17. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

138/2009 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusiak emana, Europar Batasuneko gaiei buruzko prestakuntza beka bat jaso nahi duten izangaien zerrenda osatzeko deialdia onesten duena. Bekadunak Europako Ekintzaren Zerbitzuan hutsik gelditzen diren lanpostuetan arituko dira.

Europar Batasuneko gaiei buruzko prestakuntza beka bat jaso nahi duten izangaien zerrenda osatzeko deialdi hau apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren babesean onetsi da, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2008ko urtarrilaren 28an sinatu eta araudi horri egokitutako lankidetza hitzarmenari jarraikiz. Hitzarmenaren helburua graduatuondoko ikasleak Europar Batasunari buruzko gaietan trebatzea da. Bekadunek Europako Ekintzaren Zerbitzuaren beharrak beteko dituzte.

Bekak Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko goi mailako tituludunentzat dira. Hautagaiek ezaugarri akademiko egokiak eta hizkuntzen jakite maila nahikoa izan beharko dituzte, lana nazioz gaindiko eremu batean eta hizkuntza batean baino gehiagotan egin beharko dute eta.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak irailaren 3ko 301/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehena.-Europar Batasuneko gaiei buruzko prestakuntza beka jaso nahi duten izangaien zerrenda bat osatzeko deialdia onestea. Bekadunak Europako Ekintzaren Zerbitzuan hutsik gelditzen diren lanpostuetan arituko dira. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean agertzen dira.

Bigarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitatea-Gizartea Fundaziora, Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Europako Ekintzaren Zerbitzura igortzea.

Hirugarrena.-Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Laugarrena.-Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarrita dagoenarekin bat.

Iruñean, 2009ko abenduaren 21ean.-Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusia, Juan F. Franco Pueyo.

ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen helburua da Europar Batasuneko gaiei buruzko prestakuntza beka bat jaso nahi duten izangaien zerrenda osatzea Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko goi mailako tituludunekin, gero Europako Ekintzaren Zerbitzuan hutsik gelditzen diren lanpostuen arabera erabiltzeko. Tituludun horiek Europako gaiei buruz duten prestakuntza, espezializazioa eta hobekuntza sustatu nahi da, Europako erakundeen funtzionamendua eta dagozkien politikak zuzenean ikasiko baitituzte.

Helburu horrekin, deialdiko betebehar eta baldintzak betetzen dituzten Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko lizentziadunek proba berariazko batzuk egiteko deialdia egiten da.

Bekadunak Europako Ekintzaren Zerbitzuaren egoitzan eta Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkaritzan arituko dira.

2. Iraupena.

Beken iraupena kasuan-kasuan bete beharreko lanpostu hutsean aurreikusitakoa izanen da, eta baldintza beretan luzatzen ahalko da, gehienez hiru urte egin arte.

Beka luzatzeak ez du inolaz ere ekarriko bere izaera aldatzea.

3. Zenbatekoa.

Prestakuntza bekek 1.083 euro gordineko zuzkidura izanen dute hilabetean. Hilabetearen bukaeran ordainduko dira.

Beken kudeaketa ekonomikoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioaren bidez tramitatuko da: hark ordaindu eta aseguruei dagozkien gastuak kenduko ditu, sinatutako lankidetza hitzarmenean agindu bezala.

Bekadunak uko egiten badio segitzeari edo hari egozteko ez diren arrazoiengatik jarraitzerik ez badu, jardun duen denborari dagokion zenbatekoa jasoko du.

Bekadunari ordaintzen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo ordainsaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

4. Izangaien betebeharrak.

Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Prestakuntzaldiaren hasiera egunean Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko lizentziaturen Ikasketa Bateratuen Programa gainditua izatea eta titulu hori deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean aterea izatea.

f) Ingelesaren eta frantsesaren jakite maila handia izatea, bai ahoz bai idatziz.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

5. Eskabideak.

Interesdunek deialdi honetan parte hartzeko eskabidea eskuratzen ahalko dute, dohain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizarte Fundazioan. Bete ondoren, han berean aurkeztu beharko dute. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz aurkezten ahalko dira.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Eskatzailearen NANaren edo, kasua bada, pasaportearen fotokopia konpultsatua.

b) Bizilekua Nafarroan duela frogatzen duen agiria.

c) Unibertsitate-tituluaren fotokopia konpultsatua. Tituluan ikasketak noiz bukatu ziren agertu ezean, unibertsitateak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, hori frogatzeko. Titulua atzerriko unibertsitate batek luzatu badu, ikasketen baliozkotzearen ziurtagiria eskatu beharko da.

d) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien frogagiriak. Merezimenduen fasean, espediente akademikoa baloratzeko, egiaztagiri akademikoak aurkeztuko dira, izandako kalifikazioak eta haiek lortu direneko datak zehatz-mehatz adierazita.

Agiri guztiek jatorrizkoak izan beharko dute edo konpultsatutako fotokopiak.

Epe barrenean aurkeztutako eskabidean behar diren datu guztiak jasotzen ez badira, edo eskatutako agiriak erantsi ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinarazten zaio, hori egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpen bat emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio.

Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

6. Hautatzeko prozedura.

Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Juan F. Franco Pueyo jauna, Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusia.

Mahaikidea: Magdalena Marín Ordoqui andrea, Europako Ekintzaren Zerbitzuko Europako Informazio eta Dokumentazio Ataleko burua.

Idazkaria: Juan Gallego García jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko Enpleguaren Arloko arduraduna.

Hautapen prozesuan bi fase izanen dira: merezimendu lehiaketa eta buruz buruko elkarrizketa. Behin betiko kalifikazioa ateratzeko, merezimendu lehiaketan eta buruz buruko elkarrizketan lortutako puntuazioen batura eginen da.

6.1. Merezimendu lehiaketa.

Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

I.-Ikasketa espedientea, honako eskala honi jarraikiz: ikasgai bakoitzeko kredituen batuketa bider lortutako nota; lortutako balioen batuketa titulazioko kreditu kopuru osoarekin zatituko da, honela:

-Ohorezko matrikularekin eskuratutako kredituak bider 4 puntu.

-Bikainekin eskuratutako kredituak bider 3 puntu.

-Oso ongirekin eskuratutako kredituak bider 2 puntu.

-Nahikorekin eskuratutako kredituak bider puntu 1.

"Gai" kalifikazioa jaso duela edo baliozkotua dagoela agertzen denean, "nahiko" gisa zenbatuko dira, bider puntu 1, beraz.

II.-Beken jardueren esparruari lotutako arloetako prestakuntza.

-Graduatu ondoko edo master ikastaroak, gutxienez 300 orduko iraupena badute: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

-Argitalpen tekniko edo zientifikoak: 0,25 ordu bakoitzak.

-20 ordu baino gehiagoko jardunaldi, ikastaro edo mintegietan parte hartzeagatik: 0,25 puntu bakoitzeko.

III.-Hizkuntzak.

-Hizkuntza Eskola Ofizialean edo beste establezimendu publiko ofizial batean edo pribatu homologatu batean gainditutako frantses, ingeles edo alemanierako kurtso bakoitzeko: 0,25 puntu, kurtso bakoitzeko.

-Hizkuntza Eskola Ofizialean edo beste establezimendu publiko ofizial batean edo pribatu homologatu batean gainditutako Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetako kurtso bakoitzeko: 0,15 puntu, kurtso bakoitzeko.

-Hizkuntza Eskola Ofizialean edo beste establezimendu publiko ofizial batean edo pribatu homologatu batean erdietsitako frantses, ingeles edo alemanierako titulu bakoitzeko:

  • Oinarrizko zikloa edo baliokidea: puntu bat.
  • Goiko zikloa edo baliokidea: puntu bat.

-Hizkuntza Eskola Ofizialean edo beste establezimendu publiko ofizial batean edo pribatu homologatu batean erdietsitako Europar Batasuneko gainerako hizkuntzetako titulu bakoitzeko:

  • Oinarrizko zikloa edo baliokidea: 0,5 puntu.
  • Goiko zikloa edo baliokidea: 0,5 puntu.

Hizkuntza Eskola Ofizialeko gaitasun agiriak bi zikloak hartzen ditu bere baitan. Beraz, 2 puntu emanen dira.

Hizkuntza baten titulua baloratuz gero, ez da hizkuntza horretako kurtso bakoitzagatik punturik emanen.

Hizkuntza bereko titulu bat baino gehiago aurkezten badira eta baliokideak badira, haietako bakarra hartuko da kontuan.

Espainiatik kanpoko herrialde batean lorturiko tituluaren edo ikastaroaren ofizialtasuna izangaiak frogatu beharko du. Horrelako kasuetan, baliozkotzearen egiaztagiria buruz buruko elkarrizketa hasi arte onartuko da.

6.2. Buruz buruko elkarrizketa.

Buruz buruko elkarrizketa 0 puntutik 5era bitarte baloratuko da.

Honako hauek izanen dira baloratzeko irizpideak: izangaiek egiaztatutako hizkuntzen jakite maila, Europako gaiei buruzko ezagutza aitortua, erantzunen argitasuna eta ordena, eta gai diferenteak lotzeko gaitasuna.

Elkarrizketa egiteko tokia eta eguna aldez aurretik jakinaraziko zaizkie hautatutako izangaiei.

7. Hautatuen zerrenda.

Hautapen prozesua bukaturik, ebaluazio batzordeak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko iragarki oholean jendaurrean jarriko du hautaturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, deialdian lortutako puntuazioari jarraikiz bata bestearen atzetik deituak izan daitezen, baldin eta bekaren onuradun batek uko egiten badio, ezinbesteko kasuetan, betebeharrak betetzen ez badira edo behar bezala frogatutako beste edozein kasutan.

Ebaluazio batzordeak, izangairik hautatzen ez badu, deialdia bete gabe deklaratzen ahalko du.

8. Ebazpena.

Ebazpen honen bidez onesten den deialdia hiru hilabeteko epean ebatzi beharko da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatu eta ebazpena jakinarazi edo argitaratu ez bada, eskaerak administrazioaren isiltasunaz ukatutzat joko dira.

Lanpostuaren bat hutsik gelditzeagatik bekaren bat esleitu behar denean, interesdunei jakinarazteko, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian agindu bezala eginen da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitatea-Gizartea Fundazioko iragarki oholean argitaratuko da. Bekaren esleipenari buruzko jakinarazpenean, onuradunari ezarritako betebeharrak zehaztuko dira.

Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute beren jardueretan edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar egun balioduneko epean. Horrela egiten ez badu, eta ezinbesteko kasuetan edo behar bezala justifikatutako besteren batean izan ezik, onuradunak bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

Jarduerak hasten diren unean onuradunak ezin du bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribaturik jaso.

9. Bekadunen betebeharrak eta eskubideak.

Bekadunei tutore bat esleituko zaie. Tutoreak eginkizun zehatzak ezarriko ditu, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita haiek gainbegiratzea.

Prestakuntza jasotzen ari diren bekadunek beka emateko arrazoia izan zen jarduera egin eta justifikatzeko konpromisoa hartuko dute. Hortaz, bukatutakoan, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztu beharko dute, tutoreak oniritzia. Bestalde, bekadunari prestakuntzaldiaren gaineko ziurtagiri bat emanen zaio, baldin eta aipatu txostena aurkeztu badu. Agirian epe horretako aprobetxamendu maila agertuko da.

Edozein kasutan, apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 19. artikuluan ezarritako eginbehar orokorrak izanen dituzte. Esleitzeko ebazpenean agertuko dira eginbehar horiek. Bete ezean, laguntzak aldi baterako edo behin betiko kenduko dira, foru dekretu horren 20. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

Bekak emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaio bekadunari.

Bekadunak astean gehienez ere 30 ordu eginen ditu lanean.

Eskubide horiek erabiliko dira jarduketak egiten diren administrazio unitatearen barne edo funtzionamendu araubideari jarraikiz.

10. Erantzukizuna.

Europako Ekintzaren Zerbitzua izanen da prestakuntza jardueran bekadunek hirugarrenei sortzen dizkieten kalte-galeren erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

11. Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: F1000125