17. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

4/2010 FORU AGINDUA, urtarrilaren 11koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, kalte-ordainen baremoak ezartzen dituena abeltzaintzako ustiategietan hazitako oreinak nahitaez hiltzeagatik, tuberkulosia, bruzelosia eta entzefalopatia espongiforme kutsakorrak borrokatu, kontrolatu edo desagerrarazteko kanpaina berariazkoen esparruan.

Nafarroako abeltzaintzari lotutako animalien osasuna bermatzea du xede eta aplikazio eremu Animalien Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak, baita gizon-emakumeen osasuna babestea ere abereak jotzen dituzten eritasun infekzioso, kutsagarri eta parasitarioetatik eta abeltzaintzako ustiategien errentagarritasuna hobetzen laguntzea.

Foru lege horrek osasun arloko ekintzak ezartzen ditu, zerrenda ofizialetan sartutako eritasunak susmatu edo agertzean gauzatzen direnak animalien osasuna zaindu eta kontrolatzeko.

Agintari eskudunak animalia hiltzea nahitaezkotzat deklaratuz gero, kalte-ordaina emanen da, indarrean dauden arau eta baremoen arabera.

Bada araudi nazionala, kalte-ordainen baremoak ezartzen dituena behi, ardi eta ahuntz aziendei aplikatzeko. Baina ez dago baremo taularik, ehiza edo haragiaren produkzioa helburu izanik, gatibu hazitako oreinak osasun arrazoiengatik hiltzeagatik ordaintzeko. Horregatik kalte-ordainen baremoa ezarri behar da espezie horri modu bateratuan aplikatzeko, animalia horiek hiltzera behartuko luketen osasun jarduketak direla-eta.

Baremo bat ezarria duten animalia espezieekin gertatzen den bezala, merkatuan duen balioari egokitu behar zaio kalte-ordainaren balioa, balio genetikoa edo konformaziokoa kontuan hartu gabe. Horiek bere gain hartu beharko ditu abeltzainak erantzukizun partekatu gisa, bai zuzenean bai aseguruak kontratatuz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Kalte-ordainaren baremoak ezartzea du helburu arau honek, kutsatuta edo susmagarri diren oreinak (Cervus elaphus) nahitaez hiltzeagatik, eritasun infekzioso, kutsagarri edo zoonotikoak borrokatu, kontrolatu edo desagerrarazteko jarduketa berariakoetan; batez ere, tuberkulosia, bruzelosia, mingain urdina eta entzefalopatia espongiforme kutsakorren kasuan.

2. artikulua. Foru agindu hau orein espezieko (Cervus elaphus) aleei aplikatuko zaie, abeltzaintzako ustiategietan gatibu hazita badaude, bai ehizarako bai haragia produzitzeko, eta Nafarroako nekazaritzako ustiategien erregistroan inskribatuta badaude. Halaber, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak baimendu beharko du ustiategia espezie hori hazteko.

3. artikulua. Ondoko eranskinean adierazi da nahitaez hiltzeagatik aplikatuko den kalte-ordainaren baremoa.

4. artikulua. Animalien Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 40. artikuluan aurreikusitako kasuez gain, ez dute kalte-ordainik izanen ustiategi sarrerako osasun arloko dokumentaziorik aurkezten ez duten animaliek, ezta foru agindu honen xedeko animaliak hazteko baimendu eta erregistratuta ez dauden ustiategietakoek ere, edo biosegurtasuneko praktika egokien kodea larriki urratzen dela frogatuz gero.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 11n.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

Kalte-ordainen baremoa, abeltzaintzako ustiategietako oreinengatik

Hurrengo balioen ehuneko ehun izanen da baremoa:

Oreina (Cervus elaphus).

-Arrak: 218 euro.

-Emeak: 130 euro.

-Orein kumeak (urtebetetik beherakoak): 30 euro.

Aurreko diru kopuruen emaitza %10 arte gehituko da, ustiategietan huste sanitarioa egiten bada.

Aurrekoa gorabehera, agintari eskudunak gutxitu ahal izanen du aurreko atalen aplikazioaren ondoko azken kopurua, tuberkulosiaren edo bruzelosiaren emaitza positiboen maiztasunaren arabera, eskala honi jarraituz:

a) %50 arteko murrizketa, ustiategi batean emaitza positibo bat gutxienez dagoenean bi eritasunetako edozeinetan, bi urtez segidan, diagnostiko ofizialeko probak errepikatzean edo aldian aldiko azterketetan.

b) %70 arteko murrizketa, ustiategi batean emaitza positibo bat gutxienez dagoenean bi eritasunetako edozeinetan, bi urtez segidan baino gehiagotan, diagnostiko ofizialeko probak errepikatzean edo aldian aldiko azterketetan.

Iragarkiaren kodea: F1000564