23. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

16/2010 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluaren arteko mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenean ezarririko Lankidetza Funtsaren kargura diren 2010erako laguntzetarako deialdia onesten duena.

Ekonomiaren, ikerketaren, nekazaritzaren, turismoaren, lurraldearen antolamenduaren, azpiegituren eta komunikazioen, irakaskuntzaren, lanbide heziketaren, kulturaren eta energia berriztagarrien arloan, besteak beste, lankidetzan aritzeko asmoz, Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Akitaniako Eskualdeko Kontseilukoak mugaz gaindiko lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2000ko uztailaren 9an.

Hitzarmen horretako 2. artikuluan xedatzen da Lankidetza Funts bat sortuko dela, bi eskualdeetarako interesgarritzat jotzen diren proiektuak finantzatzeko.

Testuinguru horretan, egokitzat jo da aipaturiko xedeak lortzera zuzendutako laguntzen deialdia egitea, 2010. urterako aurrekontuan horretarako bideratutako dirua baitago.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 38. artikuluak xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoek noiznahi eskatzen ahalko dute beren menpeko administrazio-organo batek, berez edo eskuordetze bidez, ebatzi beharreko gaiak bere gain hartzeko. Horrenbestez, beharrezkoa da deialdiaren onespena eta laguntzak ematea bere gain hartzea.

Aginduzko txostenak ikusi dira eta Kontu-hartzailetzaren oniritzia jaso da.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 e) artikuluak xedatzen duenarekin bat,

AGINDU DUT:

Lehena.-Nafarroako Gobernuak eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluak 2000ko uztailaren 9an sinatutako mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenean ezarririko Lankidetza Funtsaren kargura diren 2010erako laguntzetarako deialdiaren onespena nire gain hartzea. Oinarriak foru agindu honen eranskinean jaso dira (ID 2186).

Bigarrena.-Xede horretarako 232.000 euroko gastua baimentzea, 2010erako onetsitako gastuen aurrekontuko "Akitaniaren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko lankidetzarako hitzarmena" izeneko 123003 13100 4709 145100 kontu-sailaren kargura.

Hirugarrena.-Foru agindu hau igortzea Kontu-hartzailetza Delegatura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Zentrora eta Europako Ekintzaren Zerbitzura.

Laugarrena.-Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Bosgarrena.-Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta ondokoetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2010eko otsailaren 10ean.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarri arautzaileak

1. artikulua. Xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako Gobernuak laguntzak emateko araubide bat ezartzea da; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko entitate edo pertsona fisiko eta juridikoek, publikoek zein pribatuek, Akitaniako Eskualdeko entitate edo pertsona fisiko edo juridikoekin, publikoekin zein pribatuekin, mugaz gaindi egiten dituzten lankidetza proiektuetarako.

2. artikulua. Eskatzaileak.

1. Laguntzak eskuratu nahi izanez gero, eskatzaileek -pertsona fisiko nahiz juridikoek, publiko nahiz pribatuek- baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izanez gero, helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta pertsona fisikoak izanez gero, foru eskualdean bizitzea. Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean eratu elkarteek, helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo badute ere, deialdi honen xedeko laguntzen onuradun izan daitezke baldin eta, estatutuetan onarturik, delegaziorik badute Nafarroan.

b) Proiektuko partaidekide bat aurkeztea, helbidea Akitaniako eskualdean duena.

c) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak izatea.

2. Eskatzaile batek baino gehiagok proiektu bakar bat aurkeztuz gero, hau eskatuko da:

a) Bakoitzak proiektuan duen partaidetza zehaztea, bai eta bere jarduerari dagokion aurrekontua ere.

b) Titularkideek partaide-hitzarmen batean beren arteko bat izendatu beharko dute proiektuaren ordezkari izateko administrazioen aurrean eta bertan jasoko dute izendatuaren konpromisoa, jasotzen dituen funtsak partaideen artean banatzekoa.

3. artikulua. Diru-laguntzaren xede izan daitezkeen proiektuak.

1. Proiektu bakoitzaren gutxieneko aurrekontua 6.000 eurokoa izanen da.

2. Kofinantzazioa lortu ahal izateko, aurkezten diren lankidetza proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintzak 2010. urtean eta honako arlo edo ardatz hauetako baten edo batzuen inguruan garatzea:

-Bat.-Goi mailako irakaskuntza, ikerketa eta zentro teknologikoak: ikerketa aplikatua eta teknologien transferentzia, bekadun eta ikertzaileen trukaketak eta bi eskualdeetan diplomatuak izanen direnak prestatzea.

-Bi.-Ekintza ekonomikoa eta berrikuntza teknologikoa: teknologia berrietan inbertitzea (IKTB barne: informazio eta komunikazio teknologia berriak), esportaziorako batasunen sorrera bultzatzea, industria-produktu berriak ekoiztea, industriaren arloan elkarlanean aritzea eta enpresa garapena, turismoaren ekonomiaren garapena sustatzea.

-Hiru.-Garapen iraunkorra eta azpiegiturak: azpiegiturak dinamizatu, sortu eta hobetzea, ingurumena elkarrekin kudeatzen eta gizartea elkarganatzen laguntzea.

b) Alde bitakoak izan eta eskualde bakoitzean lankide bat edo gehiago biltzea.

c) Gastuak aukeratzeko epea 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartekoa da.

3. Proiektuek deialdian zehaztutako epealdia baino gehiago iraunez gero, deialdi honetako diru-laguntza jasotzen badute ere, Nafarroako Gobernua ez da behartua egonen hurrengo urteetan laguntzarik ematera. Hala bada, hurrengo urteetan beste eskaera bana aurkeztu beharko da. Proiektu bat gehienez bi deialditan finantzatuko da.

4. Ez dago laguntza ematerik deialdi honen esparruan Akitaniako eskualdeko Kontseiluaren Batzorde Iraunkorraren onespena jasotzen ez duten proiektuei.

4. artikulua. Eskaerak aurkeztea.

1. Eskatzaileek, beren proiektuek eta beren ezaugarriek 2. eta 3. artikuluetan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte, eskabide bat paperean eta beste bat bertsio elektronikoan aurkeztu beharko dituzte, foru agindu honen eranskinean ageri den ereduaren arabera. Eskabideak aurkezteko epea 2010eko martxoaren 18an bukatuko da. Hona hemen helbidea:

Europako Ekintzaren Zerbitzua.

Orreaga etorb., 4, 1.

31002 Iruña.

accion.europea@cfnavarra.es.

2. Dosier baliokide bat nahitaez aurkeztu beharko da Akitaniako Eskualdeko Kontseiluan, eta hori eginen du helbidea eskualde horretan duen partaidekideak:

Conseil Régional d?Aquitaine.

Délégation Régionale aux Affaires Européennes et Internationales.

14, rue François de Sourdis.

33077 Bordeaux (Frantzia).

Aipatu eskaera erantsiko da laguntza eskatzeko agiri gisa. 4.1 artikuluan ezarritako epearen ondoren aurkezten ahalko da, Akitaniako deialdian eskaerak aurkezteko epea Nafarroako deialdia baino geroago bukatuz gero (Frantziako deialdiko data izanen luke).

3. Proiektuak Nafarroako unibertsitateek aurkeztuz gero, kasuan kasuko errektoretzak onetsi beharko ditu. Baimen hori Nafarroako Gobernura igorriko den proiektuari erantsi beharko zaio.

5. artikulua. Eskaerak zuzendu eta hobetzea.

Laguntzarako eskabidea osorik betea ez badago edo behar den dokumentazioa eransten ez bazaio, interesdunari eskatuko zaio falta den dokumentazioa ekartzeko edo ikusitako okerra zuzentzeko, eta horretarako gehienez ere hamar eguneko epea izanen du, jakinarazi eta biharamunetik hasita; hori egin ezean eskabidea ezetsi eta, besterik gabe, espedientea artxibatuko zaiola ohartaraziko zaio.

6. artikulua. Balorazio irizpideak.

Laguntzak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Proiektuaren mugaz gaindiko izaera eta bi eskualdeetatik elkarlanean arituko direnen lankidetza benetan zenbaterainokoak diren.

2. Proiektuaren garrantzia eta parte-hartzaileen ezaugarriak.

3. Proiektuaren bideragarritasuna.

4. Proiektuaren laguntzak eta diru-laguntzak bat etortzea.

5. Aniztasuna, laguntzak 3.a) artikuluan aipatu jardueren ahalik eta esparru zabalenera hel daitezen.

6. Eskualdeak garatzeko politikekin bat etortzea, baita eskualdeetako instituzioetarako duen interes ekonomiko eta komertzialari dagokionez ere.

7. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak diruz lagundutako proiektuen gastu hautagarriaren aurrekontuko %40 izanen dira, gehienez. Baliabideren batez berreskuratzen ahal den Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da diru-laguntzaren xede izanen, onuradunak praktikan berreskuratzen ez badu ere.

2. Diru-laguntzak emateko baldintza izanen da dagokion kontu-sailean kreditu aski egotea.

8. artikulua. Ebazpena.

1. Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu proiektuak. Batzordeak kide hauek izanen ditu: Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendaria, Prozeduren eta Deialdien Ataleko burua eta Europako Ekintzaren Zerbitzuari atxikiriko bi funtzionario. Kideetako bat herritik kanpo edo eri dagoenean, Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendariak Europako Ekintzaren Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat izendatzen ahalko du bere ordez. Batzorde Teknikoak, aurkezten diren programen edukia ikusirik, egokitzat jotzen duen aholkularitza eskatzen ahalko du.

2. Batzordeak, aurkezten diren proiektuen ebaluazioa egin ondotik, bere proposamena igorriko dio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari, hark ebatz dezan, eskabideak aurkezteko epea bi eskualdeetan amaitzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean.

3. Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren foru agindu bidez ebatziko da eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.

9. artikulua. Kudeaketa.

1. Laguntza banketxe batean horretarako dagoen kontuan ordainduko da 2010eko gastuen aurrekontuaren kargura, foru agindu honen 10. artikuluko eskakizunak bete ondoren eta proiektua bete delako fakturak eta ziurtagiriak aurkeztu eta egiaztatu ondoren.

2. Laguntzaren ordainketa Nazioarteko Garapeneko Zuzendari Nagusiaren ebazpenaren bidez eginen da.

3. Proiektuaren behin betiko gastu osoak murrizketa baldin badu hasiera batean aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta, emandako diru-laguntza ere berehala gutxituko da, proiektuaren gastu osoak izan duen murrizketaren proportzio berean. Emandako laguntza, bakarrik edo bestelako laguntza publiko edo pribatuekin batera, ez da inolaz ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa izanen.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

1. Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Ekintzaren Zerbitzuko Prozeduren eta Deialdien Atalari jakinaraztea, dagokion azalpen txostenaren bidez (paperean edo bertsio elektronikoan), proiektua gauzatzean gertatzen ahal den edozein aldaketa, proposatzen den aldaketa, horren beharra eta arrazoiak azalduz, hurrengo aldaketaren bat edo batzuk sortzen baditu:

-Aldaketa bat aurkeztutako proiektuaren helburuetan.

-Aldaketa bat proiektua gauzatzeko egin beharreko lan-metodo edo jardueretan.

-Aldaketa bat egin beharreko gastuen aurrekontuan, zenbateko osoaren %10eko aldaketa ekartzen badu gutxienez (bai gehitzea, bai gutxitzea).

-Gutxienez %10eko aldaketa bat aurkeztutako aurrekontuen gastu kategoria desberdinen zenbatekoan, aurrekontu osoan aldaketarik ekartzen ez badu ere.

-Eranskinaren arabera aurkeztutako aurrekontuarekiko gastu kategoriaren bat desagertu edo sortzea.

Aldaketa oro 2010eko irailaren 20a baino lehen eskatu beharko da. Europako Ekintzaren Zerbitzuak erabakiko du aldaketa horiek onesten diren ala ez, eskaera egiten denetik gehienez ere hiru hileko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin bat.

b) Proiektua bukatu ondoren, betiere 2010eko abenduaren 20a baino lehen, proiektua azaltzen duen memoria, lorturiko emaitzak biltzen dituen agiri bat barne, aurkeztu beharra dago. Horrekin batera, diru-laguntzaren xede den proiektua aurrera eramateko izandako gastuen eta ordainketen azalpen zehatza jasotzen duen memoria ekonomikoa aurkeztuko da, gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten kasuan kasuko agiriak, baita egindako gastuen eta diru-sarreren xehetasunak ere (jasotako diru-laguntzen, babesen eta bestelakoen adierazpena) aurkeztuz. Gastu eta ordainketen egiaztagiri guztiek jatorrizkoak edo kautoturiko kopiak izan beharko dute. Onuradunak prestatutako agiriak zigilu, data eta sinadurarekin aurkeztu beharko dira. Aurkeztutako fakturak fakturazio eginbeharrak arautzen dituen 205/2004 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren araberakoak izanen dira.

2. Proiektuaren gastuen gauzatzea hasiera batean aurkeztutako aurrekontuaren gastuen aurrekontuko banaketa portzentualera egokitu ez bada, eta 1.a) idatz-zatiak agintzen duen moduan onuradunek aurrekontuko inolako aldaketarik jakinarazi ez badute, laguntzen azkeneko ordainketa onuradunaren gastuen exekuzioari egokituko zaio, gastu kategorien mugatzat harturik aurkeztutako aurrekontutik eratorritakoa.

3. Europako Ekintzaren Zerbitzuak egokitzat jotzen dituen kontrol guztiak egin eta laguntzak hartzeko ezarririko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko jarraibideak ematen ahalko ditu.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

12. artikulua. Errekurtsoak.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

13. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Foru agindu honetan aurreikusia ez dagoen guztian Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean xedatu bezala jokatuko da.

14. artikulua. Publizitatea.

Onuradunek espresuki adierazi beharko dute Nafarroako Gobernuaren eta, hala bada, Europako Batzordearen laguntza hartu dutela, Akitania-Nafarroa Funts Bateratuaren esparruan, zabalkunderako edo argibideetarako agiri guztietan.

II. ERANSKINA

Eskabide orria

1.-Ekintzaren identifikazioa:

1.1. Proiektuaren izenburua (gaztelaniaz eta frantsesez):

1.2. Helburuak:

1.3. Aurrekontu orokorra (proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako partaide guztiena):

1.4. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duen/duten partaideari/partaideei aurrekontuan dagokien zatia:

1.5. Funts Bateratuari eskatutako diru-laguntza orokorra:

1.6. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duen/duten partaidearentzat/partaideentzat izanen litzakeen diru-laguntza:

1.7. Lankidetza Funts Bateratuari diru-laguntza eskatzen diozun lehenbiziko aldia da?

q BAI q EZ

1.8. Proiektu berarentzat eskatu eta/edo jaso diren beste laguntza batzuk.

1.9. Arlo hauetako zeinetan sartuko zenuke proiektua?

a) Goi mailako Irakaskuntza eta Zentro Teknologikoak q

b) Ekintza ekonomikoa / Berrikuntza teknologikoa q

c) Garapen iraunkorra eta azpiegiturak q

1.10. Proiektuari hasiera emateko aurreikusitako data:

1.11. Proiektua bukatzeko aurreikusitako data:

2.-Nafarroako partaideen identifikazioa:

2.1. Izena edo sozietatearen izena:

2.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne):

2.3. Banketxeko datuak (IFZ, kontu zenbakia, entitatea). Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada:

2.4. Nafarroako Foru Komunitateko arduradunaren izena:

Entitatearen izaera:

q Irabazi asmoa duena q Irabazi asmorik ez duena

3.-Akitaniako partaideen identifikazioa:

3.1. Izena edo sozietatearen izena:

3.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne):

3.3. Akitaniako arduradunaren izena:

4.-Nafar bazkideak aurkeztu behar dituen agiriak:

4.1. Proiektua garatzeko memoria eta programa, paperean eta bertsio elektronikoan.

4.2. NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada; eta eraketa agiria eta identifikazio fiskalarena, pertsona juridikoa bada.

4.3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, zergei dagokienez egunean daudela ziurtatzen duena.

4.4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, eskatzailea Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboa den ala ez adierazten duena.

4.5. Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eginbeharrak bete dituela frogatzen duena.

4.6. Estatutuak (partaidea pertsona juridikoa bada).

4.7. Akitanian aurkeztutako eskaeraren kopia.

4.8. Errektoretzaren baimena, Nafarroako unibertsitateek aurkeztutako proiektuen kasuan.

4.9. Titularkideek partaide-hitzarmen batean beren arteko bat izendatu beharko dute proiektuaren ordezkari izateko administrazioen aurrean, bi bazkide nafarrek edo gehiagok parte hartzen duten proiektuetan.

4.10. Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

4.11. 2010. urteko aurrekontua, xeheki adierazia, ereduaren araberakoa (Akitania + Nafarroa).

GASTUAK

DIRU-SARRERAK

KONTZEPTUA

ZENBATEKOA

KONTZEPTUA

ZENBATEKOA

Partaide nafarra

A GUZTIRA

Gastu-kategoriak (*)

-Kontsumigarriak

-Ekipamenduko ondasunak

-Barneko giza baliabideak

-Kanpoko giza baliabideak

-Zerbitzuak ematea

-Bidaiak

-Prestakuntza

-Komunikazioa

-Gastu orokorrak

-Bestelako gastuak

-Nafarroako Foru Komunitateari eskatutako laguntza

-Autofinantzaketa

-Beste finantzaketa batzuk

Partaide akitaniarra

B GUZTIRA

-Akitaniako Eskualdeko Kontseiluari eskatuko laguntza

-Autofinantzaketa

-Beste finantzaketa batzuk

GUZTIRA

OROKORRA

A+B

(*) Proiektuaren aurrekontua osatzen duten kostuak kalkulatzeko oinarriak xeheki adierazi behar dira.

Iragarkiaren kodea: F1002521