2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Aldaketa Polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena
Iruñeko Udalak 2009ko abenduaren 18an egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez hasiera batean onetsi zen 12 eta 17. artikuluak aldatzea Polizia administratiboaren arloko zehapen prozedura arautzen duen ordenantzan.
Jendaurreko epea iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c artikuluan xedatuari jarraikiz.
Aldatutako artikuluak honelaxe gelditu dira hitzez hitz:
"12. artikulua. Ebazpena emateko epea.
Prozedura hasi zenetik sei hilabete iragan eta ez bada zehatzeko ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz.
Zigor jurisdikzioak gertaeren berri izanda prozedura bertan behera uzten bada, eten eginen da iraungitzeko epea, eta berriro hasiko da sei hilabete horiek bete arte, betiere irmo bihurtu eta ebazpen judiziala jakinarazi ondoren.
17. artikulua. Tramitazioa.
1. Agintaritzako agenteen akta edo salaketa ustezko erantzuleari jakinaraziko zaio, eta ohartaraziko, hamar eguneko epean alegatzen ahal duela komenigarritzat jotzen duena, baita egokiak iruditzen zaizkion frogak proposatu ere.
2. Interesdunaren alegazioak aztertu eta hark eskatutako frogak eginik, nahiz zehapena ezartzeko organo eskudunaren ustez beharrezkotzat jotzen direnak, bidezko ebazpena emanen da.
3. Prozedura hasi zenetik sei hilabete iragan eta ez bada zehatzeko ebazpenik eman, hura iraungi eginen da eta jarduketak artxibatuko ditu ebazpena emateko organo eskudunak, edozein interesdunek eskatuta edo ofizioz. Ondorio horietarako, hasteko datatzat hartuko da salatuari salaketa jakinarazteko eta alegazio epea irekitzeko igorritako idazkiarena".
Iruñean, 2010eko otsailaren 10ean.-Alkatea, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: L1002520