33. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak otsailaren 22an hartua, "Recuperación Ambiental, S.L." enpresak sustaturiko "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko proiektua" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena. Horrekin batera, proiektua jendaurrean jarri eta ukituriko udalei entzunaldia ematen zaie, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legearen ondorioetarako eta Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren prozedura bete dadin.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak 2001eko uztailaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, "Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas (Anecop)" elkarteak sustaturiko "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala" (UPS) onetsi zen 8 kokalekutarako, baldintza batzuk ezarrita (2001eko irailaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Horren ondorioz, abenduaren 17ko 346/2001 Foru Dekretuaren bidez, UPS hori interes orokorrekotzat jo zen (2002ko urtarrilaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Ondoren, Nafarroako Gobernuak 2002ko urtarrilaren 7an hartutako Erabakiaren bidez, Ardazko (Eguesibar) kokalekua onetsi zen, "Asociación Navarra de Empresas de la Construcción y Obras Públicas" (ANECOP) elkarteak sustaturiko "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren" barnean.

Gero, 2006ko azaroaren 24an, "Recuperación Ambiental, S.L." (REAM) enpresak "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzea" izeneko agiria aurkeztu zuen. UPSaren fasean paisaiarako ukipenak eta drainatze beharren kalkulua aztertzea nahitaezkotzat jotzen zuen ingurumen txostenari, besteak beste, erantzuteko, 2007ko irailean sustatzaileak espediente horren eguneratzea aurkeztu zuen.

2009ko abuztuaren 10ean, sustatzaileak "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzea" izeneko proiektu berria aurkeztu zuen, aukerei eta kokaleku berriei buruzko azterlan zehatzagoa gehituta. Bertan adierazten zen azterlan hori Ingurumen Departamentuarekin eta Zizur Zendeako Udalarekin Erreniegako kokalekurako aukerak bilatzeko izandako hainbat bileraren emaitza zela.

Azkenik, 2009ko azaroan, sustatzaileak UPSa eguneratzeko proiektu berria aurkeztu zuen.

Beraz, ulertu behar da sustatzaileak tramitatzeko aurkeztu duen azken agiriak aurreko guztiak ordezten dituela. Alde horretatik, adierazi behar da, agiri hori tramitatzen eta aztertzen hasteko, aurreko agirien gainean eta, bereziki, 2006ko azaroaren 24an aurkezturiko espedienteari buruzko jarduketen gainean gauzatu diren jarduketak artxibatu behar direla.

II.-Justifikazioa.

Sustatzaileak hurrengo arrazoiak hartzen ditu oinarri, Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko indarra duen UPSaren eguneratzea tramitatzeko:

-Abiapuntuko premisen aldaketa: indarra duen UPSa idaztean, dibertsifikazio politika lortu nahi zen, eraikuntzak eragindako beharrizanei ahalik eta zerbitzurik onena emateko asmoz aldi berean hainbat eremu izateko ideian oinarritzen zena. Gaur egun, iradoki den estrategiak kontzentrazio politika ezartzen du: Iruñerritik hurbil hondakindegi handia izatea. Beraz, gai inerteak botatzeko hondakindegi bakarra dago eta administrazio tramite luze eta garestiek iradokitzen dute edukiera handiko kokaleku berriak abiarazteko prozesua ez luzatzea. Horrek beste eremu batzuk aztertu, eta gaur egungo UPSean eguneratze gisa gehitzea dakar.

-Kokaleku bideragarrien edukiera amaitzera jotzen duen UPSaren garapenak berak jarduteko bi urteko gehieneko iraupena ezartzen du, une horretan Espartza Galarko hondakindegia itxiko baita, eskualdea hondakindegi publiko baimendurik gabe geratuko dela.

-Denbora horretan Iruñerrian batez ere hirigintza garapenei eta horien etorkizuneko aurreikuspenei buruz egon diren aldaketek hondeaketetatik datozen soberakinetarako hondakindegiak ezarri beharra dakarte.

-Sarbideei, instalazioei, ingurumenari eta abarri dagokienez hondakindegietako horniduren maila handitzeak hasieran inbertsio handiak egitea eta, beraz, jarduketaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzen duten edukiera handiagoko kokalekuak bilatzea dakar.

-Eraikuntzatik datozen hondakinekiko sentsibilitate soziala handitzeak eragozten du agintariek kokalekuak ontzat ematea; gainera, hondakindegiek sortzen duten ibilgailu astunen trafikoaren aurka egon ohi dira. Hori dela eta, nabarmen murrizten da Iruñerriaren barnean izaten ahal diren kokalekuen kopurua.

III.-Kokalekuak.

Gai inerteen hondakindegien gaur egungo beharrizana eta onetsi diren kokalekuen egoerak eta baldintzak kontuan hartuta, sustatzaileak UPSa honela eguneratzea proposatu du:

-Txitxibarko (Galar), Zabaldikako (Esteribar), Undioko (Zizur) eta Arazuriko (Oltza) kokalekuak alde batera uztea.

-Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelan eta Iberon kokaturiko kokalekuak gehitzea eta Ardazko eta Espartza Galarko hondakindegiak handitzea.

Horrela, eguneratzeko proiektuak biltzen dituen Iruñerriko gai inerteen hondakindegien kokalekuak honako hauek izanen dira:

-Erreniegako iparraldeko mendi-mazela.

-Ibero.

-Ardazko zati berria.

-Espartza Galarko zati berria.

IV.-Hondakindegien proposamenen azaleko deskribapena.

IV.1. Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelako hondakindegia:

Izenak adierazi bezala, kokaleku hori Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelan dago.

Hona hemen eremuaren mugak: iparraldean, Erreniegako gaina izeneko muinoa, Undio herritik bereizten duena; hegoaldean eta ekialdean, Erreniega mendilerroa bera; eta mendebaldean, aldiz, NA-1110 errepidea, Iruñetik Logroñora doan errepide zaharra.

Hurbilen dauden biziguneak honakoak dira: Undio, Asterain eta Muru Asterain, 380, 900 eta 1.400 metro inguruko distantzietara daudenak, hurrenez hurren.

Esparruko lurzatien gaur egungo erabilera nagusia zerealen laborantza da. Halaber, hainbat ur ibilgu etenek zeharkatzen dute, lur gazien ondorioz Agua Salada ubidea deritzon ibarbidean elkartzen direnek. Orain dela bi hamarkada baino gehiago itxi zen Undioko putzuan egin ziren meatzaritza aprobetxamendurako lanek eremu hori ukitu zuten zati batean.

Sarbidea NA-1110 errepidetik, hau da, Iruñetik Logroñora doan errepide zaharretik eginen da.

IV.2. Ardazko hondakindegiaren zati berria.

Hautatu den kokalekua Aranguren Ibarreko NA-2314 errepidearen eskuineko bazterrean dago, Malagaingo gainaren eta Ibasakoako bidearen artean dagoen Ibarzoaga izeneko ibarbidean (lehengo hondakindegiaren ondoan). Jarduketaren mendebaldeko muga Moreazal ubidearen ibilguan eta EHAko bide erreserbako zerrendan hasten da.

Hurbilen dagoen bizigunea Ardaz da eta eremua hortik 700 m-ra dago, bien artean Moreabizkar muinoa dagoela.

Sarbidea lehendik dagoen errepidetik zuzenean egiten da, itxi den hondakindegirako eraiki zen sarbidea erabiltzen baita.

IV.3. Iberoko hondakindegia.

Kokaleku hori Oreia izeneko alderdian dago, bi goi-lautadak osatzen duten ibarbidean, hain zuzen. Eremuaren mugak goi-lautadak dira iparraldean eta hegoaldean, eta Asteraindik Irurtzunera doan NA-7010 errepidea ekialdean.

Zerealak landatzeko lurzatiek okupatzen dute gaur egun eremu hori; goi-lautaden mendi-mazeletako zenbait eremutan larreak daude, baita bi pinudi ere. Kokalekutik kanpoko finketarako sarbideari eusteko, iparraldeko mugatik behin-behineko bidea eginen da, jarduketa amaitutakoan eraitsiko dena, gaur egungo bideak berriz ezarrita.

Sarbidea Done Jakue bideko autobiatik (A-12) Zizurtik Beraskoainera doan NA-7015 errepideraino eginen da, Gazolatzeko industrialdetik, eta errepide horretatik hondakindegiraino, Asteraindik Irurtzunera doan NA-7010 errepidetik. Horretarako, Iturrotzetako bideko diseinua aprobetxatuta, sarbide berria eraiki behar da Gazolatzeko industrialdetik NA-7015 errepideraino. Hondakindegiaren sarreran zelaigune bat eginen da, makinak eta sarrera kontrola kokatzeko.

Jarduketatik hurbilen dagoen bizigunea Ororbia da, 1 km-tik gorako distantziara dagoela.

IV.4. Espartza Galarko hondakindegiaren zati berria.

Kokalekua Espartza Galarko gaur egungo hondakindegiaren iparraldean dago, lehendik dagoen ibarbideko betelanak eginda.

Gaur egungo hondakindegian dagoen kontrol gunetik pasatu beharko da sartzeko, gaur egungo ibilbideari eutsita: "Ezkirozko saihesbidea-"Comarca 2" industrialdea-Ezkiroztik Espartzara doan tokiko errepidea" bidetik hondakindegira sartzeko biribilguraino, NA-6000 errepidearekiko elkargunean.

Jarduketatik hurbilen dagoen herria Zizur Nagusiko auzoberria da, 600 m-ko distantziara dagoela.

Kasu guztietan, betelanak egin baino lehen, ur ibilguetan, arroetan eta abarretan drainatzea jarriko da, gerta daitezkeen iragazketak saihesteko. Era berean, betelanen fasean, inguruan behin-behineko arekak eginen dira.

Betelanak faseka eginen dira; horiek eraikuntza proiektuetan zehaztuko dira eta eremu bakoitza betelanak amaitutakoan leheneratuko da, ingurumen eragina murrizteko. Alde horretatik, lurren birmoldaketan isuriak hustea erraztuko da, bidezko ibilguak prestatuz eta azalera berrian gaur egungo ibilguak berriz ezarriz. Era berean, aurretik gorde den landare-lurra berriz jarriko da eta lurzoruaren nekazaritza edota basozaintza erabilera bermatzeko behar dena emanen da.

LABURPEN TAULA

AZALERA

(m²)

BETETZEKO

EDUKIERA

(m³)

JARDUKETARAKO KALKULATUTAKO

EPEA
(urteak)

AURREKONTUA
(neurri zuzentzaileak barne)
(euroak)

Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazela

1.594.211

12.623.295

20

16.484.636

Ardazko zati berria

195.820

1.119.748

3

1.594.211

Ibero

448.071

5.374.877

10

6.457.069

Espartza Galarko zati berria

325.786

2.029.661

4

2.588.908

V.-Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak.

V.1. Hirigintzako planeamendua eta lurralde ukipenak.

V.1.1. Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelako hondakindegia.

1997tik indarra duten Zizurko Arau Subsidiarioek hondakindegirako proposatu den lurzorua sailkatu zuten lurzoru urbanizaezin gisa, generikoaren eta nekazaritza edo abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertainaren azpikategorietan. Horrez gain, babes araubide batzuk ezarri zituzten, aipatutako kategorietako lehendabizikoan proposatzen den jarduera baino ez dutenak ahalbidetzen.

Bestalde, hasiera batean onetsitako Udal Planak lur horiek sailkatu zituen natura aldetik ustiatzeko zaindu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa, nekazaritza eta abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertaina duen lurzoru gisa eta, neurri txikiagoan, arriskuak saihesteko lurzoru eta baldintza geologikoengatiko arreta eremu gisa: lehengo meatzaritza jarduerak eragindako arriskua daukate. Era berean, jarduketaren hegoaldeko mugan interes arkeologikoa izaten ahal duen eremua mugatu da. Lurzoru urbanizaezineko kategoria guztietarako ezarririko erabilera araubideek hondakindegiak debekatzen dituzte berariaz.

V.1.2. Ardazko hondakindegiaren zati berria.

Eguesibarko Udal Planak honela sailkatzen du esparru hori: bizigunearen inguruko lurzoru urbanizaezina, generikoa (G), basozaintzakoa, zuhaitzik gabekoa, higadura arriskua (F4) duena eta nekazaritza edo abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertaina (A2) duena. Kategoria horien babes araubideei dagokienez, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 10/1994 Foru Legean ezartzen direnei lotzen zaie, araubide horiek guztiak proposatutako jardueraren aldekoak direla, bizigunearen ingurukoa izan ezik.

Horrez gain, Eguesibarko lurraldea okupatzeko estrategia eta ereduak esparrua lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzea proposatu du: esparruaren zati handiena "espazio babestu" gisa eta mendebaldeko muturra, aldiz, "ereduaren babes" gisa. Udal mugapeko eremu horretan, lurzoruko azken kategoria hori eskualdeko bide batekiko (EHAko RVI.1 bidea, alegia) paraleloa den zerrenda bati dagokio. Ondorioz, eta hondakindegia proiektatu den lurzoruen orografia kontuan hartuta, ondoriozta daiteke eragin txikiko ukipena dela, aurreikuspenaren xedea, hau da, babestu nahi den eredua ukituko ez omen duena.

Amaitzeko, Iruñerriko EHAk (eskualdeko hirigintzako arauak) lehengoratu beharreko paisaien eremu bat (REV-2) eta, handik hurbil, RVI.1 bidea (hiriarteko bide periferikoen sarea) aurreikusi ditu, jarduketaren ipar-mendebaldeko mugan.

Paisaia hobetzeko ekintzetarako, zeinen artean baitaude lehengoratu beharreko paisaien eremuak, EHAren araudiak zenbait irizpide biltzen ditu, proposamen loteslea izateko baino gehiago problema baten gaineko arreta deia emateko asmoz.

Nolanahi ere, idatz-zati honetan aipatu diren ukipen guztiak etorkizunean aztertu eta koordinatzen ahalko dira, hondakindegi hori egiteko proiektuan.

V.1.3. Iberoko hondakindegia.

2004tik indarra duen Oltzako Udal Planak hondakindegietarako proposatu den esparrua sailkatu du lurzoru urbanizaezin gisa, nekazaritza edo abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertainaren kategoria duena, eta kategoria horretarako ezarritako babes araubideak ez du zehatz-mehatz debekatzen hondakindegiaren erabilera, "nekez babesten ahal den zuhaitzik gabeko basozaintzako lurzoru" gisa sailkatuta dagoen zerrenda txiki bat salbuespena izanda.

V.1.4. Espartza Galarko hondakindegiaren zati berria.

2001etik Galar udalerrian indarra duen Udal Planaren arabera, jarduketa hartzen duten lurrak nekazaritza edo abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio handia edo ertaina (gehienen kasua) duen lurzoru urbanizaezineko kategorietakoak dira. Nekazaritza edo abeltzaintza aldetik ustiatzeko balio ertaina duen lurzoru urbanizaezinari dagokionez, babes araubidea bateragarria da proposamenarekin.

Iruñerriko EHAko RVI-1 bidearen ibilbiderako bi aukeretako batek ukitzen du hondakindegiaren kokalekuaren proposamen hori, hegoaldeko mugatik. EHAko ibilbidearen aukerak Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak 2006ko uztailaren 12an hartutako 1019 Ebazpenean zehaztu ziren; horren bidez, baimena eman zela "Espartza Galarko gai inerteen hondakindegiaren proiektuko" lanak gauzatzeko. Orain eremu hori handitu nahi da iparraldeko muturretik.

Era berean, kokalekuaren iparraldeko mugatik aurreikusi da, bai Erdialdeko Lurraldea Antolatzeko Planean (LAP 3), bai Galarko eta Zizurko udal mugapeetan, Gendulain izeneko alderdian, etxebizitza babestuetarako bizitegi eremu bat garatzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean, etorkizunean bide bat eraikitzea, Gendulain eta mendebaldeko ingurabidea lotzen dituena. Proiektuaren arabera, hondakindegiaren exekuzioak ez dakar hori eraikitzeko oztoporik, eremu horretarako aurreikusi diren betelanek metro bateko lodiera izanen dutelako, gehienez.

Jarduketa honekin batera planifikatu diren eskualdeko bideen aurreko ibilbide guztien ukipena hegoaldeko eta iparraldeko mugetan gertatzen dela kontuan hartuta, ondoriozta daiteke jarduketa printzipioz bideragarria dela eta, nolanahi ere, horren eta bide horien arteko bateragarritasunaren koordinazioa hondakindegi hori egiteko proiektuan aztertu eta zehaztuko dela.

Amaitzeko, Iruñerriko EHAk ingurunea hobetzeko ekintza batzuk aurreikusi ditu proposaturiko hondakindegiaren barnean, aisia eremu txiki bat sortuz, eskualdeko biztanleek aisia jardueretan natur ingurua erabil dezaten. Izan ere, aire zabaleko eremu bat egokitzea proposatu da, lehendik dagoen ibilgu naturalaren gainean itxitura artifizial batek eragindako ur azalari -LA-19- lotua; hori eta ur pilatua bilduta, aire zabaleko egonaldietarako egokia den eremua -ARC-24 jolas eremua- sortuko da. Aurreikuspen ez lotesleen multzo ireki horren irizpide orokorra kautelazko babes araubidea ezartzea da, haren mugaketa eta behin betiko araubidea zehazteko baliabideak finkatu arte.

Ibilgu ekologiko iraunkorra bermatzeko asmoz, EHAren ur azalari buruzko proposamena kasu bakoitzean ibilgua erregulatzeko dauden aukera hidraulikoak aztertzera mugatzen bada ere, arauetan adierazi bezala, hondakindegiaren proposamen hau ez da bateragarria deskribatu den sorrerarekin.

V.2. Beste ukipen batzuk.

Erreniega mendilerroko iparraldeko mendi-mazelan proposatu den jarduketa garatu ahal izateko, proiektuan adierazi da beharrezkoa izanen dela Enagasen Faltzes-Irurtzun gasbidea desbideratzea eta berriz ezartzea. Ondorio horretarako, kontu-sail bat sortu da aurrekontuan.

Halaber, "Ardazko zati berriko" hondakindegia ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zeharkatzen duen Iberdrolaren erdi tentsioko aireko linea elektrikoa desbideratzeko eta berriz ezartzeko kontu-sail bat sortu da.

Era berean, goi tentsioko aireko linea elektriko batek Iberoko hondakindegia zeharkatzen du, hego-mendebaldeko mugatik hurbil eta ipar-ekialdetik hego-mendebalderantz. Dena den, proiektuaren arabera, betelanek ez dute linea hori ukituko, diseinatzeko orduan kontuan hartu baita.

Horrez gain, erdi eta goi tentsioko aireko bi lineak "Espartza Galarko hondakindegiaren zati berria" kokalekua ukitzen dute, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera zeharkatzen dutela. Proiektuan adierazi denaren arabera, iparraldean kokaturiko lineak euskarria du mugatik hurbil, gaur egungo ubidearen ondoan; hala ere, ubidea ez da ukituko, han betelanen garaiera txikia delako. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa bada, oinarria hormigoiz babestuko da. Hegoaldean dagoen lineari dagokionez, proiektuak ezarri du ubidetik eta Moreako bidetik hurbil dagoen haren euskarriari hormigoia bota beharko zaiola oinarrian, betelanetarako aurreikusi den garaiera izan dezan, nahiz eta kableen eta lurraren arteko gutxieneko distantzia errespetatu beharko den.

Ondare historikoaren gaineko balizko ukipenak ingurumen ukipenen azterlanean aztertu beharko dira.

Amaitzeko, adierazi behar da kasu guztietan bide publikoen jarraitutasuna eta hondakindegi bakoitzaren alboko lurzatietarako sarbidea bermatu beharko direla.

V.5. Lurren gaineko ukipenak.

Proiektuak hondakindegiek eta haien sarbideek ukitzen dituzten katastroko lurzatiak zerrendatzen ditu eta ukituriko zerbitzuen gaineko informazioa ematen du. Baina bi ukipen mota bereizten ditu: behin betiko okupazioa (desjabetzea) eta aldi baterako okupazioa (ordain ekonomikoa eta, hondakindegiaren jarduera amaitu ondoren, lurrak banakako proiektuetan zehazten diren egoeretara lehengoratzea).

Nolanahi ere, agiriak ezarri du behin betiko okupazioa UPSa garatzeko idatziko diren banakako proiektuetan finkatuko dela eta ez dela onartuko hasieran mugatu den azalera %10etik gorako proportzioan gehitzen duen okupaziorik.

Aurrekoa gorabehera, beharrezkotzat jo da hondakindegien aurretik, horiek dauden bitartean eta horien ondoren aplikatzen ahal diren babes araubideak adieraztea agirian.

V.6. UPSaren edukia.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 44. artikuluan ("Udalez gaindiko proiektu sektorialen edukia") xedatzen denez, ekinbide partikularreko proiektu sektorialek, besteak beste, honako hauek hartu behar dituzte barnean: b) Sustatzailearen konpromisoak, proiektuaren ondoriozko beharkizunak betetzeko, nahitaez bermatu beharko direnak, eta c) Aurreko letran aipatzen diren beharkizunak betetzeko bermeak, zeinak ezin izanen baitira izan zerbitzuak ezartzeko eta urbanizazio lanak exekutatzeko kostuaren %6 baino gutxiagokoak, proiektuaren beraren ebaluazio ekonomikoaren arabera.

Horrenbestez, espedientea tramitatzen jarraitu ahal izateko, abala aurkeztu beharko da, lehenago adierazitako zenbatekoaren eta kontzeptuen araberakoa. Hori Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan utziko da.

V.7. Txosten sektorialak.

Aurkeztu diren proposamenak baloratzeko, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari txostena eskatu zaie; lehendabizikoak egin duen txostenaren edukia hurrengo idatz-zatian laburbildu da, sustatzaileak hurrengo txostena aurkeztu beharko badu ere:

-Iruñerriko Mankomunitateak egindakoa, sareen eta zerbitzuen ukipenari buruzkoa.

Azken bi txosten horien ondorioak kontuan hartuko dira espedienteari buruzko ebazpenean.

VI.-Ingurumenari buruz kontuan hartu beharrekoak.

2010eko urtarrilaren 25ean, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak honen berri eman zuen:

"Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 3. eranskineko A) 5 atalak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko proiektu sektorialei Ingurumen ebaluazio estrategikoa eta Ingurumen ondorioen adierazpena egin behar zaizkie, proiektu sektorial horiek onestearekin batera edo lehenago.

Zerbitzu honetan 2009ko azaroaren 11n jasotako agiriak azterturik, besteak beste ingurumen ondorioen azterlana, uste dugu agiria aski dela eta bidezkoa dela jendaurrean azaltzea espedienteko gainerako agiriekin batera.

Tramitazioa amaitu baino lehen, agirien zenbait alde zehaztu beharko dira:

-Aukeren azterlana irizpide anitzeko analisiarekin osatzea, azterlanean hautatu diren kokalekuen egokitasuna edo ukapena zehazteko.

-Hautatu diren kokalekuetarako trafikoaren azterlana egitea, tramitazio fase bakoitzerako behar bezala zehaztuta, eta horren edukia irizpide anitzeko analisian agerraraztea.

-Iberoko kokalekuari dagokionez, gordailuaren okupaziotik kendu beharko dira pinudiko zuhaitzak eta hurbileko ubidea, geometria aldatuz hondakindegiaren edukiera ez lermatzeko. Sarbide berriaren tartearen ibilbidea moldatuko da, bidea Gazolatzeko industrialderako sarbidea duen bizkarrerantz mugituz eta azken zatian mendebalderantz biraraziz, eta lotuneari eutsiko zaio. Horrela, herriaren alboko eremu urbanizatua ukitzea eragotziko da."

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Recuperación Ambiental, S.L." enpresak sustaturiko "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzeko proiektua" Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2008 Foru Legearen ondorioetarako.

2. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, erabaki honen azalpen zatian, eta "Lurraldeari eta hirigintzari buruz kontuan hartu beharrekoak" eta "Ingurumenari buruz kontuan hartu beharrekoak" idatz-zatietan aztertutako eta deskribatutako alderdiak berrikusi beharko dira, eta hala behar izanez gero, UPSean sartu.

3. 2006ko azaroaren 24an aurkeztu zen "Iruñerrian gai inerteen hondakindegiak ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala eguneratzea" izeneko espedienteari buruzko jarduketak artxibatzea.

4. Deklarazio honek ez du deusetan galarazten proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak lortu beharra.

5. Espedientea jendaurrean jartzea 30 egunez eta proiektuaren eraginpeko udalei entzunaldia ematea. Bi tramiteak aldi berean eginen dira, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren eta Ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea Herri Lan Zuzendaritza Nagusiari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari, Oltza Zendeako, Zizurko, Galarko eta Eguesibarko udalei, Enagasi, Iberdrolari eta "Recuperación Ambiental, S.L." enpresari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko otsailaren 22an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F1003363