39. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

117/2010 FORU AGINDUA, martxoaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kalitate bereiziaren ikurra duten nekazaritzako elikagai babestuak sustatzeko elkarteak eta kontseilu arauemaileak sortu, indartu eta garatzeko laguntzak emateko 2010eko ekitaldirako deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 21ean emandako 167/2008 Foru Aginduaren bidez kalitate bereiziaren ikurra duten nekazaritzako elikagai babestuak sustatzeko elkarteak eta kontseilu arauemaileak sortu, indartu eta garatzeko laguntzak emateko arauak ezarri ziren eta 2008ko deialdia onetsi zen.

Lehenago, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta goian aipatutako arau proiektua erregistratu zuen, XA 107/2008 laguntza gisa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urtarrilaren 23an emandako 28/2009 Foru Aginduaren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren apirilaren 21eko 167/2008 Foru Agindu hori aldatu zen eta 2009. urterako deialdia onetsi.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezartzean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Hori horrela, foru agindu honen bidez kalitate bereiziaren ikurra duten nekazaritzako elikagai babestuak sustatzeko elkarteak eta kontseilu arauemaileak sustatu, sortu eta garatzeko laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten da. Deialdian Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 21ean emandako 167/2008 Foru Aginduko arauak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urtarrilaren 23an emandako 28/2009 Foru Aginduaren bidez onetsitako aldaketak aplikatuko dira.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko otsailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez, Landa Garapeneko zuzendari nagusiari baimena eman dio 2010eko eta 2011ko ekitaldietan laguntza hauek finantzatzeko gastu konpromisoa hartzeko.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Kalitate bereiziaren ikurra duten nekazaritzako elikagai babestuak sustatzeko elkarteak eta kontseilu arauemaileak sortu, indartu eta garatzeko 2010. urterako laguntzen deialdia onestea.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. Deialdiari Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak apirilaren 21ean emandako 167/2008 Foru Aginduan jasotako arauak aplikatuko zaizkio. Foru agindu horren bidez, kalitate bereiziaren ikurra duten nekazaritzako elikagai babestuak sustatzeko elkarteak eta kontseilu arauemaileak indartu, sortu eta garatzeko laguntzak emateko arauak onetsi ziren.

4. Foru agindu hau aplikatzeak sortzen dituen gastuetarako, 130.000 euroko gastua baimentzen da 2010eko ekitaldirako eta 467.000 eurokoa 2011korako. Gastua 2010eko aurrekontu orokorretako "Kontseilu arauemaileentzako transferentziak" izeneko 721001-72220-4459-413103 kontu-sailaren kargura eginen da eta, orobat, 2011ko ekitaldian haren baliokide gisa gaitzen den kontu-sailaren kargura, eta betiere behar adinako kreditu egokia baldin badago.

5. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko martxoaren 12an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F1004933