158. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1819/2010 EBAZPENA, azaroaren 18koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen ondorioen adierazpena egiten duena "Lekarozko Enpresen Campusa" ekimen eremuaren udalez gaindiko plan sektorialari buruz. Sprin, S.A. sozietate publikoak sustatzen du plana Baztango udal mugapean, Lekarozen.

2010eko maiatzaren 13an, Sprin, S.A. sozietate publikoak Ingurumen ondorioen azterlanarekin batean aurkeztu zuen plan sektoriala, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera tramita zedin.

2010eko ekainaren 22an, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txosten batean adierazi zuen espedienteak araudian aurreikusitako eduki guztiak behar adina zehaztuta zituela, eta beraz, Ingurumen ondorioen azterlana onartu zen tramitatzeko. Gainera, "Artesiagako errekaren bokalea" izeneko Batasunaren intereseko leku (BIL ES220023) mugakideari dagokionez, BIL horren azalerak babestu beharreko lurzoru gisa sailkatuta egon beharko lukeela adierazi zen, eta ahalik eta berdegune publiko zabalena prestatzea proposatu zen haren ondoko zerrendan, ibai-paisaia osatzeko, ez dadin lurzorua zigilatu edo irazgaiztu eta ibilgailuak BILetik urrun daitezen.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko uztailaren 28ko Erabakiaren bidez, proposamena udalez gaindiko plan sektoriala dela adierazi eta espedientea, Ingurumen ondorioen azterlana barne dela, jendaurrean jarri zuen. Erabaki hori 2010eko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 20an.

Jendaurreko epeak iraun duen bitartean, Baztango Udalak ingurumen arloko edukirik ez duen alegazio bat aurkeztu zuen proiektuaren aurka.

Orain gutxi arte Lekarozko Ikastetxeak (Nafarroa) hartzen zituen lurretan kultura, hezkuntza eta ekonomia arloko ekimen eremu bat ezartzea du xede plan sektorialak, eta hura Baztanen eta Nafarroako iparraldean proiektu bereziak, berritzaileak eta garatzaileak bideratu eta indartuko dituzten zerbitzu eta azpegitura guztiez hornitzea.

Erabileren arabera, proposamena sei zatitan banatzen da:

A) Harrera eremua: kulturarako eta hainbat erabileratarako gunea, eliza zaharraren ondoan. Bertan, harrerarako plataforma handi bat edo sektoreko sarbidea sortzen da, atseden hartzeko eta jendea biltzeko egokitua. Harrera egiteko eraikinaren (enpresa gunearen "fatxada" gisa proiektatzen da, eta ikastetxe zaharraren presentzia sinbolikoki "berrezarri" nahi da haren bidez) barrenean kokatuko dira, batetik, eremua kudeatzeko eta baliabideak zentralizatzeko erabilera administratiboak, eta, bestetik, "enpresen mintegi" bat, non bilduko diren enpresa ekimen berriak eta/edo neurri txikiagoa dutenak.

B) Hezkuntza zerbitzuen jendegunea: eremuaren iparraldean kokatua, bolumen arkitektoniko txikietan eratua, eraikinetako bakoitzak programaren parte bat hartzen duela: irakaskuntza, josteta edo zerbitzuak.

Eremu horretan sartzen da Fraideen idoia, interes handikoa natura aldetik eta balio handikoa irakaskuntzarako. Halaber, katastroko 307. lurzatian, 15. poligonoan, planteatzen da oihana bertako espezieekin lehengoratzea eta, horrela, inbasio moduan zabaldu diren akaziak ordeztea.

C) Kultura ekipamendua: "Kultura gune" berri bat, Aholku Onaren Andre Mariaren elizari loturik. Hiru lurzati izanen ditu, magnolia baten inguruan antolatuta. Modu horretan, lehengo klaustroa berreginen da.

D) Enpresen campusa: jarduera ekonomiko berriak ezartzeko eremua. Batez ere hirugarren sektoreko erabileretarako eta zerbitzu profesionaletarako izanen da, baita bertako ekoizpen jardueretarako ere. Eremu honek oinezkoentzako ardatz bat du, lorategia ere badena, iparraldetik hegoaldera, eta zuzenean lotzen ditu harrera zelaia edo eremua eta Baztan ugaldearen bazterrak. Ardatz horren bitartez, aire zabalean joanen da Labaderoko erreka, eta gaur egun egiten duen bidea aldatuko da.

E) Lourdesko Ama Birjinaren Harpe zaharraren ingurua: sendotu gogo da, eta ingurumen aldetik dituen balioak eta esanahi sinbolikoa hobetu nahi dira.

F) Lurzoru urbanizaezina: jarduketaren mendebaldeko eta iparraldeko aldeetan lurzoru urbanizaezineko perimetro bat mugatuko da, etorkizunerako.

Lurzoru urbanizaezinerako, bertako zuhaitzak kontserbatzea eta lehengoratzea dira helburu, baita biodibertsitatea kontserbatzea, paisaia sortzea eta landare estalki iraunkorra mantentzea ere, higadurari eusteko.

Ingurumen ondorioen azterlanean paisaiaren unitate hauek deskribatzen dira proiektuaren eremuan: Baztan ugaldearen ibai-paisaia, Lekarozko ikastetxea zenaren zelaia, haritz kandudunen paisaia eta "Fraideen idoia" hezegune atlantikoa. Sortzen diren eraginak identifikatu eta baloratzen dira azterlanean, eta neurri zuzentzaileen plan bat ezartzen da; besteak beste, Telleriako edo Labaderoko erreka lehengoratzea ibilgu natural gisa, baita Fraideen idoiaren hezegunea ere, eta ingurumena zaintzeko plana.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak 2010eko ekainaren 22ko txostenean adierazitako aldaketak egin ditu sustatzaileak UPSaren testu bateginean. 2010eko abuztuaren 19an, Ur Zerbitzuak haren aldeko txostena eman zuen.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak txostenean dio espedientearen tramitazioa osatua dagoela eta beharrezko neurri badaezpadakoak eta zuzentzaileak hartu direla ingurumen integrazio egokia izan dadin.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ondorioen adierazpena egiten da, "Lekarozko Enpresen Campusa" ekimen eremuaren udalez gaindiko plan sektorialaren aldekoa. Sprin, S.A. sozietate publikoak sustatzen du plana Baztango udal mugapean, Lekarozen.

2. UPSa baldintza hauek betez garatuko da:

-"Artesiagako errekaren bokalea" izeneko Batasunaren intereseko lekuaren iparraldeko muga egokitu behar da, lurzoru urbanizagarriraino iristen baita; horrek PL-02 lurzoruaren sailkapeneko planoa, 2010eko urrikoa, aldatzera behartzen du.

-BILaren eta Baztan ugaldearen paraleloan doan egungo bidea oinez eta bizikletan ibiltzeko bakarrik izanen da. Irizpide horren arabera, proiektuak ibilgailuentzat hego-mendebaldetik planteatzen duen konexio berria (30 metroko tartea) aldatu beharko da.

-Nahiz proiektuak Telleriako edo Labaderoko errekaren ibilgua ingurumen aldetik berreskuratu, bide gehiago eginen du aire zabalean erdiko biribilgunearen ondoan eta bokalean. Bi tarte horiek berdeguneak dira.

-Eremuaren iparraldean, hezkuntza zerbitzuen jendegunean, egin litezkeen eraikinak maldari atxikiak diseinatuko dira, proiektuak planteatzen duen moduan eta, ahal dela, metro batzuk haratago mendebaldera, lur-erauzketa eta hariztiaren gaineko ukipena gutxitzearren.

-Proiektua "Artesiagako errekaren bokalea" izeneko Batasunaren intereseko lekuaren ondoan kokatzen denez, argi kutsadurarik sortzen ez duten eta ornogabeak erakartzen ez dituzten argiak erabiliko dira. Proiektuaren kanpoko argiak azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legearen erregelamendua onesten duen irailaren 17ko 199/2007 Foru Dekretuaren 3. artikuluari beharko zaizkio egokitu. Aipatu legea argiteria gaueko ingurumena babestearren antolatzeari buruzkoa da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Baztango Udalari eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko azaroaren 18an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Iragarkiaren kodea: F1019472