17. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 8a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BETELU

Ordenantzatako aldaketa. Behin betiko onespena

Udalak, 2009ko azaroaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen aldaketa egitea ondotik aipatzen diren ordenantzetan.

1. Beteluko pilotaleku estalia erabiltzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskala.

2. Beteluko pilotalekuaren barne erabilera arautzen duen ordenantza.

2009ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 7an, eta Udalaren iragarki oholean argitaratu ondoan, amaitu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira aldatutako artikuluak.

Betelun, 2010eko urtarrilaren 18an.-Alkatea, Miguel Javier Recalde Goldaraz.

BETELUKO PILOTALEKU ESTALIA ERABILTZEKO
TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza honetako tasa.

2. artikulua. Ordainarazpen hauek ordaintzera beharturik daude Beteluko pilotaleku estalia erabiltzen duten pertsonak.

3. artikulua. Pilotaleku estaliaren eremura sartuz hasten den erabilerarekin batean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

4. artikulua. Pertsona naturalak edo zerbitzuen onuradun diren pertsona juridikoentzat gordetako plazak izanen dira ordainarazpen hau biltzeko oinarria.

5. artikulua. Eskubideak ondoko tarifen arabera bilduko dira:

-2 euro/ordua, argiaren erreserbarekin.

6. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan sartzeko txartela edo baimena eskuratzen den unean sortzen da ordenantza honek araututako tasa ordaintzeko betebeharra.

7. artikulua. Instalazioen erabiltzaileek uneoro bete beharko dituzte portaera arauak eta instalazioak erabiltzekoak, pilotalekuan ikusgai jarriko baitira.

8. artikulua. Instalazioen ardura duten langileek txartela eskatu eta aurkezteari uko eginez gero, pilotalekutik kanporatuta zehatu ahalko da.

9. artikulua. Pilotalekuaren kudeaketa eta erabileraren gainerako gorabeherak Beteluko pilotaleku estaliaren barneko arauetan biltzen dira.

Azken xedapen bakarra.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

BETELUKO PILOTALEKUAREN BARNE
ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Beteluko pilotaleku estaliak honako araudiari jarraituko dio:

1. artikulua. Eskolarik gabeko orduetan baino ez da erabiliko pilotalekua. Ordu horietan "Araxes" eskualdeko ikastetxe publikoko ikasleek baino ez dute erabiliko.

2. artikulua. Beteluko Udalak berea du pilotalekua okupatzeko eta ordua erreserbatzeko eskubidea, haren beharren eta/edo eskaera berezien arabera.

3. artikulua. Zenbait kirol egiteko erabiliko da pilotalekua. Bestelako jarduera orok Udalaren baimen idatzia beharko du. Horrelakoetan Udalari eskatuko zaizkio, idatziz, erabili nahi den dataren aurreko hilean.

4. artikulua. Eskolarik gabeko orduetan 15 urte beherako haurrentzat izanen da lehentasunezko ordutegia. Honelakoxea: astelehenetik ostiralera, biak barne, 18:00etara arte.

5. artikulua. Pilotalekua erabiltzeko data eta ordua erreserbatzen ahalko da, betiere beharrezko tasa ordainduta, Beteluko Udalak ordenantza fiskalaren bidez onetsiko baitu.

6. artikulua. Hona hemen pilotalekua erreserbatzeko orduak:

-Astelehenetik ostiralera, biak barne, 18:00etatik 22:00etara, biak barne.

-Larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 09:00etatik 22:00etara, biak barne.

Ordu horietatik kanpo, Udalaren berariazko baimena beharko da.

7. artikulua. Udalaren kirol koordinatzaileak sustatzen dituen jarduerek lehentasuna izanen dute gainerakoen aurrean.

8. artikulua. Egiterakoan ordainduko dira erreserbak.

9. artikulua. Erreserben egutegia eta instalazioetako giltzak Beteluko Tabernan egonen dira, eta erreserbak eta ordainketak egiteko bertara joan beharko da. Haren errentaria izanen da arduraduna.

10. artikulua. Udalak dagozkion neurriak hartuko ditu ordenantza honen edozein puntu bete ezean.

11. artikulua. Udalak berea du ordenantza hauek aldatzeko eskubidea.

Iragarkiaren kodea: L1000840