33. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

96/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 26koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, ondoko laguntza hauetarako eskaera bakarra aurkezteko arauak ematen dituena 2010eko kanpainarako: ordainketa bakarreko araubideko laguntzak, nekazaritzako zenbait produkturi azaleraren arabera ordaindu beharrekoak, abeltzaintzako primak, Nafarroako eskualdeetako konpentsazio-ordainak eta nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzak; gainera, ordainketa bakarraren eskubideak lagatzeko komunikazioak eta erreserba nazionaleko eskubideen eskaerak aurkezteko eta zenbait laguntza ordainketa bakarreko araubideari atxikitzeko arauak ere ematen ditu.

Kontseiluak 2009ko urtarrilaren 19an emandako 73/2009 (EE) Erregelamenduak, 2009ko azaroaren 30eko 1250/2009 Erregelamenduaren bidez aldatuak, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan nekazariei zuzeneko laguntza emateko araubideei aplikatzeko xedapen bateratuak ezartzen ditu, nekazariei laguntzeko zenbait araubide finkatzen ditu, 1290/2005 (EE), 247/2006 (EE) eta 378/2007 (EE) erregelamenduak aldatzen ditu eta 1782/2003 (EE) Erregelamendua indargabetzen du. Batzordeak 2009ko urriaren 29an emandako 1120/2009 (EE) Erregelamenduak, berriz, Kontseiluaren 73/2009 (EE) Erregelamenduaren III. tituluan aurreikusten den ordainketa bakarreko araubidea aplikatzeko xedapenak ezartzen ditu; eta Batzordeak 2009ko urriaren 29an emandako 1121/2009 (EE) Erregelamenduak xedapenak ezartzen ditu aipatu 73/2009 (EE) Erregelamenduaren IV. eta V. tituluetan nekazarientzat aurreikusten diren laguntza araubideei aplikatzeko.

Batzordeak 2009ko azaroaren 30ean emandako 1122/2009 (EE) Erregelamenduak arauak ematen ditu Kontseiluaren 73/2009 (EE) Erregelamendua garatzeko, erregelamendu horrek nekazarientzako zuzeneko laguntzetarako ezartzen dituen baldintzei, moduluei eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuei dagokienez, eta Kontseiluaren 1234/2007 (EE) Erregelamendua garatzeko, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearentzat ezarritako laguntza araubidearen baldintzei dagokienez.

Kontseiluak, 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren bidez, Europar Batasunak landa garapenerako nekazaritzarako LGENFaren bidez finantzaturiko laguntzari buruzko arauak ezarri zituen. Batzordeak, 2006ko abenduaren 15eko 1974/2006 (EE) Erregelamenduaren bidez, Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri zituen, eta Kontseiluaren 1975/2005 (EE) Erregelamenduak 1698/2005 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezarri zituen landa garapenerako laguntza neurriak hartzeko kontrol prozeduraren eta baldintzen aplikazioari buruz.

Apirilaren 3ko 486/2009 Errege Dekretuak kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezarri dizkie nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko ordainketak eta landa garapenerako zenbait laguntza jasotzen dituzten nekazariei eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituztenei.

Azaroaren 13ko 1680/2009 Errege Dekretuak, ordainketa bakarreko araubidea nekazaritzan aplikatzeari buruzkoak, 2010etik aurrera nekazaritzako zenbait laguntza araubide horretan sartuko direla ezarri du.

Urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretua nekazaritzarako eta abeltzaintzarako zuzeneko ordainketak 2010ean eta 2011n aplikatzeari buruzkoa da.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak 2009ko maiatzaren 22an emandako 286/2009 Foru Aginduak kudeaketako legezko betekizunak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezarri ditu, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak eta Nekazaritza Garatzeko 2007-2013 Programaren 2. ardatzaren esparruan laguntza zehatz batzuk jasotzen dituzten nekazariek eta mahastiak berregituratu eta moldatzeko eta erauzteagatiko prima laguntzeko programen arabera laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten. Halaber, nekazaritzako ingurumenerako laguntzak eskatzen dituztenek ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko bete beharreko gutxieneko beharkizunak ezarri ditu.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 12ko 32/2007 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako mendialderako eta eskualde behartsuetarako kalte-ordainak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatu da.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 12ko 36/2007 Foru Aginduaren bidez, galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri da.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 12ko 35/2007 Foru Aginduaren bidez, abeltzaintza ekologikoari laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri da.

Otsailaren 12ko 33/2007 Foru Aginduaren bidez, nekazaritza ekologikoari laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri da.

Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 24an, 2008ko ekainaren 30ean eta 2009ko azaroaren 23an hartutako erabakien bitartez, baimena eman zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari urte anitzeko gastuetarako konpromisoak hartzeko 2007tik 2013ra bitarteko ekitaldietarako, nekazaritza ekologikorako eta abeltzaintzako ingurumeneko laguntzak tramitatzeko, alegia abeltzaintza ekologikorako eta desagertzeko arriskuan diren arrazentzat.

Uztailaren 29ko 412/2008 Foru Aginduaren bidez, abeltzaintzako produkzio sistema iraunkorrak sustatzeko laguntzak emateko arauak eta deialdia onetsi dira.

Otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduaren bidez, estepa-eremuetarako nekazaritzako ingurumenerako laguntzak emateko arauak eta deialdia onetsi dira.

Nafarroako Gobernuak 2008ko abenduaren 1ean hartutako Erabakiaren bitartez, baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari urte anitzeko gastu-konpromiso bat hartzeko 2009tik 2013ra bitarteko ekitaldietarako, "Natura 2000" laguntzak eta estepa-eremuetako nekazaritzako ingurumenerako laguntzak tramitatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak 2009ko abuztuaren 7an emandako 393/2009 Foru Aginduaren bidez, nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri da.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak 2009ko ekainaren 15ean emandako 322/2009 Foru Aginduaren bidez, hazitarako patataren laborantzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntzak emateko arauak onetsi dira.

Nafarroako Gobernuak 2009ko ekainaren 1ean hartutako Erabakiaren bitartez, baimena eman zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari urte anitzeko gastuetarako konpromisoak hartzeko 2009tik 2013ra bitarteko ekitaldietarako, hazitarako patataren laborantzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntzen tramitaziorako.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 19an emandako 76/2010 Foru Aginduaren bidez, mahastietan nekazaritzako ingurumen neurriak aplikatzeko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko arauak onetsi dira.

Nafarroako Gobernuak 2010eko otsailaren 1ean hartutako Erabakiaren bitartez, baimena eman zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari urte anitzeko gastuetarako konpromisoak hartzeko 2010etik 2014ra bitarteko ekitaldietarako, mahastietan nekazaritzako ingurumen neurriak aplikatzeko laguntzen tramitaziorako.

Urriaren 2ko 67/2006 Foru Dekretuan, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Nekazaritza Aldeen Garapenerako Nekazaritzaren Europako Funtsaren (LGENF) bidez finantzatzen diren gastuak Nafarroako Foru Komunitatean ordaintzen dituen erakundea onetsi eta horren antolamendua eta funtzionamendua ezarri zen. Dekretuko azken xedapenetako bigarrenak baimena eman zion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari, bere eskumenen barruan, behar diren xedapen guztiak emateko foru dekretua garatu eta betearazteko; bereziki, nekazaritzarako Europako funtsekin osorik edo hein batean finantzatzen diren diru-laguntzei buruzko arauak ezartzeko.

Abeltzaintza, Nekazaritza eta Elikadurako kontseilariak, otsailaren 8ko 29/2007 Foru Aginduaren bidez, NBEUFk finantzaturiko laguntzak kudeatzeko prozedura ezarri zuen, eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak, otsailaren 8ko 30/2007 Foru Aginduaren bidez, LGENFarekin batera landa garapenerako finantzaturiko laguntzak tramitatzeko prozedura ezarri zuen.

Foru agindu honek, goian aipatutako arauek ezarritako esparruan, baldintzak ezartzen ditu 2010eko kanpainako eskaera bakarra egiteko ordainketa bakarreko araubideko laguntzetarako, azaleraren arabera ordaindu beharreko gainerako NBEUF laguntzetarako eta abeltzaintzako primetarako, eskualde menditsu eta behartsuetako konpentsazio-ordainerako, Nekazaritza Garatzeko Programan sarturik dauden nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzetarako eta estatuko zenbait laguntzatarako. Gainera, zitrikoen sektorea, mahastiak erauzteko laguntzak eta edateko alkoholaren destilaziorako laguntzak ordainketa bakarreko araubideari atxikitzeko eta hainbat laguntza-araubide erabat desakoplatzeko arauak ematen ditu. Azkenik, Ordainketa Bakarrean sartutako laguntzei dagozkien behin-behineko eskubideei buruzko alegazioak, eskubide-lagapenak eta erreserba nazionalerako eskaerak ere arautzen ditu ordainketa bakarreko araubidearen barnean.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluko 1. idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2010eko kanpainarako eskaera bakarra aurkezteko arauak, foru agindu honetan aipatzen direnak eta azalpen zatian adierazitako araudiak arautzen dituen laguntzei lotuta daudenak, onestea.

2. Nafarroako eskualde menditsuetako konpentsazio-ordainen 2010eko deialdiari aurre egiteko 3.100.000 euroko gastua baimentzea, eta 850.000 euroko gastua Nafarroako eskualde behartsuetako konpentsazio-ordainen 2010eko deialdiari aurre egiteko; horrenbestez, 3.950.000 euroko gastua baimentzea Nafarroako eskualde menditsuetako eta eskualde behartsuetako konpentsazio-ordainen 2010eko deialdiari aurre egiteko, 2010eko Gastuen Aurrekontuko 710001 71230 4700 414200, "Konpentsazio-ordainak. NGP (LGENF)" kontu-sailaren kargura. 2010eko eskaeren guztizko zenbatekoak baimendutako kreditu hori gainditzen badu, laguntza ematerakoan kontu-sailean baliagarri dagoen kreditua deialdi honi erantsiko zaio ahalik eta eskaera gehienei erantzun ahal izateko.

3. Fruitu oskoldunetarako laguntza berariazkoaren osagarri den laguntzaren 2010eko deialdiari aurre egiteko 180.000 euroko kreditua baimentzea, 2010eko Gastuen Aurrekontuko 710001 71230 4700 414206, "Fruitu lehorren ekoizpenerako laguntzak" izeneko kontu-sailaren kargura. Eskaeren guztizko zenbatekoak baimendutako kreditu hori gainditzen badu, laguntza ematerakoan kontu-sailean baliagarri dagoen kreditua deialdi honi erantsiko zaio ahalik eta eskaera gehienei erantzun ahal izateko.

4. Abeltzaintzako produkzio iraunkorretarako laguntzaren 2010eko deialdiari aurre egiteko 1.700.000 euroko kreditua baimentzea, 2010eko Gastuen Aurrekontuko 711001 71310 4700 412208, "Abeltzaintzako produkzio iraunkorretarako laguntza" izeneko kontu-sailaren kargura. Eskaeren guztizko zenbatekoak baimendutako kreditu hori gainditzen badu, laguntza ematerakoan kontu-sail horretan baliagarri dagoen kreditua deialdi honi erantsiko zaio ahalik eta eskaera gehienei erantzun ahal izateko.

5. Hurrenez hurren, 300.000 euroko kreditua eta 200.000 eurokoa baimentzea nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntzen deialdiari eta hazitarako patataren laborantzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntzen deialdiari aurre egiteko, 2010eko Gastuen Aurrekontuko 710001 71230 4700 414203, "NGPan sarturik ez dauden nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzak" izeneko kontu-sailaren kargura. Laguntza horietako bakoitzean, eskaeren guztizko zenbatekoak baimendutako kreditua gainditzen badu, laguntza ematerakoan kontu-sailean baliagarri dagoen kreditua deialdi horiei erantsi ahalko zaie ahalik eta eskaera gehienei erantzun ahal izateko. Lehendabizi plastiko biodegradagarria sustatzeko laguntza emanen da eta gero hazitarako patatarena.

6. Mahastietan nekazaritzako ingurumen neurriak aplikatzeko laguntzetarako 1.000.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko Gastuen Aurrekontuko 711001 71230 4700 414204, "Nekazaritzako ingurumen neurriak mahastietarako" kontu-sailaren kargura eta 2011ko, 2012ko, 2013ko eta 2014ko gastuen aurrekontuetan ezartzen diren kontu-sail baliokideen kargura, urte bakoitzean laguntza ematerakoan baliagarri dagoen kredituaren mugara iritsi arte.

7. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko otsailaren 26an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

2010EKO KANPAINARAKO ESKAERA BAKARRA
AURKEZTEKO ARAUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da 73/2009 (EE) Erregelamenduak arautzen dituen zuzeneko laguntza hauetarako eskaerak aurkezteko arauak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean, 2010eko kanpainarako:

1. Ordainketa Bakarra, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren III. tituluan ezarria.

2. Azaleraren araberako laguntzen araubideak, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren IV. tituluan ezarriak:

a) Arroz ekoizleei hektareako eman beharreko berariazko laguntza, 1. atalean ezarria.

b) Proteaginosoetarako prima, 3. atalean ezarria.

c) Fruitu oskoldunei emateko laguntza, azaleraren araberakoa, 4. atalean ezarria.

d) Haziak ekoizteko laguntza, 5. atalean ezarria.

e) Azukre-erremolatxa eta azukre-kanaberaren ekoizleei eman beharreko erkidego mailako laguntza, 7. atalean ezarria.

f) Eraldatzeko tomaterako laguntza, 8. atalean ezarria.

g) Bazkatokiaren justifikazioa, 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren 69. artikuluan ezarria, azienda-dentsitatea neurtzeko.

3. Abeltzaintzarako laguntza araubideak, IV. tituluan ezarriak:

a) Behi ume-hazleak dituzten ekoizleei eman beharreko prima, 11. ataleko 111. artikuluan ezarria.

b) Abereak hiltzeko prima, 11. ataleko 116. artikuluan ezarria.

4. Kontseiluaren 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren 69. artikulua aplikatzeagatiko ordainketak, 66/2010 Errege Dekretuaren V. tituluan ezarriak:

a) Erremolatxarako eta azukre-kanaberarako ordainketa osagarria, 48. artikuluan ezarria.

b) Behi ume-hazleak dituzten ustiategietarako ordainketa osagarria, 49. artikuluan ezarria.

c) Ofizialki aitortutako kalitateko behikiaren ekoizpenerako ordainketa osagarria, 53. artikuluan ezarria.

d) Esne sektoreko ordainketa osagarria, 56. artikuluan ezarria.

5. 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikulua aplikatzeagatiko laguntza berariazkoak, 66/2010 Errege Dekretuan ezarriak.

5.1. Nekazarientzako laguntzak:

a) Lehorreko alorretan labore-txandaketa sustatzeko laguntza, 59. artikuluan ezarria.

b) Lekaleen kalitatea sustatzeko laguntza, 69. artikuluan ezarria.

c) Tabakoaren kalitatea sustatzeko laguntza, 75. artikuluan ezarria.

5.2. Abeltzainentzako laguntzak:

a) Kalitateko deitura duten ardi eta ahuntz aziendaren ekoizleentzako laguntzak, 84. artikuluan ezarriak.

b) Haragi ekoizpenera bideratutako ustiategiak dituzten ardi eta ahuntz aziendaren ekoizleentzako laguntzak, 87. artikuluan ezarriak.

c) Eskualde behartsuetako esne ekoizleentzako laguntzak, 90. artikuluan ezarriak.

d) Kalitateko deitura duten esne ekoizleentzako laguntzak, 94. artikuluan ezarriak.

6. Kontseiluak 1698/2005 Erregelamenduan landa garapenerako ezarritako laguntzak, 2007-2013 aldirako Nafarroako nekazaritza garatzeko programaren esparruan:

a) Nafarroako mendialderako eta eskualde behartsuetarako kalte-ordainak, otsailaren 12ko 32/2007 Foru Aginduan araututakoak.

b) Nekazaritza ekologikorako laguntza, otsailaren 12ko 33/2007 Foru Aginduan araututakoa.

c) Abeltzaintza ekologikorako laguntza, otsailaren 12ko 35/2007 Foru Aginduan araututakoa.

d) Galtzeko zorian dauden arraza autoktonoak babesteko eta sustatzeko laguntza, otsailaren 12ko 36/2007 Foru Aginduan araututakoa.

e) Nekazaritza ekologikorako laguntza, otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduan araututakoa.

7. Nafarroako Gobernuaren Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak:

a) Fruitu oskoldunetarako laguntza osagarria.

b) Behi ume-hazleengatiko primaren osagarri den laguntza.

c) Abeltzaintzako produkzio iraunkorretarako laguntza.

d) Nekazaritzan plastiko biodegradagarrizko lur-estalkiaren teknika sustatzeko laguntza, abuztuaren 7ko 393/2009 Foru Aginduan arautua.

e) Hazitarako patataren laborantzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntza, ekainaren 15eko 322/2009 Foru Aginduan arautua.

f) Mahastietan nekazaritzako ingurumen neurriak aplikatzeko laguntzak, otsailaren 19ko 76/2010 Foru Aginduan arautuak.

8. Ordainketa bakarrari dagokionez, zenbait laguntza-araubide ordainketa bakarreko araubidean sartzeko arauak ematen dira.

9. Azkenik, eskubideak lagatzeko komunikazioak eta erreserba nazionalaren eskubideen eskaerak arautzen dira, 1680/2009 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroko inskripzioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateak kofinantzatutako laguntzak eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa da Ustiategien Erregistroan izena emana egotea.

2. Laguntzak kudeatzen dituen organoak Nafarroako Abeltegien Erregistroan begiratuko ditu bazkideen eta haiek sozietateetan duten ehunekoen gaineko datuak, bai eta ogibide nagusia nekazaritza izatearen frogagiria, lehentasunezko ustiategiarena eta nekazari profesionalarena ere, foru agindu honetan aipatzen diren laguntzak tramitatu ahal izateko.

3. Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren 6. artikuluko 1 zenbakiko a) letran xedaturikoaren arabera, ustiategien titularrek erregistroan inskribatzea eska dezakete foru agindu honetan aipatzen den laguntza-eskaera bakarra egiten duten unean.

3. artikulua. Laguntzen onuradunak.

1. artikuluan aipatzen diren laguntzak osorik edo hein handi batean Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden ustiategien titularrek hartzen ahalko dituzte eta eremurik gabeko ustiategien titularrek, abere gehienak Nafarroako Foru Komunitatean badituzte.

4. artikulua. Eskaera bakarraren edukia.

1. Eskatutako laguntza bakoitzaren eskaera berariazkoa, azalerei loturiko laguntzen xede diren esparruak adieraziz.

2. Ustiategiko nekazaritzako lurzati guztien adierazpena.

Titular berak adierazitako eta labore mota bereko esparru mugakide guztiek nekazaritzako lurzati bat osatzen dute, eta denak lurzati zenbaki berarekin adierazi behar dira eskaera bakarrean. 2010eko otsailaren 1ean indarra duen NELIGSeko lurzati edo esparruaren erreferentziaren bidez identifikatuko dira nekazaritzako lurzatiak, egoera hauetan daudenak izan ezik:

a) Lurzatiak berrantolatzeko prozesuen menpe dauden lurzatiak, lurretan mugaturik badaude eta 2010eko otsailaren 1ean NELIGSean ageri ez badira, kasuan kasuko lurzati berrantolamenduaren poligonoaren zenbakiari 70 gehituz adieraziko dira. Lurzatiko zenbakia lurzati berrantolamenduko bera izanen da. Artaxoako (III. sektorea), Larragako, Tafallako, Erriberriko IV.1 sektoreko eta Erriberriko IV.5.2 sektoreko berrantolamendu eremuetan poligonoari 80 gehituko zaio, eta Erriberrin eta Tafallan (V. sektorea) poligonoari 90 gehituko zaio. Ablitasko eremu ureztatuen berrantolamenduetan, poligonoari 200 gehituko zaio.

b) Aprobetxamendu bateraturako bazkatokiak 99. poligonoarekin deklaratuko dira eta kasuan kasuko toki entitateak ematen duen ziurtagirian ageri dena izanen da lurzatiaren zenbakia.

c) Bazkatokiak eta bazka aprobetxamenduak, haien esleipena udalei eta kontzejuei badagokie, konpentsazio-ordainen eta abeltzaintza iraunkorreko laguntzen esparruan, udalaren edo lurralde entitatearen kodearekin eta 1.000 poligonoarekin adieraziko dira. Lurzati zenbakian toki entitateak bazkatokian ezarritako zenbakia adieraziko da.

d) Partikular bati dagozkion lurren bazka-aprobetxamendua, katastroko lurzati asko ukitzen baditu, bazka-eremu gisa deklaratzen badira, konpentsazio-ordainen eta abeltzaintza iraunkorreko laguntzen esparruan, udalaren edo lurralde entitatearen kodearekin eta 2.000 poligonoarekin adieraziko dira. Lurzatiak errentatzaile bakoitzarendako zenbaki korrelatibo banarekin adieraziko dira.

3. Ordainketa bakarreko araubideko laguntza eskatuz gero, edukitako eskubideak erabili nahi diren lurzatien adierazpena.

4. Urbasako eta Andimendiko bazkatokien aprobetxamenduaren kasuan, eskatzaileek hauek adierazi beharko dituzte: zer azienda mota den, zenbat abelburu diren eta noiz egonen diren bazkatzen toki horietan. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak erabakiko du eskatzaile bakoitzari zer bazka-eremu dagokion, guztira zenbat azienda larriko abelburu dauden eta eskatzaileak deklaratutako azienda larriko abelburu kopurua aztertutakoan.

5. Azalerengatik edo elkarte baten abereengatik ordaina eskatzen duten eskatzaileek kasuan kasuko elkartearen identifikazio fiskalerako kodea eta bertan zer ehunekotan hartzen duten parte adierazi beharko dute.

6. Ondoko laguntza hauetakoren bat eskatzen duten titularrek eskaeran adierazi beharko dituzte ekoizpen unitate guztiak, baita Nafarroatik kanpo daudenak ere: behi ume-hazleen prima, behi azienda hiltzeko primak eta ordainketa osagarriak, Kontseiluaren 1782/2003 (EE) Erregelamendukoak; eta 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 68. artikulua aplikatzeagatiko laguntza berariazkoak, bai behi aziendaren sektorean bai ardi eta ahuntz aziendarenean.

5. artikulua. Eskaera bakarraren aurkezpena.

1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin lankidetza hitzarmena izenpetu duten entitate laguntzaileetan. Eskaeraren dokumentu laburpena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, eta eskualdeko eta ataletako bulegoetan aurkeztuko du entitate laguntzaileak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako erregistro edo bulegoetan.

Eskaera bakarraren eduki eta aurkezpen dataren ondorioetarako aurkeztutako laburpen-dokumentuaren edukiarekin bat datorren azken igorpen telematikoa hartuko da kontuan bakarrik.

2. Eskaerak aurkezteko epea azaleraren arabera nekazaritzako zenbait produkturi ordaindu beharrekoari eta Europar Batasunak abeltzaintzarako ematen dituen zenbait laguntzari buruzko estatuko arautegian ezartzen dena eta 2010eko otsailaren 1ean hasiko da.

3. Eskaerak foru agindu honen eranskinetan adierazten den "aurkeztu beharreko dokumentazioarekin" lagunduko da. Eskaera egiterakoan, eskatzaileek foru agindu honen I. eranskinean egiaztatu beharreko dokumentazio gisa ageri den dokumentazioa aurkeztu beharko dute, entitate laguntzailearen kudeatzaileak egiaztatu dezan. Eskatzaileek dokumentazio hori gorde eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren esku utzi beharko dute, azken honek hala eskatzen badu.

6. artikulua. Abereak hiltzeko primarako eskaera.

1. Abereak hiltzeko prima jaso nahi duten behien ekoizle guztiek eskaera bakarrean eskatu beharko dute, bai abereak Europar Batasunaren barnean hiltzen badira, bai bizirik hirugarren herrialde batera eramaten badira.

2. Espainian abereak hiltzeko prima jaso ahal izateko, nekazariek abereak hiltzeko primako araubidean parte hartzen dutela dioen adierazpena sartu beharko dute eskaera bakarrean.

3. Europar Batasuneko beste estatu kide batean hildako edo bizirik hirugarren herrialde batera eramandako abereak hiltzeko prima abereak hil eta hurrengo lau hilabeteen barnean eskatu beharko da, estatuko oinarrizko araudian ezarri epeetan, hau da, 2010eko otsailaren 1etik eskaera bakarraren epea amaitu arte, 2010eko ekainaren 1etik 30era bitartean, 2010eko irailaren 1etik 30era bitartean eta 2010eko abenduaren 1etik 2011ko urtarrilaren 15era bitartean. II. eranskinean adierazitako agiriekin batera aurkeztu behar da.

7. artikulua. Eskaeraren aldaketa.

1. Azalerengatiko laguntzako araubideei dagokienez, Batzordearen 1122/2009 Erregelamenduaren 14. artikuluan xedaturikoaren arabera, titularrek eskaera maiatzaren 31 arte aldatzen ahalko dute, zehapenik gabe, baina orduz geroztik ez da aldaketarik onartuko.

2. Aldaketak egiteko eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin lankidetza hitzarmena izenpetu duten entitate laguntzaileetan. Agiria, eskaeraren titularrak sinatuta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko da, haren eskualde bulegoetan eta arloetakoetan, edo Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean nahiz Herri Administrazioen Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietako edozeinetan.

Aldaketaren aurkezpen eguna eta edukia aintzat hartzeari dagokionez, kontuan hartuko da, bakar-bakarrik, aurkeztutako dokumentuaren edukiarekin bat datorren azken igorpen telematikoa.

3. Titularrari bere eskaera bakarrean akatsak daudela jakinaraziz gero edo tokian berean kontrol bat burutzeko asmoa adierazirik kontrol horrek akatsak nabarmentzen baditu, ez dira aurreko atalean aipatzen diren aldaketak baimenduko, akatsak ukitzen dituen nekazaritza lurzatiei dagokienez.

8. artikulua. Epez kanpo aurkeztea.

1. Epea bukatu eta hurrengo 25 egun naturaletan laguntza eskaerak onartuko dira. Kasu horretan Batzordearen 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 23. artikuluan ezarririko portzentajeetan gutxituko dira zenbatekoak.

2. Atzerapena 25 egun naturaletik gorakoa bada, eskaera ez da onartuko.

3. Ezinbesteko kasuetan eta salbuespenezko gorabeheretan ez da gutxitzerik aplikatuko.

9. artikulua. Laguntza eskaera kentzea.

1. Laguntza eskaerak noiznahi ere kentzen ahalko dira, osorik edo hein batean.

2. Hala ere, titularrari bere eskaera bakarrean akatsak daudela jakinaraziz gero edo tokian berean kontrol bat burutzeko asmoa adierazirik kontrol horrek akatsak nabarmentzen baditu, ez da baimenik emanen haiek ukituriko laguntza eskaera kentzeko.

3. Eskaerak osorik edo hein batean kentzean, titularra eskaera aurkeztu baino lehen zegoen bezala geldituko da.

10. artikulua. Azaleren eta haien erabileren gorabeheren jakinarazpena.

1. Eskatzaileak beharturik daude idatziz jakinaraztera Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari beren ustiategian gertatzen diren gorabeherak, hauen berri izan bezain laster, gorabehera horiek laguntzak eskuratzeko baldintzak eta konpromisoak ez betetzea badakarte.

a) Nekazaritzako laboreei dagokienez, deklaraturiko laboreek emaitzarik ez izatea eta basa faunaren, abereen, eguraldiaren, belar gaiztoen eta abarren eraginez laboreetan izan daitezkeen gorabeherak.

b) Esparruen NELIGSeko erabilerarekin ados ez egonez gero, aldatzeko eskaera aurkeztuko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariaren maiatzaren 30eko 89/2005 Foru Aginduan ezarritako moduan eta epeetan. Haren bidez, Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikorako Sistemaren (NELIGS) erregulazioa eta bera Nafarroan kudeatzeko arauak ezarri ziren.

c) Urbasan eta Andimendin bazkatzen diharduten azienda larriko abelburuei dagokienez, aprobetxamendu hori hasiera batean deklaraturikoek baino abelburu gutxiagok egiten badute, ukituriko abeltzainek jakinarazi beharko dute zenbatek eginen duten aprobetxamendu hori.

2. Ekoizleek gorabehera horiek jakinaraztean laguntzaren eskaera benetako egoerara egokituko da. Batzordearen (EE) 1122/2009 Erregelamenduaren II. zatiko IV. tituluan aipatzen diren murrizketa eta salbuespenak laguntzaren eskaeren zati batzuei ez zaizkie aplikatuko baldin eta ekoizleek idatziz jakinarazten badiote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari laguntzaren eskaera ez dela zuzena edo okertu dela, betiere ekoizleei aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bertan kontrolatzeko asmoaren edo beren eskaeraren akatsen berri eman ez badie.

11. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzei buruzko arautegikoez gain, onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Eman eta hartutako diru-laguntzak direla eta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro onartzea.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari betebeharrak egiaztatzeko eskatzen dizkien agiriak oro luzatzea.

c) Helburu bereko beste diru-laguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

d) Behi aziendaren ustiategiaren liburua eguneratua izatea eta behi azienda identifikatu eta erregistratzeari buruzko arauetan ezarritako jakinarazpen epeak betetzea.

e) Ardi eta ahuntz aziendaren ustiategiko liburua eguneratua izatea.

f) Lurzatietan laborea edo haren hondarrak irailaren 10a arte uztea, ekilore, soja eta gariaren kasuan, eta ekainaren 30a arte gainerako laboreetan.

12. artikulua. Kontrolak.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen eskatzaileek onartuak izateko kontrolak onartu beharko dituzte, bai administratiboak, bai tokian tokikoak, laguntzei buruzko arautegian ezartzen direnak.

2. Gainera, zuzeneko laguntzak eta NGPko laguntzak (foru agindu honen 1. artikuluko 1., 2., 3., 4., 5., 6., 7.a eta 7.b puntuak) eskatzen dituztenek baldintzen kontrolak onartu beharko dituzte.

13. artikulua. Gutxieneko ordainketa.

Ez da zuzeneko ordainketarik emanen foru agindu honen 1. artikuluko 1. ataletik 5.era bitartekoetan aipatzen diren laguntzen batura 100 eurotik beherakoa bada, 66/2010 Errege Dekretuaren 102.3 artikuluari jarraikiz.

14. artikulua. Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzei buruzko itzulketei, arau-hausteei eta administrazio zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat jokatuko da.

2. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura administratiboa abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuan ezarritakoa izanen da, haren bidez onetsi baitzen nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloetako zehapenak jartzeko administrazio prozedura.

II. TITULUA

Ordainketa bakarreko araubidearen eskubideak

15. artikulua. Zenbait sektore ordainketa bakarreko araubideari atxikitzea.

1. Ondokoak ordainketa bakarreko araubidean sartuko dira 2010eko kanpainan:

a) 2008ko eskaera bakarrean zitriko sailak adierazi dituzten nekazariak, zitriko horiek 2006ko irailaren 30erako landatuta bazeuden.

b) 2005-2006ko edota 2006-2007ko merkaturatze kanpainan, edateko alkohola destilatzeko kontratu baimendua duen ekoizleren bati zuzenean edo zeharka mahats entregak egin dizkioten mahastizainak.

c) 2009. urtean mahastiak erauzteko prima jaso duten mahastizainak.

d) Kontseiluak 2003ko irailaren 29an emandako 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren IV. tituluari jarraikiz, gutxieneko azalera edo abere-kopuru hauetakoren bat ezarri zaien nekazariak:

i. 2007-2008 eta 2008-2009 kanpainetan belarki-laboretarako alorrengatik ordaindutakoaren arabera zehaztutako azalera.

ii. 2007-2008 eta 2008-2009 kanpainetan gari gogorraren kalitaterako berariazko primaren arabera zehaztutako azalera.

iii. 2007-2008 eta 2008-2009 kanpainetan olibadietarako laguntzaren arabera zehaztutako azalera.

iv. 2008ko kanpainan ardi eta ahuntz aziendarako ordainketen arabera zehaztutako abere kopurua.

e) Aurreko atalean aipatu nekazari baten ustiategi osoa edo horren zati bat jaso dutenak.

f) 1680/2009 Errege Dekretuaren 23. artikuluan adierazitakoari jarraikiz, erreserba nazionaleko eskubideak jasotzeko eskubidea dutenak.

2. Lehen atalean aipatutako nekazariak, gaur egun ordainketa bakarreko eskubiderik ez badute, ordainketa bakarreko araubidean onar ditzaten eskatu behar dute eskaera bakarra egiterakoan, behin betiko eskubideen ezarpena lortzeko.

16. artikulua. Behin-behineko eskubideak jakinaraztea.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak behin-behineko eskubideak jakinaraziko dizkie 15. artikuluan adierazten diren nekazariei, betiere ordainketa bakarreko eskubideak Nafarroako Foru Komunitatean esleituak badituzte edo, araubide horretako onuradun berrien kasuan, azkeneko eskaera bakarra erkidego honetan aurkeztu baldin badute. Nekazariaren lehenengo eskaera bakarra baldin bada, orduan ere Foru Komunitateari egokituko zaio eskubideak jakinaraztea, behin-behineko eskubideen barrenean sartu beharreko eremuaren zatirik handiena bertan kokatzen baldin bada.

2. Jakinarazpen hori jasotzen ez dutenek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan eska dezakete.

17. artikulua. Behin-behineko eskubideen aurkako alegazioak.

1. Behin-behineko eskubideen jakinarazpenarekin ados ez dauden nekazariek alegazioa aurkezten ahalko dute.

2. Halaber, alegazioak aurkeztu ahal izanen dituzte 1680/2009 Errege Dekretuaren 16., 17., 18., 19. eta 20. artikuluetan xedaturikoa aplikatuz.

3. Jaraunspen benetakoa edo aurreratua, nortasun juridikoaren aldaketa, bat-egitea edo zatiketa dela-eta 2007ko azaroaren 1etik aurrera ordainketa bakarreko eskubideen lagapenen bat aurkeztu duten nekazariei, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, ofizioz, behin-behineko eskubideen titulartasun aldaketa eginen die, titulartasuna eskubide-lagapenaren hartzaileari emateko. Aldez aurretik lagapena aurkeztu eta onetsi behar da.

4. Alegazioak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko dira, eskaera bakarra egiteko ezarritako epe berean, eta, laguntza berriz kalkulatzeko arrazoiak justifikatzeko, III. eranskinean agertzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da gutxienez.

18. artikulua. Tabako gordinerako laguntza berariazkoaren desakoplamendu partzialetik sortutako eskubideen balio igoera.

1. Kontseiluaren 1782/2003 (EE) Erregelamendua aplikatuta, tabako gordinaren ekoizpenerako laguntzaren %38aren desakoplamendu partzialetik sortutako eskubideen zenbatekoa handitu eginen da.

2. Igoera %7koa izanen da eta horrenbestez %45era iritsiko da.

19. artikulua. Eskubide lagapenak.

1. Ordainketa bakarreko eskubideak nekazarien artean lagatzen ahalko dira, azaroaren 13ko 1680/2009 Errege Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskatzaileak ordainketa bakarreko bere azken eskaera Nafarroan egin bazuen soilik aurkeztu daitezke eskubideak lagatzeko komunikazioak Nafarroan.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko dira eskaerak, IV. eranskinean agertzen den dokumentazioarekin batera, aukeratutako lagapen motaren arabera.

4. Lagapenen berri emateko epea 2009ko azaroaren 1ean hasiko da eta eskaera bakarra aurkezteko epea baino sei aste lehenago amaituko da, salbu eta titulartasuna aldatzen denean jaraunspenengatik, erretiroengatik, jarduera aldez aurretik uzteko programengatik, bat-egiteengatik, zatiketengatik edo nortasun juridikoaren aldaketengatik; horrelakoetan eskaera bakarra aurkezteko epea bukatu arte luzatuko da.

5. Ulertuko da lagapena onartu dela, eskaera egiten denetik sei astera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ez badu arrazoirik eman bere ezadostasuna adierazteko.

20. artikulua. Erreserba nazionala.

1. Nekazariek erreserba nazionaleko eskubideak eskatzen ahalko dituzte, azaroaren 13ko 1680/2009 Errege Dekretuaren 23. artikuluan ezarririko baldintzak betetzen badituzte.

2. Eskatzaileak ordainketa bakarreko bere eskaera Nafarroako Foru Komunitatean egin bazuen soilik aurkeztu daitezke erreserba nazionalerako eskaerak erkidego horretan.

3. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan aurkeztuko dira edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen lekuetako edozeinetan. Eskaerarekin batera, V. eranskinean aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira.

4. Aurkezteko epea, 4.2 artikuluan eskaera bakarra aurkezteko ezarritakoa bera da. Epai irmo edo egintza administratibo irmoen kasuan, ordea, interesdunak jakinarazpena 2010eko apirilaren 1aren ondoren jaso badu, kanpaina honetan edo hurrengoan aurkeztu ahalko da eskaera.

21. artikulua. Ordainketarako eskubide erabili gabeak.

Bi urtez erabiltzen ez den laguntza eskubide oro erreserba nazionalari atxikiko zaio, ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko egoeretan izan ezik. 2010ean, hala ere, 2008an eta 2009an aktibatu ez diren ordainketa-eskubideak ez zaizkio erreserba nazionalari atxikiko 2007an aktibatu baldin baziren.

III. TITULUA

Laguntzei buruzko xedapenak

I. KAPITULUA

Ordainketa bakarreko araubidea

22. artikulua. Laguntzarako eskubideak, ordainketa bakarra lortzeko.

1. Ordainketa bakarraren eskaeraren xede den laguntzarako eskaera oro hektarea onargarri batekin frogatu beharko da.

2. Ordainketa bakarraren xede diren eremuek edukitako eskubide guztiak ukitzen ez badituzte, titularrak erabaki ahal izanen du, edo ordainketa bakarreko bere eskubide guztiak aplikatzea, edo laguntzaren xede diren eskubideen zerrenda eranstea eskaera bakarrari.

Eskatzaileak ordainketa bakarreko bere eskubide guztiak aplikatzeko eskatzen duenean, unitateko balio handiena duten laguntzarako eskubide arruntak aplikatuko zaizkio lehendabizi.

3. Eskubide bereziengatik ordainketa bakarra eskatzen duten nekazariak 1. atalean aipatzen den eginbeharretik salbuetsiko dira, erreferentziako aldian jardueraren %50ari eusten diotenena, azienda larriko unitateetan adierazirik (AzLU).

4. Eskubide bereziak dituzten eskatzaileek, erreferentziako aldian egindako jardueraren %50ari eutsiko ez badiote eta eskubide bereziak eremuan erabili nahi badituzte, espresuki adierazi beharko dute eta eskubide bereziak laguntzarako eskubide arruntzat joko dira.

23. artikulua. Azalera onargarriak eta ordainketa eskubide arruntak aplikatzen diren lurzatien nekazaritza erabilera.

1. Ordainketa bakarreko eskubide arruntak aplikatzerakoan, azalera onargarritzat joko dira azaroaren 13ko 1680/2009 Errege Dekretuaren 2.d) artikuluan ezarritakoak, nagusiki nekazaritzarako erabiltzen baldin badira.

2. Basoek okupatutako azalerak ez dira hektarea onargarritzat joko.

3. Fruta-sail eta baratzeen azalerak onargarritzat joko dira fruta eta barazki hauek ekoizteko erabiltzen direnean soilik: eraldaketarako tomateak, eraldatzeko balio duten mertxika horiak, Williams eta Rocha barietateetako udareak, Ente barietateko aranak, pikuak, ardotarako mahatsa eta Moscatel barietateko mahatsa. Hala ere, Nafarroako Foru Komunitatean fruta edo barazkien bigarren labore bat lortu ahal izanen da 2010eko abuztuaren 15etik azaroaren 15era bitartean, 1120/2009 (EE) Erregelamenduaren II. eranskinaren arabera.

4. Ordainketa bakarrari dagokionez, azalera onargarritzat joko da zuhaixka-larreen azaleraren %50 eta zuhaitz-larreen azaleraren %25.

24. artikulua. Lantzen ez diren lurrak mantentzea.

Ordainketa bakarreko eskubideak aplikatzen zaizkien lur landu gabeak laborantzarako egoera egokian mantendu beharko dira. Behar ez diren espezieen sarrera eragotziko da ondoko metodo hauetako edozein erabiliz:

a) Laborantzako ohiko praktikak

b) Gutxieneko lur-lantzea

c) Lurgainak egokiro mantentzea, edo

d) Baimenduta dauden herbizidak erabiltzea, arrisku txikikoak eta hondar-eraginik gabeak.

Kanpaina batean baino gehiagotan erein gabe edo artzaintzarako aprobetxatu gabe uzten diren lurzatietan, beharrezkoa da mantentze-lanak gutxienez lau urtean behin egitea VI. eta VII. nekazaritza eskualdeetan, eta bi urtean behin gainerako eskualdeetan.

II. KAPITULUA

Azaleraren araberako laguntzak

25. artikulua. Bazkatokia eta bazkatoki baliokidea.

1. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzak kalkulatzeko, 66/2010 Errege Dekretuaren 2.j) artikuluan ezarri dena joko da bazkatokitzat.

2. Udalek edo beste edozein erakunde eskudunek eragozpenak dituztenean sartzeko edo erabiltzeko azalerak ez dira aintzakotzat hartuko, ez eta aprobetxamendu hori Antolamendu Proiektuetan, Kudeaketarako Plan Teknikoetan edo horien aldaketetan xedatzen denarekin ez datorrenean ere.

3. Bazkatokien azalera baliokidetzat joko da, eta foru agindu honetako laguntzei dagokienez azalera onargarria izanen da, zuhaixka-larreen azaleraren %50 eta zuhaitz-larreen azaleraren %25.

26. artikulua. Ureztalurrak.

1. Dirua hartu ahal izateko, ureztaketa lurtzat hartuko dira foru agindu honen 5. artikuluan eskaerak aurkezteko ezarritako epearen azken egunaren aurretik NELIGSeko ureztaketa esparruetan dauden nekazaritzako lurzatiak.

2. Bestetik, ureztalurtzat hartuko dira ureztaketa lur bihurtzeko prozeduretan edo lurzatien berrantolamendu prozeduretan sarturiko nekazaritzako lurzatiak, katastroan hala agertzen direnak eta baita ere, lehen aipatutako data baino lehen, ureztatzen hasteko adierazpena edo egiaztapen akta partzialen akta jaso duten lurzatiak, Riegos del Canal de Navarra S.A. enpresaren ustez teknikoki bermatuta badago azpiegituren erabilera.

27. artikulua. Fruitu oskoldunetarako laguntza.

1. Urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 21. artikuluak aipatzen duen koefiziente zuzentzailea aplikatzea beharrezkoa bada, laguntza bat emanen da 2010eko ekitaldirako Nafarroako Gobernuaren Aurrekontu Orokorren kargura, koefiziente zuzentzaileak eragindako murrizketaren adinakoa, betiere aurrekontuetan horretan erabiltzeko dirurik baldin badago eta, 120,75 euro/hektareako, gehienez ere.

2. Aurreko ataleko mugen barnean, ogibide nagusia nekazaritza duten titularren azaleretarako laguntza osagarri bat emanen da, 60,375 euro/hektareako, gehienez ere.

28. artikulua. Izakinen adierazpenak eta arroz ekoizpena.

Berariazko laguntza sistemari atxikitzen diren arroz ekoizleek adierazpen hauek egin beharko dituzte:

a) Urriaren 15a baino lehen, joan den urteko abuztuaren 31n beren esku zituzten izakinen adierazpena.

b) Azaroaren 15a baino lehen, lortutako ekoizpenaren edo erabilitako azaleraren adierazpena. Egun horretan uzta bildu gabe badute, aurreikusitako uztaren adierazpena eginen dute, eta bildutakoan uztaren adierazpena eginen dute.

29. artikulua. Eraldaketarako tomaterako laguntzetan kontratuak aurkeztea.

Eraldatzailearekin zuzenean kontratua egin duen nekazariak kontratua aurkeztuko du deialdi honen 5. artikuluan eskaera bakarrerako ezarritako epe eta tokietan.

30. artikulua. Lehorreko lurretan laboreen txandaketa sustatzeko laguntza.

1. Lehorreko lurretan belarki-labore hautagarriak ekoizten dituzten nekazariek laguntza hau eskatu ahalko dute, baldin eta beren eskualdean, Espainiako produkzioa eskualdekatzeko Planaren arabera, lehorreko zereal soroen batez besteko errendimenduaren indizea (ZEI) hektarea bakoitzeko 2 tonakoa edo txikiagoa bada, urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 59. artikulutik 68.era bitartekoetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ordainketarako eskubidea duen azaleratzat joko da belarki-labore hautagarrietarako azalera hautagarria, lugorri indize erraztua bete arte doitua (2,0 t/ha-ko ZEI indizea duten eskualdeetarako, 10 hektarea lugorri, laguntza jasotzen duten 100 hektareako; eta 1,8 t/ha-ko ZEI indizea duten eskualdeetarako, 15 hektarea lugorri, laguntza jasotzen duten 100 hektareako).

3. 1120/2009 Erregelamenduaren 38. artikulua eta 66/2010 Errege Dekretuaren 67. artikulua aplikatuz, Nafarroako Foru Komunitateak aukeratu du ez aldatzea lehorreko zereal estentsiboen neurria, 2007-2013 aldirako NGPan jasotakoa, eta, ondorioz, Nafarroako Foru Komunitateko lurretan laboreen txandaketa sustatzeko laguntza eskatzen duten nekazariek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntzaren oinarrizko zenbatekoa jaso ahal izateko, ordainketarako eskubidea duten eta laguntzaren xede diren hektareen %25ean, gutxienez, olio landare, proteinadun edo lekale hautagarriak ekoiztea.

b) 66/2010 Errege Dekretuaren 64. artikuluan ezarritako 1. osagarria jaso ahal izateko, errege dekretu horren 61. artikuluko c) letran ezarritako konpromisoa handitu behar dute, ehuneko 10 puntu gehituz.

c) 66/2010 Errege Dekretuaren 65. artikuluan ezarritako 2. osagarria jaso ahal izateko, ordainketarako eskubidea duen azaleraren %30 erabili behar dute, gutxienez, errege dekretu horren IX. eranskineko IV. zutabean ageri diren lekale hautagarrietako bat edo gehiago ekoizteko.

31. artikulua. Lekaleen kalitatea sustatzeko laguntza.

Giza kontsumorako garbantzuak, dilistak edo babarrunak ekoizten dituzten nekazariek eskatzen ahalko dute laguntza hau, kalitatea ziurtatzen duten erakundeetan erregistraturiko azalerengatik, urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 69. artikulutik 74.era bitartekoetan ezarritakoaren arabera.

32. artikulua. Tabakoaren kalitatea sustatzeko laguntza.

Tabakoaren kalitatea sustatzeko laguntza urtarrilaren 29ko 66/2010 Errege Dekretuaren 75. artikulutik 82.era bitartekoetan araututa dago. Laguntza hori eskatzen ahalko dute NC 2401 kodeko tabako gordina ekoizten duten nekazariek, baldin eta lehen eraldaketarako enpresa bati ematen badiote tabakoa, kontratu bidez, eta 1782/2003 (EE) Erregelamenduan tabako ekoizpenerako ezarritako laguntza jaso badute 2006an, 2007an, 2008an edota 2009an.

III. KAPITULUA

Abeltzainentzako primak

33. artikulua. Ustiategiko abereen mantentzea.

1. Behi ume-hazleen prima jasotzeko eskubidea izateko, atxikialdian ekoizleak eskuragarri izan beharko ditu eskubideekin bat datozen abereak, gutxienez.

2. Behi ume-hazleentzako primetarako eta behi ume-hazleak dituzten ustiapenentzako ordainketa osagarrietarako atxikialdiak sei hilabetekoak izanen dira, eskaera aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

Behi ume-hazleen ekoizleen prima eskaeran eta behi ume-hazleak dituzten ustiapenentzako ordainketa osagarrirako eskaeran, behi ume-hazleek primaren xede diren abere guztien %60 gutxienez izan beharko dute eta txahalek, %40 gehienez ere. Ehuneko hauei atxikialdi osoan eutsiko zaie.

3. Abereak hiltzeko primaren atxikialdia bi hilabetekoa izanen da gutxienez. Atxikialdi hori amaitu behar da aberea hil baino hilabete lehenago edo aberea esportatu baino bi hilabete lehenago, gutxienez. Txahala hiru hilabete egin aurretik hiltzen denean, atxikialdia hilabetekoa izanen da.

34. artikulua. Abereen erregistroa.

4. Abeltzaintzako primak jasotzeko, abereak behien identifikazio eta erregistro sistemaren datu basean eta ustiategiko liburuan egon beharko dira, atxikialdiaren hasieran.

35. artikulua. Azienda dentsitatea.

Behi ume-hazleak dituzten ustiategietarako ordainketa osagarrien kobrantza ustiategiaren azienda-zamari lotuko zaio; izan ere, ezin izanen du gainditu 1,5 AzLU/ha, guztira 15 AzLU edo gutxiago duten ekoizleak izan ezik.

36. artikulua. Bajak eta ukoak behi ume-hazleen priman eta behi ume-hazleak dituzten ustiategietarako ordainketa osagarrietan.

Primetarako, ondoko hauek hartuko dira agintaritza eskudunari jakinarazitako abere-galeratzat:

a) Galeraren berri izan ondoko 10 egun balioduneko epean horretarako Abeltzaintza Zerbitzuari idatziz egindakoak. Galeraren arrazoiak zehaztuko dira: abere taldeari dagozkion arrazoi naturalak, ezinbesteko arrazoiak, edo eskatutako primari uko egin izana.

b) Behien identifikazio eta erregistro sistemaren datu baseari epearen barnean jakinarazitako ustiategiaren barneko heriotzak.

c) Nafarroan kokaturiko abeltegietan, abereak abeltegia utzi duenean, idatziz ez ezik behien identifikazio eta erregistro sistemaren datu baseari jakinaraziz ere uko egiten ahalko zaio eskaerari hein batean.

d) Primarako aitortzen den behi edo txahal baten ordez, atxikialdian hiltzen bada, beste behi edo txahal bat sartzen ahalko da, baldin eta aldaketa horrekin ere behi ume-hazleen ehuneko horietan behar den kopuruari eusten bazaio. Atxikialdiko ordezpen horiek 20 eguneko epean gertatuko dira, aberea hil edo txahalaren ordez behia ekartzen denetik hasita, beste abeltegi batetik ekartzen direnean. Balioko dute behien identifikazio eta erregistro sistemaren datu baseari 7 egun balioduneko epean jakinaraziz gero, gertatzen denetik hasita eta ustiapenaren liburuan gertaeraren ondoko hurrengo hiru egunen barruan jaso badira.

37. artikulua. Esklusioak behi ume-hazleen priman, abereak hiltzeko priman, ordainketa osagarrietan eta behi eta ardi aziendarako laguntza berariazkoetan.

Behi ume-hazleen priman, abereak hiltzeko priman, ordainketa osagarrietan eta behi eta ardi aziendarako laguntza berariazkoetan, baldintza hauek betetzen ez dituzten abeltzainak kanpora utziko dira:

a) Martxoaren 26ko 479/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa, horren bidez abeltegien erregistro orokorra ezartzen baita. Honela egiaztatuko da baldintza horiek betetzen direla: behi ume-hazleen primaren, abereak hiltzeko primaren eta behi ume-hazleak dituzten nekazarientzako ordainketa osagarrien kasuan, atxikialdian; ofizialki aitortutako kalitateko behikia ekoizten dutenentzako ordainketa osagarrien kasuan, eskaera egiten den egunean; esnearen sektorerako ordainketa osagarrien kasuan, urte bakoitzeko martxoaren 31n; eta behi eta ardi aziendarako laguntza berariazkoen kasuan, eskaera aurkezten denean.

b) Abere biziek eta haien produktuek edukitzen dituzten substantzia eta hondakin batzuei aplikatu beharreko kontrol neurriak ezartzen dituen uztailaren 31ko 1749/1998 Errege Dekretuan xedatutakoa.

38. artikulua. Kalitateko haragiaren ekoizpenerako ordainketa osagarriak.

Ofizialki aitortutako kalitateko behikiaren ekoizpenerako ordainketa osagarria emanen zaie behikiaren abeltzainei, ofizialki aitortutako haragiaren kalitate sistema hauetako batean hildako behi bakoitzeko:

a) Jatorrizko deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak.

b) Abeltzaintza ekologikoa edo integratua.

c) Behikiaren etiketak, arau orokorretan ezarritakoak baino baldintza zorrotzagoak betetzen dituela adierazteko.

39. artikulua. Esnearen sektorerako ordainketa osagarriak.

1. Esnearen sektorerako ordainketa osagarriak esnetarako azienda biltzen duten eta hurrengo betebeharrak betetzen dituzten ustiategiak dituzten abeltzainei emanen zaizkie:

a) Esne sektoreko Higiene Praktika Egokien Gida, Ingurumenaren, Landa Ingurunearen eta Itsas Ingurunearen Ministerioaren web orrialdean argitaratua, edo autonomia erkidegoetan onetsitako antzeko gidak betetzeko onarpena aurkeztu izana.

b) Esne gordinaren kalitatearen arloan indarrean dagoen araudia bete ez izateagatiko zehapena jaso ez izana, laguntzak eskatzen diren urtearen aurreko azken hiru urteetan.

c) Laguntza eskatzen den urtearen aurrekoan zehapena jaso ez izana, ustiategiaren ekoizpen ahalmenaren eta ekainaren 24ko 754/2005 Errege Dekretuan ezarritakoaren esparruan deklaratutako entregen arteko koherentzia egiaztatzeko kontrola dela eta.

d) Eskaeraren urtean hasten den tasa-aldian zuzeneko esne emateak edo salmentak egitea.

2. Esnearen sektorerako ordainketa osagarria kalkulatzeko, Ingurumenaren, Landa Ingurunearen eta Itsas Ingurunearen Ministerioak urte bakoitzeko martxoaren 31n eskuragarri dagoen kuota-kilogramoa hartuko du kontuan.

Ustiategiari lotutako transferentzien kasuan, transferentziaren xede den zenbateko guztia hartuko da hartzailearen aldeko kuota eskuragarri gisa.

40. artikulua. Kalitateko produkzioak dituzten ardi eta ahuntz ekoizleentzako laguntza berariazkoa.

Ardi eta ahuntz azienda duten nekazariek laguntza hau eskatzen ahalko dute, ustiategiko emeen %25ek, gutxienez, kalitateko deituraren baten babesean merkaturatuko den esnea edota haragia ematen badute, 66/2010 Errege Dekretuaren 84. artikulutik 86.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera.

41. artikulua. Haragitarako ardi eta ahuntz aziendarako laguntza berariazkoa.

Ardi eta ahuntz azienda duten nekazariek laguntza hau eskatu ahalko dute ustiategiak haragitarako gaitasuna badu, eta ustiategi elkarte bati atxikia badago, 66/2010 Errege Dekretuaren 87. artikulutik 89.era bitartekoetan xedatutakoari jarraikiz.

42. artikulua. Eskualde behartsuetako esne sektoreko nekazarientzako laguntza berariazkoa.

Eskualde behartsuetan esne ustiategiak dituzten nekazariek eskatu ahalko dute laguntza hau, 66/2010 Errege Dekretuaren 90. artikulutik 93.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera. Eskualde horietako ustiategietan, bazkatokiaren azalera 0,4 hektareatik gorakoa bada behi hautagarri bakoitzeko, laguntza osagarria jaso ahalko da.

43. artikulua. Kalitateko produkzioa duten esne sektoreko nekazarientzako laguntza berariazkoa.

Esne ustiategiak dituzten nekazariek laguntza hau eskatzen ahalko dute, ustiategian esnetarako gaitasuna duten behien %25ek, gutxienez, kalitateko deituraren baten babesean merkaturatuko den esnea ematen badute, 66/2010 Errege Dekretuaren 94. artikulutik 96.era bitartekoetan xedatutakoaren arabera.

IV. KAPITULUA

Landa garapenerako LGENF laguntzak

44. artikulua. Nekazaritza ekologikoa, abeltzaintza ekologikoa, galtzeko zorian dauden arrazak eta estepa-eremuetako laguntza.

1. Kontzesioa duten eta laguntza horiek jaso nahi dituzten eskatzaileek 2010eko kanpainako laguntzak ordaintzea eskatu beharko dute.

2. Laguntzak jasoko dituen beste onuradun baten konpromisoen eskualdatzea eskatu ahalko da.

45. artikulua. Konpentsazio-ordainak.

1. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2007ko otsailaren 12an emandako 32/2007 Foru Aginduak arautzen duen konpentsazio-ordaina eskatu ahal izanen dute ogibide nagusia nekazaritza duten pertsona fisikoek, ustiategia non duten, udalerri horretan bizi badira, edo, bestela, inguruko udalerri batean (betiere menditsu edo behartsu gisara katalogatua), eta gutxienez azken bost urtean badaude udal erroldan.

2. Laguntza hori eskuratzeko beste baldintza batzuen artean, errenta osoak ezin du gainditu lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru. Eskatzaileak 2008ko zergaldian izandako errenta osoa hartuko da kontuan.

3. Hori horrela dela ere, zilegi izanen da ustiategiko titularraren errenta osoa ebaluatzeko azken bost urteetako hirutan hark Ogasunari deklaratu dizkion errenten bataz bestekoa hartzea. Azken ekitaldia ere sartuko du bost urteko talde horretan.

V. KAPITULUA

Nafarroako Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak

46. artikulua. Abeltzaintzako produkzio iraunkorretarako laguntza.

1. Laguntza horren ordainketa uztailaren 29ko 412/2008 Foru Aginduaren betekizunak betetzen dituzten titularrei emanen zaie. Hona hemen betekizun horietako batzuk:

a) Titularraren ogibide nagusia nekazaritza izatea edo, pertsona juridikoa bada, lehentasunezko ustiategia izatea.

b) Ustiategiaren azienda-dentsitatea 1,5 AzLU/ha-koa, gutxienez, eta 0,2 AzLU/ha-tik gorakoa izatea.

2. Laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko dira eskaera bakarra aurkezten den egunean Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan erregistratuta dauden azienda moten AzLUak.

3. Laguntza hauek jaso nahi dituzten eskatzaileek 2010eko kanpainako laguntza jasotzea eskatu beharko dute.

47. artikulua. Nekazaritzan plastiko biodegradagarriak sustatzeko laguntzak.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emandako 393/2009 Foru Aginduan arautzen den laguntza, nekazaritzan plastiko biodegradagarriak sustatzekoa, horrelako plastikoak jartzen zaizkien alorren azaleraren arabera eskatu ahalko da. Laguntzaren xede diren eta lur-estalkiaren teknikaz lantzen diren alor guzti-guztietan erabili behar dira plastiko horiek.

2. Gutxieneko azalera hektarea bat izanen da.

48. artikulua. Hazitarako patataren laborantzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntza.

1. Hazitarako patataren laborantzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntza eskatu ahalko da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak 2009ko ekainaren 15ean emandako 322/2009 Foru Aginduan arautzen den laguntza, hain zuzen, horretarako hauta daitezkeen udalerrietan hazitarako patata ekoizteko erabiltzen den azaleraren arabera.

2. Gutxieneko azalera hektarea bat izanen da.

3. Nekazariek hazitarako edo goi mailako patataren ekoizle-ugaltzaile titulua duen entitate bateko partaide izan behar dute laguntzaile gisa.

49. artikulua. Mahastizaintzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntza.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 19an emandako 76/2010 Foru Aginduak arautzen du mahastizaintzan nekazaritzako ingurumen neurriak sustatzeko laguntza. Laguntza horren kontzesioa eskatu ahalko da 2010-2014 aldirako, eta laguntzaren ordainketa 2010eko ekitaldirako, Nafarroako Mahastien Erregistroan inskribaturik dauden mahastiengatik, gutxienez 25 urte badituzte eta "Nafarroa" jatorrizko deituraren babesean badaude.

2. Nekazaritzako lurzatiak gutxienez 1.000 m²-koak izanen dira.

3. Ez dira laguntza honetarako onargarriak izanen oinetarainoko ureztaketa iraunkorra duten mahastiak, alubioi-lurretan daudenak, emankortasun handikoak edo maila freatikoa sustrai sistemen irismenean dutenak, hori guztia "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseiluak duen informazioaren arabera.

Xedapen gehigarri bakarra.-Hilketa-establezimendu baimenduek abereak hiltzeko primen araubidean parte hartzea.

Abereak hiltzeko primen kudeaketa eta haien kontrola errazteko, abereak hiltzeko primen araubidean laguntzaile gisa parte hartu nahi duten Nafarroako Foru Komunitateko hilketa-establezimenduek, aurreko kanpainetan eskatu ez badute, aldez aurretik, parte hartzen dutela jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuari, Estatuko oinarrizko arautegian aurreikusiriko moduan, eta Zerbitzu horrek ezartzen dituen kontrolen menpe jarri beharko dute eta kontrol horiekin elkarlanean aritu.

I. ERANSKINA

Eskaera bakarraren agiri osagarriak

1. Agiri orokorrak.-Entitate laguntzailean egiaztatu beharreko agiriak.

a) Pertsona fisikoak izanez gero, NANaren fotokopia, eta pertsona juridikoak izanez gero, IFKrena.

b) Banku-ziurtagiria, jatorrizkoa, eskaeran aipatzen den kontu korrontea edo libreta eskatzailearena dela frogatzen duena.

c) Eskaera titularrak ez bestek izenpetzen duenean, haren baimen berariazkoa. Eskatzailea adinez txikia bada, haren legezko ordezkariak edo tutoreak espresuki baimena eman beharko du.

2. Azaleraren arabera eman beharreko laguntzen eskaeraren eta bazkatokien deklarazioaren agiri osagarriak, iraunkortasunerako laguntzaren eta konpentsazio-ordainen ondorioetarako.

2.1. Aurkeztu beharreko agiriak:

a) Krokis akotatuak, konpentsazio-ordainketek xede diren edo bazkatokitzat aitortzen diren nekazaritzako lurzatiak non dauden adierazten dutenak, kontrolak "in situ" egiteko.

b) Bazkatokietako bazka-aprobetxamenduaren kasuan, kudeatzailea den entitate publikoak eman beharreko ziurtagiria. Bertan aprobetxamendu mota hauen azalerak emanen dira:

-Zuhaitz-larreak.

-Zuhaixka-larreak.

-Bazkalekuak.

-Lugorriak eta galondoak.

c) Jabetza pribatuko bazkatokietako bazka-aprobetxamenduaren kasuan, finken jabeak eman beharreko ziurtagiria. Bertan bazkatokiak barne hartzen dituen finken NELIGS identifikazioa eta aprobetxamendu mota hauen azalera osoak emanen dira:

-Zuhaitz-larreak.

-Zuhaixka-larreak.

-Bazkalekuak.

-Lugorriak eta galondoak.

2.2. Entitate laguntzailean egiaztatu beharreko agiriak.

Bazkatokiak ekoizle batek baino gehiagok batera aprobetxatzen dituztenean, azalera horren jabeak edo legezko administratzaileak luzatzen duen ziurtagiria edo, herrilurrak izanez gero, toki entitateek luzatua, non jasoko diren beren menpeko lurzati esleituak.

3. Abeltzaintzako primen eskaeraren agiri osagarriak.

3.1. Aurkeztu beharreko agiriak:

a) Behi edo ardi aziendaren ustiategia Nafarroatik kanpoan badago, ustiategiko liburua.

b) Behi aziendaren sektorean ordainketa osagarriak eskatzen dituztenen lehen mailako ahaideen zerrenda, 66/2010 Errege Dekretuaren 51. eta 56. artikuluetan ezarritako aldaketa aplikatzeko, beren eskaerak berriro aztertuak izatea nahi badute. Familia liburuak ere aurkeztuko dira, eskatzaileak alegatutako ahaidetasuna frogatzeko.

3.2. Entitate laguntzailean egiaztatu beharreko agiriak.

Ardi aziendaren ustiategiko liburua, eskaeraren egunean gaurkotua; urtarrilaren 1eko balantze orria ere erantsiko da.

4. Nekazaritza eta ingurumen arloetako laguntzak ordaintzeko eskaeren agiri osagarriak.

4.1. Aurkeztu beharreko agiriak:

Kontzesioa osorik edo hein batean eskualdatuz gero, eskualdaketaren agiria, behar bezala betea aurkeztu beharko da. Bertan agertuko dira: saltzailearen izen-deiturak eta NANa edo IFK, eroslearen izen-deiturak eta NANa edo IFK eta erosleak epeak diraueino mantentzeko konpromisoa hartzen duen azalera, labore multzoen araberakoa.

II. ERANSKINA

Abereak hiltzeagatiko primak eskatzeko eskaeraren agiri osagarriak (Espainiatik kanpo hilak direnean edo Espainiatik
kanpora bidaltzekoak)

Aurkeztu beharreko agiriak:

a) Espainiatik kanpoan baina Europar Batasuneko estatu batean hilak baldin badira, hiltze-ziurtagiria aurkeztu beharko da eta horrekin batera behi aziendaren identifikazio-agiriaren 2. alea. Administrazio Publikoak izenpetu eta eskatzaileari itzuliko dio. Kanalaren pisua frogatu behar izanez gero, hiltze-ziurtagirian jaso beharko da.

b) Abereak Europar Batasunetik kanpoko estatu batean saltzekoak baldin badira, Europar Batasuneko aduanetatik atera izanaren froga aurkeztu beharko da eta horrekin batera Nazioarteko Osasun Ziurtagiria, prima eskatzeko abereen zerrenda daramana, horrela frogatuko baita agiriz haien esportazioa.

c) Behi azienda identifikatzeko agirien 2. aleak aurkeztuko dira. Agiri horiek Herri Administrazioak zigilatu eta segituan emanen zaizkio bueltan eskatzaileari.

III. ERANSKINA

Behin-behineko eskubideen alegazioaren agiri osagarriak

1. Jarduera erreferentziako epean hasi dela frogatzen duen dokumentazio berariazkoa:

a) Titularraren eta, bidezko bada, ezkontidearen 2008ko errentaren aitorpenaren kopia.

b) Bikote ezkonduaren edo ezkondu gabeko bikote egonkorraren araubide ekonomikoa frogatzen duen agiri publikoa.

c) Sozietateen kasuan, estatutuen kopia.

2. Ezinbesteko arrazoiak edo salbuespenezko inguruabarrak alegatzeko dokumentazio berariazkoa:

a) Heriotza ziurtagiria.

b) Desagertu izanaren salaketa, absentzia-adierazpena edo heriotza-adierazpena.

c) Gizarte Segurantzako zentro kudeatzaileak iraupen luzeko ezintasunari buruz emandako ziurtagiria.

d) Epizootiarik badago, albaitaritza zerbitzu eskudunen ziurtagiria.

e) Aseguru etxearen ziurtagiria, edo ustiategiko abeltegiak istripuz suntsitu direla frogatzeko beste edozein agiri ofizial.

3. Behin-behineko eskubideen titulartasuna aldatuz gero aurkeztu beharreko dokumentazioa:

3.1. Agiri orokorrak:

a) Erreferentzia aldiko ekoizlearen/ekoizleen eta behin betiko eskubideak esleitu behar zaizkion/zaizkien jabe berriaren/berrien identifikazioa.

b) Nortasun juridikorik gabeko entea edo pertsona juridikoa izanez gero, legezko ordezkariari emandako baimena.

c) Aurkeztu behar diren errenta-aitorpenen kopiak.

3.2. Jarauntsiak:

a) Jarauntsiaren onarpena.

b) Ustiategiaren transferentzia partzialen kasuan, jaraunsleen akordioa, titular berri bakoitzak eskuratuko dituen ekoizpen unitateak adierazten dituena.

3.3. Erretiroak, uzte aurreratuko programak edo lanerako ezintasun iraunkorra:

a) Egoera horiek frogatzeko agiri publikoa.

b) Familia liburua.

3.4. Bat-egiteak:

a) Bat-egitearen ondoriozko sozietate edo elkartearen eskrituren kopia, edo bat-egitea frogatzeko bestelako agiriak, bat-egitearen eguna adierazten dutenak.

b) Bat-egitearen ondoriozko ustiategiak bat egin duten pertsona fisiko edo juridiko guztiak biltzen dituela dioen adierazpena.

3.5. Pertsona juridikoen edo pertsona fisikoen batasunen zatiketak:

Zatiketa agertzen duen agiri publikoa, alderdi guztiek sinatua. Bertan adierazi behar da titular berri bakoitzak ustiategiaren zer portzentaje jaso duen.

3.6. Behin-behineko eskubideak dituzten ekoizpen unitateen salerosketa:

a) Salerosketa kontratu publiko edo pribatua, zerga guztiak kitaturik.

b) Berriz esleitu beharreko ekoizpen unitateen zerrenda.

3.7. Akats materialak:

a) Egoera hori frogatzen duen agiria.

b) Edateko alkoholaren destilazioaren sektorean, erreferentziako aldian nekazariaren ardo entregak jaso dituen ekoizlearen ziurtagiriak.

IV. ERANSKINA

Eskubide lagapenaren agiri osagarriak

1. Agiri orokorrak:

Transferentzia eskaera aurkeztuko da, bi aldeek sinatua. Bertan transferentziaren xedea eta eskualdatzen diren eskubideen zerrenda zehaztuko dira.

2. Nekazari profesional bati edo lehentasunezko ustiategi bati egindako lurrik gabeko ordainketa bakarraren eskubideen salerosketaren edo behin betiko lagapenaren berariazko agiriak.

-Eskubideen hartzailea lehentasunezko ustiategia dela adierazten duen ziurtagiria edo, abenduaren 13ko 45/2007 Legearen 16. artikuluaren definizioarekin bat, ogibide nagusia nekazaritza izateko betekizunak betetzen dituela adierazten duten agiriak.

3. Lurra daukaten eskubideen salerosketa edo behin betiko lagapenari buruzko berariazko agiriak:

-Lurren salerosketa kontratua, publikoa edo pribatua, zerga guztiak kitaturik.

4. Lur errentamendu baten bukaerari lotutako eskubideen salerosketari edo behin betiko lagapenari buruzko berariazko agiriak:

-Errentamenduaren amaieraren agiria.

-Titular hartzailea lurzatien jabe dela frogatzen duen agiria.

5. Ustiategi guztiaren eskubideen salerosketa edo behin betiko lagapenari buruzko berariazko agiriak:

-Salerosketa kontratua, publikoa edo pribatua, zerga guztiak kitaturik.

-Abeltzaintza kasuetan, ekoizpen eskubideen transferentziaren agiria.

-Lagatzailearen adierazpena, kanpaina honetan eskaera bakarra ez egiteko konpromisoa hartzeko.

6. Nekazaritza jarduera hasi duen nekazariari egindako salerosketaren berariazko agiriak:

-Eroslea edo lagatzailea Gizarte Segurantzako nekazaritzan afiliatuta dagoela frogatzen duen agiria.

-Titularraren eta, bidezko bada, ezkontidearen 2008ko errentaren aitorpenaren kopia.

-Bikote ezkonduaren edo ezkondu gabeko bikote egonkorraren araubide ekonomikoa frogatzen duen agiri publikoa.

7. Lurra daukaten eskubideen errentamenduari buruzko berariazko agiriak:

-Lurrak errentan uzteko kontratua, zerga guztiak kitaturik, edo Nafarroako Gobernuaren landa errentamenduen erregistroan inskribatua.

8. Eskubideen errentamenduaren aldez aurreko amaierari buruzko berariazko agiriak:

-Errentamenduaren amaiera frogatzen duen agiria.

9. Titularraren jaraunsleen aldeko eskubideen lagapenen berariazko agiriak:

-Jarauntsia onartzeko eskritura.

-Jaraunsle bat baino gehiago izanez gero, haien arteko akordioa.

10. Nekazariaren erretiroagatiko eskubideak uztearen berariazko agiriak, uzte aurreraturako onetsitako programak edo lanerako ezintasun iraunkorra direla eta.

-Egoera horiek frogatzeko agiri publikoa.

-Familia liburua.

11. Nortasun juridikoaren aldaketa dela eta eskubide lagatzeari buruzko berariazko agiriak:

-Nortasun juridikoaren aldaketa frogatzen duen edozein agiri publiko.

-Bikote ezkonduaren edo ezkondu gabeko bikote egonkorraren araubide ekonomikoa frogatzen duen agiri publikoa.

12. Pertsona fisiko edo juridikoen bat-egite edo elkartzearen eskubide lagatzeari buruzko berariazko agiriak:

-Lagatzailea edo bateratua ordainketa bakarraren eskubideak jasotzen dituen elkartearen kide dela frogatzen duen agiri publikoa.

13. Pertsona juridikoen edo pertsona fisikoen batasunen zatiketak:

-Onuraduna edo zatitua sozietatearen kide zela eta egun horko kide ez dela frogatzen duen agiri publikoa.

-Alderdi guztiek sinatutako agiria, titular berri bakoitzak jaso dituen eskubideak erakusten dituena.

V. ERANSKINA

Erreserba nazionalerako eskubideak eskatzeko agiri osagarriak

1. Berariazko agiriak, beren lehen instalazioa nekazaritza garatzeko programa baten esparruan egin duten nekazari gazteen kasuan.

a) Jarduerari nekazaritza garatzeko programa baten barnean eta ordainketa bakarreko araubidea lehendik duen sektore batean ekin zaiola behar adina frogatzen duen agiria.

b) Eskatzailea Gizarte Segurantzaren barnean nekazaritza arloan afiliatuta dagoela frogatzen duen agiria, nekazaritzan hasi zenez geroztik, eta beti ere eskaera bakarra aurkezteko epea bukatzean, edo Departamentuaren baimena, haren izenean eskatzeko.

c) Jabetza edo errentamendu araubidean dagoen nekazaritzako ustiategiaren titulartasuna edo titularkidetasuna frogatzen duen agiria.

d) Bikote ezkonduaren edo ezkondu gabeko bikote egonkorraren araubide ekonomikoa frogatzen duen agiri publikoa.

e) Eskatzailea sozietate bat baldin bada, eraketa eskrituren kopia.

f) Mahastizaintza eta ardogintza sektorean ekin bazaio jarduerari, upategiaren ziurtagiria, eman zaion produkzioa agertzen duena.

2. Mahastizaintza eta ardogintza sektorean hasi diren nekazari berrien berariazko dokumentazioa, ez badute daturik 2005-2006ko eta 2006-2007ko erreferentzia aldiko merkaturatze kanpainetako batean ere, eta 2007-2008ko merkaturatze kanpainan mahats entregak egin badizkiote erreferentzia aldian jardun zuen ardogileren bati.

a) Upategiaren ziurtagiria, emandako produkzioa agertzen duena.

b) Eskatzailea Gizarte Segurantzako nekazaritza arloan afiliatua dagoela frogatzen duen agiria.

c) Jabetza edo errentamendu araubidean dagoen nekazaritzako ustiategiaren titulartasuna edo titularkidetasuna frogatzen duen agiria.

d) Eskatzailearen eta, bidezko bada, ezkontidearen 2008ko errentaren aitorpenaren kopia.

e) Bikote ezkonduaren edo ezkondu gabeko bikote egonkorraren araubide ekonomikoa frogatzen duen agiri publikoa.

f) Eskatzailea sozietate bat baldin bada, eraketa eskrituren kopia.

3. Berariazko agiriak, edonolako esku-hartze publikoari buruzko berregituratze edo garatze programen menpe dauden eremuetan ustiategiak dituzten nekazarien kasuan.

a) Ustiategia berregituratze edo garatze programan sartzea justifikatzen duen agiria, bai eta esku-hartze publikoa egin izana ere.

-Lurzati berrantolamenduetan: ekarpen orria eta behin betiko esleipen orria, eremua lurzati berrantolamenduagatik murriztu dela frogatzeko.

-Belarki-laboreetarako ureztalur bihurtzeko kasuetan: ureztatzen hasteko adierazpena edo egiaztapen partzialen akta, azpiegituren erabilerari buruzko aukera teknikoaren aldeko txostena badago, lehorreko lurrak ureztalur bihurtu direla frogatzeko.

-Abeltzaintzako programetako erreserba nazionaleko eskubideen onuradun izanez gero: esleipen hori frogatzen duen agiri publikoa.

-Mahastiak berregituratzeko programen kasuan:

  • Programa horietarako laguntzen onuradun izana frogatzen duen agiria.
  • 2004-05eko, 2005-06ko eta 2006-07ko kanpainetako produkzioaren aitorpena.

-Ureztalurrak modernizatzeko programa publikoen kasuan: ekarpenen orria eta behin betiko esleipen orria.

b) Jabetza edo errentamendu araubidean erreserba nazionalaren eskubideak eskatzeko aukera ematen duten produkzio unitateen titulartasuna edo titularkidetasuna frogatzen duten agiriak.

3. Epai irmo baten edo egintza administratibo irmo baten ondorioz eskubideak hartzeko edo zenbatekoa gehitzeko legitimaturiko nekazarien kasuan berariazko dokumentazioa.

a) Ordainketa bakarraren zenbatekoaren esleipena edo gehitzea dakarren epai irmo edo egintza administratibo irmoaren kopia.

Iragarkiaren kodea: F1003588