4. PROZEDURA JUDIZIALAK
IRUÑEKO LAN ARLOKO 1. EPAITEGIA
Jakinarazpen ediktua. 469/2009 demanda
Ionut Mizdranek, Abdelrrazzk Soldik eta Oleg Tincuk eskaturik, Montajes Tabiven S.L.ren, Eycons Obras y Proyectos S.L.ren, Soldatak Bermatzeko Funtsaren eta Miguel Gabilondo Lapeyraren aurka, diru kopuru bat dela-eta, lan arloko epaitegi honetan bideratzen ari den 469/2009 demanda-prozeduraren barnean, epaitzan hauxe dioen epaia eman da 2010eko urtarrilaren 19an:
Baiesten dut Ionut Mizdran jaunak, Abdelrrazzk Soldi jaunak eta Oleg Tincu jaunak, diru kopuru bat erreklamatzeko, Montajes Tabiven S.L.ren, Miguel Gabilondo Lapeyra administratzaile judizial jaunaren, Eycons Obras y Proyectos S.L. enpresaren eta Soldatak Bermatzeko Funtsaren aurka jarritako demanda eta, horrenbestez, Montajes Tabiven S.L. enpresa kondenatzen dut Ionut Mizdran jaunari 4.609,27 euro ordaintzera (diru horretatik 3.773,04 eurok %10eko berandutza-interesa sortuko dute), Abdelrrazzk Soldi jaunari 4.347,12 euro ordaintzera (diru horretatik 3.615,41 eurok %10eko berandutza-interesa sortuko dute) eta Oleg Tincu jaunari 7.127,80 euro ordaintzera (diru horretatik 5.391,88 eurok %10eko berandutza-interesa sortuko dute). Halaber, Eycons Obras Y Proyectos S.L. kondenatzen dut ondoko diru kopuruak ordaintzearen erantzule solidarioa izatera: 3.773,04 euro Ionut Mizdran jaunari, 3.615,41 euro Abdelrrazzk Soldi jaunari eta 5.391,88 euro Oleg Tincu jaunari; eta enpresaren konkurtsoko administratzaile Miguel Gabilondo Lapeyra jauna eta Soldatak Bermatzeko Funtsa kondenatzen ditut deklarazio horri men egitera.
Epai honen aurka bidezko da erregutze-errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Salari zuzendua, jakinarazpena egin eta ondoko bost egunean. Horretarako, aski izanen da jakinarazpena egiten denean alderdiak, haren abokatuak edo ordezkariak asmo horren berri ematea, baina zilegi da, orobat, adierazitako epean pertsona horiek agertzea edo idazkia aurkeztea.
Errekurtsoa iragartzearekin batera, epaitegi honek Baneston (Nafarroako Gorteak kalea, 5, Iruña) duen Gordailu eta Kontsignazioen Kontuan, hots, 0030 1846 42 0005001274 kontuan (3158 0000 65 0469 09 prozedura), 150,25 euro sartu izanaren gordekina aurkeztuko da, eta horrez gainera, aparteko eragiketa batean, baina banku eta kontu berean, kondenaren xede den dirua sartu izanarena (3158 0000 69 0469 09 zenbakia aipatuz).
Diru kopuru horren ordez banku-abala aurkez daiteke, abal-emailearen erantzukizun solidarioa jaso beharko duena.
Errekurtsoa aurkezteko asmoaren berri ematean, errekurtsoaz arduratuko den legelaria izendatuko da, dela idazki baten bidez, dela bertan agertuz, bestela ofizioz izendatuko baita, doako justizia izateko eskubidea duen langilea edo enpresaburua bada. Legelariak ordezkari lanak ere eginen ditu, non eta hark ez duen propio ordezkari bat izendatzen.
Beraz, epai honen bidez, behin betiko epaituz, hori aldarrikatu, agindu eta sinatzen dut.
Eta Montajes Tabiven S.L.ri legezko jakinarazpena egiteko balio izan dezan, non den jakiterik ez baitago, honako hau egiten dut Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Hartzaileari ohartarazten zaio ez dela beste jakinarazpenik eginen, autoenak, epaienak edo epatzeenak izan ezik.
Iruñean, 2010eko otsailaren 18an.-Idazkari judiziala, Rosa M. Valencia Ederra.
Iragarkiaren kodea: J1003421