36. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 8an emandako 40/2010 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko mantentze-lanetako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 8an emandako 40/2010 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko mantentze-lanetako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zen.

Hautapen prozesua honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, aipatutako estatutua garatu eta gauzatzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honen.

oinarriak

1.-Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko mantentze-lanetako laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea. Lanpostua funtzionarioen araubidekoa da eta D mailakoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikita dago eta destinoa Iruñean du.

1.2. Lanpostuaren ordainsariak hauek izanen dira: uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan D mailarentzat oro har ezarritakoak eta aplikatu beharreko gainerako xedapenetan kasu bakoitzerako ezartzen direnak.

1.3. Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangai zerrendak osatu nahi dira:

-Probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

-Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko.

Izangaien zerrenda horiek deialdi honen 9. oinarrian xedatutakoaren arabera onetsi eta kudeatuko dira.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eraikuntza eta Obra Zibilak, Elektrizitatea eta Elektronika, Energia eta Ura, Instalazioa eta Mantentze-lanak edo Zurgintza eta Altzarigintza izeneko lanbide arloetako batean erdi mailako teknikari titulua edo horren baliokidea izatea, edo deialdian parte hartzeko eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute ez dutela diziplina zehapenik edo zigor penalik beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dienik.

2.2. Betebehar horiek izendatua izateko proposatzen den izangaiak frogatu beharko ditu, deialdiaren 7.2 oinarrian ezarritako epean eta moduan.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

Eskabideak deialdi honen eranskineko ereduari lotu behar zaizkio eta, horietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Internet bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta bai aipu honetatik abiatuta: "Zerbitzuak", "Enplegu publikoa".

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

A) Izangai guztiek aurkeztu beharreko agiriak:

Bat.-Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nortasuna frogatzen duen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 15 euro ordaindu izanaren jatorrizko ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, baztertu eginen da izangaia.

Sistema hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar den bezala betetako ordainketa gutunaren bidez (Nafarroako Foru Komunitateko banku entitateetan ordaintzeko). Interneten, deialdiaren iragarkian, agertzen da ordainketa gutunaren eredua, arestian aipatutako helbidean.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 0030 8124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NAN/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonak, hala onartu bazaie.

b) Deialdia argitaratu aurretik hilabetez edo luzaroago lan eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

Interesdunaren aitorpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Aitorpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

B) Desgaitasuna duten izangaiak:

3.2 oinarriaren A) atalean (tasak ordaindu beharrik ez izatea) xedatutakoari dagokionez, eta denborak eta baliabideak egokitzea eskatzeko, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek hori frogatu beharko dute, jatorrizko agiri hauetako baten bidez edo kopia konpultsatuaren bidez:

-IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak luzatutako ziurtagiria.

-Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, erabateko ezintasun iraunkorra edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna duten izangaiek ariketak egiteko denboren eta baliabideen egokitzapenak eskatzeko, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta aparteko orri batean azaldu beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zein egokitzapen eskatzen duten. Interesdunen eskura dago egokitzapenak eskatzeko eredu bat www.navarra.es web orrian, deialdiaren aipamenean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.4. Eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa), ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gaineko ebazpena eman ondoren, Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendariak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskuordetuta (103/2008 Ebazpena, ekainaren 26koa) ebazpena emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

4.4. Izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko, baldin eta beraiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen badira.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Joseba Asiain Albisu jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Ordezkoa: Félix Armendáriz Martínez jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ingurumenaren eta Uraren Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

-Mahaikidea: Martín Orradre Balisa jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Zerbitzu Orokorren Bulegoko burua.

Ordezkoa: Avelina Lizarraga Errea andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Administrazio Aferetarako Bulegoko burua.

-Mahaikidea: Marcos Garijo Urreaga jauna, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Mantentze-lanen Unitateko burua.

Ordezkoa: Luis Manuel Orus Marca jauna, Hezkuntza Departamentuko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-lanetarako Ataleko burua.

-Mahaikidea: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

Ordezkoa: langileen ordezkari bat, Administrazio Erroko Langileen Batzordeak proposatua.

-Mahaikide idazkaria: Camila Almendros Martín andrea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Kudeaketa eta Modernizazio Administratiboaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Francisco Javier Lizarbe Chocarro jauna, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Administrazio Publikoko teknikaria (arlo juridikoa).

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko eta, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretako batean badaude, eta organo dei egileari hala jakinaraziko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren gainean sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.-Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2010eko irailean hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean bertan finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Ondoren, epaimahaiak gainerako probak egiteko iragarkiak jakinaraziko ditu, arauz egin behar den moduan.

6.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehenbiziko ariketa: teorikoa izanen da, eta gai zerrendako gaiei buruzko 80-100 galderako sorta bat emanen da idatziz erantzuteko. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bakarra izanen da balioduna. Gai zerrendako bigarren zatiari dagozkion galderak ez dira guztirakoaren %20 baino gehiago izanen. Erantzun okerrak negatibo gisa puntuatuko dira, eta ez dira kontatuko erantzunik gabe uzten direnak.

Epaimahaiak adieraziko du, ariketa hasi baino lehen, zenbat denbora izanen duten izangaiek azterketa egiteko.

Bigarren ariketa: praktikoa izanen da, eta epaimahaiak gai zerrendako lehen zatiko gaien inguruan planteatzen dituen zenbait kasu idatziz ebatzi, erantzun edo garatu beharko dira.

Epaimahaiak adieraziko du, ariketa hasi baino lehen, zenbat denbora izanen duten izangaiek azterketa egiteko.

6.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehenbiziko ariketa: gehienez ere 40 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 60 puntu.

6.4. Ariketak baztergarriak izanen dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean kalifikaziorik onena lortzen duen izangaiaren puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez dutenak; betiere, kalifikaziorik onena ariketaren gehieneko puntuazioaren 1/3 edo handiagoa bada.

6.5. Bigarren ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

6.6. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaitutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, ariketa egin den lekuan eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, bakoitzaren kalifikazioekin. Horrez gainera, oposizioko hurrengo proba non, zein egunetan eta zer ordutan eginen den adierazten duen oharra argitaratuko du, gutxienez hura hasi baino 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.8. Hautaprobak egiteko, onartutako desgaitasunen bat dutenentzat beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak ezarriko dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

7.-Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Hautaprobak bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketak egiten diren tokian. Gero, zerrenda hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio, hautaprobak puntuazio altuenarekin gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

Berdinketarik izanez gero, bigarren ariketan puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuan:

7.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek:

a) Nortasun agiri nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

d) Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragozten dion eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

e) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

f) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

Deialdi hau egin ez duen Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoek edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoek, gainera, beste ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzeko, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboari eta abarri buruzko guztiak.

7.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiek:

a) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

Proposatutako izangaiak desgaitasuna alegatu badu, gainera, desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

7.3. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

7.4. Aurreko atalean ezarritakoa gertatuz gero, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

7.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke izangaiari, eta horrek deialdi honen 7.2 oinarrian ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

8.-Izendapena, lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, mantentze-lanetako laguntzaile lanetan aritzeko, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak direnek bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubideak babesturik, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Funtzionarioek bizilekua destinoko herrian ez izateak ez du alde batera uzten lantokira puntual iritsi beharra eta lanaldia eta lanpostuko eginkizunak zuzen bete beharra, eta, gainera, ez da inolako konpentsaziorik jasoko lantokirako joan-etorriengatik.

Behar bezala justifikatutako kasu batzuetan, administrazio publikoek zilegi izanen dute funtzionarioei destinoko herrian bizi daitezela eskatzea, lanpostuko eginkizunengatik eta eskatzen den dedikazioagatik bidezkoa denean.

8.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat.

8.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatutako epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaren jabe egiten ez bada, Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatzen bada, deialdiaren 7.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

8.6. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data horretan beste administrazio publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 7.4 atalak agintzen duen moduan beteko da.

Era berean, administrazio publiko berean beste lanpostu bat lortzen duten funtzionarioek, maila berean nahiz beste batean, bat aukeratu beharko dute eta bestean borondatezko eszedentzia eskatzen ahalko dute.

8.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, egoera horren ondoriozko lanpostua zuzenean esleituko zaio funtzionario berriari.

9.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Aginduan (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onesten dituena) eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin bat, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

b) Lehen ariketa gainditu dutenen zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko.

9.2. Probak gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditzen dutenen zerrenda.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak espedientea igorri ondoren, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez onetsiko dira probak gainditu arren lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda eta lehen ariketa gainditzen dutenena, une horretan indarra duten kudeaketa arauekin bat, eta jarriko dira Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña) eta www.navarra.es web orrian, deialdiak "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" atalean duen aiputik abiatuta.

Honako hau izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendetako hurrenkera: probak gainditu arren lanposturik lortzen ez dutenen kasuan, sarrerako hautapen prozesuan lortutako puntuaziorik handienaren arabera; eta gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik 2. oinarrian ezarritako betebeharrak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den bezala frogatu beharko dituzte.

Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, Administrazio Erroan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88.b) artikulua eta hurrengoak; lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ematen dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 2an); eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Deia egiterakoan, kontuan hartuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. atalean ezarritakoa.

Kontratatuak izateko deia jasotzen duten izangaiek baizik ez dituzte aurkeztu beharko deialdiko titulazioaren gaineko baldintzak betetzen dituztela eta B motako ibilgailuak gidatzeko baimena badutela frogatzeko agiriak, 2. oinarriarekin bat, kontratua formalizatzen denean, jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsatutako kopien bitartez.

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituzten izangaiek, aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Sarrera prozesuko eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira beharkizunak eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazioaldiak iraun bitartean.

10.-Errekurtsoak.

Epaimahaiaren egintzen eta ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen kontra, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2010eko martxoaren 8an.-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Gregorio Eguilaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Hautaprobetan onartua izateko eskabidea

Deialdiaren datuak:

Lanpostua:

Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizial honetan argitaratu zen: zenbakia ....................., eguna .................

Sartzeko txanda:

Txanda irekia ?

Igoera txanda* ?

Desgaitasunen bat dutenentzako erreserba txanda* ?

Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

NANa edo agiri baliokidea:

Jaioteguna:

Jaioterria: ( )

Nazionalitatea:

Helbidea:

Herria:

Probintzia:

Posta kodea:

Sakelako telefonoa:

2. telefonoa:

Posta elektronikoa:

Aurkeztutako agiriak:

Desgaitasunaren frogagiria ?

Denboren eta/edo baliabideen egokitzapenak eskatzen ditu, beste orri batean ?

Euskararen gaitasun agiria edo baliokidea*?

Ondoko hauen proba eskatzen du:

Euskara* ?

Ingelesa* ?

Frantsesa* ?

Sinatzaileak eskaera egiten du eskabide honetan adierazitako prozesuan onartua izan dadin eta adierazten du, erantzukizuna berea izanik, bertan agertzen diren datu guztiak egiazkoak direla, eta deialdiaren oinarrian eskatutako betebehar guztiak betetzen dituela, eta datu horiek guztiak agirien bidez frogatzeko konpromisoa hartzen duela.

(Sinadura)

...........................(e)n, ...................(e)ko ........................aren ...........(e)an

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA.

(*) Deialdiaren oinarrietan xedatutakoari jarraikiz.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

1. gaia.-Tresna arruntak: neurketako tresnak, trazadurako tresnak, itsasgarriak eta planoak.

2. gaia.-Igeltserotza. Eraikuntzako materialak eta igeltserotzako tresnak: erabilera eta mantentze-lanak. Igeltserotzako konponketa nagusiak.

3. gaia.-Iturgintza. Kontzeptu orokorrak, kontsumoko uraren instalazioak eraikinetan (ACS eta AFCH), saneamenduko sareak, matxurak eta oinarrizko konponketak iturgintzako instalazioetan: hodietako matxurak, hustubideetako matxurak, instalazioetako hotsak, instalazioen elementu berezietako matxurak. Gas instalazioen mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak).

4. gaia.-Berokuntzako instalazioak. Berokuntza sistema zentralizatuak: galdara gelako elementuak eta osagaien identifikazioa, berokuntzako oinarrizko zirkuituak, funtzionamenduaren oinarrizko ikuskatzeak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Berokuntza sistema autonomoak: berokuntzarako igorgailu elektrikoak.

5. gaia.-Airea girotzeko eta aireztatzeko instalazioak. Aire girotuaren ekipamenduak: motak, funtzionamenduaren oinarriak, mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak). Aireztatzeko instalazioak: motak eta mantentze-lanak (erabiltzailearen eragiketak).

6. gaia.-Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko mantentze-lanak. 865/2003 ED. Legionelosiari aurrea hartu eta kontrolatzeko irizpide higieniko-sanitarioak: uztailaren 31ko 54/2006 Foru Dekretua. Instalazioak mantentzeko oinarrizko irizpideak: prebentzio neurriak, mantentze-lanen programak eta eragiketen erregistroa. SCO/317/2003 Agindua eta 126/2009 Foru Agindua, legionellaren arriskua duten instalazioetako mantentze-lan higieniko-sanitarioak egiten dituzten langileentzako prestakuntza eta berrikuntza ikastaroak baimentzeko prozedura arautzen dutenak.

7. gaia.-Elektrizitatea: oinarrizko kontzeptuak. Glosarioa eta definizioak. Garraio elektrikoa: eroaleak, isolatzaileak eta kanalizazioak. Elektrizitateko mantentze-lanetarako tresnak eta lanabesak. Matxurak eta oinarrizko konponketak.

8. gaia.-Instalazio elektrikoak. Goi tentsiokoak: kontzeptua eta motak. Behe tentsiokoak: kontzeptua eta sailkapena. Lotura instalazioak eraikinetan: harguneak, babeseko kutxa orokorrak, elikatzeko linea orokorra, banakako deribazioak, kontagailuak eta aginte eta babeserako gailu orokorrak. Barreneko instalazioak: agindu orokorrak, instalazioko sistemak, hodi eta kanal babesleak, instalazioen babesa eta zuzeneko eta zeharkako ukipenen kontrako babesa.

9. gaia.-Argiztapena: lanparen ezaugarriak, lanparen osagaiak, lanpara motak, argien elementuak, barne eta kanpoko argien instalazioak eta argiztapenean energia aurreztea.

10. gaia.-Zurgintza. Kontzeptu orokorrak: hitzen glosarioa. Zurgintzako oinarrizko tresna eta lanabesak. Eskuzko tresnak. Tresna elektrikoak. Zurgintzako materialak: aglomeratuak eta zurak. Zurgintzako estaldurak. Motak, jartzea eta zaintzea. Ateak eta leihoak.

11. gaia.-Zurgintzako lana: zurgintzako oinarrizko teknikak. pintura eta zurgintzako akaberak. Ate, leiho eta pertsianetako lanak. Zurezko zoruak, ateak eta leihoak. Konponketa eta mantentze-lan ohikoenak. Altzariak zaindu eta kontserbatzea.

12. gaia.-Sarrailagintza eta metalgintza. Materialak eta burdineria: oragailu mekanikoak, bisagrak, sarrailak, gontzak, kisketak, morroiloak eta ateetarako beste burdineria batzuk. Sarrailagintzan erabilitako beste tresna eta lanabes batzuk. Oinarrizko lanak: lotura finkoak: soldadurak, errematxatuak, tolesketa eta kolatzea, lotura artikulatuak (abisagratzea), lotura desmuntagarriak, sarrailak jartzea eta burdineriarekin egindako beste lan batzuk. Konponketak eta mantentze-lanak: sarrailetan, elementu mekanikoetan, eta burdin hesietako piezak eta konponketa.

13. gaia.-Pintura. Dekorazioko pinturaren kontzeptu orokorrak: materialak, pinturak, bernizak, masillak, disolbatzaileak eta desugertzaileak. Pintura egokia hautatzea. Pinturako berariazko tresnak: eskuzko tresnak eta tresna mekanikoak. Pinturako tresnen eta lanabesen mantentze-lanak. Pintura lana: euskarria prestatzea, azalera desberdinetan pintatzeko metodoak. Pinturen kontserbazioa eta garbiketa. Pintura ematean egiten diren akatsak eta konponketa ohikoenak.

14. gaia.-Beiragintza. Beiragintzako tresnak. Beirak garbitzea. Beiragintzako materialak. Beiragintzako lanak: beira biltzea, beira moztu eta leuntzea eta beirak eta ispiluak jartzea. Beiren mantentze-lanak: tratamendu bereziekin, beiradun ateak eta sabai-leihoak eta argi-zuloak.

15. gaia.-Laneko arriskuei aurrea hartzea eta langileen eskubideak eta betebeharrak.

16. gaia.-Lanpostuko segurtasun neurriak: zamak erabiltzea, asto-aldamioak, eskailerak, segurtasuna eskuzko tresnak erabiltzean, segurtasuna makina-erreminta elektrikoak erabiltzean, norbera babesteko ekipamenduak (NBE), lehengai eta substantziak erabiltzea: produktu kimiko toxiko eta arriskutsuak, etiketak jartzea eta segurtasun fitxa eta segurtasuneko seinalizazioa.

17. gaia.-Larrialdiak. Suteak. Norberaren babeserako plana. Norberaren jokabidea sutea dagoenean eta eraikinetatik alde egin behar denean. Suaren elementuak. Su motak. Sua itzaltzeko baliabideak: itzalgailuak, BIEak, zutabe lehorra eta ur-hargunea. Suaren kontrako babesa: seinalizazioa, antzematea eta alarma. Instalazioen mantentze-lanak.

18. gaia.-Ikus-entzunezko teknologiako aparatuak. Irudi eta soinuko ekipoen oinarrizko erabilera eta funtzionamenduan jartzea: HI-FI ekipoak, proiekzio estatikoko ekipoak: gardenkien eta diapositiben proiektagailuak eta ikuskaldi elektronikoko ekipoak: bideoproiektagailuak eta TB ekipoak.

19. gaia.-Telekomunikazioak eta ekipo informatikoak: osagaien identifikazioa, lotura elektrikoa eta elkarrekiko lotura, kable-sare egituratua. Ahots eta datuen sarea. Telefonia. Zentral eta terminal telefonikoak. Konexioa eta abian jartzea.

20. gaia.-Segurtasuna eraikin publikoetan: segurtasun pribatua, segurtasun sistemak eta bidegabe sartzearen kontrako alarma eta sarreren kontrola.

Bigarren zatia.

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubide eta betebeharrak. Botere Judiziala. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa.

2. gaia.-Europar Batasuna. Parlamentua. Europako Kontseilua. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3. gaia.-Europar Batasuneko antolamendu juridikoaren iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

4. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua.

5. gaia.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak. Nafarroako Comptos Ganbera. Arartekoa.

6. gaia.-Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eratzea eta kargu-uztea. Eskumenak. Funtzionamendua. Nafarroako Gobernuko lehendakaria: eginkizunak.

7. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritako printzipio orokorrak. Herritarren eskubideak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko harremanetan.

8. gaia.-Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Egintza administratiboen betebeharrak. Egintzen eraginkortasuna. Deuseztasuna eta deusezgarritasuna.

9. gaia.-Prozedura administratiboen xedapen orokorrak: prozeduraren abiaraztea, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Bide administratiboko egintzen berrikuspena: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak.

10. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Administrazio egoerak. Funtzionarioen eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordainsariak.

Oharra: gai guztiak bat etorriko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarra duen legeriarekin.

Iragarkiaren kodea: F1004218