17. ALDIZKARIA - 2010eko otsailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

1/2010 FORU AGINDUA, urtarrilaren 4koa, Osasuneko kontseilariarena, sendagaiak zentzuz erabiltzeko batzorde aholku-emaile teknikoa eratzen duena.

Sendagaien erabilera, bai osasun zentroetan, bai horietatik kanpo, oso garrantzitsua da, alde batetik gaixoaren segurtasuna dela-eta, zeren sendagaiek sortutako eragin kaltegarriak dira iatrogenia modu ohikoena, eta, beste alde batetik, ekonomia dela-eta, izan ere sendagaietan egiten den gastuak Nafarroako osasun sistema publikoaren gastuaren %25 gainditzen du.

Lehentasuntzat hartzen da sendagaien gaiari orokorrean heltzeko estrategia bat lantzea, bertan jaso daitezen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentro guztietarako sendagaien erosketa, erabilera eta agintzea, eta estrategia horren bidez bultza dadin sendagaiak zentzuz erabiltzea bi laguntza mailen arteko zeharkako prozesuetan.

Horretarako, beharrezkoa da sendagaiak zentzuz erabiltzeko batzorde aholku-emaile teknikoa sortzea. Horren barnean ordezkaturik egon beharko dute osasun zentro publikoetan sendagaien erosketan eta zentzuzko erabileran arduraren bat izan dezaketen guztiek.

Horrenbestez, osasun arloko aholkularitza zientifiko-teknikoa egituratzeko Osasuneko kontseilariaren 1990eko urtarrilaren 12ko Foru Aginduaren 6. artikuluan ezarritakoarekin bat,

AGINDU DUT:

1. Sendagaiak zentzuz erabiltzeko batzorde aholku-emaile teknikoa sortzea, Osasun Zuzendaritza Nagusiari atxikirik, honako eginkizun hauek betetzeko:

A) Osasun Zuzendaritza Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari aholku ematea farmazia prestazioen eta sendagaien zentzuzko erabileraren arloan.

B) Oinarrizko Osasun Laguntzaren eta Laguntza Espezializatuaren arteko elkarlanerako jarraibideak ezartzea. Horren helburua da osasun arloko profesionalek sendagaiak agintzeko modu eraginkorra, segurua eta eragimenezkoa lortzea, betiere gaixoa erreferentzia duen laguntzeko eredu bati jarraikiz.

C) Irizpideak ezartzea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sendagaien erosketa optimizatzeko.

D) Kalitatearen adierazleen sistema bat ezartzea, sendagaiak agintzeko bi laguntza mailetarako.

E) Nafarroako Osasun Agentziari aholku ematea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan erabiltzen eta agintzen diren sendagai berrien erabilera terapeutikoa ebaluatzeko eta kalifikatzeko.

F) Sendagaien zentzuzko erabilerarekin lotutako osasun arloko profesionalen prestakuntza jarraiturako programa eta jardueretan aholku ematea.

G) Osasun hezkuntzako jarduerak proposatzea herritarrentzat, sendagaien zentzuzko erabilerarekin lotuak.

H) Sendagaien zentzuzko erabilerarekin lotutako beste edozein eginkizun.

2. Sendagaiak zentzuz erabiltzeko batzorde aholku-emaile teknikoak kide hauek izanen ditu:

-Batzordeburua: Osasuneko zuzendari nagusia edo hark eskuordetzen duen pertsona.

Batzordekideak:

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laguntza Espezializatuko zuzendaria.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Antolaketa zuzendaria.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako zuzendaria.

-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Farmazia Prestazioen Zerbitzuko burua.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendaria.

-Nafarroako Ospitaleko zuzendaria.

-Bideko Ama Birjina Ospitaleko, Nafarroako Ospitaleko, Ubarmin Klinikako, Reina Sofia Ospitaleko, Garcia Orcoyen Ospitaleko eta San Frantzisko Xabierkoa zentro psikogeriatrikoko Farmaziako Zerbitzuetako buruak.

-Osasun Zuzendaritza Nagusiko Osasun Laguntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Batzorde aholku-emaile teknikoko idazkari izanen dena.

3. Batzordeak egoki iruditzen zaizkion aholkulari espezialistei deitzen ahal die laguntza eskatzeko.

4. Batzordearen araubidea ondoko hauek osatzen dute: foru agindu honek, batzordearen barne araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean agertzen diren kide anitzeko organoendako jarraibideek, betiere Administrazio Publikoen araubide juridikoari buruzko oinarrizko araudia errespetatuz.

5. Foru agindu hau Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzea eta interesdun guztiei jakinaraztea, orok jakin dezan eta behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2010eko urtarrilaren 4an.-Osasuneko kontseilaria, María Kutz Peironcely.

Iragarkiaren kodea: F1000540