39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 15ean hartua, Baztango Udalak sustatutako "Elizondoko plaza urbanizatzea Jaime Urrutia karrikaren eta Santiago karrikaren artean" izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adierazten duena, nahitaez desjabetzeko.

Baztango Udalak 2009ko urriaren 5eko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

Jendaurrean egoteko epea bukatuta eta aurkeztutako alegazioak ebatzita, Baztango Udalak 2009ko abenduaren 30eko osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen aipatutako proiektua, hau da, "Elizondoko plaza urbanizatzea Jaime Urrutia karrikaren eta Santiago karrikaren artean".

Baztango Udalak desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzeko eskatu du, eta, alegatu, Elizondoko Santiago elizaren (Santiago karrika) eta Arizkunenea jauregiaren (Jaime Urrutia karrika) arteko eremua urbanizatzeko obrak laster egitea beharrezkoa dela oztopo arkitektonikorik gabeko sarbidea sortzeko Baztango arte ondarearen adierazgarri diren bi eraikin horien artean, adineko oinezkoek gaur egun izaten dituzten istripuak saihestuko baitira horrela. Halaber, urbanizazioa egitean eremu hori behar bezala argiztatuko da, eta, hala, gauez izaten diren eta Elizondoko bizilagunen artean kezka handi samarra sortu duten istilu erdi-delituzkoak galaraziko dira.

Nafarroako Gobernuak, Baztango Udalak eman dituen arrazoiak ikusita, bidezkotzat jo du desjabetze horrek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela adieraztea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik eta balio justua ordaintzeko Baztango Udalak behar den kreditua atxiki duela egiaztaturik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez emandako eskumenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraituz, adierazten da presakoa dela Baztango Udalak sustatu duen "Elizondoko plaza urbanizatzea Jaime Urrutia karrikaren eta Santiago karrikaren artean" izeneko proiektuko lanek ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik ondorioak izateko, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan inpugnatzen ahal dela, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aldez aurretik errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Baztango Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1004874