33. ALDIZKARIA - 2010eko martxoaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

10/2010 FORU DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitatearen funtsen kargura zenbait sendagairen prestazio osagarria ezartzen duen irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretua indargabetzen duena.

Uztailaren 24ko 1663/1998 Errege Dekretuak zabaldu egin zuen Gizarte Segurantzaren funtsen edo osasun arloari lotutako Estatuko funtsen kargurako finantziazioaren ondorioetarako kanpoan utzitako sendagaien zerrenda.

Irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretuaren bidez, zenbait sendagairen prestazio osagarria ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatearen funtsen kargura. Foru dekretu horren bidez finantzazioa jasotzen ari dira uztailaren 24ko 1663/1998 Errege Dekretuak finantziaziotik kanpo utzi zituen espezialitate farmazeutikoak.

Espezialitate farmazeutiko horiek Erabilpen Terapeutiko Baxukoak dira, dela eragin frogaturik gabeko printzipio aktiboak dituztelako (monofarmako gisa erabiliak), dela aholkatuak ez diren printzipio aktiboen elkarketak dituztelako. Gainerako sendagaiak indikazio sintomatologikoen azpitaldeetarako edo sindrome txikietarako dira.

Sendagaien eta Osasun Produktuen Bermeei eta Erabilera Arrazionalari buruzko uztailaren 26ko 29/2006 Legearen 89. artikuluak sendagaien finantziazio publikorako prozedura ezartzen du. Irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretuan sartutako sendagaiek aipatu legeak finantziaziotik kanpo uzteko ezarri zituen irizpide guztiak betetzen dituzte.

Horrenbestez, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitatearen funtsen kargura zenbait sendagairen prestazio osagarria ezartzen duen irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretua indargabetzea, baliabideen kudeaketa egokiagoa egiteko, horrela hobetu eginen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko pazienteek jasotzen duten asistentziaren kalitatea.

Horiek horrela, Osasun kontseilariak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko martxoaren 1eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Nafarroako Foru Komunitatearen funtsen kargura zenbait sendagairen prestazio osagarria ezartzen duen irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretua indargabetzea.

Indargabetu egin da Nafarroako Foru Komunitatearen funtsen kargura zenbait sendagairen prestazio osagarria ezartzen duen irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretua.

Xedapen gehigarri bakarra. Farmazia bulegoekin hitzarmena egiteko baldintzen esparru akordioa.

Irailaren 1eko 258/1998 Foru Dekretua indargabetzearen ondorioz, eraginik gabe gelditu dira Nafarroako Gobernuaren 2002ko maiatzaren 13ko Erabakiaren 6.3 atala eta E eranskina. Farmazia bulegoekin hitzarmena egiteko baldintzen esparru akordioa onetsi zen erabaki horren bidez.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

San Adrianen, 2010eko martxoaren 1ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1004004