158. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

GARES

Deialdia, Garesko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko

OINARRIAK

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez eta funtzionario moduan betetzea.

1.2. Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean ezarritako mailetatik D mailari dagozkion ordainsariez hornituko dira lanpostuak, baita lanpostuari Garesko Udaleko plantilla organikoan esleitzen zaizkion ordainsari osagarriez ere bai.

1.3. Hautaprobak gainditurik deialdi honetako lanposturako izendatzen diren izangaiak Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorreko kide eginen dira eta hartan inskribatuko.

1.4. Lanaldia urtero ezarriko da, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko baitute.

1.5. Halaber, deialdi honen bidez lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda bat osatu nahi da, deialdi honen 3. eta 10. oinarrietan xedaturikoarekin bat.

2.-Eginkizunak.

2.1. Hauekin ikusteko duten zerbitzu anitzak: obrak, igeltserotza, Udalaren eraikin eta instalazioetako mantentze lanak eta lorezaintza.

2.2. Gisako bertze batzuk, manatzen ahal zaizkionak, halako espezializaziorik behar izan gabe lanbidearen ezagutza edo hartan trebetasuna behar dutenak (igeltserotzako eta elektrizitateko obra tikiak, kimatzea, hiri altzariak paratu eta mantentzea, hondakinen bilketa eta karriken garbiketa, agertokiak muntatzea eta desmuntatzea eta hesiak eta gainerakoak paratzea bestetan eta ekitaldi publikoetan, pintura, soldadura, jakinarazpenen banaketa, ibilgailuak eta makineria gidatzea), baita hilerriko ehorzketak eta bertze batzuk ere, haren maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkionak.

3.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) 16 urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina ez izatea.

b) Europar Batasuneko herritarra izatea.

Europar Batasuneko zuzenbideari jarraikiz, Europar Batasuneko kide diren bertze estatuetako nazionalitatea dutenek ere sartzea izanen dute lanpostu publiko guztietan, espainiarrei eskatzen zaizkien baldintza beretan, salbu eta botere publikoan zuzenean edo zeharka parte hartzea dakarten lanpostuetan eta Estatuaren edo administrazio publikoen interesak defendatzea helburu duten eginkizunetan.

Aitzineko paragrafoan ezarritakoa aplikatuko zaie, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko nazionalitatea dutenen ezkontideei, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, hala nola haien oinordekoei eta ezkontidearen oinordekoei ere, zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, baldin eta oinordekoak 21 urtetik beheitikoak badira edo, zaharragoak izanda ere, haien bizkar bizi badira.

Halaber, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, herrialde horietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

c) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa zein psikikoa izatea.

d) Eskola Graduatuko titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

3.2. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak beharkizun horiek egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 9.3 oinarriak xedatzen duen maneran eta halabereko epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, baita hautabide osoan ere, izendapen eguna arte, f) letrako baldintza kenduta, agiriak aurkezteko egunean eduki beharko baita, 9.3 oinarrian aurreikusitako moduan.

4.-Eskaerak.

4.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute, eransten den ereduaren arabera, Garesko Udalaren Erregistro Orokorrean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, egun horretako 14:00ak arte; edo bertzenaz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean zehazten diren bideetako edozein erabiliz.

4.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren aurreko eta atzeko aldeen fotokopia konpultsatua.

4.3. Edozein administrazio publikotan konpultsatu beharko dira dokumentuen kopia guztiak.

4.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bururatutakoan, Alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko. Horretarako Udalaren Erregistro Orokorrean idatziz aurkeztu beharko dute.

5.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

6.-Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

-Mahaiburua: Feliciano Vélez Medrano, Garesko Udaleko alkatea.

-Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

-Mahaikidea: Mayte Manzano, Garesko Udaleko aparejadorea.

-Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

-Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharrekoa.

-Ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharrekoa.

-Mahaikidea: langileen ordezkaria, Langileen Batzarrak izendatua.

-Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

-Mahaikide-idazkaria: Sonia García Milton, Garesko Udaleko idazkaria, hizpidea duela baina botorik ez.

-Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

6.2. Izangaiek epaimahaiko kideak ezesten ahal dituzte, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako moduan eta baldintzetan.

Errefusatze, abstentzio edo bertzelako arrazoiak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoerak gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, gutxienez kideen gehiengo osoa bilduta. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da, deusetan ukatu gabe erabakigarriak ez diren zainketa edo kontrol jarduketetarako kideek delegazioak egitea.

Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

6.4. Epaimahaiak berak ebatziko ditu probetan suerta daitezkeen zalantza edo erreklamazioak, deialdiko baldintzei buruzkoak barne direla.

6.5. Epaimahaiak behar duen laguntza eta aholkularitza eska dezake, proben garapen, azterketa nahiz baloraziorako, hargatik ere galdu gabe erabakiak hartzeko esklusibitatea eta probak kalifikatzerakoan dagokion erantzukizuna.

7.-Oposizioaldia nola egin.

7.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, probak hasteko tokia, data eta ordua zehaztuko dira.

7.2. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 100 puntu lortzen ahalko dira bertan:

Lehen ariketa: proba honetan galdera sorta bati erantzun beharko zaio, zenbait erantzun baina zuzena bakarra izanik. Deialdiko I. eranskineko I. atalean aipatzen diren gaiei buruzkoak izanen dira galderak. Proba honetan gehienez ere 10 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 5 puntu erdietsi behar dira. Erantzun oker bakoitzagatik 0,1 puntu kenduko da.

Bigarren ariketa: proba honetan ere galdera sorta bati erantzun beharko zaio, zenbait erantzun baina zuzena bakarra izanik. Deialdiko I. eranskineko II. atalean aipatzen diren gaiei buruzkoak izanen dira galderak. Proba honetan gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 7,5 puntu erdietsi behar dira. Erantzun oker bakoitzagatik 0,15 puntu kenduko da.

Bi ariketa hauek egun berean eginen dira, bata bertzearen ondotik. Epaimahaiak gehieneko iraupena zehaztuko du hura hasi baino lehen.

Hirugarren ariketa: proba praktikoa izanen da eta haren barnean bertze sei izanen dira, gehienez ere puntuazio hau izanen dutenak:

-Igeltserotza: 10 puntu.

-Elektrizitatea: 10 puntu.

-Iturgintza: 10 puntu.

-Lorezaintza: 10 puntu.

-Soldadura: 10 puntu.

-Zurgintza: 10 puntu.

Epaimahaiak erabakiko du proba hauek egiteko zer denbora izanen den. Gehienez ere 60 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 30 puntu erdietsi behar dira.

Laugarren ariketa: zenbait proba psikotekniko izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatuak, izangaiak deialdiaren xedeko lanpostuari eta haren ezaugarriei nola egokitzen zaizkien baloratzeko. Proba honetan gehienez ere 15 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko gutxienez ere 7,5 puntu erdietsi behar dira.

Ariketa guztiak egiteko, hirugarrenean izan ezik, plikak erabiliko dira.

8.-Probetarako deialdia.

8.1. Ariketa bakoitza amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Garesko Udalaren iragarki oholean eta www.puentelareina-gares.es webgunean, hura gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago.

8.2. Deialdi bakarra izanen da probetarako, eta haietara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

9.-Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

9.1. Azken ariketaren kalifikazioa bururatuta, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda eginen du, puntuazio handienetik txikienerako ordenan antolatua, bakoitzak ateratako kalifikazioarekin. Zerrenda Udalaren iragarki oholean argitaratuko da, eta www.puentelareina-gares.es webgunean.

Hautaproben azken emaitzan berdinketarik bada, oposizioaldiko ariketetan -hurrenez hurren eta ordena berean- puntuaziorik altuena lortu dutenen alde ebatziko da.

9.2. Epaimahaiak Alkatetzari igorriko dio, espediente osoarekin eta aipatu zerrendarekin batera, puntu gehien erdietsi duten izangaiak izendatzeko proposamena, deialdiko lanpostu kopuruan sartzen badira; proposamena loteslea izanen da. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Garesko Udalaren erregistroan:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen bertze agiri baliokideren bat.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearena, eta inongo administrazio publikoaren zerbitzutik berezia ez izanarena.

d) Osasun ziurtagiri ofiziala, izangaiak lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

e) Zin egite edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) Europar Batasuneko herritarra izanez gero, egoitza-txartela.

g) Europar Batasunetik kanpokoa bada, bertan bizitzeko eta lan egiteko baimena.

h) Familia liburua, 3.1.b) oinarriko bigarren lerroaldean sartzen diren herritarren kasuan.

i) B kategoriako gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

9.4. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, proposaturiko izangaiek aipatutako agiri horiek aurkezten ez badituzte, ezin izanen dira funtzionario izendatu, eta beraz egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik legokiekeen erantzunbeharra ukatu gabe.

9.5. Aurreko atalean azaldutakoa gertatuz gero, Alkatetzak bertze izangai batekin beteko du hutsunea, 9.1 atalean heldu den aprobatuen zerrendan hurrengoa denarekin, eta harekin ere aitzineko ataletako prozedura bera erabiliko da.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Tokiko Gobernu Batzarrak Garesko Udaleko funtzionario izendatuko ditu aitzineko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiak, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostuan aritzeko, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie ebazpen baten bidez.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.2. Izendatutako izangaiek hilabeteko epean hartu beharko dute lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten denetik aitzina. Ezinbertzekoetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badute, Garesko Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Horrela gertatuz gero, 9.4 eta 9.5 oinarriek ezarritakoari jarraikiko zaio.

11.-Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan eta oinarri honetan ezarritako prozedurari jarraikiz, Garesko Udalean aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda hauek sortuko dira:

-Probak gainditu bai baina lanposturik lortzen ez duten izangaien zerrenda.

Alkatetzak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda eginen du hautapen prozedura gainditu baina lanpostua eskuratzen ez dutenekin; hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Garesko Herriko Etxeko iragarki oholean ere.

-Laugarren ariketa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

Alkatetzak aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda eginen du hautapen prozeduraren laugarren ariketa gainditu ez duten izangaiekin; hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita Garesko Herriko Etxeko iragarki oholean ere. Zerrenda hau aplikatuko da aitzineko zerrendan ez bada aldi baterako kontrataziorako izangairik.

11.2. Zerrendaren ordena hautapen prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera erabakiko da. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

11.3. Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du erran nahi interesdunei onartu zaienik 3. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira ondoko atalean ezartzen den maneran.

11.4. Izangaiei dei eginen zaie eta, hala behar badu, kontratatuko dira, xedapen hauetan ezarriarekin bat: Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 25/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 88.b) artikulua eta hurrengoak, lanpostuak aldi baterako betetzeko arauak ezartzeko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak 2005eko azaroaren 14an eman zuen 146/2005 Foru Agindua (2005eko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 2an, argitaratu zen horretan) eta aplikatzekoak diren bertze arauak.

Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 3. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direlako ziurtagiriak, kontratua gauzatzen denean ekarri ere, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak aurkeztuz.

Aski justifikatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzeagatik legozkiekeen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan ukatu gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.

12.-Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

-Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Garesen, 2010eko abenduaren 1ean.-Alkatea, Feliciano Vélez Medrano.

I. ERANSKINA

I. zatia.

1. gaia.-Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.-Idazketako eta ortografiako oinarrizko arauak.

3. gaia.-Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.-Planoak eta agiriak irakurri eta interpretatzea. Udalerriko alderdiak eta leku izenak: Udal mugapeko toponimia eta karrikak: izen ofizialak eta tradiziozkoak.

5. gaia.-251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua. II. titulua: I, II, III eta VIII. kapituluak

II. zatia.

1. gaia.-Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erramintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak zutitzea.

2. gaia.-Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

3. gaia.-Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, konmutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

4. gaia.-Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, erradiadoreak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai nagusiak.

5. gaia.-Zurgintzako oinarrizko lanak: ate eta leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak eta pertsianak, agertokiak eta hesiak muntatzea.

6. gaia.-Soropilen eta zelaien sorrera eta bertako mantentze lanak. Arbola, zuhaixka eta lore espezieen ezagutza.

7. gaia.-Arbola, zuhaixka, landaresi, sasoiko loredun parterre, landare geruzagileen eta erraboilen landaketa.

8. gaia.-Ureztapeneko instalazioak. Ureztatze sareetako mantentze lanak.

9. gaia.-Soldaduraren ezagutza oinarrizkoa.

II. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................................................., NAN zenbakia: ..........., bizilekua: .................................., karrika: ..........................., zenbakia: ........., posta kodea: ........, telefonoa: ....... eta posta elektronikoa: ............................... Zure aitzinera agertzen naiz eta

Honako hau azaltzen dut:

Garesko Udalean zerbitzu anitzetako enplegatu izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiaren eta oinarrien baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, epez eta moduz.

Deialdia arautzen duten oinarriei men egiten diedala eta lotesletzat hartzen ditudala.

Horrekin batera NANaren fotokopia konpultsatua aurkeztu dudala.

Horiek horrela,

Eskatzen dut:

Onar dezazula eskabide hau, zenbaki honetako .................. eta data honetako ..................... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako deialdiari dagokiona.

Datuen babesa: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan azaltzen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak baliatzeko baizik ez direla erabiliko eta Garesko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta haien aurka jotzeko eskubideak Garesko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu.

(Tokia, eguna eta sinadura)

Garesko Udaleko alkate udalburua.

Iragarkiaren kodea: L1019976