4. PROZEDURA JUDIZIALAK
IRUÑEKO LEHEN AUZIALDIKO 4. EPAITEGIA
Ediktua. Enkantea. 387/2010 prozedura
Aditzera ematen dut: organo judizial honetan hipoteka-betearazpeneko 387/10-D autoak bideratzen ari dira. Sociedad Navarra de Garantia Reciproca (Sonagar) sozietateak sustatu ditu, Ana Echare Vidal prokuradorea ordezkari duela, Ivanoska S.L.ren eta Jesús Gracía Cayetanoren aurka, 635.918,90 euroko printzipala erreklamatzeko. Autoetan erabaki da ediktu honen atal nagusian azaltzen diren ondasun higiezinen enkante publikoa egitea, eta halaxe adierazten da ekitaldia organo honetako Idazkaritzan 2011ko martxoaren 10eko eguerdiko hamabietan egin dadin, baldintza hauei jarraikiz:
Lehenbizikoa.-Posturak egiteko baldintzak. Enkantean parte hartzeko, lizitatzaileek beren nortasuna frogatu beharko dute. Enkantearen baldintzak ezagutzen dituztela aitortu beharko dute. Banesto bankuaren gordailu eta kontsignazioen 0030 8025 90 0000 0000 00 kontuan, oharretan 3161 0000 05 0387 10 erreferentzia jarriz, enkantean jartzen diren ondasunen balioaren %30 sartu izanaren gordekina aurkeztu beharko dute. Alderdi betearazleak enkantean parte har dezake, bakar-bakarrik, lizitatzailerik badago. Kasu horretan, ez du enkantean parte hartzeko dirurik jarri beharko. Postura egin eta errematea hirugarren bati lagatzeko ahalmena alderdi betearazleari dagokio, ez beste inori (PZLaren 647., 669.1 eta 666. artikuluak).
Bigarrena.-Idatzizko posturak. Idatzizko posturak enkantea iragartzen denetik hura hasi arte egin daitezke. Gutun-azal itxietan aurkeztuko dira, adierazitako baldintza berberetan. Gutun-azalak enkantearen hasieran irekiko dira. Gutun-azaletako posturak jendaurrean eginen dira, besteekin batera, eta ahoz egiten direnen ondorio berberak izanen dituzte (PZLaren 648. artikulua).
Hirugarrena.-Titulazioa eta zamak. Enkantean parte hartzeak berarekin dakar posturagileek autoetan agertzen den titulazioa askitzat hartzea edo, hala bada, titulaziorik ez dagoela onartzea. Era berean, auzi-jartzailearen kredituaren aurreko zamek eta kargek bere horretan segitzen dutela onartuko dute, halakorik bada, eta errematea beren alde esleituz gero, kredituen erantzukizunean subrogatuko direla.
Erregistroko ziurtagiriak eta, hala badagokio, ondasunen titulazioa epaitegiko idazkaritzan daude ikusgai (PZLaren 668. eta 669.2 artikuluak).
Laugarrena.-Ezinbesteko arrazoiengatik, epaitegiari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik edo, oker bat dela-kausa, enkantearen deialdia igande baterako edo jaiegun baterako egiteagatik, enkantea adierazitako egunean eta orduan egiterik ez badago, ulertuko da hurrengo egun baliodunean eginen dela, ordu berean, larunbatak kenduta.
Bosgarrena.-Jarduketak azterturik, ez da inolako errentamendurik ageri.
Seigarrena.-Betearazpenpekoak non diren ez jakiteagatik zitazioaren jakinarazpena egiterik ez balego ere, honako hau egiten da jakinarazteko balio izan dezan.
Enkantean jartzen diren ondasunak:
1.-Merkataritzako lokal banatu gabea, Iruñean. Eraikinaren helbidea: Joaquín Beunza kalea, zenbaki gabe, eta Gagesko kondearen plaza, 21. Beheko solairuan dago, "E", "F", "G" eta "H" etxebizitzetako atariaren ezkerraldean, eta 140,12 m²-ko azalera eraikia du. Kuota: %1,674. Iruñeko 1. Jabetza Erregistroan inskribatuta dago: 958. liburukia, 119. orria, 25.371. finka, 6. inskripzioa. Katastroko erreferentzia: 2.509. lurzatia, 7. poligonoa. Jabea Ivanoska, S.L. da.
Hipoteka Iruñeko 1. Jabetza Erregistroan inskribatu zen: 1.128. liburukia, 606. liburua, 188. orria, 25.371. finka, 8. inskripzioa.
Enkantearen ondorioetarako, 672.000,00 euroan baloratu da, hipoteka-eskrituran hitzartu zen bezala.
2.-E motako etxebizitza, bosgarren solairuan, Barañaingo Etxeorratzen etorbideko 21ean. 67 m²-ko azalera erabilgarria du. Bi eranskin banaezin ditu, aparkatzeko plaza bat eta trasteleku bat, biak sotoan eta 14 zenbakiaz seinalatuak. Kuota: %2,308. Katastroko erreferentzia: 250. lurzatia, 1. poligonoa. Jabea Jesús García Cayetano da.
Hipoteka Iruñeko 4. Jabetza Erregistroan inskribatu zen: 782. liburukia, 20. liburua, 153. orria, 1194. finka, 4. inskripzioa. Enkantearen ondorioetarako 300.000,00 euroan baloratu da, hipoteka-eskrituran hitzartu zen bezala.
Iruñean, 2010eko azaroaren 26an.-Idazkaria, Mónica Pérez Orozco.
Iragarkiaren kodea: J1019719