39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 15ean hartua, Nafarroako Gobernuak 2010eko otsailaren 8an hartutako Erabakia ezeztatzen duena, egindako akatsak zuzentzeko. Horrekin batera, Etxalarko usategiak interes kulturaleko ondasun deklaratzen dira berriz ere, kultur paisaiaren kategorian. Ondasuna Etxalarren dago (Nafarroa).

Kulturako zuzendari nagusiak urriaren 31n emandako 805/2008 Ebazpenaren bidez, Etxalarko usategiak interes kulturaleko ondasun deklaratzeko espedientea ireki zen, kultur paisaiaren kategorian.

Ebazpen horren bidez, jendaurrean egoteko epe bat ireki zen, 30 egunekoa. Epe horretan 4 alegazio aurkeztu ziren. Horietako batzuk Kulturako zuzendari nagusiak maiatzaren 28ko 363/2009 Ebazpenaren bidez baietsi zituen.

2009ko urtarrilaren 8an, Miguel María Irigoyen Sanzberro jaunak, Usoa ehiztari elkartea ordezkatuz, gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen Kulturako zuzendari nagusiaren maiatzaren 28ko 363/2009 Ebazpenaren aurka. Errekurtsoa Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismoko kontseilariaren urriaren 7ko 90/2009 Foru Aginduaren bidez ezetsi zen.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko otsailaren 8an hartutako Erabakiaren bidez, Etxalarko usategiak interes kulturaleko ondasun deklaratu ziren, kultur paisaiaren kategorian. Erabaki horren 2. puntuan mugapenaren ondorioz ukitutako lurzatiak finkatu ziren, Kulturako zuzendari nagusiak maiatzaren 28an emandako 363/2009 Ebazpenari egindako alegazio batzuk baietsi zirela kontuan hartu gabe.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 6ko 30/1992 Legearen 105.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, administrazio publikoek noiznahi ezezta ditzakete kargak ezartzen dituzten egintzak eta bere kontrako egintzak, betiere ezeztapen horrek ez badakar legeak baimentzen ez duen salbuespen edo dispentsarik, edo ez bada berdintasun printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren kontrakoa. Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 55.1 artikuluak adierazten du kargak ezartzen dituzten egintzak edo kontrako egintzak ezeztatzea eta administrazio egintzetan eta xedapenetan egiten diren akats material, aritmetiko edo egitatezkoak zuzentzea kasuan kasuko egintza edo xedapena eman duen organoari dagokiola.

Interes Kulturaleko Ondasunen Deklarazioa arautzen duen urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan (abenduaren 30eko 572/1991 Foru Dekretuak aldatua) eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen esparruan interes kulturaleko ondasunen deklarazioak Nafarroako Gobernuaren erabakien bidez eginen dira.

Horrenbestez, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoa betez, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Gobernuak Etxalarko usategiak interes kulturaleko ondasun (kultur paisaiaren kategorian) deklaratzeko 2010eko otsailaren 8an hartutako Erabakia ezeztatzea.

2. Etxalarko usategiak interes kulturaleko ondasun deklaratzea, kultur paisaiaren kategorian. Ondasun hori Etxalarren dago (Nafarroa).

3. Mugaketak ukituriko lurzatiak honako hauek dira:

10. poligonoa. 25., 26. eta 27. lurzatiak, eta 24., 32. eta 58. lurzatietatik puska bana.

Deklarazioari buruzko espedienteko planoan eta gainerako dokumentazioan ageri dira foru dekretuan aipatzen den ondasunaren azalpen osagarria eta deklarazioak ukitzen duen eremua.

4. Erabaki honen berri ematea Etxalarko Udalari, Miguel María Irigoyen Sanzberro jaunari, Etxalarko Usoa Ehiztarien Elkartearen ordezkari gisa, Mikel Lecuona Araneta eta José María Maia Ariztegi jaunei, Iharmendin dauden 1. eta 2. ehiztari etxolen ordezkari gisa, José Rafael Yanci Elizondo jaunari, María Esther Berrueta Yanci andreari eta gainerako interesdunei.

5. Erabaki honek onesten denetik aurrera izanen ditu ondorio administratiboak.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Erabaki honen aurka, Etxalarko Udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, udalak egintzaren berri duenetik edo horren berri jakiteko moduan dagoenetik bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 97.2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

8. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren kontra gainerako interesdunek errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dute, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1004873