1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
83/2010 EBAZPENA, otsailaren 24koa, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egikaritzeko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei diru-laguntzak emateko deialdia onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko administrazioen eta haren erakunde autonomoen diru-laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra, oro har, azaroaren 9ko 11/2005 Legearen bidez ezarri zen. Lege horren xedea prozeduraren kontrol eta gardentasun handiagoa lortzea zen, publizitate, lehiakortasun eta objektibotasun printzipioak betez.
Hori baino lehenago, urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuak berariaz arautu zuen "Eskolaurreko eta Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikastetxe publikoak eta Udalen Musika Eskolak eta Kontserbatorioak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egikaritzeko Nafarroako udal eta kontzejuentzako diru-laguntzen kontzesioa". Foru dekretu horren xedea laguntzen sistema orekatua eta koordinatua ezartzea izan zen eta, beraz, bidezko deialdien esparrua eratzeko administrazioaren irizpideak eta bideak ezartzea.
Beste alde batetik, 2010eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, "Irakaskuntzako maila guztien eskolaratze baldintzen hobekuntza" deritzon 410. egitarauaren barrenean, ohi denez, "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001-41810-7609-325100 kontu-saila ageri da. Kontu-sail hori, diru-laguntzaren prozedura erabiliz, arlo horretako inbertsio proiektuak finantzatzeko da.
Toki entitateek beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko inbertsio proiektuak bideratzeko aurreikusi diren laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten, nahitaezkoa da 2010eko aurrekontuan aurreikusi diren laguntzen deialdia onetsi eta laguntzak banatzeko arauak ezarriko dituen ebazpena ematea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako toki entitateei (udalei eta kontzejuei) beren titulartasuneko ikastetxe publikoen eraikin eta instalazioak, unibertsitate mailakoak ez direnak, hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko inbertsio proiektuak burutzeko diru-laguntzak emateko deialdia onestea. Diru-laguntzak 2010eko aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan" izeneko 410001-41810-7609-325100 kontu-sailaren kargura ordainduko dira. Gehienez 600.000 euro banatuko dira.
2. Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 14. artikuluan eta urtarrilaren 25eko 13/1990 Foru Dekretuan ezarri dena betez, deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.
3. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuari, Obra Atalari eta Araubide Administratiboaren Atalari.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5. Ebazpen honen kontra administrazio publiko interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko du, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen ekainaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.
Iruñean, 2010eko otsailaren 24an.-Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusia, Francisco Javier Esparza Sánchez.
ERANSKINA
Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza-DBH) ikastetxe publikoak eta udalen musika eskolak hobetzeko, zabaltzeko eta birmoldatzeko obra proiektuak egikaritzeko Nafarroako Foru Komunitateko udal eta kontzejuei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak
1. Helburua.
Ebazpen honetan jasotzen diren diru-laguntzak Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe publikoak hartzen dituzten eraikinak eta instalazioak hobetu, zabaldu eta birmoldatzeko obra proiektuak finantzatzeko izanen dira.
2. Onuradunak.
Diru-laguntza hauek eraikin horien titularrak diren toki entitate, udal edo kontzejuek eska ditzakete.
3. Xedea.
Haur Hezkuntzako 2. zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxeetako eraikinak eta instalazioak 2010. urteko ekitaldi ekonomikoan hobetu edo birmoldatzeko obrak egiteko proiektuek jaso dezakete diru-laguntza.
Salbuespen gisa, diru-laguntza jaso dezakete 2009ko ekitaldian egindako obrek, presakoak eta nahitaez egin beharrekoak izan badira eta presako deklarazioa eta jakinarazpena deialdi hau baino lehen egin badira.
Instalazioen ohiko mantentze-lanei edo konponketei lotuta dauden gastu arruntak ez dira diru-laguntza hauen xedeen barrenean sartzen.
4. Diru-laguntzen ehunekoa.
Diru-laguntzen ehunekoak, helburuko ikastetxearen motaren arabera edo jarduketa motaren arabera, ondoko hauek izanen dira:
a) Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako obrak: diru-laguntza jasoko duen proiektuaren diru-kopuruaren %65 gehienez. Baldin eta obren presa bereziagatik obrak burutzea atzeraezina bada eta udalak edo kontzejuak obrak burutzeko finantza zailtasunak baditu, edo antzeko beste inguruabar batzuetan, betiere garbi agertzen badira eta behar bezala egiaztatuta badaude, Ebaluazio Batzordeak erabaki dezake diru-laguntzaren ehunekoa aurrekontuaren %80rainokoa izatea.
b) Lehen Hezkuntza-DBHko ikastetxe mistoetan erabilera eta destino konpartitua edo komuna duten eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: diru-laguntza jasoko duen proiektuaren diru-kopuruaren %80 gehienez.
c) Erabilerari eta destinoari dagokienez DBHrako baino ez diren eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: diru-laguntza jasoko duen proiektuaren diru-kopuruaren %100 gehienez.
d) Pirinioaldeko udal ikastetxeetako eraikin edo instalazioetan egiten diren obrak: diru-laguntza jasoko duen proiektuaren diru-kopuruaren %95 gehienez.
e) Instalazioen erabileraren helburua eskolako beharretatik haratago doanean, batez ere udal eta gizarte interesekoa izateagatik, baina obrak egokiak badira eskola dotazioak hobetzeko, diru-laguntzaren ehunekoa proiektuaren muntaren %50eraino iritsiko da gehienez. Beste administrazio publiko batzuetatik laguntzarik jasoz gero, Hezkuntza Departamentuak esleitutakotik murriztuko dira, bateragarriak direla deklaratzen bada.
5. Agiriak.
a) Eskaerak bidezko toki entitateen legezko ordezkariek aurkeztuko dituzte; beraz, eskola elkartearen barrenean sustatzen den edozein eskaera (ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoen elkarteak, besteak beste) ordezkari horien bidez bideratu behar da.
b) Diru-laguntzak eskatzeko aurkezten diren eskabideak Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuari aurkeztuko zaizkio; eskabideekin ondoko agiri hauek aurkeztuko dira:
-Diru-laguntzaren xedeko obren proiektu tekniko eguneratua, obren memoria baloratua edo aurrekontua, aurrekontua kapituluka xehekatuz. Baldin eta proiektua edo memoria baloratua deialdi hau egin aurretik aurkeztu bada eta eguneratuta baldin badago, nahikoa izanen da inguruabar hori adieraztea eta hori frogatzeko agiria aurkeztea. Proiektatu diren obra horiek bereiz egiteko aukera dagoenean edo faseka egin daitezkeenean, berariaz adieraziko dira lehentasunak.
-Obrak egin nahi direneko eraikin edo lur horien jabetza frogatzen duen dokumentua edo errentamenduko kontratua. Lurren jabetzari buruzko dokumentazioarekin batera, hala denean, udal edo kontzejuak ur, argi eta estolderia zerbitzuak eman eta sarbideen egokitzapenak eginen dituela adierazten duen adierazpen idatzia. Hori gorabehera, berariaz adieraziko da diru-laguntzaren xedea diren lokal horiek irakaskuntzako erabilerari lotuta egonen direla.
-Obren onespenari buruzko udal erabakia.
-Idazkariaren ziurtagiria, non udal edo kontzejuaren aurrekontuetan diru-laguntzaren xedeko obran dagokion zatia ordaintzeko behar adinako zuzkidura ekonomikoa dagoela agertuko baita.
-Obren xedea den ikastetxeko Eskola Kontseiluak prestatuko duen adostasun txostena.
-Diru-laguntzaren xedea diren eskola instalazioen geroko funtzionamendu eta mantentze-gastuak toki entitateak bere gain hartuko dituela adierazten duen konpromisoa.
-Ikastetxe ukituen berezko erabiltzaileak (irakasle eta ikasleak) behin-behineko lokaletara lekualdatzeko gastuei aurre egiteko konpromisoa, obrek dirauten bitartean, baita, beharrezkoa balitz, horien alokairuaren gastuei aurre egitekoa ere.
-Beste erakunde batzuek laguntzarik ematen badute, eskumenak dituen organoaren berariazko erabakia edo egiaztagiria finantzaketari buruz.
-Deialdi honetako xedea finantzatzeko eskatu edo lortutako diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko deklarazioa. Inbertsio hau finantzatzeko toki entitateak, udalak edo kontzejuak beste entitateetatik jasotzen dituen laguntzak Hezkuntza Departamentuak esleitutakotik murriztuko dira, bateragarriak direla deklaratzen bada.
-Oro har, erakunde eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jo dezakeen beste edozein dokumentazio, baldin eta oinarri arautzaileetan adierazi diren lehentasun edo irizpideekin lotuta badago.
-Eskaerak aurreko ataletan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hogeita hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinaraziko zaio.
6. Aurkezteko epea eta tokia.
Eskaerak hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Hezkuntzako Erregistro Orokorrean edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren tokietan.
Diru-laguntzak sute, uholde, eraispen edo aparteko beste egoera batzuetan gertatzen diren kalteak konpontzeko edo egoera horiei aurrea hartzeko eskatzen badira, ez dago epe zehatzik. Kasu horietan diru-laguntza emanen da aurrekontuko kontu-sailean horretarako krediturik bada. Xedea izeneko 3. oinarrian adierazitakoaren salbuespen gisa, egoera horrek ukituriko toki entitateak bidezko diren konponketak egin behar baditu, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak, ebazpen espresu baten bidez, hurrengo deialdian driu-laguntza emateko konpromiso bat ezartzen ahalko du, Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuak proposatuta. Betiere, kreditua egotea izanen da konpromiso horretarako baldintza.
7. Lehentasun-ordena.
Deialdia lehentasun-ordena honi jarraituz ebatziko da:
a) Ikastetxearen eguneroko funtzionamendu egokia bermatzeko nahitaezko instalazioak izateagatik presako eta nahitaezko esku-hartzea eskatzen duten obra proiektuak.
b) Energia aurrezteko eta eragimena hobetzeko jarduketak, eraikinaren inguratzailean (estalkiak, fatxadak, kanpoko arotzeria) eta instalazioetan (berokuntza eta argiztapena).
c) Esparruak eta instalazioak segurtasun arloan indarra duen arautegiari egokitzeko obren proiektuak (suteen aurkako babesa eta detekzioa, oztopo arkitektonikoak kentzea, ebakuazioa eta abar), lehenbailehen egin beharrekoak eta ikastetxearen titularra den toki entitateak bere gain ezin har ditzakeenak, entitatearen egoera ekonomikorako inbertsio handiegia delako edo ohiz kanpoko beste edozein gorabehera, Ebaluazio Batzordeak baloratuko duena, gertatu delako.
8. Irizpideak.
Halaber, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1) Diru-laguntzaren xedea den obra hori zenbateraino den beharrezkoa ikastetxearen funtzionamendu egokirako.
2) Ikastetxearen funtzionaltasuna eta kudeaketa hobetzea eta mantentze-lanen kostuak murriztea, energia aurreztu eta eragimena hobetzeko.
3) Proiektatutako obraren premia, suteen kontrako babesaren, muga arkitektonikoak kentzearen, ebakuazioaren eta bestelako gaien inguruko segurtasunari buruzko arauak betetzeko.
4) Proiektuaren finantzaketan beste entitate edo erakunde batzuekin koordinazioan eta lankidetzan aritzea.
5) Eskakizuna egin duen toki entitateak Nafarroako Gobernuari eskaini dizkion kontraprestazioak.
6) Eskakizuna egin duen entitateak inbertsioan parte hartzeko egin dezakeen ahalegin ekonomikoa.
7) Diru-laguntza eskubideari dagokionez berdinketarik gertatzen bada, Ebaluazio Batzordeak toki entitateei zehatz-mehatz eskatu ahal izanen die zer inbertsio egin dituzten azken urteotan kasuan kasuko eraikin edo instalazioak kontserbatzeko eta energia aurreztu eta eragimena hobetzeko, eta zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta balioetsiagoa izanen da.
9. Ebaluazio Batzordea.
Aurkeztuko diren eskaerak aztertu behar dituen batzordeak kide hauek izanen ditu: Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuko zuzendaria, batzordeburu lanetan ariko dena; Obra Ataleko burua, Mantentze-lanen Ataleko burua eta Hezkuntza Departamentuko Araubide Juridikoaren Atalek burua.
10. Eskaeren gaineko ebazpena.
Diru-laguntzen eskaerak Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiak ebatziko ditu, horretarako ebazpena emanez eta aurrez Ebaluazio Batzordeak eginen dion proposamena aztertuz. Ebazpen hori eskaerak aurkezteko adierazi den epea bukatu eta hurrengo bi hilabetean emanen du. Emandako diru-laguntzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren xedea.
11. Diru-laguntzen ordainketa.
Diru-laguntza horien ordainketa 2010eko gastuen aurrekontuko "Obrak udal jabetzako ikastetxeetan", 410001-41180-7609-325100 kontu-sailaren kargura eginen da, honela:
-%25 obren hasieran.
-%50 obren erdian, kontratistari ordaindu zaizkion obra ziurtagiriek aurreikusitako aurrekontuaren erdia gainditu dutenean.
-Gainerako %25a, obrak bukatzen direnean.
Eman diren kopuru horiek jasotzeko nahitaezkoa izanen da obra horiek 2010eko irailaren 1a baino lehen bukatzea.
Diru-laguntzaren ordainketari ekiteko ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Zuinketa akta, zuzendaritza fakultatiboak, halakorik badago, jabeak (udala edo kontzejua) eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatua.
b) Obra ziurtagiriak, zuzendaritza fakultatiboak sinatuta, horrelakorik badago, jabetzak eta enpresa esleipen-hartzaileak sinatuta, edo egindako gastuaren egiaztagiria. Kasu guztietan justifikatu beharko da egindako obra emandako laguntzaren adinakoa edo garestiagoa izan dela.
c) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, non adieraziko baita Kontratuei buruzko azaroaren 9ko 6/2006 Legean aurreikusitako legezko aginduak bete direla.
12. Obren egikaritza.
Obrak diru-laguntza jaso duen proiektuan ezarri denarekin bat eginen dira. Aldaketak egiten badira Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuak baimendu beharko ditu.
Obren finantzaketaren berri emanen da obretan publizitate kartel bat jarriz. Kartelean finantzaketa publikoa dela adierazi beharko da.
Diru-laguntzaren xede diren obrak 2010eko uztailaren 30a baino lehen hasiko dira. Egun horretarako obrak hasi ez badira, dagozkien udal edo kontzejuek espresuki uko eginen diote diru-laguntzari, arrazoiak edo inguruabarrak azalduz.
Uko egiteen ondorioz edo obrak merkeagoak ateratzearen ondorioz gelditzen den diruarekin beste eskaera batzuei erantzun ahalko zaie, Ebaluazio Batzordearen irizpideei jarraikiz. Halakoetan, Batzordeak deialdia ebazteko bigarren proposamena eginen du.
Diru-laguntzaren xede diren inbertsioen gaineko kostu-gehikuntzak onuraduna den toki entitateak hartuko ditu bere gain.
Obren behin betiko kostua diruz lagundutako aurrekontua baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa gertatu den beherapen horren arabera gutxituko da.
Gastuak eta ordainketak:
1. Ordainketak egiten ahalko dira kasuan kasuko obra unitatearen ziurtagiria aurkeztu ondoren.
2. Kudeaketa organoak ikusten duenean kanpoko inguruabarren eraginez diruz lagundutako ekintza ezin dela egin edo, kasuaren arabera, ezin dela aurrekontuko ekitaldiaren barrenean hasi, horretarako baimendutako diru-kopuruak deslotzen ahalko ditu. Deslotutako diru hori hasieran baztertutako eskaerak diruz laguntzeko edo beste eskaera batzuei diru gehiago emateko erabiltzen ahalko da.
13. Ikuskapen bisitak.
Hezkuntza Departamentuko Obren eta Mantentze Lanen Zerbitzuko teknikariek bidezkotzat jotzen dituzten ikustaldi guztiak egin ditzakete hala obra horiek egiten ari direnean nola bukatu ondoren. Diru-laguntzen onuradunak diren toki entitateak beharturik daude obretan sartzera uztera eta eskatzen zaienean obrei buruzko agiri guztiak ematera.
14. Deialdi honen oinarri arautzaileetan ezartzen dena ez betetzea.
Datuen faltsukeria frogatuak, datuak ezkutatzeak edo diru-laguntzaren helburua aldatzeak azaroaren 9ko 11/2005 Legearen 42. artikuluan ezarri diren zehapenak ekar ditzakete.
Iragarkiaren kodea: F1003789