17. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ELGORRIAGA

Ordenantza fiskala, Elgorriagako Udalak ur banaketa eta saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

2009ko 127. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 30ean, Elgorriagako Udalak ur banaketa eta saneamendua emateko eta zerbitzu egiteko tasak arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena. Jendaurreko epea iraganik inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betikoz onetsirik gelditu da. Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Elgorriagan, 2010eko urtarrilaren 22an.-Alkatea, Santos Irurueta Santesteban.

ORDENANTZA FISKALA, ELGORRIAGAKO UDALAK UR BANAKETA ETA SANEAMENDUA EMATEKO ETA ZERBITZU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. kapitulua.-Oinarriak.

1. artikulua. Ordenantza fiskal hau Nafarroako toki entitateei aplikagarri zaien araudi fiskalak ematen dizkien ahalmenen babesean eta beraiekin bat ezarri da.

II. kapitulua.-Ordainarazpenaren izaera.

2. artikulua. Ordenantza honen xede diren tasak edateko uraren hornidura eta uren saneamenduaren zerbitzuan oinarritzen dira, bai eta horrekin zerikusia duten gainerako zerbitzuetan ere.

III. kapitulua.-Aplikazio esparrua.

3. artikulua. Ordenantza hau Elgorriagako udal mugape osoan aplikatuko da. Aipatutako lur eremuez gain, ordenantza hau aplikatuko zaie Udalak egin eta ordenantza honek arautzen dituen zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko guztiei, zerbitzua non egiten den kontuan hartu gabe.

IV. kapitulua.-Zergapeko egintza.

4. artikulua. Zergapeko egintza, ezartzen diren tasetarako ondotik aipatzen diren inguruabarrek dakarte:

a) Edateko uraren hornidura zerbitzua eskura izatea eta mantentzea, hau da, hornidura zer lekutarako kontratatu zen, edateko ura berehala hantxe izateko aukera.

b) Saneamenduaren zerbitzua eskura izatea eta mantentzea, hau da, hornitutako leku batean hondakin edo soberakin urak berehala husteko aukera, Udalaren saneamendu sarearen bitartez.

c) Udalak ematen duen edateko ura erabili eta eskura izatea. Tasa hau hartutako uraren erabileren edo xedeen arabera aldatuko da.

d) Saneamendu zerbitzuaren egiazko erabilera.

e) Edateko uraren eta saneamenduko uraren zerbitzurako hargunea edo lotunea egitea edo aldatzea.

Eskatzailearen kontura izanen da hargunea egitea eta haren kostua. Udalak ematen duen zerbitzua, tasa honen zergapeko egintza sortzen duena, hau izanen da: hargunea egiteko gainbegiratze teknikoa eta etxebizitzek zein lokalek zerbitzua izateko Udalak inbertsio orokorretan egin beharreko konpentsazioa.

f) Erabiltzaileak eskatutako ikuskatze lanak. Horren barnean daude Udalak, abonatuak hala eskatuta, egin beharreko ikuskapen lan guztiak, hala nola kontagailuen funtzionamendua egiaztatzea, kontagailuen irakurketak, ustez oker egindakoak eta gisako jarduketak, ikuskapena burutu ondotik egiaztatzen bada erabiltzaileak ez duela behar bertze arrazoirik izan ikuskapena eskatzeko.

g) Mantentze lanetako taldeek edo administrazio edo obretako langileek egindako joan-etorriak, honako kasu hauetan:

g-1) Joan-etorria egiten denean erabiltzaile batek hala eskatuta, partikularraren instalazioari dagozkion matxurak konpontzeko.

g-2) Interesdunaren eskaerak sortua denean, sare orokorretik hornidura mozteko, instalazio partikularretan obrak edo konponketak egiteko xedeaz.

g-3) Interesdunak eskatuta edo ofizioz egiten denean, erabiltzaile bati hornidura mozteko, Udalarekiko beharkizunak ez betetzeagatik.

h) Zerbitzuaren erregelamenduan eta ordenantza teknikoetan ezarritako arauak betetzen ote diren frogatzeko ikuskatze lanak, horiek urratzen direnean.

V. kapitulua.-Subjektu pasiboak.

5. artikulua. 1. Zergadun diren aldetik, ordainarazpen honen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta izaera juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomiko bat izan edo ondare bereizia eduki eta edateko uraren etxeko hornidura zerbitzua eta saneamendukoa eskatu dutenak edo hartaz baliatzen direnak.

Kasuan kasuko etxeko jabeak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat. Horiek onuradunei kobratzen ahalko dizkiete kuotak, halakorik bada.

2. Kontzeptu bategatik edo bertzeagatik titulartasunean edo erabileran ondorengoak direnei eskatzen ahal zaie pertsona fisikoek zein juridikoek egindako ustiapenen edo ekonomia jardueren ondoriozko zorra.

Ustiapen edota ekonomi jardueraren titulartasunaz jabetu nahi duenak, aldez aurretik titular denaren onespena izanik, eskubidea izanen du Udalari jarduera edo ustiapenak sorrarazitako tributu-zorren ziurtagiri zehaztua eskatzeko.

VI. kapitulua.-Zerga-oinarria.

6. artikulua. 4. artikuluko zerrendan aipatutako zergapeko egintzetan hauek dira bakoitzaren karga-oinarriak:

a) 4. artikuluaren a) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: edateko uraren hodietan jarritako kontagailuaren diametroa.

b) 4. artikuluaren b) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: saneatutako lekuak aldi berean Udalaren edateko uraren hornidura badu, edateko uraren hodietan paratutako kontagailuaren diametroa izanen da zergapeko egintza.

Saneatutako lekuak aldi berean Udalaren edateko uraren hornidurarik ez badu, harguneko hodiaren diametroa izanen da zerga-oinarria.

c) 4. artikuluaren c) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: kontsumitutako uraren metro kubikoen kopurua, kontagailuaren bidez neurtua edo, kontagailurik ez bada edo hondaturik badago, aitzineko bi urtean kontagailuak erregistratutako datuak estrapolatuz neurtu eta zenbatespena eginez.

Aitzinetik aipatu zenbatespena egiten ahal ez bada estrapolaziorako behar diren datuen faltagatik, arlo horretan indarra duen legeriak ezarritako prozeduren bidez kalkulatuko dira metro kubiko kontsumituak.

d) 4. artikuluaren d) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: artikulu honetako aitzineko atalean ezarritako oinarri bera erabiliko da.

e) 4. artikuluaren e) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: etxebizitza edo lokal bakoitza hornidura edo saneamendu zerbitzuari lotzeko kuota, banaka erabili edo aprobetxatzeko modukoa bada.

f) 4. artikuluaren f) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

g) 4. artikuluaren g) atalean ezarritako zergapeko egintzarako: zerbitzua egiteko behar diren lanen kostua.

Capítulo VII.-Tarifas.

7. artikulua. Tasa bakoitzari dagokion tributu-kuota kalkulatzeko, ordenantza honen eranskinean ezartzen diren tarifak aplikatuko zaizkie aitzineko artikuluan agertzen diren zerga-oinarriei.

VIII. kapitulua.-Tributu-kuota.

8. artikulua. Zerga-oinarriari bere tarifa aplikatzetik ateratzen den emaitza da tasa bakoitzaren tributu-kuota.

9. artikulua. Ateratzen den tributu-kuotaren gainean aplikatuko dira legeek aldi bakoitzean finkatzen dituzten zeharkako zergak, legeek ezarritako moduan eta baldintzetan.

IX. kapitulua.-Salbuespenak.

10. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honi dagokionez.

X. kapitulua.-Kudeaketa arauak.

11. artikulua. Higiezin batean hargunea paratu nahi duten sustatzaileek, eraikitzaileek, pertsona juridikoek edo fisikoek, eskabidea aurkeztu beharko diote Elgorriagako Udalari. Hartan adierazi beharko dute zenbat etxebizitza, etxabe edo lokaletan paratzen ahal den hornidura partikularra eta zein den paratu nahi den hargunearen diametroa. Beharrezkoa da kontagailu bat izatea herritar edo familia unitate bakoitzeko.

Etxebizitzen kasuetan, horrez gain, bizigarritasunaren zedula aurkeztu beharko da (horren ordez, behin-betiko kalifikazioaren zedula edo zaharberritzekoa aurkezten denean, lehen okupazioaren lizentzia aurkeztu beharko da).

Merkataritzako eta industriako lokalen kasuetan, horrez gain, Irekitzeko lizentzia eta Lizentzia fiskaleko altaren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

Eskabidea ikusita, Udalak eskaria ebatziko du. Egoki iritziz gero, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu eta hargune orokorra egiteko komenigarritzat jotzen dituen jarraibideak emanen ditu.

12. artikulua. Udalak ardura handiz zainduko du ur horniduraren zerbitzua, lanak eta antzeko zerbitzuak ahal diren baldintza hoberenetan emateko, baina horregatik ez da erantzule izanen erabiltzaileek jasan ditzaketen kalte edo galeretan, presio gutxiegi, ur hornidura eten edo zerbitzuan bertze edozein goiti-beheiti gertatuz gero. Udalak bando bidez ohartaraziko du etenaldi luzeak izaten direnean, salbu eta larritasun handiko kasuak badira.

Aurreneurri moduan, etxe edo instalazio barrenean ur galera dakarten matxurak dituen hargunearen titularrari ur hornidura mozten ahalko zaio.

13. artikulua. Erabiltzaileak behin ere ez dio urik ematen ahalko bertze pertsona bati, eta ez die erabiltzen utziko horretarako eskubiderik ez dutenei. Utzikeriagatik izan litekeen iruzur oro saihestu beharko du. Hala gertatuz gero, erabiltzailea izanen da errudun bakarra.

14. artikulua. Erabiltzaileak behartuak daude ura banatzeko sare nagusiko matxura baten ondorioz gertatutakoak toki entitateari lehenbailehen jakinaraztera.

ERANSKINA

Tasaren zenbatekoa.

A) 6. artikuluaren a) atalean ezarritako zerga-oinarriari, horniduraren kuota finkoa sorraraziko baitu:

Kontagailuaren diametroaren arabera, hiruhileko bakoitzeko:

10 mm-ra bitarte: euro 1,00.

11tik 15 mm-ra bitarte: 1,50 euro.

16tik 25 mm-ra bitarte: 3,00 euro.

26tik 40 mm-ra bitarte: 10,60 euro.

41etik 50 mm-ra bitarte: 11,50 euro.

51tik 60 mm-ra bitarte: 22,00 euro.

61 mm-tik goiti: 30,00 euro.

B) 6. artikuluaren b) atalean ezarritako zerga-oinarriari, saneamenduko kuota finkoa sortuko baitu: 2,00 euro/hiruhilekoa.

Kontuan hartu gabe hustutako ura zertan erabili den.

C) 6. artikuluaren c) atalean ezarritako zerga-oinarriari, horniduraren kuota aldakorra sortuko baitu:

-A-1 tarifa: Etxeko erabilerarako hornidura:

60 metro kubiko bitarte: 0,30 euro/m3.

61etik 80 metro kubiko bitarte: 0,40 euro/m3.

81etik 120 metro kubiko bitarte: 0,80 euro/m3.

120 metro kubikotik goiti: 1,20 euro/m3.

-A-2 tarifa: hornidura kontratatuak, industrian eta merkataritzan erabiltzeko. Kontzeptu horretan sartzen dira industriak, bulegoak, lantokiak, aisiarako finketako ureztatze eta apaintze lanetarako hornidura, militarren eraikinak, obrak, haztegiak, bizigarritasun agiririk ez duten eraikinetarako hornidurak eta orokorrean jarduera ekonomikoen gaineko zergari loturiko jarduera guztiak:

650 metro kubiko bitarte: 0,35 euro/m3.

651tik 2.000 metro kubiko bitarte: 0,93 euro/m3.

2001etik 5.000 metro kubiko bitarte: 1,32 euro/m3.

5.000 metro kubikotik goiti: 1,50 euro/m3.

-A-3 tarifa: ezkutuko ur jarioen ondoriozko kontsumoa: 0,10 euro/m³.

Tarifa hau aplikatzeko ondoko egoera hauek guztiak gertatu beharko dira, eta behar bezala justifikatu beharko:

1. Kontsumoa 100 metro kubikotik goitikoa izan beharko da.

2. Ezkutuko ur-galera izan beharko du, subjektu pasiboak ez dakiela hodiak edo neurketako ekipoak hondatuta daudela.

3. Egiaztatu beharko da ez dela inolako utzikeriarik izan ur-ihesa eragin duten egintzetan, ez ur-ihesaren ondoko jarduketan.

Apurtu edo hondatu eta, horren ondorioz, ur-ihesa izan duen instalazioa 7 eguneko epean konponduko da, gehienez ere, ur-ihesa atzematen denetik aitzina. Ordainagiria aurkeztuta frogatu beharko da.

4. Tarifa hau zergadunak eskatuta aplikatuko da beti; eskaera bi hilabete baino gutiagoko epean egin beharko da, ordainagiria igortzen denetik aitzina.

D) 6. artikuluaren d) atalean ezarritako zerga-oinarriari, saneamenduko kuota aldakorra sortuko baitu: Nafarroako aurrekontu orokorretan urtero ezartzen diren tarifak.

E) 6. artikuluaren e) atalean ezarritako zerga-oinarriari aplikatzekoa, zerbitzuko hargune edo lotunearen tasa sortuko baitu:

1) Lotuneagatik, banaketa sarean hargunea izateko baimenarekin batean:

e-1) Hornidura sareko hargunea:

Hargunearen diametroa, 30 mm bitarte: 110 euro.

Hargunearen diametroa, 30 mm-tik goiti: 300 euro.

e-2) Saneamendu sareko hargunea: 36,00 euro harguneagatik, haren diametroa edozein izanik ere.

2) Etxebizitza bakoitzeko lotunea, obra burutu ondotik: 31 euro.

3) Lokal bakoitzeko lotunea, obra burutu ondotik: 31 euro.

Hargunean aldaketarik izanez gero, ordaindu beharreko tasa izanen da lotunearen behin betiko kuotaren eta lehenago ordaindutakoaren arteko aldea, betiere hura positiboa bada.

F) 6. artikuluaren h) atalean ezarritako zerga-oinarriak tasa sorraraziko du, erabiltzaileak eskatuta alferrikako ikuskapena egiten denekoa: halako jarduketa guztietan 30 euro kobratuko dira, kontagailuen irakurketak berrikusten direnetan salbu, tarifa 7 euro izanen baita.

G) Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako zehapenak aplikatuko dira.

Iragarkiaren kodea: L1001243