1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
2436/2010 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, erregai alternatiboen bidez elikatzen diren auto eta merkataritzako ibilgailuak erosteko 2010-2011 kanpainarako diru-laguntzen deialdia onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak energia arloan duen lehentasunetako bat energia aurreztea eta hura eragimenez erabiltzea da, gure energia sistema iraunkorragoa, lehiakorragoa eta seguruagoa izan dadin. Horretarako, energia aurrezteko zenbait neurri sustatzen dira, horien artean diru-laguntzen deialdi hau, aurreko urteetan egindakoen jarraipena dena.
Jarduketa hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak 2008ko otsailaren 26an sinatutako lankidetzarako esparru-hitzarmenaren 2010eko ekitaldiaren barnean dago; hitzarmenaren helburua da Energia Aurrezteko eta Eragimenez Erabiltzeko Estrategiaren 2008-2012 urteetarako Ekintza Planean (PAE4+) aurreikusitako jarduketak zehaztu eta abian jartzea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan xedatutakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, 2009ko martxoaren 2ko Erabakiaren bidez, diru-laguntza hauek banan-banan ebaluatzeko araubidean ematea erabaki zuen. Halaber, 2010eko ekainaren 28ko Erabakiak baimena eman zuen Enpresako zuzendari nagusiak urte anitzeko gastu konpromisoa har zezan, deialdi hau oneste aldera.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Erregai alternatiboen bidez elikatzen diren auto eta merkataritzako ibilgailuak erosteko 2010-2011 kanpainarako diru-laguntzen deialdia onestea.
2. Diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.
3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 72.000 euroko gastua baimentzea, 2011ko gastuen aurrekontuetan 2010eko gastuen aurrekontuetako "Energia aurreztu eta eragimenez erabiltzeko jarduketak" izeneko 810003 81140 7800 425200 kontu-sailaren baliokide izanen denaren kargura.
Halaber, 2011ko ekitaldian kontu-sail horretan aurrekontu erabilgarria izaten bada, deialdian hasieran aurreikusitakoari gehitzen ahalko zaio.
4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete ebazpenaren kontra, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzenduta, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2010eko azaroaren 3an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.
ERANSKINA
Oinarri arautzaileak
1. oinarria. Xedea.
Diru-laguntza honen helburua da 3.500 kg baino gutxiagoko BGMko autoen nahiz merkataritzako ibilgailuen parkea modernizatzea, auto berrien, bereziki erregai alternatiboen bidez (gasolina eta gasolioa ez beste batzuez) elikatzen direnen energia eragimenik handienaren abantailak aprobetxatzeko.
2. oinarria. Onuradunek bete beharreko baldintzak.
Onuradunak pertsona fisiko eta pertsona juridiko publiko edo pribatu guztiak izan daitezke.
Eskatzaileek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik dauzkala frogatzeko, eskabidean interesdunari jakinarazten zaio baimena ematen diola departamentuari hura frogatzen duten datuak begiratzeko, diru-laguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.
3. oinarria. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak.
1. Diru-laguntza emanen da mota hauetako ibilgailuak erosteko:
1.1. Ibilgailu berriak, 3.500 kg-tik beherako BGMa duten merkataritzako ibilgailuak izan edo autoak izan), sistema edo erragai hauen bidez elikatzen badira:
1.1.1. Propultsio hibridoa (baterien bidezko %100eko trakzio elektrikoaren ahalmena badute) eta 120 g CO2baino gutxiago aireratzen badute kilometro bakoitzeko. Mota hauek bereizten dira:
a) Full Hybrid: gidariaren borondatez, trakzio elektriko bakarra egiteko ahalmena du.
b) Mild Hybrid: gidariaren borondatez, trakzio elektriko bakarra egiteko ahalmenik ez du.
1.1.2. Hidrogenoaren zuzeneko erreketa (bi erregai edo gehiagokoak izan daitezke) edo erregai pilen bidezkoa.
1.1.3. Gas naturala edo petrolio gas likidotuak (PGL), 150 g CO2 baino gutxiago aireratzen badute kilometro bakoitzeko. Bi erregai edo gehiagokoak izan daitezke.
1.2. Autoak eraldatzea, PGLekin elikatu ahal izateko. Eraldaketatzat jotzen da, lehenik matrikulatu eta handik 3 hilabetera edo gehiagora egiten denean. Bestela, auto berritzat jotzen da.
2. Diruz laguntzen ahal diren jarduketak baldintza hauen menpe egonen dira:
a) Inbertsioa egiteko epea 2010eko otsailaren 27tik 2011ko ekainaren 30era artekoa izanen da, biak barne. Horren ondorioetarako, fakturazio data hartuko da erreferentzia gisa.
b) Inbertsioa Nafarroan egina izanen da. Horretarako, 7. oinarrian azaltzen diren egiaztagirien artean, trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga edo zirkulazio zerga ordaindu izanaren fotokopia aurkeztu beharko da, Foru Komunitateko udal batek luzatua.
c) Leasingen bidez finantzaturik erositako ibilgailuak diru-laguntzaren xede izan daitezke, betiere kontratuaren hasieratik eragiketa osoaren BEZa aldez aurretik pagatzen bada eta, gainera, kontratu bukaeran aktiboa eskuratzeko konpromiso irmoa ageri bada kontratuan.
d) Inbertsioaren bidezko gastu finantzarioak eta leasing ez beste tresna finantzario batzuen bidez ibilgailuen erosketak ez dira diruz lagungarriak izanen, ez eta ibilgailu erabilien erosketak ere.
e) BEZa kostu hautagarritzat hartuko da beti, baldin eta onuradunak ezin badu berreskuratu. Horretarako, BEZa kostu kengarri gisa ez duten erakundeek hori frogatzen duten agirien kopia aurkeztuko dute. Hainbanaketaren araubidean badaude, kostu hori kalkulatzeko oinarria izanen da diru-laguntza eman aurretik amaitu den azken ekitaldiko behin betiko hainbanaketa. Kasu horretan, haien betebehar fiskalen likidazioko azken emaitza aurkeztu beharko dute.
f) Deialdi honetan zein "Autoetarako Renove Plana 2010" delakoan (2010eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 8koa) ezarritako baldintzak betetzen dituzten erosketek bi diru-laguntzetako bat aukeratu beharko dute, 10. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.
"Autoetarako Renove Plana 2010" delakoaren laguntza eman baldin bada, ezin da deialdi honetako laguntzarik jaso.
4. oinarria. Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Diru-laguntzaren zenbatekoa, jarraian zehazten dena, jarduketa motaren araberakoa izanen da, betiere auto edo merkataritzako ibilgailuaren prezioaren %15 gainditu gabe:
JARDUKETA | DIRU-LAGUNTZA EUROTAN |
Propultsio elektrikoko ibilgailuak (autoak edo merkataritzako ibilgailuak), hidrogenoaren bidezkoak (bi erregai edo gehiagoko autoak barne) edo erregai pilen bidezkoak erostea | 7.000 |
Full Hybrid ibilgailu hibridoak erostea (autoak edo merkataritzako ibilgailuak) | 2.300 |
Mild Hybrid ibilgailu hibridoak erostea (autoak edo merkataritzako ibilgailuak) | 2.000 |
Gas naturalarekin edo PGLekin elikatzen diren ibilgailuak erostea (autoak edo merkataritzako ibilgailuak), bi erregai edo gehiagoko autoak barne | 1.200 |
Ibilgailuak eraldatzea (autoak edo merkataritzako ibilgailuak), PGLekin elikatu ahal izateko | 450 |
5. oinarria. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.
Eskaera eta erantsi beharreko dokumentazioa Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da (Tomás Caballero parkea, 1, 31005 Iruña) edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetako edozeinetan.
Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean egin beharko da, lehen orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutuak eta guzti) adierazteko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira.
2. Eskaerak ereduaren arabera beteko dira. Eredua toki hauetan jaso daiteke:
-Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian: www.navarra.es.
-Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Erregistroan (Tomás Caballero parkea, 1, Iruña).
Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:
a) Eskatzailearen NANaren fotokopia (pertsona fisikoa bada) edo IFKren fotokopia (pertsona juridikoa bada).
b) Aurrekontuaren, proformako fakturaren edo fakturaren fotokopia.
3. Diru-laguntza eskaerak finkatutako baldintzak betetzen ez baditu edo dokumentazioa osorik ez badago, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (www.navarra.es), okerra zuzen dezala hamabost egun balioduneko epean, errekerimendua argitaratzen denetik hasita, eta adieraziko dio zuzendu ezean eskaerari uko egiten diola ulertuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela.
Eskatzaileari gorabehera horren berri emanen zaio, eskaeran jartzen duen helbide elektronikoaren bidez.
6. oinarria. Diru-laguntza ematea.
1. Diru-laguntza hau banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da. Hortaz, eskaerak hartu ahala banatuko da diru-laguntza, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean.
2. Enpresa Sustapenaren Zerbitzuko Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak eskaerak ebaluatuko ditu, eta ebazpen proposamena igorriko organo eskudunari; hartan, onuradunek laguntzak jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela agerraraziko da.
3. Enpresako zuzendari nagusia da diru-laguntzak emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpena eman ondoren, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratuko da, eskaera aurkezten denetik gehienez 4 hilabete igaro baino lehen. Epe horretan ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da.
Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.
4. Diru-laguntzaren ebazpenen jakinarazpen guztiak, hots, diru-laguntza emateari, ukatzeari, kobratzeko eskubidea galtzeari, ordaintzeari, zenbatekoa doitzeari, itzultzeari eta gainerakoei buruzkoak, eta diru-laguntza hau emateko prozeduran ematen diren gainerakoak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.navarra.es) argitaratuko dira. Horrez gainera, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaizkio, eskaeran jartzen duen helbide elektronikoaren bidez.
7. oinarria. Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.
1. Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2011ko ekainaren 30a baino lehen, 5. oinarriaren 1. atalean ezarritakoari jarraikiz:
a) Egindako inbertsio osoari dagozkion fakturen fotokopiak eta ordaindutakoaren frogagiriak (bankuko agiriak edo ordainagiriak).
b) Diruz laguntzen ahal den gastua 12.000 euro baino handiagoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela. Horretarako, gutxienez bi eskaintza aurkeztu beharko ditu, eta hautatutako eskaintzarako arrazoiak justifikatu.
Onuraduna aurrekotik salbuetsiko da, baldin eta diru-laguntzaren xedeko gastuen ezaugarri bereziengatik merkatuan behar adina entitate hornitzaile ez badago edo gastua diru-laguntza eskatu baino lehen egin bada.
c) Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren edo zirkulazioaren gaineko zergaren ordainagiriaren fotokopia, Foru Komunitateko udalen batek luzatua, inbertsioa Nafarroan egin dela egiaztatzeko.
d) PGLekin elikatu ahal izateko autoak eraldatzeko, eraldaketaz arduratzen den enpresak eskatzaileari igorriko dizkion agiri hauek:
-Aireratzeen egiaztagiri ofiziala (INTAk, INSIAk, IDIADAk edo horretarako baimena duen beste erakunderen batek luzatua).
-Garrantzizko berrikuntzen liburua (IATa pasatzeko beharrezkoa).
-IATa pasatu duela egiaztatzen duen agiria.
e) Kasua bada, diru-laguntza emateko ebazpenean zehazten den beste edozein agiri.
2. Horrez gain, administrazioak diru-laguntza ordain dezan, eta aurretik Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzarik jaso ez bada, "Ordainketa transferentzia bidez jasotzeko eskaera" (jatorrizkoa). Hori Nafarroako Gobernuaren atarian eskura daiteke, www.navarra.es helbidean, hain zuzen.
3. 1. ataleko frogagiriak aztertuta, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena igorriko dio Enpresako zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek diru-laguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten baldintzak bete dituztela ziurtatzen duen txostena aurkeztuko du.
8. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta haiek ez betetzearen ondorioak.
1. Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrez gainera, diru-laguntzaren onuradunek diruz lagundutako ibilgailuaren jabe izaten segitu beharko dute diru-laguntza eman eta hurrengo hiru urteetan.
2. Oinarri arautzaile hauetan edo Diru-laguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebehar guztiak bete ezik, onartutako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Halaber, aurreko betebeharren bat hein batean bete ezik, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.
3. Arauak ez betetzeagatik diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu eta kopuru horiek askatuz gero, aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaeretarako erabiltzen ahalko dira.
9. oinarria. Laguntzen "de minimis" izaera.
Enpresei emanen zaizkien deialdi honetako diru-laguntzak "de minimis" laguntzen barrenean sartzen dira, Batzordeak abenduaren 15ean emandako 1998/2006 Erregelamenduan eta abenduaren 20an emandako 1535/2007 Erregelamenduan aurreikusitakoari jarraituz; lehenbiziko erregelamenduan zehazten da nola aplikatu Itunaren 87. eta 88. artikuluak "de minimis" laguntzei; bigarrena, berriz, nekazaritzako produktuen sektoreko "de minimis" laguntzei buruzkoa da.
Erregelamendu horiekin bat, diru-laguntza honen zenbatekoa, enpresak hiru zergalditan "de minimis" kontzeptuagatik harturikoak baturik, gehienez ere 200.000 eurokoa izanen da, 100.000 eurokoa errepide bidezko garraioko sektorean diharduten enpresentzat, edo 7.500 eurokoa Europako Erkidegoa osatu zuen Itunaren I. eranskineko zerrendan ageri diren produktuak ekoizten diharduten enpresentzat.
Horretarako, enpresak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan araubide horretan hartutako bestelako laguntzak adieraztera, eskabidearekin batera emanen den eredua erabiliz.
10. oinarria. Diru-laguntzaren bateragarritasuna.
1. Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin.
Zehazki, ibilgailu parkea berritzen laguntzeko 2000 E Planarekin bateragarriak dira. Plan hori maiatzaren 22ko 898/2009 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen, eta 2009ko 125. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu, maiatzaren 23an.
2. Aitzitik, Nafarroako Gobernuaren "Autoetarako Renove Plana 2010" planarekin eta Kreditu Ofizialaren Institutuak kudeaturiko VIVE 2008-2010 Planarekin bateraezinak dira.
11. oinarria. Oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.
Oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.
12. oinarria. Emandako diru-laguntzen publizitatea.
Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Eragimenaren eta Energia Berriztagarrien Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako diru-laguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaion, onuradunak, emandako diru-kopurua eta diru-laguntzaren helburua.
Iragarkiaren kodea: F1018363