19. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

86/2010 EBAZPENA, otsailaren 1ekoa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2010eko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 3an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2008-2012 Planaren helburu nagusia zerga arloko betebeharrak hobeki bete daitezela lortzea da. Hori lortzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak ikuskapenaren, kudeaketaren eta diru-bilketaren arloetan eginen duen lana helburuen araberako plangintza batean jasotzea aurreikusten da. Plangintza horren edukiek osatuko dute Zergen Kontrolerako Plana.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak otsailaren 3an emandako 71/2009 Ebazpenaren bidez, jakinarazi ziren Zergen Kontrolerako 2009ko Planaren oinarri izanen diren irizpideak eta jarduketa-ildoak. Plan hartan, lehen aldiz, informazioa zabaldu zen, izan ere ikuskapen planekin batera zergen kudeaketa eta diru-bilketaren arloetan aurreikusitako jarduerak ere argiratu ziren. Ebazpen honek garai hartan hasitako planteamenduari jarraitzen dio, eta zergen kontrolerako plangintza osoaren ikuspegi global eta integrala ematen du.

Gainera, ebazpen honen bidez Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa betetzen da, hartan xedatzen baita, berariaz, urteko Ikuskapen Plana gidatzen duten irizpide orokorrak argitaratu behar direla.

Xedapen horietan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak argitaratzen dira.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Lehena.-Zergen Kontrolerako 2010eko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onestea.

1.-Jarduketa ildo orokorrak.

1.1. Zergen kontrolaren plangintza osoa. Eskumena duten zerbitzuen arteko koordinazioari garrantzi berezia emanen zaio, hala berrikusi beharreko zergadunak hautatzerakoan, nola jarduketen lan zehatzak finkatzerakoan.

1.2. Informazioaren kalitatea eta hura lortu, aztertu eta ustiatzeko prozesuak hobetzea, zerga kontrolaren eraginkortasuna handitzeko. Zehazki:

a) Informazioa emateko betebehar berriak ezartzea.

b) Beste erakunde batzuekin informazioa trukatzeko hitzarmen berriak sinatzea eta egungoak hobetu eta eguneratzea.

c) Zerga arloko informazio erabilgarria duten datu-base berriak bilatzea.

d) Teknologia berriak garatzea, informazioa tratatzeko datu-biltegiak ustiatuz edo arrisku fiskala aztertu eta gero zergadunak modu objektiboan hautatzeko tresnak erabiliz eta zerga arloko kontu-ikuskapenak egiteko sistema informatikoak ezarriz.

1.3. Ezkutuko ekonomiaren iruzurrari aurre egitea sustatzea, honela:

a) Datuak eta trukatutako informazioa hobeki biltzea.

b) Jarduketak planifikatu eta gauzatzea.

c) Zerga-betebeharren kontrola areagotzea.

1.4. Zerga arloko beste administrazio publiko batzuekin lankidetza indartzea, batez ere Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, Nafarroako Toki Ogasunekin eta Euskadiko Foru Ogasunekin.

1.5. Beste eragile eta administrazio batzuekin lankidetza hobetzea, batez ere Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin, polizia kidegoekin, Ministerio Fiskalarekin eta epaileen organoekin. Lan Ikuskatzailetzarekin eta Gizarte Segurantzarekin lankidetza eta trukea areagotzea, ezkutuko ekonomiako kasuak jazartzeko.

1.6. Langileen prestakuntza bultzatzea tributuen arlo teknikoetan eta prozeduren arloan, baita zerga arloko kontu-ikuskapenak egiteko tresna berrien erabileran ere.

2.-Zergen Kontrolerako Planaren egitura.

2.1. Ikuskapen plana.

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Ikerketa, ikuskapen plangintza eta informazio bilketa sustatzea, zeregin horietarako giza baliabideak eta teknologikoak emanez.

b) Ikuskapen jarduketen kalitatea homogeneizatu eta hobetzea honakoen bidez: unitateen arduradunen ikuskapena, Ikuskapen Jarduketen Erregistroa gaurkotzea eta zerga arloko kontu-ikuskapenak egiteko sistema informatikoak ezartzea.

c) Hitzarmen ekonomikoaren egokitasunaren jarraipena egitea, beste zerga administrazio batzuek egiten dituzten ikuskapen lanetan.

d) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko kideei, zerga arloan, kontabilitatean eta ikuskapen jarduketarekin lotutako beste alor batzuetan etengabeko eta berariazko prestakuntza eskaintzea. Zerga arloko kontu-ikuskapenak egiteko tresna berriak erabiltzeko gaitzea.

II.-Arreta bereziko arloak.

a) Ondasun higiezinen sektorearekin, oro har, harremana duten jardueren zerga jokabidea egiaztatzen eta ikertzen segitzea, higiezinen jabetzari buruzko zerbitzu guztiak barne direla. Bereziki, kudeaketa unitateekin koordinatuta, errentamenduak eta higiezinen lagapena kontrolatzeko plan berariazkoa eramanen da aurrera.

b) Iruzur antolatuen sareak, batez ere BEZarekin, Europar Batasunaren barneko eragiketekin eta Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziekin zerikusia duten guztiak, aztertzen eta ikertzen segitzea. Bereziki, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroan eta Hilabeteko Itzulketen Erregistroan sartzeko eskaerak kontrolatuko dira, baita itxuraz jardunean ez dauden zergadunenak ere.

c) Benetako ondasun-entregei edo zerbitzu-emateei ez dagozkien fakturak egiaztatuko dira eta horien jaulkitzailearen eta hartzailearen egoera erregularizatuko da. Bereziki, zergak zenbatespen objektiboaren araubidea edo araubide erraztua erabiliz ordaintzen dituzten enpresaburuen fakturazioa kontrolatuko da.

d) Balio handiko billeteekin eskudirutan egiten diren eragiketa ekonomikoak egiaztatzen jarraituko da, hots, legez kanpoko, aitortu gabeko edo iruzurrezko eragiketak estaltzeko asmoz egindakoak.

e) Kudeaketa unitateekin koordinatuta, eta zerga arloko ez-betetzeak erreklamatzeko berariazko plan baten barnean, zerga aitorpenak aurkezteko betebeharrak betetzen ez dituzten zergadunen tributazioa aztertuko da, larritasun berezikotzat edo arrisku fiskal larrikotzat kalifikatu diren kasuetan, arrisku fiskal berezia dagoenean eta zergadunak emandako datuak Nafarroako Zerga Ogasunak dituenekin bat ez datozenean.

f) Lanbide jardueretan aritzen diren zergadunen tributazioa aztertuko da diru-sarrerak eta lortutako etekinak bat ez datozenean.

g) Enpresen tributazioa aztertuko da langile bazkideen ordainsariek entitatearen beste magnitude batzuekin zerikusia ez dutenean edo haien araberakoak ez direnean.

h) Zergadunen tributazioa ikertu eta egiaztatuko da, baldin eta erakusten duten gaitasun ekonomiko handiaren eta aitortutako etekinen mailaren artean elkarrekikotasunik ez badago. Ildo horretatik, lanbide jardueren kontrola nabarmenduko da.

i) Sozietateen gaineko Zergan aplikatzen diren zerga onurak benetakoak eta araudiaren araberakoak ote diren begiratuko da. Halaber, kontabilitateko emaitza nabarmena aitortu eta Sozietateen gaineko Zergan (kontabilitateko emaitzan edo zerga-oinarrian doikuntzak egiteagatik edo zergaren kuotan kenkariak aplikatzeagatik) oso autolikidazio murriztua aurkeztu duten subjektu pasiboak bereziki kontrolatuko dira.

j) Talde fiskalen zerga arloko jokabidea eta enpresa handiek egiten dituzten eragiketa garrantzitsuak arretaz aztertuko dira.

k) Hondakinak tratatzeko eta metalak berreskuratzeko jarduerei lotutako zerga arloko jokabideak aztertzen eta ikertzen jarraituko da.

l) Hileroko itzulketen araubideaz baliatzen diren BEZaren itzulketa eskaeretan tributazio orokorra aztertuko da.

m) Fabrikazioko zerga berezien gaineko tributazioa egin behar duten produktuak fabrikatu eta merkaturatzeko jardueren zerga arloko jokabidea aztertuko da, bereziki zerga horietan behar ez bezala aplikatzen diren salbuespenen eta hobarien kontrola.

n) Zenbait zergadunen helbide fiskala benetakoa ote den aztertu eta egiaztatuko da, beste zerga administrazio batzuekin batera.

ñ) Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez -Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak, ekainaren 8an emandako 87/2009 Foru Aginduaren bidez, haren ikuskapena Iruñeko Udalari eskuordetu zion-, zerga hori ordaindu dela egiaztatuko da lehentasunez ondoko arlo hauetan: higiezinen sustapena, higiezinen alokairua, eraikuntza osoa eta finantza- eta aseguru-entitateak.

Gainera, 2010eko Ikuskapen Planak hartzen dituen jarduketen artean daude, besteak beste, Foru Komunitateko zergadunei buruzko egoera ez-normalen berri emanez Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari egiten zaizkion komunikazioen ondoriozkoak, hala eskatuz gero tributuak kudeatzeko unitateek, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak, Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunek, Nafarroako toki entitateek eta gainerako erakunde publikoek. Horien artean salaketak ere sartzen dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Ikuskapen Zerbitzuak funtzionarioek beren lanaren bidez egiten dituzten proposamenen ondoriozko ikuskapen lan guztiak egiten ahalko ditu.

2.2. Kudeaketa eta egiaztapen laburtuen Plana.

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Tributuak kudeatzeko ardura duten atalek egiten dituzten egiaztapen lan laburtuak indartzea.

b) Zergadunen zentsuak berrikusi, garbitu, mantentze-lanak egin eta eguneratzea.

c) Zergadunarentzako zerbitzua eta zergen kontrola hobetzeko aplikazio telematikoak ezartzea. Bereziki, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioak hobetzeko.

d) Oinordekotzen eta dohaintzen gaineko zergan autolikidazioa egiteko sistema ezartzen jarraitzea.

e) Dagoen informazioa hobetzea eta haren kalitatea areagotzea datuak informazio-eredu berrien bidez landuz.

f) Zerga arloko kontrolak sustatzea zerga arloko kontu-ikuskapenak egiteko sistema informatikoak aplikatuz.

g) Zehapen prozedura bultzatzea zergadunek zerga arloko arau-hauste larriak egiten dituzten kasuetarako.

h) Aurkezten diren errekurtso eta kontsultak ebazteko epeak hobetzea.

i) Etengabeko prestakuntza berariazkoa fiskalitatearen, kontabilitatearen eta kudeaketaren arloetan.

II.-Arreta bereziko arloak.

a) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuta, ekonomia ezkutuko iruzurrari aurre eginen zaio zerga arloko ez-betetzeak erreklamatzeko berariazko plan baten bidez, eta zehazki:

-Beste datu-iturri batzuekin trukatutako informazio gehiago bilduz: Gizarte Segurantza, Laneko Ikuskaritza, Etxebizitza Departamentua, udalak.

-Ez-betetzeak zerga arriskuen arabera sailkatuz eta erreklamazioak planifikatuz.

-Bete gabe gelditu diren betekizunen errekerimenduak areagotuz.

b) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuta, Sozietateen gaineko Zergan aplikatzen diren zerga onurak benetakoak eta araudiaren araberakoak ote diren begiratuko da.

c) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuta, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroan eta Hilabeteko Itzulketen Erregistroan sartzeko betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko da, baita Europar Batasunaren barreneko eragiketen tributazioaren jarraipena areagotuko ere.

d) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuta, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren edo Sozietateen gaineko Zergaren hileko edo urteko aitorpenetan pilatzen diren saldoen itzulketen jatorria aztertuko da.

e) Enpresa handiek zerga aldetik dituzten betebeharrak betetzen dituztela kontrolatzen jarraituko da.

f) Ondare higiezinen sektorean, alokairuen kontrolerako berariazko plan baten bidez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta, bidezkoa bada, Balio Erantsiaren gaineko Zergan egoki tributatzen dela egiaztatuko da, etxebizitzen eta beste ondasun batzuen errentamenduak eta erabileren bestelako lagapenak egiten direnean.

g) Ondasun higiezinen eskualdaketen eta atxikipenen mendean ez dauden errenten ondoriozko ondare-gehitzeen tributazioa ere aztertuko da.

h) Aurkezten ez diren tributu arloko aldian aldiko aitorpenen eta aitorpen informatiboen erreklamazioak indartuko dira, arrisku fiskala lehenetsiz eta errekerimenduei kasu egiten ez denerako ezarrita dagoen zehapen prozedura bultzatuz. Bereziki notario-eskrituretan dokumentatutako zergapeko egintzen ondoriozko ez-betetzeak eskatuko dira.

i) Lan etekinei eta ondasun higigarrien eta higiezinen kapitalaren etekinei egozten ahal zaizkien konturako kopuruen atxikipena egiteko eta Zerga Ogasunean ordaintzeko betebeharra zuzen betetzen dela kontrolatuko da. Bereziki, atxikitzailearen informazioaren eta diru-sarreren eta atxikitakoaren informazioaren eta deskontuaren arteko koherentzia aztertuko da.

j) Zerga guztietan, zergadunen zerga arloko jokabidea egiaztatuko da, zergadunak aitortutako informazioa hirugarrenek emandako datuekin eta Nafarroako Zerga Ogasunean dauden beste informazio batzuekin gurutzatuz.

k) Sozietateen gaineko Zergaren eta BEZaren taldeen tributazioen jarraipena egiten jarraituko da eta, halaber, zergak eragiketen bolumenaren arabera ordaintzen dituzten zergadunen jarraipena.

l) Zerga berezien arloan eta kontu-hartzailetzako kontroletan, honakoei arreta berezia jarriko zaie: izakinen zenbaketari, produktuen eta kontabilitate taulen mugimenduen egiaztapenari eta erregelamendu bidez onar daitezkeen galeren zenbaketa eta justifikazioari. Era berean, bioerregaiak eta horiek erregai konbentzionalekin nahasiz lortutakoak ekoiztu eta banatzeko prozesuan kontrolak ezarriko dira, bai eta zerga gordailuetarakoak ere (logistikoak edo oliobideen edo gasbideen sareek eratutakoak).

2.3. Diru-bilketaren Plana.

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskadiko Foru Ogasunekin batera lan egitea Nafarroako Foru Komunitatearekin zorren bat dutenen ondare-egoerari buruzko informazioa trukatzeko.

b) Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin lankidetza bideak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbide publikoko diru-sarrerak betearazpen-bidean biltzen laguntzeko.

c) Finantza entitateekin batera, autolikidazioen eta ordainketen tramitazio telematikoa bultzatzen jarraitzea. Bereziki, ordainketa telematikoaren zerbitzua ezartzea edozein zor ordaintzeko edo premiamendu bidezko zorren zatikapena tramitatzeko.

d) Gerorapenak egiteko tramiteen kontrola areagotzea, betebehar batzuen betetzea automatizatuz.

e) Beste zerga administrazio batzuen zergetako itzulketen bahiturak sustatzea.

II.-Arreta bereziko arloak.

a) Zerga zorren gerorapenak eta zatikapenak onartzeko tramitazioa arintzen jarraituko da eta ordainketak eskaera bakoitzean ezartzen diren baldintzen arabera egiten direla kontrolatuko da.

b) Ordaindu gabeko zerga zorren segimendu zorrotza egiten jarraituko da, betearazpen bidearen tramitazioari hasiera emateko. Horretarako, zergadunak segmentatu eta arrisku fiskalaren arabera lehenetsiko dira.

c) Premiamendu prozeduretan erabakitzen diren bahituren tramitazio telematikoa bultzatuko da.

d) Zerga zorraren ordainketa eskatzeko erantzukizunaren ondorioz datozen administrazio egintzak sustatuko dira.

e) Konkurtso prozedurak kontrolatuko dira, tartean zergetako kredituak baldin badaude. Halaber, koordinazioa sustatuko da kudeketa eta ikuskapen organoekin, zerga-oinarrien gehiegizko edo iruzurrezko aldaketak saiheste aldera.

f) Kudeaketa eta ikuskapen organoen arteko lankidetza sustatuko da, zorrak kobratzea bermatuko duten kautelazko neurriak hartzeko.

Bigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko otsailaren 1ean.-Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, José Ignacio Pérez de Albéniz Andueza.

Iragarkiaren kodea: F1001813