman eta onartzeak ez dio izangaiari bermatuko eskatu duen beste espezialitate batera aurkeztu ahal izatea, horretarako ezartzen den hautapen prozesuaren antolaketak ondorio hori baldin badakar.

4. Parte hartzeko eskabidea zein organori zuzendu behar zaion eta aurkezteko tokia.

Eskabideak Giza Baliabideen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio eta ondoko toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira: Hezkuntza Departamentuko Erregistroan (Santo Domingo, zk.g., Iruña), Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetan (zerrenda 2010eko 25. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 24an), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako bideren bat erabiliz.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Atzerrian sinatutako eskabideak kasuan kasuko espainiar ordezkaritza diplomatiko eta kontsularren bidez tramitatzen ahalko dira, deialdi honen laugarren oinarrian ezarritako epean. Interesdunak azterketa eskubideak ordaindu izanaren banketxeko frogagiria atxikiko dio eskabideari.

5. Azterketa eskubideak.

Eskabidearekin batera, azterketa eskubideengatik, aukeratu nahi den espezialitate bakoitzeko 40 euro ordaindu izanaren ordainagiria aurkeztu beharko da. Ordainagiria aurkeztu ezean izangaia baztertuta geldituko da.

Azterketa eskubideen ordainketa Nafarroako Foru Komunitatean eginez gero, ordainketa-gutunaren bidez eginen da, edozein banketxetan. Ordainketa-gutunaren eredua Hezkuntza Departamentuaren web orrian egonen da: www.educacion.navarra.es. Izangaiek Interneteko web orri horretan sartu eta ordainketa-gutuna bete beharko dute beren datuekin, eta "kontzeptu" gisa parte hartu nahi duten espezialitatea jarriko dute. Gero, ordainketa-gutuna inprimatu eta ordainketa eginen dute edozein banketxetan. Ordainketa telematika bidez ere egin daiteke, ordainagiria inprimatuz. Bi kasuetan, hautapen prozeduran onartua izan ahal izateko, izangaiak azterketa eskubideen ordainagiria(k) erantsi beharko di(zki)o eskabideari, ordainagiri bat espezialitate bakoitzeko.

Ordainketa beste autonomia erkidego batean egiten bada, banketxeko transferentziaren bidez soilik egiten ahalko da, dirua kontu honetan sartuta: BBVAko (Banco Bilbao Vizcaya Argentaria) 01825000 82 0711500306 zenbakia. Izangaia hautapen prozeduran onartua izan dadin, transferentzien ordainagiria(k) erantsi beharko di(zki)o eskabideari. Ordainagiri(et)an ondoko datu hauek agertuko dira:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-Ordainketa zein kontu zenbakitan egin behar den.

-Kontzeptua: Maisu-maistren kidegoko espezialitate berriak eskuratzea. 2010. urtea.

-Espezialitatea:

Izangaia eta espezialitatea identifikatzeko daturen bat ez jartzeak izangaia baztertzea ekarriko du.

Ez dira onartuko Interneten bidez egindako transferentziak, Hezkuntza Departamentuaren web-gunean (www.educacion.navarra.es) telematika bidez egindakoak izan ezik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 31. artikuluaren arabera, %33ko edo goragoko desgaitasuna duten pertsonek ez dituzte tasak ordaindu beharko. Tasen ordainketatik salbuetsi ahal izateko, beharrezkoa izanen da minusbaliotasun gradua frogatzeko organo eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztea.

Laugarrena.-Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarrena.-Izangaiak onartzea.

1. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Giza Baliabideen Zerbitzuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak onesten dituen ebazpena jendaurrean paratuko du Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web orrian: www.pnte.cfnavarra.es. Zerrenda horietan izangaien izen-abizenak agertuko dira, eta baztertutako izangairik balego, horretarako arrazoia.

Behin-behineko zerrenda horiek onesteko ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Izangai bazterturik ez balego, zuzenean onetsiko litzateke behin betiko zerrenda, Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g, Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web-gunean (www.educacion.navarra.es) argitaratuz.

2. Izangaiek hamar egun naturaleko epea izanen dute, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, kasua bada, baztertua izateko akatsa zuzentzeko. Era berean, beren datu pertsonalak ezartzean akatsak izan direla ohartu diren izangaiek epe horretan jakitera emanen dituzte. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuari bidaliko zaizkio eta hirugarren oinarriko 4. atalean aipatzen diren tokietako edozeinetan aurkeztuko dira.

3. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak.

Aurreko atalean aipatutako erreklamazioak ebatzi ondoren, onartu eta baztertu diren izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen da.

Ebazpen hori jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, zk.g, Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web-gunean: www.pnte.cfnavarra.es.

Behin betiko zerrenda horiek onesten dituen ebazpena argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Seigarrena.-Hautapen organoak.

1. Izangaien hautapena epaimahaiek eta, kasua bada, horretarako izendatutako hautapen batzordeek eginen dute.

Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez, epaimahai bat izendatuko da espezialitate bakoitzerako. Haien osaera jendaurrean jarriko da Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo kalea, z.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuaren web-gunean (www.educacion.navarra.es).

Espezialitate berera aurkeztutako izangai kopurua dela eta, Giza Baliabideen Zerbitzuak hala irizten badio, epaimahai bat baino gehiago izendatzen ahalko da. Horrelakoetan, hautapen batzorde bat eratuko da.

2. Epaimahaiko kideak karrerako funtzionarioak izanen dira, jardunean edo zerbitzu berezietan daudenak, bai irakasleen kidegokoak, bai hezkuntza administrazioaren zerbitzuko ikuskatzaileen iraungi beharreko kidegokoak. Mahai bakoitzean bost kide izanen dira.

Epaimahaiak hautatzerakoan, kontuan hartu beharko da espezialitatearen printzipioa, zeinaren arabera mahaikide gehienek hautapen prozesuaren xedeko espezialitateko titular izan beharko duten, eta maisu-maistren arteko berdintasunera joko da, arrazoi oinarritu eta objektiboek eragozten ez badute behintzat.

Epaimahaiak honela osatuko dira:

-Mahaiburua, Hezkuntza Departamentuak zuzenean izendatua.

-Lau mahaikide, jardunean edo zerbitzu berezietan ari diren maisu-maistren kidegoko funtzionarioen arteko zozketa bidez aukeratuak. Mahaikide horiek kasuan kasuko espezialitateko lanpostu batean izan beharko dute behin-behineko edo behin betiko destinoa.

Zozketaren prozedura honelakoa izanen da:

Abezedariotik bi letra aterako dira ausaz eta horiek izanen dira espezialitate bakoitzeko irakasle funtzionarioaren lehen deituraren hasierako letrak. Lehenengo deitura hasierako bi letra horiekin duen inor ez badago, ordena alfabetikoan hurrengo tokian dagoen deitura hartuko da, "ZZ" letren ondotik "AA" letrak datozela ulertuko delarik, eta "CH" eta "LL" letrak, berriz, "C" eta "L" letren hurrenkeran, hurrenez hurren, egonen dira integratuta.

Mahaikideen kasuan, baten batek Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 2ko 1/2009 Ebazpenaren bidez onetsitako maisu-maistren kidegoan sartzeko deialdian epaimahai gisa parte hartu baldin bazuen, oraingoan parte hartzetik salbuesteko arrazoitzat onar daiteke. Era berean, ikastetxeko zuzendari gisa edo Hezkuntza Departamentuko erantzukizuneko lanpostuetan aritzea salbuesteko arrazoitzat har daiteke. Horrelakoetan, haien gaineko zuzendari nagusiaren txostena aurkeztu beharko dute, hautapen prozesuak irauten duen denboran lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzerik ez duela izanen frogatzeko.

Epaimahaiko idazkari lana kidegoan antzinatasunik txikiena duenak eginen du, epaimahaiak bestelakorik erabakitzen ez badu behintzat.

3. Epaimahai bakoitzeko ordezko kideak izendatuko dira, prozedura berari jarraikiz.

4. Hautapen batzordeen osaera. Izangai kopurua dela-eta, espezialitateren baterako epaimahai bat baino gehiago izendatu beharra gertatzen bada, espezialitate bakoitzerako hautapen batzordeak eratuko dira. Batzorde horiek mahaiburuek osatuko dituzte, eta ez dira bost baino gutxiago izanen; mahaiburuak bost baino gutxiago izanez gero, idazkariek osatuko dute kopuru hori, epaimahaiak izendatzeko ordenari jarraikiz, eta hala ere ezin bada, mahaikideek. Batzorde horretako burua eta idazkaria 1. epaimahaiko burua eta idazkaria izanen dira, batzordeak berak kontrakoa erabakitzen ez badu behintzat.

5. Maiatzaren 16ko 202/1991 Foru Dekretuaren 1. artikuluak eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 8. artikuluko 3. puntuak diotenaren arabera, hautapen organoetan parte hartzea nahitaezkoa da eta, horrelakoetan, aipatu foru dekretuan zehazten diren ordainak dagozkie epaimahaietako kideei.

6. Hautapen organoetako kideek ezin izanen dute bertan parte hartu baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 28. artikuluan jasotako egoeretako batean badaude, edo deialdia argitaratu aurreko bost urteetan kidego eta espezialitate bereko hautapen probetarako izangaiak prestatzen modu sistematikoan aritu izan badira. Horrelakorik gertatuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuari jakinarazi beharko diote. Halako egoeraren bat izanez gero, izendapenaren ebazpena jakinarazi eta bost egun balioduneko epean eman beharko da horren berri.

Halaber, izangaiek mahaikideak errefusatzen ahalko dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat izaten denean.

7. Deialdi honi dagokion proba hasi aurretik, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak, beharrezkoa bada, aurreko atalean aurreikusitako arrazoiren batengatik edo ezinbesteko arrazoi batengatik mahaikide izateari utzi diotenen ordez arituko diren kide berriak izendatzeko ebazpena emanen du.

8. Mahaiburuek dei egin ondoren, epaimahaiak eta, horrelakorik badago, hautapen batzordeak eratuko dira, mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan direla.

9. Behin hautapen organoak eratu ondoren, beren jarduketek balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da mahaiburua eta idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez, bertan egotea.

10. Hautapen organoen eginkizunak.

Hautapen organoak autonomia funtzional osoz arituko dira, prozeduraren objektibotasunaren arduradunak izanen dira eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko dute.

Era berean, epaimahaiek antolaketako neurri egokiak hartu ahalko dituzte haurdun dauden emakumeek, epaimahaiaren aurrean aurkezteko egunean edo proba egiteko egunean erditzen denean, parte hartzeko modua izan dezaten.

10.1. Epaimahaien eginkizunak.

Epaimahaiei eginkizun hauek dagozkie:

-Deialdi honek xedatzen duenari jarraikiz, hautapen prozesua behar bezala burutzen dela begiratzea.

-Proba kalifikatzea.

-Espezialitate bakoitzerako epaimahai bakarra izendatzen bada, proba gainditu duten izangaien zerrenda egin eta argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

10.2. Hautapen batzordeen eginkizunak: Hautapen batzordeei eginkizun hauek dagozkie:

-Epaimahaiak koordinatzea.

-Epaimahaien jardueretarako irizpideak finkatu eta homogeneizatzea.

-Proba gainditu duten izangaien zerrenda egin eta argitaratzea eta organo dei-egileari igortzea.

Hautapen batzordeek deialdiaren oinarriak aplikatzearen ondorioz sortutako zalantza guztiak ebatziko dituzte.

10.3. Hautapen organoen jarduketa Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak xedatutakoari lotuko zaio beti.

11. Epaimahaiek edo, halakoak daudenean, hautapen batzordeek, beren lanetarako aholkulari espezialistak eta laguntzaileak eskatzen ahalko dituzte. Horiek Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu. Lehenbizikoen eginbeharra izanen da hautapen organoko kideei aholku ematea espezialitate bakoitzeko ezagupenen ebaluazioari buruz. Laguntzaileen eginbeharra izanen da hautapen organoei laguntza ematea, horiek adierazten dizkieten zeregin teknikoak eginez. Jarduera bakoitzean batzuk eta besteak beren eskumenetara mugatuko dira.

12. Hautapen organoek behar diren kasuetan neurriak hartuko dituzte, minusbaliotasunak dituzten izangaiek ere gainerako parte-hartzaileek bezalatsuko aukerak izan ditzaten proba egiterakoan. Ildo horretatik, deialdi honen hirugarren oinarriaren 1. atalean aurreikusitako eran, hala eskatzen duten minusbaliatuentzat denbora eta baliabide egokitzapenak bideratuko dira, betiere irakaskuntzaren eginkizunekin bateragarriak baldin badira.

13. Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, hautapen organoek Hezkuntza Departamentuan izanen dute egoitza (Santo Domingo kalea, zk.g., Iruña), eta bertan aurkeztu beharko dira hautapen prozeduraren gainean sortzen diren afera guztiak.

Zazpigarrena.-Hautapen sistema.

1. Proban aukeratu den espezialitateko gai bat azaldu beharko da eta horren gainean eztabaidatu, ahoz betiere. Izangaiak aukeratuko du gaia, aurretik epaimahaiak zozketa bidez espezialitatearen gai-zerrendatik aterako dituen hiru gaietatik bat hautatuz. Gaiaren azalpenaren osagarri, gaiaren planteamendu didaktikoa egin beharko da, izangaiak aukeratuko duen ikasmailakoa, baina gutxienez ondoko hauek adierazi beharko ditu: helburuak, oinarrizko gaitasunak garatzeko norberaren ekarpena, edukiak, ikaskuntza-irakaskuntza jarduerak eta ebaluaziokoak, baita horiek garatzeko behar diren baliabideak ere.

Izangaiak bi ordu izanen ditu prestatzeko, eta egokia iruditzen zaion material osagarria erabiltzen ahalko du, berak ekarrita.

Atal honetako lehenengo paragrafoan adierazitako azalpenak eta eztabaidak, hurrenez hurren, ordubete eta hamabost minutu iraunen dute gehienez.

Hona aplikatuko diren gaiak:

-Haur Hezkuntza: 1993ko irailaren 9ko Aginduaren I. eranskina (irailaren 21eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

-Lehen Hezkuntza: martxoaren 12ko ECI/592/2007 Agindua (2007ko martxoaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Zortzigarrena.-Probaren hasiera eta garapena.

1. Hautapen prozesua epaimahaiaren aurrean eginen den aurkezpen ekitaldi baten bidez hasiko da, 2010eko ekainaren 15etik aurrera.

Aurkezpen ekitaldira agertzen ez diren izangaiak hautaprobetatik baztertuko dira. Ez du balioko beste inoren bidezko ordezkaritzak.

Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegoan (Santo Domingo k, zk.g., Iruña) eta Hezkuntza Departamentuko web-gunean (www.educacion.navarra.es) jendaurrean jarriko den Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpenaren bidez, izangaiei deituko zaie aurkezpen ekitaldira bertaratzeko, zazpi egun natural aurrerago, gutxienez. Bertan epaimahaien aurreko jarduera noiz, zein ordutan eta non hasiko den adieraziko da.

Aurkezpen ekitaldia eginda, epaimahaiak izangai guztien deiak argitaratuko ditu aurkezpen ekitaldia egin den lekuan, proba egiteko non, noiz eta zer ordutan aurkeztu beharko duten adieraziz.

Izangaiei dei bakarra eginen zaie epaimahaien aurreko jarduketak egiteko, eta baztertu eginen dira agertzen ez direnak. Ondorio horietarako, egun bererako deitutakoek deietan ezarritako orduan eta lekuan agertu beharko dute epaimahaiaren aurrean.

2. Izangaiek parte hartzeko ordena alfabetikoki zehaztuko da; horretarako, Giza Baliabideen Zerbitzuak zozketaz bi letra aterako ditu eta lehenengo abizenaren hasierako letra horiekin duen izangaia hasiko da, deialdi honen seigarren oinarriko 2. atalean adierazitako moduan.

3. Epaimahaiak edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei beren nortasuna froga dezatela.

Bederatzigarrena.-Kalifikazioa.

Epaimahaiek "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen dute aurreko oinarrietan azaldutako proban. Espezialitate berria eskuratuko dute, bakar-bakarrik, "gai" kalifikazioa lortzen dutenek.

Hautapen batzordeek, epaimahaiengandik "gai" kalifikazioa lortu duten izangaien zerrendak jaso ondoren, probak egin diren lokaleko iragarki oholean jarriko dituzte, bai eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholean eta haren web orrian ere (www.educación.navarra.es), eta organo dei-egileari igorriko dizkiote argitara ditzan.

%33ko edo goragoko desgaitasuna duten izangaiak Nafarroako Mendekotasun Agentziara bideratuko dira, hark baloratu dezan daukaten desgaitasuna bateragarria ote den aukeratu duten espezialitateko lan eta eginkizunekin.

Organo dei-egileak egiaztatu ondoren "gai" kalifikazioa lortu duten izangaiek deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela, Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du izangai horiek "gai" direla adierazteko ebazpena, lortu duten espezialitate berria aipatuz. Eskatutako betebeharren bat betetzen ez duten izangaiek deialdi honetan parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte.

Espezialitate berria prozedura honen bidez lortzen duten izangaiek ez dute praktikaldirik eginen.

Espezialitate berria eskuratzeak ez dakar aurretik eskuratutakoa(k) galtzea.

Espezialitate bat baino gehiago eskuratu dutenek haietako edozeini dagozkion lanpostuak aukeratzen ahalko dituzte irakasle funtzionarioen lanpostuak betetzeko ezarrita dauden baliabideen bitartez, eta kidegoan benetan sartu ziren eguna dela-eta dagozkien eskubide guztiak mantenduko zaizkie.

Hamargarrena.-Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariari zuzenduta, errekurtsoaren xedeko egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen eta aplikazio egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2010eko martxoaren 11n.-Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendaria, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F1004624