20. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORORBIA

Ordenantza, Ororbiako bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duena. Onespena

Ororbiako Kontzejuak, 2009ko ekainaren 4an egindako bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Ororbiako bide publikoen eta finketako sarbideen erabilera arautzen duen ordenantza.

Onespenaren erabakia 2009ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 27an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Ororbian, 2010eko urtarrilaren 11n.-Kontzejuko burua, Daniel Beunza Hernández.

ORDENANTZA, ORORBIAKO BIDE PUBLIKOEN ETA FINKETAKO SARBIDEEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ororbiako udal mugapean, bide publikoen eta finketara sartzeko bideen erabilera arauak ezartzea du xede ordenantza honek.

Arautze horren arrazoia araudiaren falta da, baita bideen balizko erabilera txarra eta gehiegizkoa ere; izan ere, Kontzejuko landa bideak zaintze, mantentze eta jagoletza lana kontzejuen eskumena da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 39.1.b) artikuluari jarraikiz.

2. artikulua. Definizioak eta bide motak.

Bide publikoak dira jende, ibilgailu eta animalien joan-etorrietarako lur publikoak, baita haien inguruko eremuak ere, ura garraiatzeko edo bertze xedeetarako erabiltzen direnak, hala nola, aparkaleku eta abarretarako, landalurrean, eta, oro har, Kontzejuaren titulartasuneko bide oro nekazaritzako joan-etorri publikoetarako erabiltzen bada.

Ordenantza honi dagokionez, honelaxe sailkatzen dira bideak:

-Lurzatien berrantolamenduko bideak: lurzatiak berrantolatzeko prozesuen ondorioz sortzen direnak; harea eta legar trinkotuaz eginak izateaz gain, dagokien planimetrian agertzen dira.

-Mendiko bideak: arboladietara edo larreetara iristeko sarbideak direnak, haiek zaindu, kontserbatu eta ustiatzeko asmoz.

-Gainerako bideak: Kontzejuko gainerako bideak, zolan lurra dutenak eta planimetrian agertzen direnak, baita lurzatiak berrantolatzeko prozesuetan sartu ez direnak, edo sartuak izanik aurrera eraman ez direnak.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Ororbiako kontzeju mugapeko bide publiko guztietan aplikatuko da, baita areka eta gainerako azpiegituretan ere, ibilgailuak bideetan ibiltzeko behar badira.

4. artikulua. Onartutako erabilerak.

Bideak erabil daitezke Kontzejuko mugapean dauden nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, industria edo aisiako jarduera guztietarako; betiere, ordenantza honetan ezarritako mugekin.

Behar diren mugak ezartzen ahal zaizkio ibilgailu motordunen pisuari; batez ere, lurzoruaren egoera, ur bideen gaineko pasabideak eta drainatzeko azpiegiturak kontuan hartuta. Kasu bakoitzean, gehieneko tona kopuru bat ezarriko da.

Hezetasunagatik eta lurzoruaren egoeragatik, bideak zer urte sasoitan erabili mugatu daiteke, ez daitezen hondoratu eta desegin.

5. artikulua. Erabilera debekatuak.

Ororbiako bide publikoen azpiegituretan erabilera hauek espresuki debeku dira.

Bideetan ibiltzen diren ibilgailuen pisuari edo tamainari ezarritako mugak gainditzea.

Areka eta bideak lantzea.

Lurzatiak lantzen direnean, nekazaritzako makineriarekin bidera ateratzea itzulia egitera, horretarako espresuki ezarritako tokitik ez bada.

Ezpondak hondar-hondarreraino lantzea, lubetaren lurra erauzita. Gutxienez, 30 zentimetro utzi beharko dira ezpondatik.

Arbolak landatzea edo finken itxiturak egitea, bidearen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun eremua gorde gabe, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 112.2 artikuluan xedatuarekin bat.

Lasto metak eratzea areketatik, finken sarreretatik eta bideetatik 5 metro baino gutxiagora. Haiek egiteko, Kontzejuaren baimen espresua eta idatzia beharko da. Berariaz debeku da lasto metak eratzea Ororbiako hiri lurzorutik 700 metro baino hurbilago dauden finketan. Fardelak bide hurbilenetik perperdikularrean jarriko dira, nahitaez.

Harriak eta nekazaritza hondakinak (lastoa, esaterako), gauzakiak edo zaborrak botatzea edo uztea bideetan, areketan eta erretenetan.

Bideetako areka eta hustubideak betetzea edo haietara lurra botatzea, haietatik hurbil nekazaritzako lanak egitean edo finkan sartzean.

Debeku da nekazaritzako lurzatietako euri-uren azaleko saneamenduak bertze bide edo lurzatietako sarbideetara ateratzea, zuzenean erretenetara eraman behar baitira.

Hodiak tapatzea, areka gaineko pasabideak barne.

Nekazaritzako hondakinak (lastoa, etab.) bide, areka eta erretenetan erretzea.

Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.

Ororbiako Kontzejuko bide publikoetan jende, ibilgailu eta abarren joan-etorria erabat edo parte batean trabatzea.

Bideetako ezpondetan landareak suntsitzea eta likidoak zein solidoak botatzea, baldin eta bide, areka edo erretenetan, lurzorua, natura edo akuiferoak kutsatzen ahal badituzte.

Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat arriskugarri gerta daitezkeen gidatzeko manera muturreko guztiak. Salbuespen gisara, Kontzejuak baimena ematen ahalko du taldean antolatzen diren ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko.

Lasto fardelen zamalanak bidetik egitea, lurzatiaren barrenean egin behar baitira.

Sarbideak egitea finketara, Kontzejuaren baimenik gabe.

Euri bortitzeko egunetan komeni da bide publikoak ahalik eta gutxiena erabiltzea.

Debekatutako erabilera horietako edozeinen ondorioz Kontzejuari sortzen zaion gastua arau-hausleari egotziko zaio.

6. artikulua. Mugapen eta debekuen salbuespenak.

Ororbiako Kontzejuak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, interes publikoa tartean denean.

7. artikulua. Baimenak.

Bide publikoetan, areketan edo lurzatietako sarbideetan edozein jarduera egin gogo duenak baimena eskatu beharko dio Ororbiako Kontzejuari.

Kasu bakoitzean, eta jarduera, bideak erabiltzeko urte sasoia, jardueran erabiliko diren ibilgailuak, etab. nolakoak diren, Kontzejuak egoki iruditzen zaizkion mugapenak eta fidantza osagarriak ezarriko ditu.

8. artikulua. Baimenak ematea.

Eskabideak ikusita, Kontzejuak onartu edo ukatu eginen du baimena, erabili beharreko bideetan sortzen ahal diren arriskuen arabera.

Baimenak urtebeterako emanen dira, salbu eta ezinbestean lan publiko bati lotuak badira, kasu horietan lan esleipenaren iraupen bera izanen baitute.

Baimen guztiek fidantza edo abal bat jartzera behartuko dute; Kontzejuak bideen gain zenbatesten duen arriskuaren arabera kalkulatuko du, eta itzuliko da, hasierako egoera berreskuratuta, bidea kalterik gabe dela egiaztatzen denean.

9. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

Honako hauek izanen dira bideak erabiltzen dituztenen edo ondoko lurzatien jabeen betebeharrak:

Areka gaineko pasabideak errespetatzea.

Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak jarri, aldatu edo handitzeko, Kontzejuari eskatu eta baimena eskuratu beharko da eta obrarako lizentzia ere izan beharko da. Lan horiek eskatzailearen kontura eginen dira; hormigoizko hodiak jarriko dira, 50 cm-ko diametrokoak, gutienez; ahoak hormigoiz hartu beharko dira. Lurzatietako sarbideak zenbateko zama jasoko duten kontuan izanda eginen dira, eta 6 metro zabal izanen dira, gutienez. Jabeak, sarbidea egindakoan, Kontzejuari jakinaraziko dio, ikuskatu eta oniritzia eman diezaion.

Finketara sartzeko areka gaineko pasabideak urari igarotzea galarazten badio eta bidea hondatzen badu, lurzatiaren jabeak edo baimenaren eskatzaileak sarbidea egokitu beharko du eta bidea bere kontura konpondu.

Ordenantza honek indarra hartu aurretik egindako finketako sarbideak hari egokitu beharko zaizkio, Kontzejuak, bideak hobetu edo zaintzearren, eskatuz gero.

Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe eta artikulu honen aurka areka gaineko pasabidea eginez gero, ohartaraziko da 15 eguneko epean legeztatu dadin. Ez bada epe horretan legeztatzen, Kontzejuak desegiteko aginduko du eta gastuak partikularrari egotziko zaizkio.

Garbi edukitzea finka ondoko bideak, areka gaineko pasabideak, arekak eta erretenak, ura aise pasa dadin. Edozein inguruabar dela-eta, areka edo erretenak betetzen edo zikintzen badira, finkaren jabeak edo erabiltzaileak izanen du haiek garbitzeko ardura, eta zehapena ezarriko da hala egin ezean. Erabiltzaileak edo jabeak ez badu garbitzen, Kontzejuak eginen du eta gastuak arau-hausleari egotziko dizkio.

Oro har, bide guztietan barna ibiltzeko, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da, hiru ardatzeko edo gehiagoko ibilgailuendako, eta 40 kilometro/ordua, gainerako ibilgailuendako. Nolanahi ere, abiadura behar adina mantsotu beharko da tarte maldatsu eta arriskutsuetan arriskurik izan ez dadin, ibilgailu bereziak, ibilgailu motelak eta animalia taldeak hurbiltzen direnean, eta aske dabilen aziendaren eta oinezkoen ondoan, istripurik eta trabarik izan ez dadin, are gehiago idorraldietan, hautsa metatzen baita, bideetako goiko geruza desagertu ez dadin. Bide horietan ezartzen diren trafiko seinaleak errespetatuko dira beti. Kontzejuak beste muga batzuk ezartzen ahalko ditu, eguraldia, bidearen egoera eta abar kontuan hartuta.

Norberaren jabetzaren finketako sarbideak egitea, bidea konpondu, moldatu edo egokitu ondoren. Sarbide hori hilabeteko epean egin beharko da.

10. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-haustetzat hartuko dira, indarreko xedapenetan aurreikusten direnez gain, ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, baita Kontzejuak edo kontzejuburuak eman ditzakeen aginduak ez betetzea ere, dela banan-banan jakinarazita dela bandoaren bidez. Arau-haustetzat hartuko da ordenantza honetan aurreikusten diren baimenak ez eskatzea.

Arau-hausteak arinak edo larriak izan daitezke.

Arau-hauste arintzat hartuko dira ordenantza honetan xedatua betetzen ez duten egiteak edo ez egiteak, edo Ororbiako Kontzejuak kasu zehatzerako agindutakoa ez betetzea, baita ordenantza honetan aurreikusitakoetan baimenik ez eskatzea ere.

Arau-hauste larritzat hartuko dira, ordenantza honetan xedatua ez betetzeaz gain, pertsonendako edo ondasunendako ondorio ekonomiko txarrak dakartzaten egiteak edo ez egiteak.

Halaber, arau-hauste larritzat hartuko da pertsona batek edo nekazaritza nahiz abeltzaintzako ustiategi bateko zein enpresa bateko kideek hiru arau-hauste arin egitea bi urteko epean.

11. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek isuna izanen dute zehapen; hura 300,00 euro izanen da gehienez ere, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 117. artikuluan ezarriari jarraituz.

Zehapen espedienteak ofizioz irekiko dituzte bai Kontzeju honek bai goragoko agintariek, eta salaketa bidez ere irekiko dira. Izendatutako udalkideek, arau-haustea egiaztatutakoan, salaketa-orri bat jaulkiko dute eta hasiera emanen zaio zehapen espedienteari. Kontzejuak Batzordeko kide baten esku uzten ahal ditu honen gaineko eginkizunak.

12. artikulua. Tasak.

Landa bideen aprobetxamentu berezia dela-eta tasa bat ezarriko da, baldin eta baldar-ibilgailuak, ibilgailu katedunak, garabi kamioiak, zoru gaineko arrasteko edo gurpil-geruzako kamioiak, eta oro har, 15 tona metriko baino pisu handiagoko ibilgailu industrialak eta/edo hiru ardatz baino gehiago dituzten kamioiak haren gainetik pasatzen badira edo okupatzen badituzte.

Ez dira tasa honen zergapeko egintza edozein motako ibilgailu motordunak erabiltzea bide, bidexka edo galtzadetan ingurumena babesteko edo zaintzeko, edo aisialdian naturaz gozatzeko. Izan ere, erabilera hori oro har debekaturik dago, eta, hortaz, tasa ordaindu baino dagokion zehapen prozedura irekiko zaio, arau-hause larria baita. Edonola ere, eta interes orokorraren alde egiteko joerei jarraikiz, eta betiere Kontzeju honek baimen espresua eman ondoren, 12 tona arteko ibilgailuen joan-etorria baimentzen ahalko da zaintze, mantentze edo konpontze lanank egiteko delako bide, bidexka edo galtzadetan.

13. artikulua. Subjektu pasiboa.

Tasen subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, pertsona fisiko eta juridikoak eta, ordenantza honentan zehaztu bezala landa bideak erabili, probestu edo aprobetxatzen dituzten entitateak, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege orokorraren 35.4 artikuluan aipatzen direnak.

14. artikulua. Erantzuleak.

Tributu obligazioen erantzule solidario izanen dira subjektu pasiboa eta pertsona fisikoak eta juridikoak, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 41.1 eta 42. artikuluetan aipatzen direnak.

Erantzule subsidiarioak izanen dira pertsona juridikoen egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak, konkurtsoaren administrazioaren kideak eta, oro har, sozietateak eta entitateak likidatzen dutenak, Tributuei buruzko 58/2003 Lege Orokorraren 43. artikuluan xedatzen den kasuetarako eta irismenarekin.

15. artikulua. Zerga-oinarria eta oinarri likidagarria.

Ibilgailuaren pisuak (tonatan adierazia) eta hark landa bideetan zehar egindako distantziak (kilometrotan adierazita) osatuko dituzte zerga-oinarria eta oinarri likidagarria.

16. artikulua. Tributu kuota.

Tasaren zenbatekoa ondoko polinomio honek adierazten du:

Tributu-kuota=aprobetxamenduaren araberako tarifa x pisua x egindako distantzia.

Aprobetxamendu moten definizioak eta tarifen koadroa:

Iraupen luzeko aprobetxamendua 6 hilabete naturaleko epea baino luzeagoa da.

Ohiko aprobetxamenduak 31 egun naturaletik 6 hilabete natural arteko iraupena du.

Aprobetxamendu jarraituak 10 egun naturaletik 30era arteko iraupena du.

Noizean behingo aprobetxamenduak 9 egun naturaleko iraupena du gehienez.

Aprobetxamendu motak (euro/Tm. km):

-Iraupen luzekoa: 0.025.

-Ohikoa: 0.033.

-Jarraitua: 050.

-Noizean behingoa: 070.

Gutxieneko tributu-kuota ezarria da, 150,00 eurokoa, baimendutako ibilgailuaren lizentzia bakoitzeko, zehaztu diren lehenengo bi aprobetxamendu lizentzietan. Jarraituaren kasuan, gutxieneko kuota 75,00 eurokoa izanen da, eta 50,00 eurokoa noizean behingorako.

Tarifak urtero igoko dira, Nafarroako KPIren arabera.

17. artikulua. Sorrarazpena.

Tasaren sorrarazpena sortuko da aprobetxamendu berezia hasten denean, nahiz eta aldez aurretik ordaindu beharko den zenbateko osoa, dagokion lizentzia eskatuta eta tasaren zenbatekoa likidatuta.

18. artikulua. Deklarazio, likidazio eta diru-sarreraren araubidea.

Subjektu pasiboek Ororbiako Kontzejuari eskatu beharko diote, jarduera hasi aurretik, aprobetxamendu berezia egiteko lizentzia. Bertan zer ibilgailu mota den, jardueraren deskribapena eta okupazioaren denbora zehaztuko dira.

Eskaerarekin batera ordenantza honen 3. xedapen gehigarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira.

Eskabidea aurkeztu ondoren, Kontzeju honek lizentzia emanen du ala ez, eta, beharrezko likidazioa eginen du, hala balegokio. Lizentzia emateko tasa ordaindu eta fidantza jarri beharko dira.

19. artikulua. Fidantza.

Fidantzak kalteak bermatuko ditu, zuzenak zein zeharkakoak, eskatutako eta baimendutako jarduerak eta materiala garraiatzeko ibilbide nagusia garbitzeak eta zaintzeak sortuak.

Fidantzaren zenbatekoa tasaren zenbatekoaren %25 da.

Fidantza itzuliko da, eskudirutan edo bankuko abal gisan, Kontzeju honi eskatu ondoren. Eskaeran adieraziko da lanak bukatu direla eta ziurtatuko da, hala balegokio, Kontzeju honek konpontzeko eskatu dituen kalteak guztiz konpondu direla.

Konpontzeko errekerimendua jakinarazi eta hilabetera konponketarik egin ezean, Kontzejuak eginen du exekuzio subsidiarioa, partikularraren ordez eta haren kontura, beharrezko zenbatekoa findantzatik kenduta.

Fidantzaren zenbatekoa ez bada nahikoa konponketa lan guztiak ordaintzeko, Kontzejuak lizentziaren titularrari eskatuko dio erantzukizuna, eta legezko neurri egokiak hartuko ditu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehendabizikoa.-Lizentzia.

Lizentziaren eskabidean honako hau agertuko da:

-Ibilgailuaren neurriak, egonkortzaileak edo plataformak zabalduta dituela, hala balegokio: luzera, zabalera, garaiera eta harentzat gehienez baimentzen den pisua.

-Joan-etorrietarako aurreikusitako denbora eta bidearen okupazioa.

-Zerbitzua zein egunetan eta ordutan egin nahi den.

-Ibilgailuaren pisua, gehienez baimendutako kargarekin eta hutsik.

-Eginen den ibilbide nagusia eta alternatibak, hala balegokio.

-Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

-Ibilgailuaren erantzukizun subsidiarioaren asegurua.

-Indarreko garraio-txartela.

-Legez eskatzen diren berraztertze teknikoak eginak dituela erakusten duen egiaztagiria.

Bigarrena.-Betebeharrak.

Erabiltzaileak honako betebehar hauek izanen ditu:

-Ibilgailua, joan-etorria eta bidearen okupazioa seinalatzea, baita ibilgailuen zein oinezkoen trafikoaren desbideratzeak ere, hala gertatuz gero.

-Gainerako ibilgailuen eta oinezkoen osotasun fisikoa babesteko behar adina neurri hartzea, baita bidea lehen zegoen bezala uztea ere. Haren erantzukizun osoa izanen da sortutako kalte-galerak konpontzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, indarrean diren xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da. Ordenantza honen interpretazioaz sor daitezkeen zalantzak Ororbiako Kontzejuak argituko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L1001533