2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Aldaketa ordenantzan. Behin betiko onespena
Uharteko Udalak, 2009ko apirilaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza.
Hasierako onespenari buruzko iragarkia 2009ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 8an, bai eta Herriko Etxeko iragarki oholean ere, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
ETXEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Xedea
1. artikulua. Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.
2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, gizon-emakumeak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituzten animaliak dira etxekoak.
Zakurren inskripzioa
3. artikulua. Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira. Bereziki arriskugarri gerta daitezkeen zentsuko txakurrei tasa berezia aplikatuko zaie.
(Uharteko Udalak 2009ko apirilaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez aldatua).
Altarik edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Uharteko Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.
4. artikulua. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, eta animaliaren dokumentazioa emanen.
5. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren erranetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoan, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.
Txertaketa
6. artikulua. Zakur guztiei urtean behin jarri beharko zaie txertoa. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.
Zakurrei txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaie.
7. artikulua. Amorruaren kontrako txertoa urtean behin eman behar denez eta hura ezartzea errazagoa izan dadin, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, bai eta dagozkien tasak ere.
8. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurren jabeak albaitariarengana jotzera beharturik egonen dira hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak edo dagokion fakultatiboak agintzen duten tratamendua egin beharko dute.
Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.
Debekuak
9. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo nortasunaren eta urteko txertaketaren txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.
10. artikulua. Uharteko udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurrak aske ibiltzea, horretarako hesitu diren tokietan izan ezik.
Arriskutsu gerta daitezkeen zakurrak arduradun bati loturik ibiliko dira nahitaez, gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo katea erabiliz horretarako.
Arriskutsutzat jotzen ez direnendako baimena ematen da hede luzagarriak erabiltzeko, betiere arduradun batek eramaten baditu.
(Udalak 2006ko azaroaren 30eko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez aldatutako artikulua).
11. artikulua. Uharteko udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurra ibili ahal izanen da soil-soilik muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, betiere arduradunarekin joanez gero.
Hala ere, zakurrarekin batera doan arduradunak aurreko artikuluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.
(Udalak 2006ko azaroaren 30eko osoko bilkuran hartu erabakiaren bidez indargabetutako artikulua).
12. artikulua. Udal mugapeko alde guztietan, aitzineko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.
13. artikulua. Bere arduradunak behar bezala kontrolatzen ahal ez baditu, debeku da leku horietan animaliarik edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.
Hiru hilabete baino zaharragoak badira, gehienez ere lau zakur eduki daiteke, huraxe baita Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolaren gainean otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduak ezartzen duen muga jarduketa bat kaltegabetzat hartzeko eta, beraz, jarduera sailkatuaren espedienterik behar ez izateko.
14. artikulua. Debeku da zakurren edo bertze edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan, karriketan, espaloietan edo erabilpen publikoko bertze edozein alderditan, Uharteko hirigunean.
Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak, eta bereziki zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.
15. artikulua. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espresuki baimendu beharko dira.
16. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egon ahal izanen, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.
Erantzukizunak
17. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.
18. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:
a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasu bakoitzean aplika daitekeen legeari jarraikiz.
b) Halaber, ardura izanen du bere animaliak bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.
c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.
Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea
19. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Uharteko Udalari dagokio:
a) Animalia abandonatua biltzea.
b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.
20. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo eta zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko ematen ahalko da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.
21. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.
22. artikulua. Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dagoen arauen ariora jokatuko du.
23. artikulua. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeko sortutako gastuak.
Arau-hausteak
24. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
1. Hona hemen arau-hauste arinak:
a) Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.
b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.
c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan kate edo uhalik gabe eramatea.
d) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.
e) Herriaren inguruan hirilurretan sailkatutako eremuetan zakurrak hederik ez muturrekorik gabe ibiltzea.
f) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.
2. Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan.
c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.
d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.
e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
f) Elikagaiak egin edo erabiltzen diren tokietan animaliarekin sartzea.
g) Animalia bizkarroiduna edo eritua edo gaitzik ez duela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe saltzea.
3. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:
a) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
b) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.
25. artikulua. Arau-hauste arinek 60,10etik 120,20 euro bitarteko zehapena izanen dute; larriek 120,20tik 240,40 euro bitartekoa, eta oso larriek 240,40tik 480,80 euro bitartekoa.
26. artikulua. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:
a) Arau-hausteak arinak badira, Hirigintza, Ingurumen eta Etxebizitzaren Batzordearen buru den zinegotziari edo alkateari.
(Uharteko Udalak 2009ko apirilaren 30eko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez aldatua).
b) Uharteko Udalaren osoko bilkurari, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.
Animalien babesa
28. artikulua. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra.-Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea; Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Erregelamendua, otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua, Abeltegiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena, eta 32/1990 Foru Dekretuaren artikulu batzuk aldatzen dituen urriaren 22ko 304/2001 Foru Dekretua.
Uharten, 2010eko otsailaren 24an.-Alkatea, Javier Basterra Basterra.
Iragarkiaren kodea: L1003506