39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 15ean hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, "Neo-Sky 2002, S.A.k" aurkeztua, jendaurrean jartzeko eta, aldi berean, ukitutako udalari entzunaldia emateko tramiteei hasiera ematen diena.

I.-Aurrekariak.

Azken urteotan telekomunikazioen merkatuan geroz eta liberazio handiagoa izan denez, asko handitu eta ugaritu dira konpainia operatzaileek zerbitzuak kalitatez emateko beharrezkoak diren elementu eta azpiegiturak. Foru Komunitate osoan zabaldu dira eta zabaltzen ari dira azpiegitura horiek, bai hiri inguruetan bai landa eremuetan, eta gure inguruneari lotuta ikusten ditugu.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatu eta planifikatzearren, herritarren osasunerako prebentzio eta babes neurriak hartzearren, azpiegitura horien ingurumen, begi eta hirigintza inpaktua gutxitzearren, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea onetsi zen (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa).

Foru lege horrek halako estazioen instalazio eta funtzionamendurako baldintza eta muga batzuk ezartzen ditu, eta instalazioen kontrola eta aldizkako ikuskapena aurreikusten du. Esposizioko gehieneko mailak finkatzen ditu, Zientzia eta Teknología Ministerioak onetsitako araudian ezarritakoak baino zorrotzagoak, eta dituen helburuetako bat da instalazioak partekatzeko beharra, azpiegitura horien eragina arintzeko.

Horrez gainera, xedatzen du operatzaileek Azpiegituren Lurralde Plan bat aurkeztu behar dutela -hemendik aurrera ALP-, non adieraziko baitira dauden estazio finkoak eta sare horren barrenean ezarri eta garatu nahi direnak. 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera, Azpiegitura Planean informazio hau jaso beharko da, laburtuta, grafikoetan eta euskarri informatikoetan:

-Agiri orokorrak: sarea garatzeko titulu gaitasun-emailea, instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, enpresa garapenaren nahiz lehiatzeko gaitasunaren gaineko eragina, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde nahiz gizarte kohesioaren hobekuntzaren gainekoa ere, erantzukizun zibileko asegurua, emandako zerbitzuei eta erabilitako teknologiei buruzko azalpena, eta informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

-Kokapen bakoitzari buruzko fitxa bat eginen da, informazio hau jasoko duena: lekuaren kokapena, sarbideak eta hornidurak, zoruaren hirigintza kalifikazioa, ingurumen ukipenak eta ondare historiko-artistikoak izanen dituen ukipenak, batera erabiltzeko aukera, azpiegiturarako proposaturiko konponbide teknikoaren justifikazioa eta zehaztasunak, kokalekuari buruzko azalpena, kota altimetrikoa, estaldura eremuak, frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia, instalazioaren emisio elektromagnetiko handiena, bai iristeko moduko lekuan, bai eta arretazko erabilerako leku hurbilenetan ere.

-Kokalekuei buruzko informazio grafikoa, UTM koordenatuak erabiliz eta kartografiaren bitartez.

II.-Ezartzeko plan teknikoa.

2009ko abenduaren 11n, "Neo-Sky 2002, S.A." enpresak, banda zabaleko telekomunikazioetako operadore gisa, ezartzeko eta garatzeko plan teknikoa aurkeztu du, ALP gisa tramitatu dadin, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

ALP horrek kokaleku bakarra du, Basoko dorreko teilatu lauan, hain zuzen (Antso Azkarra etorbidea, 71, Iruña). Helburua da inguru horretan irrati bidezko Internet zerbitzuari estaldura ematea, Radiosite delakoa instalatuz, telekomunikazioetako irratiko sarbide-sarerako, 3,5 GHz-ko bandan. Planaren arabera, erabiliko den irrati-unitateak transmisore bat eta onda milimetrikoen jasogailu bat izanen ditu, azken hori teknologia berri-berrikoa. Horren ondorioz, jasotzearen atalasa oso baxua izanen da, eta horri esker teknologia bereko emisore batekin lan egiten ahalko da, oso transmisio potentzia baxua erabiliz, 0,2 watt-etik behera.

Aurkeztutako planak 10/2002 Foru Legeearen 10. artikuluan eskatutako informazio guztia jasotzen du.

III.-Emandako txostenak.

Hona hemen Nafarroako Gobernuko zenbait departamentuk plan honen gainean emandako txostenen laburpena.

III.1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua.

2010eko urtarrilaren 25ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, proposatutako kokalekuari buruz, adierazi du hiri-lurzoruan dagoenez, ez dela bidezkoa espedientea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan tramitatzea.

III.2. Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentua.

2010eko otsailaren 15ean, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuko zuzendariak, telekomunikazioen arloari dagokionez, aldeko txostena eman dio "Neo-Sky 2000, S.A." operadoreak aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari, Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean bildutako eskakizunak betetzen dituelako. Planean sartutako telekomunikazioko oinarrizko estazioek, gainera, eremu elektromagnetikoen eraginpean egoteko lege hartan finkatutako mugak ere betetzen dituzte.

III.3. Osasun Departamentua.

Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasun Publikoaren Institutuak 2010eko urtarrilaren 27an egindako txostenean zera adierazi du:

"Esposizio-mailak Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean ezarritakoak baino baxuagoak dira.

Horren ondorioz, eta maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean xedatutakoaren ondorioetarako, aldeko txostena eman zaio Neo-Sky 2000, S.A. enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren lehenengo Lurralde Planari, betiere, Lurralde Planean agertzen den oinarrizko estazioaren berariazko baimenari buruzko prozesuan justifikatzen bada 10/2002 Foru Legearen I. eta II. eranskinetan ezarritakoa eta sentikortzat jotako gune edo lekuetarako ezarritako berariazko xedapenak betetzen direla."

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. "Neo-Sky 2002, S.A." enpresak aurkeztutako Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana eta erabaki honen III. atalean aipatzen diren departamentuen txostenak jendaurrean jartzea eta instalazio horiek ukituko dituzten eremuetako udalari entzunaldia ematea. Bi tramite horiek batera eginen dira eta hilabete iraungo dute.

Hartarako, espedientea interesdunen eskura egonen da Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Iruñeko Udalari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Enpresa Zuzendaritza Nagusiko Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuari, Osasun Publikoaren Institutuari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko martxoaren 15ean.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1004871