Iragarkia
33. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 15a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
57/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, adineko pertsonendako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2010eko deialdia onesten duena.
Gizarte zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak 2. artikuluan dioenez, aginte publikoek gizarte zerbitzuen arloan dituzten funtsezko helburuetako bat da pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazio, parte-hartze eta integrazioa sustatzea arlo guztietan: gizartean, politikan, ekonomian, lan munduan, kulturan eta hezkuntzan. Agindu hori Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumenaren arabera eman zen. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.17 artikuluan xedaturikoarekin bat, Espainiako Konstituzioko 50. artikuluan xedaturikoarekin harremanetan jarri behar da. Horren arabera, agintariek hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatuko dute, haien berezko arazoei aurre egiteko gizarte zerbitzuen sistema baten bidez, osasun, etxebizitza, kultura eta aisialdi arloetan.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko.
Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalak proposatu du Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2010. urteko deialdia egin dadila.
Espedienteari lotutako txosten teknikoa eta juridikoa ikusita, agerian daude deialdi hau onetsi izanaren egokitasuna eta onura publikoa, baita haren nahiz oinarri arautzaileen legezkotasuna ere.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskudantzien arabera,
AGINDU DUT:
1. Adineko pertsonendako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2010eko deialdia onestea, foru agindu honen I. eranskineko oinarriekin bat. Onestea, halaber, eskaerak baloratzeko baremoa, II. eranskinean ageri dena, eta egonaldien txandak eta prezioak, III. eranskinean ageri direnak.
2. Guztira 400.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko gastuen aurrekontuko "Bainuetxeetako termalismo programetarako diru-laguntza" izeneko 920005 91810 4809 231406 kontu-sailaren kargura.
3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Foru agindu hau igortzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atalera, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2010eko otsailaren 25ean.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Adineko pertsonendako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei diru-laguntzak emateko 2010eko deialdiaren oinarriak
1. Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da adineko pertsonendako Bainuetxe Programan parte hartu nahi dutenei diru-laguntzak ematea. Programa hori III. eranskinean aipatzen diren bainuetxe eta txandetan eginen da.
Programa 2010. urtean garatzeko beharrezkoa izanen da aurrekontuetan behar adina diru izatea eta baliabide materialak eskuragarri egotea.
2. Diru-laguntza motak:
-Diru-laguntza orokorra: esleitutako plazaren benetako kostuaren eta onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoaren arteko aldea, III. eranskineko 1. taulari jarraikiz.
-Diru-laguntza osagarria: diru-laguntza berezia jasotzen ahalko dute per capita errenta, II. eranskineko indize zuzentzailea aplikatuta, urtean 7.697,20 eurotik gorakoa ez duten eskatzaileek, esleitutako plazaren benetako kostuaren eta onuradunak ordaindu beharreko zenbatekoaren arteko aldea dela-eta, III. eranskineko 1. taulari jarraikiz. Diru-laguntza mota horretarako 6.229,75 euro izanen dira guztira. Ematen diren diru-laguntza osagarrien zenbatekoa aurreikusitako gehieneko zenbatekora iristen ez bada, diru-laguntza orokorretarako erabiliko da.
3. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Eskaera aurkeztean betebehar hauek biltzen dituztenak izaten ahalko dira onuradunak:
a) 65 urte edo gehiago izatea.
b) 60 urte edo gehiago izatea eta erretiroaren, elbarritasunaren edo alarguntasunaren pentsioa edo beste pentsio batzuk jasotzea.
c) Legezko bizilekua Nafarroan izatea.
d) Establezimenduetako elkarbizitzan gorabeherak sor ditzakeen portaerako arazo larririk ez izatea.
e) Tratamenduen ezaugarriekin eta denendako instalazioen erabilerarekin bateraezina den gaixotasun infekto-kutsagarririk ez izatea.
f) Autonomia pertsonala izatea eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan.
g) Joan-etorri laburretarako aulki gurpildunen beharrik ez izatea.
h) Eskatzen diren bainuetxe tratamenduak behar izatea, eta horiek hartzeko mediku debekurik ez izatea.
Familien batasuna sustatzeko, onuradunak izaten ahalko dira lehen aipatu diren betebeharrak betetzen dituztenen ezkontideak edo haiekin antzeko harremanak dituztenak, c), d), e), f) eta g) ataletan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte betiere.
Parte hartzen ahalko dute, halaber, onuradunen seme-alaba desgaituek, %33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen badute ziurtagiri baten bidez eta beren gurasoak laguntzera joaten badira, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Auzoko Unitateek edo Osasun Etxeek egindako txosten sozialaren bidez egiaztatzen bada mendekotasuna dutela eta ezin direla beste pertsona batzuen ardurapean gelditu; gainera, c), d), e), f) eta g) ataletan ezarritako baldintzak bete behar dituzte. Eskaera horretan desgaitasuna duten bi seme-alaba onartuko dira gehienez familia unitateko.
Eskatzaile guztiei osasun txostena eskatuko zaie, d), e), f) eta g) ataletan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzeko.
4. Eskaerak: eskaera eredua, aurkeztu beharreko agiriak eta aurkezpena.
4.1. Eskaera eredua eta aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaerak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren bulegoetan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) banatuko den eredu ofiziala erabiliz aurkeztuko dira.
Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:
-Eskatzailearen eta, bidezkoa bada, diru-laguntzarik ez eskatuagatik ere, ezkontidearen edo antzeko harremana duen pertsonaren NANaren fotokopia.
-Eskatzaileen osasun txostenaren kopia, eredu ofizialaren arabera, kasuan kasuko osasun etxeak betea. Erabiltzaileak jatorrizkoa aurkeztu beharko du bainuetxean.
-Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2008ko ekitaldiari dagokion aitorpenaren kopia. Eskatzaileak PFEZ aitorpena aurkeztu beharrik ez badu, Ogasunaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du hori frogatzeko, 2008ko diru-sarreren ziurtagiriaren kopiarekin batera.
-Desgaitasuna duten seme-alaben kasuan, aipatu agiriez gainera, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek, Auzoko Unitateek edo Osasun Etxeek egindako txosten soziala eta desgaitasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko dituzte, mendekotasuna frogatzeko.
4.2. Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskaerak Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Erregistroan (González Tablas kaleko 7an, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren baliabideetako edozeinen bitartez.
4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezik, instrukzio organoak eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskabidea ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
5. Antolaketa, instrukzioa eta ebazpena.
5.1. Nafarroako Mendekotasun Agentziako Programen Atala izanen da deialdi honen instrukzio organoa.
5.2. Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du ebazpena deialdiaren gainean, instrukzio organoak proposamena egin ondotik. Ebazpena emateko epea gehienez ere hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte. Ebazpen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiari zuzenduta.
6. Diru-laguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko modua.
6.1. Pertsona, egonaldi eta txanda bakoitzeko prezioa III. eranskinean agertzen da bainuetxe bakoitzerako. Prezio horien barnean honako zerbitzu hauek daude:
a) Logela eta pentsio osoko mantenua, betiere biko logeletan.
b) Bainuetxeko tratamendua, honela osatua:
-Osasun azterketa, bainuetxeko egonaldiaren hasieran.
-Bainuetxeko medikuak bakoitzari agindutako tratamendua.
-Egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
c) Bainuetxeko joan-etorria autobusez.
d) Taldeko aseguru poliza.
6.2. Diru-laguntza jasotzen dutenek honela ordainduko dute egonaldiaren prezioa:
a) Erreserba gisa eta bainuetxeko egonaldia hasi aurretik lehen ordainketa egin beharko dute. Nafarroako Mendekotasun Agentziak interesdunei jakinaraziko die erreserba gisa zenbat ordaindu behar duten, banku kontuaren zenbakia eta ordainketarako epea.
b) Egonaldiaren gainerako zenbatekoa bainuetxera iritsitakoan ordainduko da.
7. Diruz lagundutako plaza ezereztea.
7.1. Deialdi honen xede diren diru-laguntzak lortzeko datu edo agiri oker nahiz gezurrezkorik jarri edo aurkezten bada, lortutako plaza bertan behera utziko da, baldin eta txanda hasi ez bada, edo, bestela, txandako egunak jadanik eginak baditu bainuetxean, interesdunak plazaren benetako prezioa ordaindu beharko du, alde batera utzi gabe indarra duen araudia ezarriz bidezko diren egintzak.
7.2. Onuradunen batek egonaldiaren prezioa ordaintzen ez badu, 6.2.a) oinarrian azaldutakoari jarraituz, hari uko egiten diola ulertuko da, eta berak utzitako hutsunea betetzeko beste onuradun bat aukeratzen ahalko da.
7.3. Txanda hasi aurreko 15 egunen barnean ezerezten bada egonaldia, plazaren erreserba gisa ordaindutako kopurua atxikiko da, agiri bidez frogatutako arrazoi larriren bat izan ezik. Ezereztea idatziz egin beharko da Nafarroako Mendekotasun Agentzian.
Arrazoi larritzat jotzen da, dirua itzultzeko:
-Interesdunaren eritasuna, bainuetxeko instalazio eta tratamenduak erabiltzea eragozten diona, medikuaren aginduz.
-Ezkontidearen edo antzeko harremaneko pertsonaren eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaideen eritasuna, ospitale batean ingresatzea edo etxean zaintzea ekartzen badu.
-Eskatzailearen edo ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara arteko ahaide baten heriotza.
-Justifikatutako eta instrukzio organoak onartutako beste arrazoi batzuk.
8. Aplikatzekoak diren arauak.
Oinarri arautzaile hauetan xedatzen denaz gain, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak dira aplikatzekoak.
9. Deialdiaren kontrako errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedaturikoarekin bat.
II. ERANSKINA
2010. urtean adineko pertsonendako Bainuetxe Programarako diru-laguntzak eskatzeko espedienteen baloraziorako baremoa
1. Eskatzaileen egoera ekonomikoaren arabera baloratuko dira adineko pertsonendako Bainuetxe Programaren erabiltzaileei emanen zaizkien diru-laguntzetarako eskaera espedienteak.
2. Diru-laguntzak emateko lehentasun hurrenkera eskatzailearen familia unitatearen diru-sarrerek ezarriko dute, 2008. urteari dagokion PFEZaren aitorpenaren arabera. Diru-sarrerak zenbatuko dira zerga oinarriaren zati orokorraren eta tributaziotik salbuetsita dauden errenten baturaren bidez. Zergak ordaindu beharretik salbuetsita egonez gero, familia unitateak 2008an lortutako diru-sarrerak zenbatuko dira. Zenbateko horri honako indize zuzentzaile hauek aplikatuko zaizkio, familia unitateko kide kopuruaren arabera:
FAMILIA UNITATEKO KIDEEN KOPURUA | INDIZE ZUZENTZAILEA |
Kide 1 | 1 |
2 kide | 1,5 |
3 kide | 2 |
4 edo gehiago | 2,5 |
3. Nafarroako Mendekotasun Agentziak Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta gainerako departamentu eta administrazio publiko eskudunetan dauden datuen bidezko egiaztapen eta kontsultak eginen ditu, aitorturiko datu ekonomikoak egiaztatzeko.
4. Adierazi edo aurkezturiko datuetan dokumentu faltsutu edo akasdunik atzematen bada, I. eranskineko 7.1 puntuan adierazten dena aplikatuko da.
5. Bi eskatzailek (batera edo banaka) txanda bera esleitzea nahi badute, eskaerako "Eskaerak batzea" izeneko atala bete beharko dute, eta jarraibide orrialdean aipatzen diren oharrei jarraitu. Eskatzaile bakoitzaren ahalmen ekonomikoa bat edo beste izan, diru-sarrera handienak dituen eskatzailea kontuan hartuta ezarriko da "Eskaerak batzea" ataleko lehentasun hurrenkera.
6. Datu ekonomikoak egiaztaturik, eskatzaileen zerrenda ordenatua prestatuko da, diru-sarrera txikienetatik handieenetaranzko hurrenkeran. Diru-laguntzak hurrenkerari jarraikiz emanen dira, eta aurrekontuko gehieneko diru-kopurua izanen da muga. Diru-laguntza lortzen ez duten eskaerak erreserba txandan sartuko dira. Inork esleituriko diru-laguntzari uko eginen balio, diru-laguntza hori erreserba txandako pertsonei eskainiko litzaieke, aipatu den hurrenkerari jarraikiz.
7. Diru-sarrera berdinak agertzen dituzten espedienteak izanez gero, eskatzaile zaharrenak izanen du lehentasuna, jaiotegunaren arabera.
8. Diru-laguntza osagarriak, II. eranskinaren 6. atalean ezarritako hurrenkera berari jarraituz, I. eranskinaren 2. atalean zehazten diren betebehar ekonomikoak betetzen dituztenei emanen zaizkie, diru-laguntza mota horretarako deialdi honetan aurreikusten diren 6.229,75 euroak agortu arte.
III. ERANSKINA
Adineko pertsonendako 2010. urteko Bainuetxe Programa: zebitzuen ezaugarriak, txandak eta prezioak
1. Zerbitzuen ezaugarriak
a) Elgorriagako bainuetxea
I. Non dagoen:
Elgorriagan dago, Iruñetik 45 km-tara.
II. Zerbitzuak:
Bi pertsonarendako logela eta mantenu osoa, bazkarietako ardoa eta ur minerala barnean direla. Esleituek banakako logela eskatzen ahalko dute, nahiz eta bainuetxeko baliabideen araberakoa izanen den aukera hori. Halako logelarik bada, bainuetxeak jartzen duen gehigarria ordaindu beharko dute.
III. Gomendio terapeutikoak:
-Erreumatologikoa
-Arnasketakoa
-Zirkulazio txarra
-Erlaxazioa, estresa
IV. Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
-Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
-Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatutakoari jarraikiz:
- Bainu termala
- Zurrusta termala
- Arnasgailuak
- Berogailua edo lurrunezko sauna
- Sauna lehorra
- Igerileku termala
- Flotatzeko igerilekua
- Oinetarako bainua/Eskuetarako bainua
- Osasuna norberak zaintzea
V. Animazio sozio-kulturaleko zerbitzua:
Eguneroko jarduerak: dantza, hitzaldiak, kanpoan egiten diren jarduerak (ibilaldi programatuak uraren ibilbidean, pintura edo buztina bezalako eskulanak, mus, xake edo tokhongoko txapelketak, ongietorria emateko eta agurtzeko festak).
b) Fiteroko bainuetxea
I. Non dagoen:
Fiteron dago, Iruñetik 104,3 km-tara eta Tuteratik 23 km-tara.
II. Zerbitzuak:
Bi pertsonarendako logela eta mantenu osoa, bazkarietako ardoa eta ur minerala barnean direla. Esleituek banakako logela eskatzen ahalko dute, nahiz eta bainuetxeko baliabideen araberakoa izanen den aukera hori. Halako logelarik bada, bainuetxeak jartzen duen gehigarria ordaindu beharko dute.
III. Gomendio terapeutikoak:
-Eritasun erreumatikoak.
-Errehabilitazio funtzionala.
-Arnasbideak.
-Zirkulazio aparatua.
-Antsietatea, estresa.
-Prebentzioa-atsedena-erlaxazio orokorra.
IV. Egonaldiaren prezioan sartutako tratamenduak:
-Medikuak hasieran egindako azterketa eta egonaldiko jarraipen medikoa, azken txostena barne.
-Hiru teknika termal egunean, medikuak gomendatutakoari jarraikiz:
- Bainu orokorrak.
- Sauna naturalak edo berogailu bidezkoak.
- Aeromasajeko bainuak (burbuilak).
- Zutabe dutxak.
- Dutxa zirkularrak.
- Gerrialdeko zurrusta.
- Oinetarako bainuak.
- Aerosolak.
- Igerileku hidrotermal estalia.
IV. Animazio sozialeko jarduerak:
Gimnastika, erlaxazioa, ibilaldi azalpendunak, txangoak, hitzaldiak, solasaldiak, bideo eta filmak, eskulanak, jokoak, karten, partxisaren, boloen, petankaren eta igel-jokoaren txapelketak, bingoa, lehiaketak, kontzertuak, emanaldiak, dantzaldiak, festak, etab.
2. Txandak eta prezioak
Txandak 6 eta 12 egunekoak izanen dira, mantenu osokoak eta bi pertsonarendako logeletan banatuta. Prezioan bainuetxera joateko eta bertatik itzultzeko autobusean egindako bidaia eta taldearendako aseguru poliza sartzen dira.
Jarraian azaltzen dira egonaldien datak eta prezioak, modalitate orokorrean diru-laguntza jasotzen dutenek ordaindu beharrekoak:
A) 12 eguneko txandak:
Elgorriagako bainuetxea
EGUNAK | PLAZAK | PREZIOA | HOTELA |
Maiatzaren 31tik ekainaren 11ra | 16 | 411,76 | Elgorriaga |
Ekainaren 14tik ekainaren 25era | 25 | 411,76 | Elgorriaga |
Ekainaren 28tik uztailaren 9ra | 30 | 411,76 | Elgorriaga |
Uztailaren 26tik abuztuaren 6ra | 10 | 411,76 | Elgorriaga |
Abuztuaren 9tik abuztuaren 20ra | 10 | 411,76 | Elgorriaga |
Urriaren 11tik urriaren 22ra | 40 | 411,76 | Elgorriaga |
Urriaren 25etik azaroaren 5era | 31 | 411,76 | Elgorriaga |
Fiteroko bainuetxea
EGUNAK | PLAZAK | PREZIOA | HOTELA |
Maiatzaren 20tik maiatzaren 31ra | 100 | 411,76 | Becquer |
Ekainaren 3tik ekainaren 14ra | 120 | 411,76 | Palafox |
Ekainaren 15etik ekainaren 26ra | 120 | 411,76 | Palafox |
Ekainaren 21etik uztailaren 2ra | 100 | 411,76 | Becquer |
Abuztuaren 16tik abuztuaren 27ra | 100 | 411,76 | Becquer |
Irailaren 18tik irailaren 29ra | 100 | 411,76 | Becquer |
Urriaren 2tik urriaren 13ra | 100 | 411,76 | Becquer |
Urriaren 14tik urriaren 25era | 120 | 411,76 | Palafox |
Urriaren 25etik azaroaren 5era | 120 | 411,76 | Palafox |
Azaroaren 4tik azaroaren 15era | 100 | 411,76 | Becquer |
Azaroaren 11tik azaroaren 22ra | 57 | 411,76 | Becquer |
B) 6 eguneko txandak:
Elgorriagako bainuetxea
EGUNAK | PLAZAK | PREZIOA | HOTELA |
Maiatzaren 30etik ekainaren 4ra | 17 | 205,88 | Elgorriaga |
Ekainaren 6tik ekainaren 11ra | 17 | 205,88 | Elgorriaga |
Ekainaren 13tik ekainaren 18ra | 30 | 205,88 | Elgorriaga |
Ekainaren 20tik ekainaren 25era | 30 | 205,88 | Elgorriaga |
Ekainaren 27tik uztailaren 2ra | 30 | 205,88 | Elgorriaga |
Uztailaren 4tik uztailaren 9ra | 30 | 205,88 | Elgorriaga |
Uztailaren 11tik uztailaren 16ra | 10 | 205,88 | Elgorriaga |
Uztailaren 12tik uztailaren 17ra | 10 | 205,88 | Elgorriaga |
Uztailaren 18tik uztailaren 23ra | 20 | 205,88 | Elgorriaga |
Uztailaren 25etik uztailaren 30era | 10 | 205,88 | Elgorriaga |
Abuztuaren 1etik abuztuaren 6ra | 10 | 205,88 | Elgorriaga |
Abuztuaren 8tik abuztuaren 13ra | 10 | 205,88 | Elgorriaga |
Irailaren 26tik urriaren 1era | 47 | 205,88 | Elgorriaga |
Diru-laguntza osagarria jasotzen dutenek prezio hauek ordaindu beharko dituzte egonaldiagatik:
ERRENTA TARTEAK | 12 EGUN / 11 GAU euro | 6 EGUN / 5 GAU euro | |
0,00 | 1.924,30 | 41,17 | 20,58 |
1.924,31 | 3.848,61 | 123,52 | 61,76 |
3.848,62 | 5.772,92 | 205,88 | 102,94 |
5.772,93 | 7.697,20 | 288,23 | 154,41 |
Iragarkiaren kodea: F1003573
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
