20. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

46/2010 FORU AGINDUA, urtarrilaren 25ekoa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea onesten duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren arduretako bat da herritarrenganako zerbitzu publikoetan prestazio-maila handia lortzea. Haren administrazio jarduketa honakoek gidatzen dute: Botere Legegileak onetsitako legezko arauen eta emandako erregelamenduzko xedapenen aurreikuspen zehatz eta unean unekoek, eta administrazioaren antolamendu juridikoa eratzen duten eta gaur egungo Zuzenbide Publikoaren printzipio orokorrak taxutzen dituzten printzipio eta erregelek.

Aurreikuspen hori betetzeko, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren uztailaren 15eko 46/2004 Foru Aginduaren bitartez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea onetsi zen. Dokumentu horretan zenbait printzipio eta arau orokor jaso ziren herritarren, administrazio publikoaren eta zerbitzu publikoak ematen dituzten langileen arteko harremanak orientatzeko.

Kodea Europar Batasuneko erakundeek egindako antzeko ekimenen babespean sortu zen. Hain zuzen ere, erakunde horiek "administrazioaren jardunbide egokiaren kodeak" izenekoak sustatu eta onetsi zituzten modu orokorrean, eta horietan jaso zituzten erakunde horiek herritarrekin zituzten harremanak taxutzen zituzten printzipio orokorretako asko. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean hartu ziren kontuan.

Testuinguru horretan, komenigarritzat jo zen testu publiko batean jasotzea administrazio moderno, demokratiko eta adeitsuaren eta herritarren arteko harreman egokitzat jotzen dena bideratu behar duten oinarrizko printzipioak eta erregela orokorrak, alde batetik Administrazioa herritarrengana gehiago hurbiltzeko, eta bestetik, bere jardueran kalitatea hobetzea bermatzeko.

2004an Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea onetsi eta argitaratu zenetik, Administrazioaren eta herritarren arteko harremanean eragina duten zenabit araudi garatu dira.

Horregatik guztiagatik, komenigarritzat jo da hori beste Kode batean biltzea. Kode horren xedea, aurrekoarena bezala, administrazioa herritarrengana gehiago hurbiltzea eta bere jardueraren kalitatea hobetzea da, bai eta administrazioko langileei herritarrekiko harremanean kontuan hartu beharreko jarraibideen gaineko informazioa zehaztasunez ematea ere. Era berean, herritarrei Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko ohiko harremanean espero behar duten jokabideari buruzko informazioa eman nahi zaie.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea onestea. Kode hori eranskinean dago.

2. Indarrik gabe uztea uztailaren 15eko 46/2004 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek herritarrekiko harremanetan jarraitu beharreko Administrazioaren jardunbide egokiaren kodea onesten duena.

3. Foru agindu hau igortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuetako idazkaritza nagusi teknikoei, zuzendaritza nagusiei eta kabineteei, bai eta erakunde autonomoetako zuzendaritza eta kudeatzailetzei, jakin dezaten eta gehiago zabal dezaten.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 25ean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

ADMINISTRAZIOAREN JARDUNBIDE EGOKIAREN KODEA

I. KAPITULUA

Orientabide orokorrak

I. Printzipio orokorra.

Herritarrekiko harremanetan, hala Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, nola harenlangileek beren jarduera ahal den neurrian egokituko dute Administrazioaren jardunbide egokiaren kode honetan (aurrerantzean "Kodea") ezarritako printzipio eta arau orokorretara.

II. Erreferentziako administrazio esparrua.

Kodea erreferentziarako dokumentua izanen da Nafarroako Gobernuko departamentu guztientzat eta horiei atxikitako erakunde autonomoentzat, baita harenlangileentzat ere, herritarrekiko harreman juridiko-administratiboetan.

III. Orientazio-izaera.

Kodeak orientazio-izaera dauka, indarreko araudia betetzearen ondoriozko jarraibideetan izan ezik. Administrazio publikoaren aurrean ezin da alegatu haren aurreikuspenak nahitaez betetzekoak direla.

IV. Jendeak Kodea ikusi ahal izatea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte Kode honek ahalik eta gehien heda dadin herritarren eta haren langileen artean. Zehazki, Kodea Nafarroako Gobernuaren web atarian beti ikusgai egon dadila bermatuko dute.

V. Jarraipena eta berrikuspena.

Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko foru batzordeak, aldian aldian, jardunbide egokiaren kodearen jarraipena eginen du, horretarako ezartzen diren sistemen bitartez.

Kodea berrikusiko da baldin eta indarreko araudian Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen eta herritarren arteko harremanei eragiten dieten aldaketak gertatzen badira, edo haren jarraipenaren azterketaren ondorioz komenigarria dela ikusten bada. Nolanahi ere, Kodea onetsi eta lau urte igaro ondoren berrikusi eginen da.

II. KAPITULUA

Administrazioaren jardunbide egokiaren printzipio eta arau orokorrak

I. Foru Komunitateko Administrazioko langileen printzipio etikoak eta jokabidezkoak.

Honako hauek dira administrazioko langileen herritarrekiko harremana eta jarduna gidatuko dituzten printzipio etikoak eta jokabidezkoak:

1. Pertsonen duintasuna, eskubideak eta askatasunak errespetatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduera orotan, baita haren langileek burututakoetan ere, pertsonaren duintasuna, eskubideak eta askatasunak errespetatuko dira, bai eta pertsonen justizia eta segurtasuna ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jarduera guztien helburua izanen da pertsona guztiei beren eskubideak eta askatasunak legeek xedatzen duten esparruan baliatzeko aukera ematea, eta zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezartzen duenari dagokionez. Bere jarduera egitean Administrazioak eskubide eta askatasun horiek baliatzeko aukera murriztu edo debekatu behar badu, modurik egokiena bilatuko du, azkenean horiek benetan baliatzeko modua egon dadin.

2. Diskriminaziorik eza, tratu-berdintasuna eta ekitatea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek beren jardueran berdintasunezko, bidezko eta arrazoizko portaera bermatu beharko dute, eta pertsona guztiei tratu bera emanen diete, beren nazionalitatea, jatorrizko eskualdea, sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, ezgaitasuna, adina, sexu orientazioa edo kanpoko itxura edozein direla ere. Tratu diferentea ematen denean berariaz justifikatu eta arrazoitu beharko da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek praktika diskriminatzaileak desagerrarazi edo murrizteko ekintza positiboak txertatzen ahalko dituzte. Alde horretatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beharrezkoak diren ekintzak eginen ditu genero-berdintasuna sustatzeko, minusbaliotasuna duten pertsonentzat irisgarritasuna errazteko (horretarako, zerbitzuen sarbide telematikoaz gain, baliabide lagungarriak gaituko dira pertsona horiek bulego fisikoetara errazago sar daitezen), eta antzeko beste jarduera batzuk.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek genero-ikuspegitik barneratzailetzat hartzen den komunikaziorako baliabideak erabiliko dituzte hizkuntza idatzian eta irudietan, hala dokumentazioan (formularioak, dokumentuak...) nola informaziorako, dibulgaziorako eta hedapenerako erabiltzen diren tresnetan (liburuxkak, iragarkiak, seinaleztapenak...).

3. Inpartzialtasuna eta independentzia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak inpartzialak izanen dira beren jarduera guztietan.

Administrazio-antolamenduan beharrezkoa den hierarkia galarazi gabe, administrazioko langileek arlo politikoko edo beste edozein arlotako presio edo eraginetik kanpo jardunen dute, eta beren zereginak betetzean ez dute iritzi partikularrik adieraziko.

Administrazioaren zerbitzuko langileek pertsona fisiko edo juridikoei kalte egiten ahal dieten ekintza arbitrario guztiak nahiz edozein arrazoi dela medio emandako lehentasunezko edo pribilejiozko tratuak saihestuko dituzte.

Administrazioko langileek ez dute parte hartuko beren interesekin edo bere familia, senide eta lagunen interesekin zerikusia duten administrazio-egintzetan.

4. Leialtasuna.

Herritarrekiko harremanetan, hala Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek nola haren langileek edozein egoeratan guztien ongiaren eta ordezkatzen dituzten Nafarroaren interesen alde jardunen dute.

Administrazioko langileek uneoro zerbitzu publikoko profesionalak direla kontuan hartuta jardunen dute, eta beren bokazioa Komunitateari zerbitzua ematea izanen da.

5. Adiskidetzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek Nafarroako herritarren adiskidetzearen alde eginen dute, Administrazio Elektronikoak ematen duen aukeraren bidez. Horretarako, administrazio elektronikoa ezar eta gara dadila sustatuko dute, hori edozein egoeratan edo lurraldeko edozein lekutan, eguneko edozein ordutan eta urteko egun guztietan erabiltzeko aukera egon dadin.

6. Oinarrizko kortesia eta tratu adeitsua.

Administrazioko langileek arduraz, kortesiaz, errespetuz eta adeitasunez jokatu beharko dute artatu behar dituzten pertsonekiko harremanetan.

Kontsulta pertsonaletan, eta gutunei, telefono-deiei, posta elektronikoari edo beste bide batzuei erantzutean, Administrazioaren zerbitzuko langileek laguntzeko prest agertu beharko dute, eta ahal bada, planteatzen dizkieten galderei erantzunen diete.

II. Legeen aplikazioarekin zerikusia duten printzipioak.

Indarrean dagoen araudia betetzeko, administrazioko langileek honako printzipio hauek bete beharko dituzte herritarrekiko harremanean eta beren jardunean:

1. Administrazio jarduera zuzenbidearen mende izatea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek uneoro Legearen eta Zuzenbidearen arabera jardunen dute eta araudian ezarrita dauden arau eta prozedurak aplikatuko dituzte. Bereziki, pertsonen eskubide eta interesei eragiten ahal dieten administrazio-egintzak Legean oinarri daitezela eta antolamendu juridikoaren aurkakoak izan ez daitezela zainduko dute.

2. Administrazio erantzukizuna.

Zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz pertsonek kalte eta lesioak jasaten badituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoak haien aurrean erantzule izanen dira, legeetan aurreikusten diren baldintzekin.

3. Agintearen desbiderapenaren debekua.

Administrazioaren antolamendu juridikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei esleitzen dizkien ahalmenak aurretiaz ezarri den helbururako soil-soilik baliatuko dira. Bereziki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek ahalmen horiek lege oinarririk ez duten edo interes publikorako egiten ez diren jarduerak egiteko erabiltzea saihestuko dute.

4. Norberaren egintzen koherentzia eta doktrina.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta haren erakunde autonomoak koherenteak izanen dira beren jarduerarekin, eta beren egintzen doktrina errespetatuko dute, hori aplikatzeak legea haustea ez badakar. Horretarako, lehengo jardueren arabera jardunen dute eta jarduera horien ondorioak onartuko dituzte, kasuren batean hori ez egiteko arrazoi sendoak daudenean izan ezik.

5. Segurtasun juridikoa.

Indarreko legediaren arabera jarduten duten pertsonek ziurtasuna eta konfiantza antzeman behar dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen jardunbidean, arrazoizko modu batean aurreikusi ezin diren arau- edo irizpide-aldaketak direla-eta. Konfiantza horrek ez du eragotziko ezarritako arau edo irizpideak aldatzea; kasu horretan, administrazioak esplizituki eta zorroztasunez justifikatuko ditu babes juridikoa duten eskubide, printzipio eta ondasunetan eragin negatiboa izaten ahal duten aldaketa guztiak.

III. Prozedurazko printzipioak.

Administrazio-egintzak egitean eta garatzean, Nafarroako Administrazio Publikoko eta haren erakunde autonomoetako langileek jarduerarako arau eta prozedurazko irizpide hauei jarraituko diete:

1. Gardentasuna administrazio-jardueran.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, herritarrekiko harremanetan, gardentasunez jardunen dute, eta muga bakarrak pertsonen oinarrizko eskubideekiko eta legeekiko errespetua izanen dira.

2. Objektibotasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, beren administrazio-jardueran, faktore esanguratsuak kontuan hartuko dituzte eta horietako bakoitzari dagokion garrantzia emanen diote azken erabakian.

3. Proportzionaltasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, administrazio-egintzak abiaraztean, hartutako neurriak lortu nahi den helburuarekiko proportzionalak direla bermatuko dute. Bereziki, ez dituzte pertsonen eskubideak murriztuko eta ez dute eskubide horien gaineko kargarik ezarriko, murriztapen edo karga horiek lortu nahi den helburuarekin alderatuta arrazoizkoak ez badira.

4. Interes orokorraren eta interes partikularren arteko oreka.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, administrazio-egintzak abiaraztean, pertsona pribatuen interesak eta interes publiko orokorra aztertuko dituzte, eta ahal dela interes batzuk eta besteak bateratuko dituzte.

Nafarroako Foru Komunitatearen interes orokorra eta interes partikularrak bateraezinak direnean, eta interes orokorra gailendu behar denean, dagokion administrazio-xedapen edo -egintzan berariazko eta arrazoizko justifikazioa emanen da.

5. Subsidiariotasuna.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek ekimen pribatua errespetatu, eta ahal den neurriean, sustatuko dute horretarako aukera dagoen esparru sozial eta ekonomikoetan. Horretarako, helburu sozialak dituzten ekimenak edo interes publikorako garrantzitsuak direnak lagunduko dituzte, ekimen horiek bereganatu, ezeztatu edo ordeztu nahi izan gabe.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek ez dituzte monopolizatuko herritarrek egiten ahal dituzten zereginak.

Partikularrek lortu nahi duten helburu publikoa behar bezala edo berme egokiekin artatu ezin dutenean, ekimen pribatua ordeztea erabakitzen ahalko da, horretarako justifikazioa emanda.

6. Datuen babesa.

Datu pertsonalak maneiatzen dituen administrazio-unitateak indarreko legedian ezarritako aginduak errespetatuko ditu, bereziki Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoa eta hori garatzen duen erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez.

Bereziki, datu pertsonalak justifikatu gabeko xedeetarako erabiltzea edo datu horiek baimendu gabeko hirugarren pertsonei ematea saihestuko da.

7. Fede ona, legezko konfiantza eta legezko igurikimena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek uneoro babestuko dituzte herritarrek haiengan jarritako nahiz ordura arteko portaera arruntean izandako fede ona eta legezko igurikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek errespetatu eginen dituzte pertsonek iraganean izandako administrazio-jarduera dela-eta dituzten igurikipen legitimo eta arrazoizkoak. Nolanahi ere, printzipio hori aplikatuz ezin izanen da lortu Zuzenbidean nahi ez den emaitzarik.

8. Eraginkortasun printzipioa.

Eskabide bat hori tramitatzeko eskumenik ez duen administrazio-unitate bati zuzentzen bazaio, bere zerbitzuen bitartez bermatu beharko da dena delako espedientea luzamendurik gabe -arrazoi justifikaturik egon ezean- eskumena duen unitateari bidaltzen zaiola.

Eskabidea hasieran jaso zuen administrazio-unitateak eskabidea aurkeztu zuen pertsonari jakinaraziko dio bidali egin dela, eta eskumena duen administrazio-unitatearen izena esanen dio.

Administrazio-errekurtsoen onargarritasuna kontrolatzean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek onartu ez izanaren arrazoiak modurik murriztaileenean interpretatuko dituzte, eta legearen esparruaren barnean onartzeko joerarik handiena duen ebazpidea hartuko dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek inola ere ezin izanen dute alegatu Zuzenbide arloan ezjakinak direnik administrazio-errekurtso bati legez ezarritako epean ez erantzuteko.

9. Azkartasun printzipioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek bermatuko dute haiengana zuzendutako idazki orori behar bezala erantzuten zaiola eta erantzuna arrazoizko epe batean eta luzamendurik gabe -nolanahi ere, indarreko araudiak ezarritako epean- erabakitzen dela.

Administrazioari zuzendutako eskabide edo erreklamazio bat, planteatzen dituen gaiak konplexuak izateagatik, arestian adierazi den epean ebatzi ezin bada, eskumena duen administrazio-unitateak horri buruzko oharra eginen dio pertsona interesdunari. Kasu horretan, behin betiko erabakiaren berri eman beharko zaio ahalik eta epe laburrenean.

10. Errekurtsoak eta ebazpenak.

Administrazio-errekurtsoak eta errekurtso judizialak aurkeztea herritarren oinarrizko eskubidea da.

Administrazio-errekurtsoak jakinaraziko dira. Ahal den guztietan jakinarazpen hori Zuzenbidean lizentziatuak diren langileek eginen dute, baldin eta aurkatutako egintzan esku hartu ez badute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek, pertsonen eskubideak erabat errespetatuz, beharrezkotzat jotzen dituzten administrazio izapide guztiak eginen dituzte interesdunek haien eskubideak edo interesak ukitzen dituen erabaki ororen berri idatziz jaso dezaten.

Jakinaraztera behartuta dagoen administrazio-unitateak ez dio kanpoko inori jakinaraziko erabakia ukitutako pertsonari edo pertsonei jakinarazi baino lehen.

Pertsona baten eskubide eta interesetan eragin negatiboa izaten ahal duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen administrazio-ebazpen orotan, baita administrazio-errekurtsoei emandako erantzunetan ere, oinarritzat hartu diren arrazoiak adierazi beharko dira, eta egokiak diren gertakariak nahiz erabakiaren oinarri juridikoa argi eta garbi azalduko dira.

Administrazioak, ahal dela, ez du ebazpenik hartuko azalean edo modu lausoan azaldutako arrazoietan oinarrituta edo kasu zehatzari aplikatzen ahal zaion arrazoibiderik azaldu gabe. Halaber, ahal den neurrian, pertsona orok ulertzeko moduko hizkera erabiliko du eta termino edo esamolde juridikoak beharrezkoa denean soilik erabiliko ditu.

Pertsona ugari antzeko erabakien eraginpean daudenean erabakiaren arrazoiak zehaztasunez komunikatzea ezinezkoa bada, eta erantzun normalizatuak ematen direnean, administrazio-unitateak gerora banakako azalpena emanen dio berariaz hala eskatzen duen pertsonari.

11. Herritarrentzako arreta eta informazioa.

Nafarroako Gobernuak baliabide egonkorrak ezarriko ditu herritarren informazio eskaria artatzeko -baliabide horien berri behar bezala emanda- telefono bidez, telematika bidez eta bertaratuta, 012 telefono-zenbakiaren bidez nahiz ondorio horretarako gaitzen dituen arreta zuzeneko bulegoen bitartez, eta herritarrentzako arretaren antolaketa eta kudeaketa arautuko dituen araudia ezarriko du. Halaber, arretaren helburua edozein pertsonak hasi nahi dituen tramiteak bideratzea izanen da, baita pertsona horri dagokion espedientearen egoeraren berri ematea ere.

Telefono bidezko arretan, telefonoa hartzen duenak bere administrazio-zerbitzu edo -unitatea identifikatuko du, eta hala eskatzen badiote, bere burua identifikatuko du izena esanez edo ezarrita dauden segurtasun publikoko arauen arabera. Halaber, deitzen duen pertsonaren nortasuna ere eskatzen ahalko du. Eskatu zaion informazioa emanen du edo interesa duen pertsonari egokia den iturria zein den esanen dio, baldin eta indarreko xedapenek eragozten ez badiote edo hori egitea bere eginkizunei ez badagokie. Telefono-deia berehala artatzea ezinezkoa denean, eta inguruabarrek horretarako aukera ematen badute, deitu duen pertsonari bere izena eta telefono-zenbakia emateko aukera emanen zaio, eskumena duten langileak ahalik eta lasterren harekin harremanetan jar daitezen.

Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren izapideak eginen ditu pertsona guztiek bere interneteko atariaren bitartez Nafarroako Foru Komunitateak onetsitako araudiaren eta unitate batzuek eta besteek ematen dituzten zerbitzuen berri doan izan dezaten, baliabide telematikoen bitartez tramitatzen ahal direnak bereziki azpimarratuta.

Nafarroako Gobernuak egiten dituen jarduerei buruzko informazioa emanen die hedabideei, herritarrentzat orokorrean interesgarria dela uste badu, eta bereziki, arauzko xedapenak onesteari eta/edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeari buruzkoa.

Nafarroako Gobernuak eta haren erakunde autonomoek, dena delako gaiaren arduradun edo eskudunak direnean, eta aplikatzekoak diren xedapenen arabera, herritarrei administrazio-jarduerako alderdien artean beren legezko eskubide eta interesetan eragina izaten ahal dutenei buruz eskatu duten informazioa emanen diete; nolanahi ere, beren nortasunari buruzko konfidentzialtasuna zainduko dela bermatuko zaie.

Eskatzaileei ematen zaien informazioa, ahal den neurrian, argia eta ulergarria izanen da.

Ahozko informazio-eskari bat zailegia edo luzeegia denean, administrazio-unitateak dagokion pertsonari bere eskaria idatziz egiteko esanen dio.

Administrazio-unitate batek eskatutako informazioa eman ezin badu, eskatzaileari informazioa ez emateko arrazoiak zein diren esanen dio.

Eskariak ukatu behar direnean, Administrazioak bidezkoa den administrazio-errekurtsoa, hori aurkezteko epea eta zein organotan aurkeztu behar den adieraziko du.

Bere ardurapekoak ez diren gaiei buruzko informazio-eskarien kasuan, administrazio-unitateak eskaria aurkeztu duen pertsona eskumena duen unitatera bideratuko du, eta informazio-eskaria beste administrazio bati badagokio berdin jokatuko du.

12. Modernizazio printzipioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Administrazio Elektronikoa ezartzeko esparrua bereganatu du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea betetze aldera. Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak eta haren erakunde autonomoek herritar guztiei onartzen zaizkien eskubide guztiak aplika dakizkiela eta benetan baliozkoak izan daitezela bultzatuko dute, eta zerbitzu publikoak baliabide elektronikoen bitartez eskuratzeko aukera sustatuko dute.

Orokorrean, prozedura guztietarako, Erregistro elektronikoan eskabidea aurkeztuz prozedura hastea, dokumentazioa baliabide elektronikoen bitartez ematea, tasa eta zergak baliabide elektronikoen bitartez ordaintzea, baliabide elektronikoen bitartez jakinaraztea eta espedienteak baliabide elektronikoen bitartez kontsultatzea eskainiko da.

Aldi berean, eta modernizazio printzipio hori betetzeko, langileak teknologia berrien erabileran eta parte-hartzea sustatzen duten antolaketa-metodo eraginkorretan trebatuko dira, eta etengabeko prestakuntzako prozesua jarraituko dute. Horretarako, Nafarroako Gobernuak gai horretan prestakuntza-jarduerak eskainiko ditu.

13. Kalitate konpromisoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek etengabe hobetzeko eta beren kudeaketaren eta arretaren kalitatea ziurtatuko duten mekanismo eta prozesuak ezartzeko konpromisoari eutsiko diote.

Kalitate hori lortze aldera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek "zerbitzuen gutunetan" agerraraziko dituzte zerbitzu publikoak ematean hartzen dituzten konpromisoak eta horien betetze-maila ebaluatzeko erabiltzen dituzten adierazleak. Zerbitzuen gutunak publikoak izanen dira.

14. Herritarren partaidetzaren printzipioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak herritarrek banaka edo taldeka parte hartzea ahalbidetuko du, erabakiak hartzean, administrazio-maila ezberdinetako politika publikoen kudeaketa eta diseinuan eta erakunde publikoetan, nola ez, bere jarduna hobetze aldera.

Herritarrek administrazioa hobetzen modu aktiboan parte hartzen ahalko dute honako baliabide hauen bitartez: kexak eta iradokizunak aurkeztea, herritarren gogobetetasunari buruzko azterlanak eta herritarrei entzuteko edo parte hartzen uzteko beste prozedura guztiak, legez hala eskatzen ahal delako edo administrazioak berak ekimen hori bultzatu duelako. Administrazioak herritarren proposamenen onarpen maila sustatu eta areagotuko du, herritarren kontsulta eta/edo partaidetzako prozesuen emaitza gisa.

Herritarrekiko harreman hori indartzeko, Nafarroako Gobernuak informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatuko du, herritarrekiko harremanerako bideak ezartzeko. Hala, ukitutako pertsonak edo interesa dutenak baliabide elektronikoen bitartez eta une bakoitzean ohikoenak diren formulei jarraituz, administrazioarekin eta administrazioa zuzentzen dutenekin harremanetan jartzeko eta elkarreraginerako aukera izanen dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek kexa eta iradokizunak jasotzeko bideak eskura jarriko dituzte; horien ardura duten unitateek pertsona interesdunei erantzuna emanen diete, eta egindako jarduerei nahiz, bidezkoa bada, hartutako neurriei buruzko informazioa emanen diete.

Iragarkiaren kodea: F1001483