Iragarkia
23. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 19a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
12/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 2koa, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak emana, etorkinen integrazioaren esparruan ari diren gizarte ekimeneko entitateentzako 2010eko diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Nafarroako Gobernuak, abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren bidez, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen honako helburu honekin: etorkinek gizarte babeserako eta bizikidetzarako sistema normalizatu guztietan sartzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, horrela gizatalde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko eremuetan.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak diru-laguntzei aplikatu beharreko araubide juridiko orokorra ezartzen du, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen direnean onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek aukera izan dezaten diru-laguntza eskuratzeko.
Oinarri arautzaileak ezartzea du helburu deialdiak, etorkinen gizarte integrazioaren esparruan jarduketak egiten dituzten gizarte ekimeneko entitateei diru-laguntzak emateko.
Deialdiak bide ematen die entitate interesdun guztiei berdintasunez parte har dezaten eta, era berean, diru-laguntza irizpide objektiboei jarraikiz emanen dela bermatzen du. Irizpide horiek Espainiako eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuek arlo horretan sinatutako lankidetza hitzarmenean ezarritako jarraibideen arabera lehenetsiko dira.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoak ikusita, hurrenez hurren adierazten dute diru-laguntza hauek egokiak eta interes publikokoak direla, eta deialdia eta bere oinarri arautzaileak legezkoak.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 120/2007 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. 2010eko diru-laguntzen deialdia onestea, gizarte ekimeneko entitateek etorkinak gizarteratzeko proiektuak egin ditzaten, foru agindu honen I. eranskineko oinarri arautzaileekin bat.
2. 280.800,00 euroko gastua baimentzea, "Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioarekin sinatutako hitzarmenaren ondoriozko jarduketak etorkinak gizarteratzeko" izeneko B40000 B0200 4819 231903 kontu-sailaren kargura (ID 2221), 2010eko indarreko aurrekontutik.
3. Foru agindu hau jakinaraztea Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari, Immigraziorako Bulegoari, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Adieraztea foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitara eman eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2010eko otsailaren 2an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.
I. ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1.-Xedea.
Etorkinak gizarteratzeko arloan ari diren gizarte ekimeneko entitateei 2010ean diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea du helburu deialdi honek. Gizarte ekimeneko entitateak dira immigrazioaren arloan ari diren fundazioak, elkarteak, kooperatibak eta gainerako irabazi-asmorik gabeko entitate eta erakundeak.
Diru-laguntzen bidez, aipatu entitateek etorkinen gizarteratzearen esparruan 2010ean proiektuak eta jarduketak garatzeko dituzten langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira.
Betiere, entitate horiek ez dute diru-laguntza bat baino gehiago eskatuko Immigraziorako Bulegoak egiten dituen deialdietan.
2.-Jarduketa eremua eta helburua.
Diru-laguntzen xedeko proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean eginen dira eta etorkinak gizarteratzea izanen dute helburu.
Beren estatutuen arabera nagusiki kulturan, aisian eta denbora librean diharduten entitateak diru-laguntzen deialdi honetatik kanpo daude.
3.-Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
Beren estatutuen arabera, bigarren oinarri arautzailean aipatzen den jarduketa eremuan parte hartzen ahal duten entitateak izan daitezke diru-laguntzen onuradun.
Aurkezten diren entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Legez eratua izatea eta Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokienean inskribatuta egotea.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Helbide soziala edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan izatea.
d) Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak izatea.
e) Diru-laguntzen onuraduna izateko Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako gainerako debeku egoeretan ez egotea.
Aipatutako baldintza horiek guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eta diruz lagundutako jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira.
4.-Proiektuek bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek Immigraziorako Bulegoak deialdiaren eremuan ezarritako helburuetara egokitu beharko dute, oinarri arautzaileetako II. eranskinean ezarritakoaren arabera.
5.-Eskaerak aurkeztea.
5.1. Eskabideak non eta noiz aurkeztu.
Entitate interesdunek eskabidea aurkeztu beharko dute, horretarako prestatu den ereduaren arabera. Eredu hori eskuragarri egonen da Nafarroako atariko web orrian (www.navarra.es) "Laguntzak eta bekak" atalean, baita Immigraziorako Bulegoaren egoitzan ere (Vadoluengoko monasterioa, 4-behea). Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra aurkeztu beharko dute.
20 egun naturaleko epea izanen da eskabideak, entitate interesdunaren legezko ordezkariak sinatuak, aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako tokietan aurkezten ahalko dira, eta Immigraziorako Bulegora zuzenduta aurkeztu beharko dira.
Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, fax baten bidez jakinarazi beharko dio Immigraziorako Bulegoari eskaera igorri duela.
5.2. Aurkeztu beharreko agiriak.
Entitate interesdunek 5.1 oinarrian adierazitako lekuetan eskuratzen ahalko dute eskabidea eta horretarako ezarritako ereduari jarraikiz bete eta entitatearen ordezkariak behar bezala sinatuko du. Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorra eta agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Entitatearen estatutuak.
b) Helbidea Nafarroan duela edo, bestela, Foru Komunitatean ordezkaritza iraunkorra duela frogatzen duen agiria.
c) Eskabidea sinatzen duen ordezkariari emandako ahalordea frogatzen duen agiria eta haren nortasun agiri nazionala.
d) Entitatea Nafarroako Elkarteen Erregistroan edo erregelamenduz dagokionean inskribatuta dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.
e) Identifikazio fiskaleko txartela.
f) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitateak Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharrak eguneratuak dituela edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko eta haren erakunde autonomoekiko zorrak kitatuak dituela dioena.
Aitorpena Nafarroako atariko web orriko (www.navarra.es) "Laguntzak eta bekak" atalean eskuratzen ahal den ereduari jarraikiz aurkeztuko da.
g) Erantzukizuneko aitorpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea, administratzaileak edo ordezkariak diru-laguntzen onuradun izateko debekuetan ez daudela dioena. Debeku horiek Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarrita daude.
h) Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera.
i) Emandako zenbatekoa aldez aurretik jasotzekotan, oinarri arautzaileotan horren gainean xedatutakoari loturik, haren eskaera, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funtsak aldez aurretik jaso beharra frogatzen duen txostenarekin batean.
Aurkeztu beharreko agiriak jatorrizkoak izanen dira edo, bestela, notario batek edo administrazioak berak kautoturiko fotokopiak.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar badituzte edo horrek badauzkan datuak badira, a), b), c), d), e) eta h) letretan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharrik ez dago. Kasu horietan, agirietan aldaketarik izan ez bada, berriz aurkeztu beharrean, entitatearen ordezkariaren aitorpen bat egin daiteke, inguruabar hori azaltzeko.
Aurreko paragrafoan ezarritakoari begira, entitateek egiaztatutako antzinatasuna errespetatuko da, baldin eta aurkezteko nortasun juridikoa baizik aldatu ez badute, betiere hori entitatearen estatutuetan frogatzen bada.
Prestatutako eredu normalizatuan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko da eskaera eta, hura osatzeko, interesgarritzat jotzen dituen beste agiri batzuk aurkezten ahalko ditu entitate interesdunak.
5.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak ezarri diren baldintzak betetzen ez baditu edo harekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ez badira, instrukzio organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 42. artikuluan xedatu bezala.
6.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.
Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Immigraziorako Bulegoko Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.
Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.
Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak du kontzesioaren gaineko prozedura ebazteko eskumena.
7.-Balorazioa.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.
Balorazioa honako irizpide hauen arabera eginen da:
a) Entitatearen barne koherentzia (20 puntu).
-Entitateak etorkinen gizarte integrazioaren arloan egindako jarduera nagusiaren izaera eta egokitasuna.
-Diru-laguntzaren xedeko proiektuetan entitateak egin duen ibilbidea, etorkinak gizarteratzearen esparruan duen esperientzia.
-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko azpiegitura aski izatea.
-Aretoak konpartitzea eta elkarteen batasuna izatea.
-Proiektua entitatearen benetako gaitasun tekniko eta ekonomikoarekin bat etortzea.
-Aurreko urteko diru-sarreren eta gastuen balantzearen eta azken aurrekontuaren arteko koherentzia.
b) Proiektuaren izaera (50 puntu).
-Proiektuaren alderdi teknikoak (egokitasuna, koherentzia eta doitasuna alderdi hauen artean: oinarriak, helburuak, jarduerak, lortu nahi diren emaitzak, langileak eta baliabideak, ebaluatzeko adierazleak eta abar).
Halaber, aurkezpena, idazkera eta azalpenaren argitasuna ere baloratuko dira.
-Esku-hartzearen berezitasuna eta alderdi berritzaileak, gauzatu nahi diren proiektuek behar ez den bikoizketarik ez ekartzea.
-Entitateak proiektua aurrera eramateko beste entitate batzuekin eta gizarte baliabide publikoekin duen osagarritasuna eta koordinazioa: oinarrizko eta espezializatutako gizarte zerbitzuak, osasun sareko zentro eta zerbitzuak, enplegukoak eta abar.
-Zenbatek jasoko duten proiektuaren onura; parte hartzaileen kopurua baloratuko da, kontuan hartuta zenbat herritar diren, guztira, haien hartzaileak.
c) Aurreko ekitaldietan hasitako proiektuak edo jarduketak sustatzen diren edo ez, haien eragina frogatu bada. Orobat, haien iraupena komeni ote den errentagarritasun sozialagatik gizatalde hartzailearentzat (20 puntu).
Aurreko urteko antzeko proiektuaren edo proiektuen eraginkortasuna baloratuko da. Proiektuan jarritako helburuen eta lortutako emaitzen arteko konparazioa eginen da, eta egindakoaren eta aurreikusitakoaren arteko aldea neurtuko.
Halaber, baloratu eginen da elkarrekin bat etortzea aurten proposatutako helburuak eta aurreko urtean lortutako emaitzak eta aurreko urteko proiektuaren benetako gastua eta aurtengo aurrekontua.
d) Kofinantzaketarik baden; alegia, entitateak, bazkideek, parte hartzaileek eta/edo beste entitate publiko eta pribatuek dirua ematea (5 puntu).
Atal honetan egungo proiektuan kofinantzaketa egotea ere baloratuko da.
e) Entitatean diren etorkinak, bai lanbide arloan bai boluntarioen artean, eta zenbateraino atxiki zaizkion proiektuari (5 puntu).
Diru-laguntza hartu ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte. Horietarik 30, gutxienez, ''b" atalean.
Eskuarki, eskatutako diru-laguntzaren xedeak langileak, funtzionamendua eta jarduerak badira, funtzionamendu gastuak gehienez ere %30ekoak izanen dira.
Instrukzio organoak noiznahi eskatzen ahalko dio edozein argibide entitate eskatzaileari, eskaera hobeki baloratzeko.
8.-Diru-laguntzaren zenbatekoa esleitzea.
Lortutako puntuen arabera banatuko da diru-laguntza. Eskatutako kopuruaren gainean, portzentajeen araberako tarteak ezarriko dira.
Portzentajeko tarteak:
60 puntu baino gutxiago %0
60 puntutik 64,99ra bitarte %75
65 puntutik 69,99ra bitarte %80
70 puntutik 74,99ra bitarte %85
75 puntutik 79,99ra bitarte %90
80 puntutik 84,99ra bitarte %95
85 puntutik 100era bitarte %100
Balorazio ekonomikoaren ondoriozko guztirako zenbatekoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, banaketa proportzionala edo hainbanaketa eginen da, baloraziotik eta portzentajearen aplikaziotik ateratako kopuruen arabera.
Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzunaldia emateko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.
Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskabidea aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun baliodunean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.
Proiektua onartu ahal izateko, aldatutako proiektua hasiera batean egindako balorazioko tarte berean sartzeko aukera izan beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.
Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa.
9.-Prozeduraren ebazpena eta argitaratzea.
Eskaerak aztertu ondoren, ikusirik instrukzio organoaren ebazpen proposamena, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.
Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.
Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Nafarroako atariko web orriaren "Laguntzak eta bekak" atalean argitaratuko da (www.navarra.es). Argitalpen horretan, deialdia, programa, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua, entitate onuradunak, emandako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.
Ebatzi eta jakinarazteko epea 6 hilabetekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.
10.-Bateragarritasuna.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek nahiz atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.
Hala ere, diru-zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo norberaren baliabide batzuekin batuta, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.
11.-Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.
Entitateak eskatzen badu, 5.2 oinarriko i) letran xedatutakoarekin bat, emandako zenbatekoa zatika eskuratuko da, aurrerakin gisa. Halakoetan, ordainketa bitan eginen da: %60, diru-laguntza emateko ebazpena sinatzean, eta gainerako %40a aurretik ordaindutako zenbatekoa justifikatu eta gero. Horretarako, honako hauek aurkeztu beharko dira, 2010eko urriaren 15a baino lehen:
a) Egindako jardueren zerrenda, haiek gauzatzeko kostuak barne.
b) Diru-laguntzaren xedeko proiektuari aplikatutako gastuen zerrenda, agiri zenbakia, kontzeptua, igorlea, igorri zeneko data, zenbatekoa eta egiazki noiz pagatu zen adieraziz. Zerrenda horrekin batera, kasuan kasuko frogagiriak aurkeztuko dira (jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak). Frogagiri gisa, banku laburpenak, gordekinak eta fakturak onartuko dira bakar-bakarrik. Horietan, igorlearen eta hartzailearen datuak, data, kontzeptua, prezioa eta ordaintzeko modua adierazi beharko dira, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onetsi zuen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Jatorrizko fakturak Immigraziorako Bulegoan zigilatuko dira, hartutako diru-laguntza justifikatzearren.
Aurretik ordaintzen den zenbatekoa denez gero, aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren baimen berariazkoa, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.
Aurreratu beharreko kopurua 60.000,00 eurotik goitikoa bada, entitate onuradunak banku abal bat edo legeetan aipatzen den beste berme bat aurkeztu beharko du, aurreratu beharreko zenbateko osoa estaliko duena.
Ordainketa aurreko lerroaldeetan ezarritakoari jarraikiz egiteko modurik ez badago, Diru-laguntzei buruzko Legearen 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz ordainduko dira diru-laguntzak, zatika, hiru hiletik hiru hilera, gauzatutako proiektu zatiaren justifikazio ekonomikoa egin eta gero. Azkeneko hiruhilekoari dagokion ordainketa tramitatzeko, epe horri dagokion jardueraren justifikazio ekonomikoa 2011ko urtarrilaren 7a baino lehen aurkeztu beharko da.
Proiektua bukatu eta hilabeteko epean entitateak aurkeztu beharko du diruz lagundutako proiektuaren justifikazio ekonomikoa, hurrengo ordainketetarako aurreko lerroaldean adierazitako baldintzetan.
Gastu onargarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, diruz lagundutako proiektuetan aurreikusitako jarduerak egiteko organo emaileak beharrezkotzat jotzen dituenak.
Jarduerak, diru-laguntzaz gain, berezko funtsekin edo bestelako diru-laguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, justifikazioan diru-laguntza horien zenbatekoa eta jatorria frogatu beharko dira eta, orobat, funtsak diruz lagundutako jarduerei aplikatu zaizkiela.
12.-Entitate onuradunen betebeharrak.
a) Diru-laguntza ematea eragin duten proiektua eta jarduerak deialdi honetako oinarri arautzaileen, baldintzen eta betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea eta dirua zera helburutarako eman zen, hartarako baino ez erabiltzea.
b) Oinarri arautzaileotan aipatzen diren frogagiriak, tartekoak eta azkenekoak, aurkeztea.
c) Proiektuaren publizitate eta zabalkunde lan guztietan diru-laguntzaren jatorria adieraztea. Zabalkunde idatzia edo grafikoa egiten baldin bada, Nafarroako Gobernuaren eta Lanaren eta Immigrazioaren Ministerioaren logotipoa jarri beharko dira, diru-laguntza jaso duen entitatearen logotipoaren neurri berean eta ikusteko baldintza berberetan.
d) Laguntza ematen duen organoak eta indarra duen legeriaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztatze lanak onartzea.
e) Lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea diru-laguntza eman duen organoari. Egoera hori jakin bezain laster jakinarazi behar da eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
f) Entitatearen izaera dela-eta, eskatzen ahal zaizkion kontabilitate arloko eginbeharrak betetzea.
g) Diru-laguntza hartu eta hurrengo urteko urtarrilaren 31 baino lehen, diru-laguntzaren xedeko proiektu bakoitzaren betetze mailaren zenbatekoaren eta nolakoaren gaineko datuak ebaluatzen dituen memoria Immigraziorako Bulegoan aurkeztea, horretarako prestatu ereduaren arabera. Eredua Immigraziorako Bulegoan izanen da entitate interesdunen eskura.
Nahi izanez gero, entitate onuradunak bestelako agiriak, idatziak edo grafikoak, aurkezten ahalko ditu, diru-laguntzaren xedeko proiektua ongi gauzatzen ari dela erakusteko.
h) Deialdian eta aplikatzekoak diren legeetan ezarritako kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.
i) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak entitate onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.
13.-Azpikontratazioa eta hornitzaileen kontratazioa.
13.1. Azpikontratazioa.
Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea; alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xedeko jarduera partzialki gauzatzea. Diru-laguntzaren xedeko jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horien kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.
Diruz lagundu den jardueraren kostuaren %50era arte azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak diru-laguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egin ahal izateko, idatzizko kontratua sinatu beharko da.
13.2. Hornitzaileen kontratazioa.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedatutakoarekin bat, diru-laguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000,00 eurotik gorakoa bada, obra egiteko kostuaren kasuan, edo 12.000,00 eurotik gorakoa, aholkularitza edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidurak edo zerbitzu emateak egiten dituztenean, onuradunak frogatu beharko du emailearen aurrean hornitzailea eragimen eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu dela.
Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin gutxienez kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik hoberena egiten duenarekin sinatuko du. Entitate onuradunak kontsultatzeko izapidearen inguruko dokumentazioa eta eskaintzak gorde egin beharko ditu. Kontu horiek agirien bidez frogatu beharko ditu diru-laguntza ematen duen organoaren aurrean, kontratua sinatu bezain laster. Agiri horiekin batera, enpresa hautatzeko arrazoiei buruzko txosten labur bat aurkeztuko du.
Zenbait enpresari kontsulta egitea ez da beharrezkoa izanen, diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarrien berezitasunagatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua ematen duten enpresak behar adina ez direnean.
14.-Baldintzak aldatzea.
Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Immigraziorako Bulegoari.
Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, baita hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.
Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira; betiere, diru-laguntzaren xedeko programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.
Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egonda ere, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.
15.-Itzultzea.
Programa gauzatzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.
Dirua itzultzeko prozedurak aipatu artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.
Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak zenbateraino eta noraino bete ez diren ikusita.
16.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.
Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.
17.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean xedatutakoarekin bat.
18.-Aplikatu beharreko arauak.
Oinarri arautzaileotan ezarrita dagoenaz gain, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak ere aplikatuko dira.
II. ERANSKINA
Immigraziorako Bulegoaren helburuen arabera
diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak
1.-Etorkinen lehenengo harrera errazteko eta haiei informazioa, orientazioa eta aholkularitza juridiko-administratiboa emateko proiektuak.
2.-Prebentzioa eta/edo laguntza sustatzen duten proiektuak, egoerarik ahulenean dauden etorkinentzat.
3.-Kulturarteko elkarbitzitza sustatzeko, tolerantzia baloreak bultzatzeko, tratu berdintasuna errazteko eta jarrera arrazista eta xenofoboei aurre egiteko proiektuak.
4.-Kulturarteko bitartekotzarako prestakuntza proiektuak.
Iragarkiaren kodea: F1002115
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
