153. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Ordenantza, Iruñeko Udaleko administrazio elektronikoa
arautzen duena. Behin betiko onespena

Iruñeko Udaleko Administrazio Elektronikoa arautzen duen Ordenantza hasiera batez onesteko hartutako erabakiaren jendaurreko epea iraganik, zeinean herritarrek nahiz legezko interesdunek espedientea aztertzeko aukera izan baitute, eta erreklamazio, eragozpen eta oharrik aurkeztu ez denez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, ondoko testuarekin bat.

Hori dena argitara ematen da, jende orok jakin dezan.

Iruñean, 2010eko azaroaren 25ean.-Alkate udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

ORDENANTZA, IRUÑEKO UDALEKO ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

-I-

XX. mendearen azken laurdenetik aurrera, informazioa prozesatzeko teknologiak eta komunikazio elektronikoak etengabe bilakatzen ari dira, eta horrek aldaketa handia ekarri du giza harremanetan, hala moduan nola edukian. Horren ondorioz, aldi historiko berria sortu da, hainbat ahotsek zalantza izpirik gabe "Informazioaren aroa" deitu izan dutena.

Herri-administrazioek, eraginkortasun eta eragimen printzipioak oinarri izanda, gizartearen aitzin lerroan egon behar dute, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek (IKT) eragindako aldaketei dagokienez. Horrela, bada, eredugarri izan behar dute, modernotasunaz eta etengabeko egokitzapenaz bezainbatean, herritarrengan komunikabide elektronikoak erabiltzeko konfiantza sortze aldera.

Informazio- eta komunikazio-teknologien garapen mailak aukera ematen du, gaur egun, Herri-administrazioaren kontzeptu tradizionala bilakatzeko, hainbesteraino non Administrazioa herritarrengana hurbiltzea ahalbidetuko baita, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, herritarrek fisikoki haraino jo behar izan gabe. Horrela, herritarrei zerbitzu eta arreta hobeak eskainiko zaizkie.

-II-

30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, eman zuen aukera, hasiera batez, herritarrek Administrazioarekiko harremanak modu telematikoaz eduki zitzaten, eta lehenengo aldiz erreferentziazko marko juridiko orokorra ezarri zuen, 38., 45., 46. eta 59. artikuluetan, Administrazioaren jardunean IKTak modu sistematikoan ezartzeko.

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legeak ondokoa ezarri zuen, haren 70. bis artikuluaren 3. atalean: toki-erakundeek eta, bereziki, udalerriek, informazio eta komunikazioko teknologien erabilera interaktiboa bultzatu behar dute, herritarren parte-hartzea eta komunikazioa errazteko, agiriak aurkezteko eta administrazioko izapideak, inkestak eta, hala denean, herri-galdeketak egiteko.

Baina, zalantzarik gabe, ekainaren 22ko 11/2007 Legea, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoa (AEL), erabakigarria izan da, funtsezko mugarria ezarri baitu informazio-gizartearen herri-administrazioa eraikitzeko.

Sarbide Elektronikoari buruzko Legeak herritarren eskubideak babesten ditu, horiek Herri-administrazioekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jar daitezen, eta Herri-administrazioen betebeharrak ezartzen ditu -betiere horietan barne hartuta Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak, Legearen 2.1.a artikuluak berariaz aurreikusitakoarekin bat-, informazio-teknologiak erabil ditzaten, legeak aurreikusitakoarekin bat, haien eskumenen esparruan kudeatzen dituzten datuetara sartzea eta datuen zein informazioen eta zerbitzuen osotasuna, autentifikazioa, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa bermatuz.

-III-

Iruñeko Udala informazio eta komunikazioko teknologiak gero eta gehiago erabiltzearen aldeko apustu irmoa egiten ari da, duela zenbait hamarkadatik. Horra, horren adibidetzat, Iruñeko Udalaren web gunearen sorrera. Izan ere, haren bidez herritarrei informazioa eskaini eta aukera eman zaie Administrazio honekin hainbat izapide eta kudeaketa egiteko. Telefoniak ere, 010 zenbakiaren bidez, aukera ematen die herritarrei Administrazio honekin harremanetan jartzeko eta zenbait izapide eta kudeaketa egiteko. Posta elektronikoaren, faxaren eta telefonia finko zein mugikorraren erabilera eta SMS mezuak bidaltzea ere eguneroko bitarteko bilakatu dira udal administrazio honek herritarrekin dituen harremanetan.

-IV-

Orain arteko azalpenean ezarritakoari segida logikoa eginez, Ordenantza hau Administrazio berritzailea arautzeko xedez sortu da, hau da, Udal Administrazio honen eta, oro har, gizartearen garapen teknologikoaren mailarekin batera doan Iruñeko Udaleko Administrazioaren Administrazio elektronikoa arautzeko xedez.

Hona Ordenantza honen helburuak: bitarteko elektronikoen bidez eskubideez baliatzea eta betebeharrak betetzea, herritarrek informaziora eta administrazioko prozedurara sarrera izatea bitarteko elektronikoen bidez -betiere arreta berezia emanik sarrera hori mugatzen ahal duten trabak ezabatzeari-, herritarrengan konfiantza sortzea bitarteko elektronikoak erabil ditzaten -beharrezko neurriak ezarrita, intimitatea gorde eta Izaera Pertsonaleko Datuak babeste aldera, datuen, komunikazioen eta zerbitzu elektronikoen segurtasuna bermatzen duten sistemak erabiliz-, herritarrenganako hurbiltasuna eta Administrazioaren gardentasuna sustatzea, Iruñeko Udalaren udal administrazioaren jarduna hobetzen laguntzea -informazioko teknologiak erabilita administrazio-prozeduretan eraginkortasuna, eragimena eta sinplifikazioa handituz-, Administrazioaren jardunean gardentasun handiagoz aritzea eta informazio-gizartearen garapenaren alde egitea, hala Herri-administrazioetan nola gizartean, oro har.

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek bitarteko elektronikoen erabilera arautzen du, Iruñeko Udalaren Administrazioaren esparruan. Hartara, bitarteko horiek erabiltzeak -hala Iruñeko Udalaren Administrazioaren eta gainerako herri-administrazioen artean nola herritarren eta Udal honen Administrazioaren artean- berekin dakartzan baldintza eta ondorio juridikoak arautzea du xede, herritarren eskubideak bermatze aldera. Halaber, administrazioko prozedurak bideratzeko bitarteko elektronikoak erabiltzea berekin dakartzan baldintzak eta ondorio juridikoak arautzen ditu.

Bitarteko elektronikoa izanen da, Ordenantza honen ondorioetarako, agiriak, datuak eta informazioak sortu, bildu edo igortzea ahalbidetzen duen mekanismoa, instalazioa, ekipoa edo sistema, eta barne hartzen ditu komunikazio-sare ireki edo mugatu oro, hala nola Internet, telefonia finkoa eta mugikorra, eta beste hainbat.

2. Iruñeko Udalaren Administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu, betiere haren eskumenak erabiltzen ari delarik, datuen, informazioen eta zerbitzuen eskuragarritasuna, haietarako sarrera eta haien osotasuna, autentifikazioa, konfidentzialtasuna eta kontserbazioa bermatuz.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Ordenantza hau Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4. eta 29. artikuluetan eta Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 4. artikuluan aitortutako erregelamendu eta auto-antolamenduaren inguruko ahalen babespean eman da. Halaber, Ordenantza hau Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 45.1. artikuluan, Toki Araubidearen Oinarriak Arautzen dituen Legearen 70. bis artikuluaren 3. atalean eta, bereziki ekainaren 22ko Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen Hirugarren Azken Xedapenean xedatutakoaren arauzko garapena da.

3. artikulua. Aplikazio-esparrua.

1. Ordenantza hau Iruñeko Udalaren Administrazioan aplikatuko da, betiere ordenantza honen ondorioetarako ondokoak barne hartuz:

a. Iruñeko Udala osatzen duten administrazio-organoak.

b. Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion zuzenbide publikoko erakundeak.

2. Ordenantza, halaber, herritarrei aplikatzen ahalko zaie, halakotzat harturik pertsona fisikoak zein juridikoak, eta baita, nortasun juridikorik izan gabe, Iruñeko Udalaren Administrazioarekin bitarteko elektronikoen bitartez harremanetan jartzen diren edo jar daitezkeen entitateei ere.

3. Iruñeko Udalak bitarteko elektronikoen erabilera sustatuko du ordezkaritza duen edo geroan izan dezakeen gainerako organismo edo erakundeetan.

4. Halaber, Ordenantza honek printzipioak zehazten ditu, Iruñeko Udalaren Administrazioak bitarteko elektronikoen bidez beste administrazioekin ezartzen dituen harremanetarako.

5. Ordenantza hau ez zaie aplikatuko Udal honen Administrazioak zuzenbide pribatuari lotuta garatutako jarduerei. Nolanahi ere, halako jardueretan ere bitarteko elektronikoen erabilera sustatuko da.

4. artikulua. Printzipio orokorrak.

Iruñeko Udalaren Administrazioaren jarduna, oro har, eta bereziki Administrazio elektronikoa sustatzeari dagokiona, ondoko printzipio orokorrek gidatuko dute:

a. Herritarren zerbitzura egoteko printzipioa.

Iruñeko Udalaren Administrazioa saiatuko da gero eta argibide, izapide, zerbitzu eta prozedura gehiago ezartzen Administrazio Elektronikoaren esparruan, haren jarduna herritarrengana hurbiltze aldera.

Printzipio hori betetzearren, herritarrei orori bermatuko zaie Udal Administrazioak ematen dituen zerbitzu elektroniko guztietara sartzea, herritarren inguruabar pertsonalak eta dituzten bitartekoak edo ezagumenduak gorabehera, eta horretarako kanal batzuk dituen sistema batez baliatuko da, zeinak gutxienez ondoko bitartekoak izanen baititu:

a.1. Arreta aurrez aurre eskaini eta herritarrei argibideak ematen dizkieten bulegoek herritarren eskura jarriko dituzte, libre eta doan, ordenantza honetan aitortzen diren eskubideak erabiltzeko behar diren tresnak eta bitartekoak. Horretarako, bitartekoak non egon eta bulego horietako langileek aholkuak eta orientazioa emanen dizkiete, erabiltzeko moduaz, edo, bestela, bitartekoan berean doazen sistemek lagunduko diete.

a.2. Egoitza elektronikoa, zeina, hasiera batez, Interneten eskuragarri izanen baita. Zehazkiago, sarrera orokorreko gune bat izanen da, eta bertan herritarrei eskainitako zerbitzuen zerrenda jasoko da.

a.3. 010 telefonoaren harrera-zerbitzua. Izan ere, segurtasun-irizpideek eta baliabide teknikoek posible egiten duten neurrian, Iruñeko Udalaren Administrazioak ematen dituen argibide eta zerbitzuetara sartzea erraztuko die herritarrei.

b. Administrazio-jarduera soiltzearen aldeko printzipioa.

Garrantzirik gabeak jotako izapide edo jarduketa oro ezabatuko dira, eta berriz diseinatuko dira administrazio-prozesuak eta -prozedurak, aplikagarri diren arauekin bat, informazio eta komunikazioko teknologiek eskaintzen dituzten aukerak ahalik eta gehien erabiliz, administrazio-prozeduren iraupena eta epeak nabarmen laburtze aldera, administrazio-jardueraren eraginkortasuna eta eragimena lortzea xede harturik.

c. Bitarteko elektronikoak sustatzearen aldeko printzipioa.

Udal Administrazioak bitarteko elektronikoen erabilera lehenetsi eta sustatuko du haren jardueretan, oro har, eta bereziki herritarrekin dituen harremanetan. Hori horrela, hainbat pizgarri ezartzen ahalko ditu, herritarrek bitarteko elektronikoak erabil ditzaten.

d. Neutraltasun teknologikoari eta aurrerapen teknikoei eta komunikazio elektronikoei moldatzeko gaitasunaren printzipioa: herritarrek askatasuna izan behar dute unean-unean dauden aukera teknologikoen artean hautatzeko, betiere Udal Administrazioak lehenago eskuragarri jarri dituelarik.

Udal Administrazioak estandar irekien erabilera sustatuko du, edota, hala dagokionean eta horien osagarri, herritarren artean zabalduenak daudenak.

e. Konfidentzialtasuneko, segurtasuneko eta datu pertsonalak babesteko eskubidea errespetatzeko printzipioa, datuak babesteari buruzko araudian eta herritarren datuen konfidentzialtasuna babesteari buruzko gainerako arauetan zein ohoreari eta pertsonaren eta familiaren intimitateari buruzko eskubideei dagozkienetan zehaztutakoaren arabera.

f. Gardentasunaren eta publizitatearen aldeko printzipioa: baliabide elektronikoen erabilerak lagundu behar du administrazio-jarduerak ahalik eta gehien zabaltzen, eta horien publizitatea eta gardentasuna bultzatzen.

g. Lankidetza-printzipioa.

Udal Administrazioak beste Herri-administrazioekin, Elkargo Profesionalekin, Elkarteekin eta beste erakunde publiko edo pribatuekin beharrezko diren hitzarmenen eta akordioen sinadura sustatuko du, ondokoa errazte aldera: sistemak elkarrekin eragiteko modukoak izatea, estandar teknikoak finkatzea, informazioa trukatzeko mekanismoak ezartzea eta hala agiri elektronikoak nola identifikazio- eta autentifikazio-baliabideak elkarri aitortzea.

h. Herritarrek erabili eta informazioa zein zerbitzuak bitarteko elektronikoz iritsi ahal izateko printzipioa. Horretarako erabiltzen diren sistemek erabilerrazak izan behar dute eta bidea eman behar diete herritarrei intereseko informazioa modu azkarrean, seguruan eta ulergarrian eskuratzeko. Hori horrela, irizpide bateratuak bultzatu behar dira informazioa bilatu eta bistaratzekoan, betiere irispide unibertsaleko, diseinuko eta agirien tratamenduko nazioarteko estandarrekin bat, eta minusbaliotasunen bat edo berebiziko zailtasunak dituzten taldeak informaziora iristeko beharrezkoak diren ezaugarriak gehituta.

i. Udal Administrazioak baliabide elektronikoen bidez ematen dituen informazioen eta zerbitzuen gaineko erantzukizun-, egiazkotasun-, benetakotasun eta eguneratze-printzipioa.

j. Berdintasun-printzipioa.

Baliabide elektronikoak erabiltzeak ezingo die murrizketarik edo diskriminaziorik eragin Udal Administrazioarekin harremana izateko bitarteko ez-elektronikoak hautatzen dituzten herritarrei, dela zerbitzu publikoak eskuratzeko orduan, dela beste edozein administrazio-jarduera edo -prozeduretan. Betiere, Udal Administrazioak bitarteko elektronikoen erabilera sustatzeko neurriak hartu ahal izateari kalterik egin gabe.

k. Irispide eta eskuragarritasun mugatuko printzipioak.

Udal Administrazioak gainerako Herri-administrazioei erraztuko die euskarri elektronikoan dituen herritarren datuetara sartzea, eta dagokien hitzarmenetan zehaztuko ditu datuetara sartzeko beharrezko diren baldintza, protokolo eta irizpide funtzionalak edo teknikoak, betiere segurtasunari, osotasunari eta eskuragarritasunari dagozkien berme zorrotzenak gordetzen dituelarik, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, eta hori garatzen duten arauetan xedatutakoarekin bat.

Datu horiek gainerako administrazioek haien eskumeneko prozedurak eta jarduketak izapidetu eta ebazteko herritarrei noiz eskatu eta orduan bakarrik egonen dira eskuragarri, betiere horiek erregulatzen dituzten arauekin bat. Datuetara sartzeko, horiek izaera pertsonalekoak badira, interesdunen baimena eduki behar da, 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, ezarritakoarekin bat, salbu eta jasotako datuei edo agiriei aplikagarri zaien arauen arabera murrizketarik badago. Herritarren baimena bitarteko elektronikoz eman eta jaso ahal izango da.

l. Proportzionaltasun-printzipioa.

Izapide edo jarduerei ezarritako berme eta segurtasun-neurriak izapide edo jarduera horien izaeraren eta ezaugarrien araberakoak izango dira, ez gehiago. Horrez gain, herritarrari, izapide edo jardueraren xedea betetzeko guztiz beharrezkoak diren datuak baino ez zaizkio eskatuko.

m. Legezkotasun-printzipioa.

Udal Administrazioarekiko harremanetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, ezarritako berme juridikoak oso-osorik gordeko zaizkie herritarrei.

BIGARREN KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

5. artikulua. Herritarren eskubideak Administrazio Elektronikoaren testuinguruan.

1. Hona herritarren eskubideak, Udal Administrazio elektronikora sartu eta hori erabiltzean:

a. Udal Administrazioarekin izan behar dituzten harremanak bitarteko elektronikoz bideratzeko eskubidea, bai 30/1992 Legearen 35. artikuluak jasotako eskubideak baliatzerakoan, bai informazioa eskuratzerakoan, kontsultak edo alegazioak egiterakoan, eskabideak egiterakoan, norberaren adostasuna adierazterakoan, uziak aurkezterakoan, ordainketak egiterakoan, transakzioak egiterakoan eta ebazpenen eta administrazio-egintzen aurka egiterakoan ere.

b. Herritarrek, Udal Administrazioarekiko harremana bitarteko elektronikoz eduki nahi dutenean, zein kanal erabili nahi duten hautatu ahal izango dute une bakoitzean erabilgarri daudenen artean, eta koerlatiboki, Udal Administrazioari galdatu hautatu duten bidean berean jotzeko haiengana.

Aurreko paragrafoan xedatutakoaz bezainbatean, egoitza elektronikoan informazio gaurkotua egonen da eskura, une bakoitzean erabilgarri diren kanalei buruz, eta haietaz baliatuta herritarrak harremanetan jartzen ahalko dira Udal Administrazioarekin.

c. Herritarrek ez dute aurkeztu beharrik Udal Administrazioak edo harekin informazioa trukatzeko hitzarmena sinatu duten gainerako herri-administrazioek dagoeneko bere esku duten datu eta agiririk. Nolanahi ere, datu pertsonalak direnean, interesdunak baimena eman beharko du. Hala ere, herritarren eskubide hori mugatuta egon daiteke datu edo agiri horiei aplikatzen zaien legeriaren bidez. Herritarren baimena bitarteko elektronikoz eman eta jaso ahal izango da.

Aurrekoa gorabehera, interesdunek beraiek edozein unetan aurkeztu ahal dituzte beharrezko datuak edo agiriak, bai eta izaera pertsonaleko datuetara sartzeko haien baimena ezeztatu ere.

Prozedura bideratzeko ardura duen administrazio-organoak beharrezko datuak edo agiriak eduki edo haietara elektronikoki sartzerik badu, dagokion administrazio-prozeduran txertatuko ditu, inongo izapiderik gabe.

Prozedura bideratzeko ardura duen administrazio-organoak ezin badu beharrezko datu edo agiririk jaso, interesdunari horren berri jakinaraziko diote, horren zioa zein den aipatuta, interesdunak aipatu datuak edo agiriak aurkez ditzan, dagokion prozedura arautzen duen araudian aurreikusitako epean eta ondorioekin bat.

d. Herritarrek, administrazio prozeduretan interesdun izanez gero, eskubidea dute bitarteko elektronikoz prozeduren izapideak zertan diren jakiteko, salbu eta aplikatu beharreko legeriak mugak ezartzen baditu.

e. Herritarrek, administrazio-prozeduretan interesdun izanez gero, eskubidea dute prozedura horietako dokumentu elektronikoen kopia elektronikoak lortzeko.

f. Herritarrek eskubidea dute espediente bat osatzen duten agiri elektronikoak euskarri elektronikoan gorde ditzaten herri-administrazioek.

g. Herritarrek eskubidea dute Udal Administrazioak kalitatezko eduki elektronikoak, eskuragarriak, gardenak eta ulergarriak haien eskura jar ditzan.

h. Herritarrek eskubidea dute herri-administrazioek erabiltzen dituzten aplikazio, sistema edota fitxategietan jasotako datuak isilpean eta seguru gordeko direlako bermea edukitzeko.

i. Herritarrek eskubidea dute, kasu orotan eduki ere, Nortasun Agiri Nazionalaren sinadura elektronikoaren sistemak erabiltzeko, Udal administrazioarekin egiten duten izapide elektroniko guztietan.

j. Herritarrek eskubidea dute ordenantza honek edo hori garatzen duten xedapenek onartutako identifikazioko eta sinadura elektronikoko beste sistema batzuk erabiltzeko.

6. artikulua. Herritarren betebeharrak Administrazio Elektronikoaren testuinguruan.

1. Bitarteko elektronikoak administrazioko jardunean eta herritarrek Udal Administrazioarekin dituzten harremanetan erabiltzeaz bezainbatean, eta Administrazio Elektronikoaren esparruko informazio, komunikazio, prozesu eta aplikazio egokiak bermatze aldera, herritarren jarduna ondoko betebeharrek gidatu behar dute:

a. Herritarrek fede onaren printzipioarekin bat erabili beharko dituzte Administrazio Elektronikoaren baliabideak, zerbitzuak eta prozedurak.

b. Udal Administrazioaren eskura jarri beharko dute, Administrazio Elektronikoaren esparruan, egiazko informazio osoa eta zehatza, zertarako eskatu eta horrekin bat datorrena.

c. Herritarrak identifikatu beharko dira, Udal Administrazioak hala eskatzen duenean, harekin bitarteko elektronikoen bidez dituzten administrazio-harremanetan.

HIRUGARREN KAPITULUA

Egoitza elektronikoa eta ediktu-taula elektronikoa

7. artikulua. Egoitza elektronikoa.

1. Ordenantza honen bidez, ofizialki sortu da Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoa.

Egoitza elektronikoa sortu baino lehen, txosten bat egin beharko da, egoitzaren bidez egiten diren informazio eta komunikazioen konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta osotasuna egiaztatze aldera. Halaber, txostenak Iruñeko Udalaren Sarea SARA izeneko sareari lotuta dagoela egiaztatuko du, Bosgarren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren ondorioetarako.

Herritarrek eskura izanen dute egoitza elektronikora sartzea, Iruñeko Udalaren web-gunearen berariazko lotura batean (http://www.pamplona.es), eta ondoko helbide elektronikoari egokituko zaio: https://sedeelectronica.pamplona.es.

2. Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoa alegiazko bulego bat da, zerbitzari batean edo batzuetan kokatutako hainbat web orrik osatutakoa. Zerbitzarietara sartzeko, aurreko puntuan jasota dagoen helbide elektronikoaz baliatu behar da. Hartara, horren bidez eta telekomunikazio-sare bat erabilita, herritarrek informazioa kontsultatu, bertan eskaintzen diren zerbitzuak erabili eta Iruñeko Udalarekin baliozko harreman juridikoei bide eman ahalko diete.

3. Iruñeko Udalak bermatuko du egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitezkeen informazioa eta zerbitzuak osoak, egiazkoak eta eguneratuak direla, eta haien gaineko erantzukizuna hartuko du. Halaber, informazioa emanen du, egoitza elektronikoan, herritarrak bitarteko elektronikoak erabilita Iruñeko Udalarekin zein kanalen bidez jar daitezkeen harremanetan adierazte aldera.

Hori horrela, egoitza elektronikoak dituen informazio-sistemek zer argibide eman eta horien konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta osotasuna bermatu beharko dituzte.

Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoak, beharrezkoa izanez gero, sistemak batzuk izanen ditu, komunikazio seguruak ezartzea ahalbidetzeko.

4. Iruñeko Udalak ondoko printzipioak beteko ditu, bere egoitza elektronikoa sortzeko: publizitate ofiziala, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, baliagarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Egoitzaren titularra nor den ezagutzeko modua bermatuko da, Iruñeko Udala horren titularra dela jasotzen duen ziurtagiri digital baten bidez.

5. Egoitza elektronikoak, hasiera batez, ondoko edukiak izanen ditu:

a) Hala egoitzaren identifikazioa nola kudeaketa-organo arduradunena eta egoitzan erabilgarri jarritako zerbitzuena.

b) Egoitza zuzen erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa barne, bai eta nabigazio egitura eta erabil daitezkeen atalak ere zehaztuta.

c) Egoitzak ematen dituen ziurtagiriak egiaztatzeko sistema, zuzenean eta doan eskuratu daitekeena.

d) Egoitzan sinadura elektronikoa egiteko onartzen diren edo erabiltzen diren sistemen zerrenda.

e) Erabiltzaileendako aholkularitza elektronikoko zerbitzua, egoitza zuzen erabiltzeko.

f) Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko informazioa, Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren egoitzarekiko lotura barne hartuta.

6. Egoitza elektronikoak ondoko zerbitzuak jarriko ditu herritarren eskura:

a) Egoitza elektronikoan erabilgarri dauden zerbitzuen zerrenda, zerbitzuen gutuna eta zerbitzu elektronikoen gutuna.

b) Herritarrek Administrazioarekin harremanetan jartzeko duten eskubidea gauzatuz, kasu bakoitean erabil ditzaketen bitarteko elektronikoen zerrenda.

c) Postontzi bat, iradokizunak eta kexak aurkezteko.

d) Halakorik izanez gero, espedientearen izapidetze-egoera zertan den ezagutzeko sarbidea.

e) Iragarki- edo ediktu-taulan argitaratu beharreko egintzen eta komunikazioen argitarapen elektronikoa, betiere argitarapen elektronikoaren izaera osagarria edo ordezkagarria adierazita.

f) Egoitzak barne hartzen dituen organo publikoen zigilu elektronikoak, herritarrek egiaztatu ahal ditzaten.

g) Egoitzak barne hartzen dituen organoek emandako agiriak -zeinak egiaztapen-kode seguru bidez autentifikatu baitira- osoak eta benetakoak direla egiaztatzea.

h) Egoitza elektronikoaren data eta ordu ofiziala.

i) Udal arauak, ordenantza fiskalak barne.

j) Iruñeko Udalaren egitura organikoa.

k) Administrazio-prozeduren inbentarioa, formatu elektronikoan erabilgarri daudenak adierazita.

l) Ordainketak on-line egiteko aukera.

m) Interes orokorrekoak jo edo lege zein arauekin bat galdatzen diren beste informazioak.

7. Halaber, herritarrak, behin haien identitatea egiaztatuta, ondoko zerbitzuez baliatu daitezke:

a) Erregistro elektroniko orokorra.

b) Herritarren Karpeta.

8. Herritarren Karpeta:

8.1. Herritarren Karpeta Iruñeko Udalarekin nor bere kabuz harremanetan jartzeko alegiazko baliabidea da. Herritarren Karpetan sartzeko erabiltzaileak haren nortasuna autentifikatu beharko du, Ordenantza honen 9. artikuluan xedatutakoarekin bat.

8.2. Herritarren Karpetaren bidez, hala pertsona fisikoek eta juridikoek nola nortasun juridikorik gabeko entitateek sistema eta prozesu telematikoak erabiltzen ahalko dituzte, besteak beste, ondoko zerbitzuak eskuratzeko:

a) Eskura izatea Iruñeko Udalaren datu-baseetan jasota dagoen kasuan kasuko pertsonaren edo entitatearen gaineko informazioa.

b) Nork bere kabuz eskura izatea Iruñeko Udalaren informazio orokorra, betiere horretara lehenago harpidetuz gero.

c) Eragiketak egitea, jakinarazpenak jasotzea eta Udalak Karpetan aldian-aldian txertatzen dituen prozeduren administrazio-izapideak egitea.

d) Prozeduraren izapidetze-egoera zertan den kontsultatzeko aukera. Horren bidez, interesdunak gutxienez jakiten ahalko du prozedura zein fasetan dagoen eta zein organo edo unitate arduratzen den beraz, salbu eta aplikagarria den araudiak informazio horretara heltzeko murrizketarik ezartzen badu.

8.3. Herritarren Karpetara sartu eta hori erabiltzeak berekin dakar erabiltzaile-izaera, eta horrek eskatzen du Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan argitara emandako arauak eta baldintzak aurretik irakurri eta onartzea. Izan ere, Karpetara sartu eta erabiltzeak berekin dakar erabiltzaileak espresuki, osorik eta erreparorik gabe onartzea egoitza elektronikora sartzen denean argitara emandako bertsioan agertzen diren erabilpen-arauak eta -baldintzak oro.

8.4. Jakinarazpena errazte aldera, pertsona edo entitate interesdunak haren datuak ematen ahalko dizkio Iruñeko Udalari, edo bestela Udalak beste baliabide elektroniko batzuk erabiltzen ahalko ditu, hala nola helbide elektronikoak edo sakelako telefonoen zenbakiak, ohar osagarriak igortzeko, non adieraziko baita jakinarazpen elektronikoa egiten saiatzen ari dela edo egiteke dagoela.

8.5. Hala herritarrek Iruñeko Udalarekiko harremanak ahalbidetzeko ematen dituzten datuek -esaterako telefono-zenbakiek, helbide elektronikoek eta beste hainbatek- nola Udalak sektorialki gaztiga diezaien hobesten dituzten aukerek bermerik handienak izanen dituzte, segurtasun, osotasun eta baliagarritasunez bezainbatean, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, eta hori garatzen duten arauetan xedatutakoarekin bat.

9. Erantzukizun-ardura bereziak:

Egoitza elektronikoak Iruñeko Udalekoa ez den egoitza batekin lotura edo estekarik izanez gero, eta horren ardura beste organo edo Herri-administrazio bati badagokio, Iruñeko Udalak ez du erantzukizunik bere gain hartuko, horren osotasun, egiazkotasun eta egunerokotasunaz bezainbatean.

10. Iradokizunak eta kexak:

Egoitza elektronikoak postontzi bat izanen du, bertan herritarrek iradokizunak eta kexak aurkez ditzaten, betiere xede harturik horiek modu egokian aintzat hartzea eta Iruñeko Udalak ematen dituen zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko aukerak izatea.

Egoitza elektronikoan jasotako iradokizunen eta kexen izapideak Iruñeko Udalaren Iradokizun eta Erreklamazioen Batzorde Bereziaren Erregelamenduan (128. NAOn argitara emana, 2008ko urriaren 20an) aurreikusitako moduarekin bat eginen dira.

11. Egoitza elektronikoaren arduraduna:

Herritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrietako zinegotzi delegatua edo behar den unean ezartzen den organoa izanen da egoitza elektronikoaren arduraduna.

8. artikulua. Ediktu-taula elektronikoa.

1. Lege edo erregelamendu baten xedapenak agindurik egintzak eta komunikazioak iragarki- edo ediktu-taulan argitaratu behar direnean, ediktuen bidez, aipatu taula horretan izan ordez, Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan kokatutako Ediktu-taula elektronikoan egin ahal izango da argitalpena, bai eta hori osatu ere. Ediktu-taula elektronikora sartzeko, herritarrek ez dute inongo mekanismo bereziren bidez haien nortasuna egiaztatu behar.

2. Ediktu-taula elektronikoak beharrezko sistemak eta mekanismoak izanen ditu, edukiaren egiazkotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 45.5. artikuluan aurreikusten dituenekin bat. Kasu bakoitzari dagozkion epeak zenbatzeko, espreski jarriko da mekanismo bat ediktuak zein egun eta ordutan argitaratu diren jasota gera dadin.

3. Iruñeko Udalak erraztasunak emanen ditu, herritarrek ediktu-taula elektronikoa erabil dezaten. Horretarako, erabilera publikoko terminal informatikoak paratuko ditu, gutxienez, Erregistro Orokorreko, Administrazio-argibideetako eta Herritarrendako Laguntza zerbitzuko bulegoetan (Kondestablearen Jauregia - Kale Nagusia, 2, beheko solairua). Bertan udal-langileek beharrezko laguntza emanen dute, herritarrek behar izanez gero, kontsultak eraginkortasunez egin ditzaten.

4. Ediktu-taula elektronikoa eguneko 24 ordutan egonen da erabilgarri, Udaleko egoitza elektronikoaren bidez.

LAUGARREN KAPITULUA

Herritarren identifikazioa, haien borondatearen akreditazioa
eta autentifikatzea

9. artikulua. Herritarrak identifikatu, haien borondatea akreditatu eta aurkeztutako agiriak autentifikatzeko tresnak.

1. Pertsona fisikoek Nortasun Agiri Nazionalari erantsitako sinadura elektronikoko sistemak (NAN elektronikoa) erabili ahal izango dituzte Udal Administrazioarekiko harremanetan, beti eta edozein egoeratan. Nortasun Agiri Nazionalaren araubideak arautuko ditu haren erabilera eta erabilera horren ondorioak.

2. Aurrekoaz gain, herritarrak identifikatu, haien borondatea akreditatu eta Udal Administrazioarekin dituzten harremanetan aurkeztutako agiriak autentifikatu ahalko dira sinadura elektroniko aitortua deritzonaren bidez, betiere halakotzat hartuta ziurtagiri aitortuan oinarritutako sinadura elektroniko aurreratua, eta sinadura sortzeko gailu seguru batez eragindakoa, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legearen 3. artikuluak ezarritakoarekin bat.

3. Udal Administrazioak, horrenbestez, Estatuko Administrazio Orokorrak gainerako herri-administrazioen eskura modu libre eta doan zer ziurtapen-sistema eskura jarri, ziurtagirien ezeztatzearen eta edukiaren egoera egiaztatzeko, eta horiek onartuko ditu, oro har, baldin eta ziurtagirien ezeztatze-egoera egiaztatzeko plataforman sartuta badaude.

Iruñeko Udalak onartzen dituen sinadura elektroniko aitortuko sistemen zerrenda publikoa izanen da, eta bitarteko elektronikoen bidez kontsultatzen ahalko da, Udal honetako egoitza elektronikoan. Zerrenda hori etengabe eguneratuko da, eta beti egonen da aurreko paragrafoan jasotako printzipio orokorraren pean.

4. Nortasun juridikorik gabeko entitateei emandako ziurtagiri elektronikoak onartu eginen dira Iruñeko Udalaren esparruan, Administrazio honekin bitarteko elektronikoen bidez diskriminaziorik gabe harremanetan jartzeko duten eskubidea aitortze aldera.

5. Iruñeko Udalak zehazten ahalko du, kasuan kasuko datu eta interesen arabera, eta betiere modu justifikatuan, herritarrek zein kasutan eta baldintzatan erabiltzen ahal dituzten beste sistemak, identifikatzeko eta autentifikatzeko, hala nola aurreko erregistro batean hitzartutako klabeak, bi parteek ezagutzen duten informazioa ematea edo kriptografikoak ez diren beste sistemak. Horretarako, ondoko inguruabarrak hartuko dira kontuan:

a) Izapidea egiteko gaitu diren kanal elektronikoen ezaugarriak.

b) Proportzionaltasun-maila, eskatutako baldintzaren eta kasuan kasuko izapideak herritarren esparru juridikoan duen garrantziaren artean.

c) Herritarrek, administrazio-prozedura orokorreko araudiaren arabera, aurkezten dituzten idazkiak sinatzeko duten betebehar formala.

d) Segurtasun juridikoaren maila, eragiketari lotutako arriskuen arabera.

e) Iruñeko Udalaren teknologia eta baliabideak noraino diren baliagarriak.

Identifikatu eta autentifikatzeko Iruñeko Udalak aitortzen dituen beste sistema horiek Udaleko egoitza elektronikoan emanen dira argitara, eta jakitera emanen da sistema horiek zein jarduketatan erabil daitezkeen. Halaber, aipatu sistemak zein herritarrek eskatu eta haiei igorriko dizkie Udalak, elektronikoki edo fisikoki.

6. Sinadura elektronikoaren erabilerak ez du ezertan galarazten agirian edo komunikazio elektronikoan beharrezko diren identifikazio-datuak emateko betebeharra, betiere aplikagarri diren legeekin bat.

7. Sinadura elektronikoko sistemez baliatzeak berekin ekarriko du herritarrek emandako datu pertsonalak Udal Administrazioak erabili ahal izatea, sinaduraren egiazkotasuna egiaztatze aldera.

BOSGARREN KAPITULUA

Udal administrazioaren identifikazio elektronikoa
eta haren eskumenak gauzatzearen gaineko autentifikazioa

10. artikulua. Egoitza elektronikoaren identifikazioa.

Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoak gailu seguruaren ziurtagirietan edo balio bereko bitartekoetan oinarritutako sinadura elektronikoko sistemak erabiliko ditu identifikatzeko eta berekiko komunikazio segurua bermatzeko.

11. artikulua. Sinadura elektronikoko sistema jarduera administratibo automatizaturako.

1. Udal Administrazioaren barruan dauden entitateen administrazio-egintzak modu automatizatuan ematen ahalko dira, baldin eta aplikagarri diren administrazio-arauetan eta Ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Ondokoa hartuko da administrazio-jarduketa automatizatutzat: egoki programatutako informazio-sistema batek sortutakoa, non ez baita beharrezkoa izanen kasu bakoitzean pertsona fisiko batek esku hartzea, eta barne hartuta izapide-egintzak, prozedurak ebazten dituztenak eta jakinarazteko egintza hutsak.

Jarduera automatizatuaren kasuan, lehenengo eta behin organo eskuduna edo eskudunak ezarri beharko dira, kasu bakoitzaren arabera, zehaztapenak, programazioa, mantentze-lanak, gainbegiratze-lanak eta kalitatearen kontrola zehazteko, eta, behar izanez gero, informazio-sistemaren eta haren iturri-kodearen auditoretza zehazteko. Halaber, organo arduraduna zein den adierazi beharko da, aurka egiterik izanez gero.

2. Iruñeko Udalaren Administrazioak, administrazio-jarduera automatizatuan eskumenaren erabilera identifikatzeko eta autentifikatzeko, sinadura elektronikoko ondoko sistemak zein kasutan erabili ahal izango diren zehaztu ahal izango du:

a. Udalaren, dagokion administrazio-organoaren edo Iruñeko Udalari atxikitako edo haren pean dauden zuzenbide publikoko erakundeen zigilu elektronikoa, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen eskakizunak betetzen dituen ziurtagiri elektronikoan oinarrituta.

b. Udalari, edo Iruñeko Udalari atxikitako edo haren pean dauden zuzenbide publikoko erakundeei, udal-organoari eta, hala balegokio, agiria sinatzen duen pertsonari lotutako egiaztapen-kode segurua. Dagokion egoitza elektronikora sarbidea emanez agiria osoa dela egiaztatzeko modua eman beharko da beti.

3. 2-a. atalean aipatzen diren ziurtagiri elektronikoetan ondokoak gehitu beharko dira: Udalaren edo Iruñeko Udalari atxikitako edo haren pean dauden zuzenbide publikoko erakundeen identifikazio fiskaleko zenbakia eta ziurtagiriari dagokion izena edo pertsona titularraren nortasuna, administrazio-organoen zigilu elektronikoaren kasuan.

4. Zigilu elektronikoak -ziurtagiri elektronikoen eta horiek ematen dituztenen ezaugarriak barne- publikoak izango dira, eta bitarteko elektronikoen bitartez iristeko modukoak. Horrez gain, neurri egokiak hartuko dira aipatu zigilu elektronikoen egiaztapena errazteko.

12. artikulua. Iruñeko Udal Administrazioko langileen sinadura elektronikoa.

1. Iruñeko Udal Administrazioko eta udal-organoetako langileak bitarteko elektronikoekin ari direnean, haien eskumena sinadura elektroniko aitortuaren bitartez identifikatu eta autentifikatuko da. Sinadura horrek, halaber, lanpostuaren edo karguaren titularra eta horrek zerbitzuak zein organotan ematen dituen eta organo hori identifikatzen ahalko ditu.

Nortasun Agiri Nazionalean oinarritutako sinadura elektronikoa baliatu ahal izango da artikulu honetan xedatutako ondorioetarako.

2. Izapideak baliabide elektronikoen bitartez egindako prozeduretan, ondoko agiriek beharko dute agintari edo funtzionario eskudunen sinadura elektroniko aitortua:

a) Izapideak baliabide elektronikoen bitartez egin eta administrazio-prozedurari bukaera ematen dioten ebazpenak, eta ondoko izapide-egintzak: gaiaren mamia zuzenean edo zeharka erabakitzen dutenak, prozedurarekin jarraitzeko ezintasuna xedatzen dutenak eta defentsa-gabezia edo legezko interesei zein eskubideei kalte konponezina sortzen dizkiotenak.

b) Administrazio-errekurtsoen gainean ebazten dituzten ebazpenak.

c) Banako organoek zein kide anitzekoek emandako administrazio-ziurtagiriak.

d) Administrazio-prozeduran derrigorrezkoak diren irizpenak eta txostenak.

e) Erabakiak, itunak, hitzarmenak eta kontratuak.

3. Aurreko zenbakian aipatutako izapide-egintzez bestekoetan, nahikoa izanen da administrazio-organoa identifikatzearekin. Halaber, beste sinadura mota batzuk ere erabiltzen ahalko dira, hala nola norberarena, bitarteko mekanikoen bidez egindakoa, baldin eta agiriari berme nahikorik ematen bazaio, haren balioaz eta jatorriaz bezainbatean, hala nola egiaztapen-kode segurua edo antzekoak.

4. Hala agintarien, zuzendarien eta idazkari teknikoen sinadura nola fede publikoaz, egiaztapenaz edo jakinarazpenaz arduratzen diren funtzionarioena taldeka edo administrazio-egintzen multzoka egin daitezke, sinadura hori arintze aldera.

13. artikulua. Komunikazio-ingurune itxietan datu elektronikoak trukatzea.

1. Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko organoen eta erakundeen artean ezarritako komunikazio-ingurune itxietan transmititutako agiri elektronikoak baliozkotzat joko dira agiriok igortzen eta jasotzen dituztenak artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera kautotu eta identifikatzeko.

2. Komunikazioetan parte hartzen dutenak Iruñeko Udal Administraziokoak direnean, Udalak zehaztuko du komunikazio horiek arautuko dituzten baldintzak eta bermeak.

Parte-hartzaileak administrazio ezberdinetakoak direnean, baldintza horiek hitzarmen bidez ezarriko dira.

3. Komunikazio-ingurune itxiaren segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatu egin beharko da beti.

14. artikulua. Identifikazioaren elkarreragingarritasuna eta ziurtagiri elektronikoen bidezko autentifikazioa.

1. Udal Administrazioak baliozkotzat joko ditu, berekin izan beharreko harremanetarako, ziurtapen-zerbitzuen emaileek emandako ziurtagiri elektroniko onartuak, baldin eta ziurtapen-zerbitzuen emaileak Administrazio honen esku jartzen badu beharrezkoa den informazioa, teknologiaren aldetik bideragarriak diren baldintzen arabera eta Udal Administrazioarentzat kosturik eragin gabe.

2. Udal Administrazioak beharrezko mekanismoak izanen ditu haren eskumenaren eremuan onartutako ziurtagiri elektronikoen errebokazio-egoera egiaztatzeko, edo Estatuko Administrazio Orokorraren egiaztapen-plataforma erabiltzen ahalko du.

15. artikulua. Funtzionario publikoek herritarrak identifikatzea eta autentifikatzea.

1. Eragiketa bat bitarteko elektronikoen bidez gauzatzeko herritarraren nortasuna egiaztatu eta benetakotzat jo behar denean Ordenantza honetan aurreikusten diren eta herritarrak berak ez dituen tresnetako batekin, udal-funtzionarioek beren sinadura elektronikoko sistema erabiliz egin ahal izango dute baliozko egiaztatze edo benetakotzat jotze hori.

2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa eraginkortasunez betetzeko, herritarrak bere nortasuna adierazi beharko du, eta berariaz agertu adostasuna. Hala jaso beharko da, gainera, auzia edo bat ez etortzea gertatzen den kasuetan.

3. Udal Administrazioak herritarren nortasuna egiaztatzeko eta benetakotzat jotzeko gaitasuna duten funtzionarioen erregistro bat eduki beharko du, eguneraturik.

SEIGARREN KAPITULUA

Administrazioaren informazioa bitarteko elektronikoen bidez hedatzea

16. artikulua. Administrazioaren informazioa.

1. Herritarrek libreki eskuratuko dute, beren burua identifikatu beharrik gabe, ondoko informazioa:

a. Osoko Bilkuren aktak eta Gobernu Batzordearen, Bozeramaileen Batzordearen eta Udal Batzordeen behin betiko aktak, betiere bermaturik hala konfidentzialtasunari, segurtasunari eta izaera pertsonaleko datuak babesteko eskubidearen errespetuari dagozkien printzipioak nola ohoreari zein pertsonaren eta familiaren intimitateari dagozkienak.

b. Udalaren antolamenduaren gaineko informazioa.

c. Xedapen orokorrei buruzko kontsultak, arauen gaineko informazioa, Udal Ordenantzak eta Erregelamenduak.

d. Ediktu-taula elektronikoan jasotako informazioa.

e. Informazio publikoko iragarkiak.

f. Jendaurreko epean dauden espedienteak.

g. Udalak ematen dituen zerbitzuen katalogo orokorra.

h. Funtzio publikoarekin zerikusia duten deialdiak.

i. Kontratazio publikoarekin zerikusia duten deialdiak eta diru-laguntzetarako deialdiak.

j. Administrazio-prozeduren inbentarioa, formatu elektronikoan erabilgarri daudenak adierazita, herritarrek erabil ditzaten.

k. Udalaren aurrekontua.

l. Udal-izapideen eta -prozeduren inprimakiak eta galdetegiak.

m. Interes orokorrekotzat jo edo lege zein arauekin bat galdatzen diren beste informazioak.

2. Emandako informazioan aditzera emanen da hori zer administrazio-organok ematen duen eta noiz eguneratu den.

3. Atal honetan aipatutako informazioa eskuratu nahi duten herritarrek hori modu librean eta anonimoan eskuratzeko duten eskubidea ezertan galarazi gabe, Udal Administrazioak, udal-zerbitzuak hobetzeko edo estatistiketarako, izaera pertsonalik gabeko datuak eskatzen ahalko dizkie erabiltzaileei.

17. artikulua. Kalitatea eta segurtasuna web gunean eta egoitza elektronikoan.

1. Iruñeko Udalaren web gunearen eta egoitza elektronikoaren zerbitzuak eguneko 24 orduetan egonen dira erabilgarri, urteko egun guztietan.

Arrazoi teknikoak direla medio aurreikusten bada web, egoitza elektronikoa edo bere zerbitzuetakoren bat ezinen dela erabili, ahalik eta lasterren eman behar zaie horren berri erabiltzaileei, eta adierazi horien ordez zer bide erabil dezaketen kontsultak egiteko.

2. Iruñeko Udalaren web guneak eta egoitza elektronikoak herri-administrazioetarako aholkatzen diren irisgarritasun- eta kalitate-estandarrak bete beharko dituzte, eta bereziki bermatuko da Ordenantza honen xede diren zerbitzuak, informazioak, izapideak eta prozedurak eskuragarri izanen direla kode irekiko nabigatzaile eta sistema eragile garrantzitsuenetan eta erabilera orokorreko beste estandarretan.

Halaber, Iruñeko Udal Administrazioa osatzen duten gainerako erakundeek konpromisoa hartzen dute haien titulartasuneko web guneetan, edo, halakorik sortuz gero, egoitza elektronikoetan jasota dagoen informazioaren kalitatea zaintzeko.

3. Udal Administrazioak ez du inongo kasutan bere gain hartzen Udalarenak ez diren kanpoko iturrietatik lor daitekeen informazioa, ezta Udalaren web gunearekin loturarik ez duten pertsonek ematen ahal dituzten iritziak ere.

18. artikulua. Argitalpen ofiziala.

Bitarteko elektronikoetan informazioa eta dokumentazioa hedatzeak ez du ordezten legeek horrela aginduta aldizkari ofizial batean argitaratu behar diren arauzko xedapenen eta egintzen publizitatea.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

19. artikulua. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoa sortzea.

1. Ordenantza honen bitartez, ofizialki eratu da Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoa, herritarrek edo gainerako herri-administrazioek erabiltzen ahal duten zerbitzu publiko berria, bide elektronikoa baliatuta eskabideak, idatziak eta komunikazioak jaso eta bidaltzeko. Erregistro Elektronikoan, hain zuzen, egoitza elektronikoan unean-unean dagoen zerrendan jasota dauden administrazio-prozedurak eta -izapideak egiten ahalko dira, bai eta Iruñeko Udaleko edozein organori zuzendutako horiez besteko edozein eskabide, idazki edo komunikazio ere.

2. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoak, bestalde, jasota utziko du Udaleko organoek bide elektronikotik eta ezarritako baldintzak betez interesdunei idazkiak eta komunikazioak igorri dizkiela.

20. artikulua. Erregistro Elektronikoaren konfigurazioa.

1. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoa Udal Administrazioaren beharren arabera ezarritako erregistro-unitate elektronikoek eratuko dute, eta Udaleko Erregistro Orokorrean txertatuko da, ondorio guztietarako.

Xede horretarako, neurri egokiak hartuko dira, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.artikuluak aurreikusten dituen Iruñeko Udaleko erregistro-bulego fisikoek berma dezaten elkarri loturik egonen direla, eta, horrenbestez, bitarteko elektronikoak erabilita posiblea izan dadin aurkeztutako agirien erregistro-idazpenetara eta kopia elektronikoetara iristea.

2. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoa Herritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrietako Alorraren pean egonen da organikoki, edo Udaleko Erregistro Orokorraren gaietan geroan eskumenak hartuko dituen organoaren pean.

3. Iruñeko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu, teknikaz eta antolamenduaz bezainbatean, zerbitzua zuzen emate aldera.

21. artikulua. Funtzioak.

Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoak ondoko funtzioak izanen ditu:

a. Iruñeko Udaleko edozein organori zuzendutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jasotzea, bai eta beste herri-administrazioetako beste organoei zuzendutakoak ere, betiere Udalak, ordenamendu juridikoak hala agindurik, horiek jasotzeko beharra baldin badu.

Aurrekoaz gain, Iruñeko Udalak, lankidetza-hitzarmenen bidez, Erregistro Elektronikoa gaitzen ahalko du beste administrazio baten eskumenekoak diren eta dagokion hitzarmenean zehaztutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jasotzeko.

b. Egoitza elektronikoan unean-unean dagoen zerrendak zehazten dituen zerbitzu, izapide eta prozedurekin zerikusia duten arauzko agiri elektronikoak jasotzea, betiere aurrez ezarritako formatuekin bat bete badira.

c. Sarrera eta irteerako idazpenak apuntatzea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 38. artikuluan eta Toki Erakundeen Antolakuntza, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoari buruzko 2568/1986 Errege Dekretuak, azaroaren 28koak, haren 153. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoarekin bat.

d. Herritarrek aurkeztutako eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak jaso izana ziurtatzen duten agiriak ematea. Erregistro Elektronikoaren sistema informatikoak automatikoki sortuko ditu horiek.

e. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak jaso edo eman izana ziurtatzeko eginkizunak, horren gainean auzirik, desadostasunik edo zalantzarik izanez gero.

22. artikulua. Idazpen elektronikoen edukiaren egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa.

1. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoaren sistema informatikoak egindako idazpenen egiazkotasuna, osotasuna, konfidentzialtasuna, baliagarritasuna eta kontserbazioa bermatuko ditu, eta erregistro publikoei, oro har, galdatzen zaizkien bermeak eta baldintzak errespetatuko ditu.

2. Erregistro Elektronikoaren bidez organo eskudunei aurkeztutako idazki, eskabide eta komunikazioen kasuan, horiek izapideak egin ditzaten, edo organo horiek interesdunei halako agiriak igortzen dizkietenean, beharrezko diren segurtasun neurriak hartuko dira, intertzeptazioa, komunikazioen aldaketa eta baimendu ez diren sarrerak ekiditeko, bai eta izaera pertsonaleko datuen babesa bermatzeko ere, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, eta hori garatzen duen 1720/2007 Errege Dekretuan, abenduaren 21ekoan, xedatutakoarekin bat.

23. artikulua. Aurkezpen askatasuna eta horren baldintzak eta ondorio juridikoak.

1. Boluntarioa izanen da idazki eskabide eta komunikazio elektronikoak Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztea, halako moduz non alternatiba bat izanen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 38.4 artikuluan aipatzen dituen tokien erabilerarako, salbu eta ondoko kasuetan: legeak derrigorrez aurkezteko agintzen duenean, edo, geroan, beste prozedura elektronikoak sortuko dituzten arauek galdatzen dutenean eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aipatu erregistroaren bidez aurkeztea.

2. Erregistro Elektronikoaren bidez eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak aurkezteko, oro har, eskatzailearen sinadura elektroniko aitortua beharko da, ezertan galarazi gabe Ordenantza honen 9. eta 15. artikuluetan xedatutakoa.

3. Atal hauetan adierazitakoak ez du salbuesten, hala dagokion kasuetan, beste pertsona baten ordez arituz gero ordezkaritzaren egiaztagiria aurkezteko beharretik, hala aldez aurretik nola administrazio-organoek eskaturik, Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 38.4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

4. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak Iruñeko Udaleko erregistro Elektronikoan aurkezteak Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 38.4 artikuluan onartutako bitartekoen bidez egindako aurkezpenak dituen ondorio berberak izanen ditu.

Xede horretarako, interesdunek egiaztatzen ahalko dute eskabideak, idazkiak eta komunikazioak Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan aurkeztu izana, horrek modu automatikoan emanen dien hartu izanaren agiriaren bidez, non zehazki jasoko baita horiek zein egun eta ordutan aurkeztu zaizkion Iruñeko Udalari.

5. Erregistro Elektronikoak agiri bat jaso duela ziurtatzeko baieztapenak paperean inprimatzeko aukera eman beharko du, edo informatikoki artxibatzekoa.

6. Edozein kasutan, agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteak dakartzan arriskuak igorleak hartuko ditu bere gain, eta Iruñeko Udalak bere zerbitzu publikoen funtzionamenduari egozten ahal zaizkion inguruabarrak baino ez ditu bere gain hartuko.

7. Interesdunak idazki edo eskabide berbera aurkezten badu Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan eta erregistro arruntean, bietako zeini eman lehenengo sarrera-zenbakia eta horri dagozkion izapideak eginen dira bakarrik.

24. artikulua. Herritarren sarbidea Erregistro Elektronikora.

1. Edozein interesdun sartzen ahalko da Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan, eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko, Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoaren bidez, horretarako gaituko den helbide elektronikoa erabilita.

2. Ez dira inongo kasutan erregistro elektronikotzat joko langile publikoei zein unitate eta organo ezberdinei egokitutako udal posta elektronikoko postontziak.

Ez dira, ezta ere, erregistro elektronikotzat joko, faxa jasotzeko gailuak, salbu eta Ordenamendu juridikoak espresuki aurreikusten dituen kasuetan.

25. artikulua. Sarrera-erregistroaren bidez aurkez daitezkeen idazkiak eta agiriak.

1. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan, sarrera-erregistroaren bidez aurkez daitezkeen eskabide, idazki eta komunikazioetan behar bezala identifikaturik egon behar dute hala igorleak nola Iruñeko Udalean hartzaileak diren pertsona, organo, prozedura edo administrazio-unitateak, betiere administrazio-prozedurari buruzko lege orokorrekin bat.

Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak elektronikoki aurkezte aldera, euskarria den sistema informatikoak erraztu eginen die interesdunei aipatu aurkezpena, eskabide-eredu orokorra eskura jarriz -derrigorrez bete beharreko eremuekin-, edo, bestela, eskabidea egiteko berariazko ereduak.

2. Erregistro Elektronikoa gaitzea, haren bidez prozedura baten esparruan eskabideak, idazkiak eta beste agiriak oro aurkezteko eta agiri ofizial jakin batzuk emateko, ez dakar berekin jarduketa horiei dagozkien prozedurak onetsi egin direnik eta bere osotasunean elektronikoki izapidetu daitezkeenik.

3. Agiri guztiak Iruñeko Udalean erabilitako formatu edo aplikazio informatikoekin bateragarri diren formatu eta aplikazioetan egin behar dira. Onartzen diren formatu eta aplikazio informatiko motak Udaleko egoitza elektronikoan emanen dira argitara.

4. Interesdunak, haren eskabide edo idazkiari dagozkion izapideak egiteko, dokumentazio jakin bat atxiki behar duenean, dokumentazio hori euskarri elektronikoan aurkezten ahalko du, betiere dagokion prozeduran galdatzen diren baldintza, berme eta betekizunekin bat.

Prozedurak ez badu onartzen dokumentazio jakin bat formatu elektronikoan aurkeztea, hori gehienez hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko da Iruñeko Udaleko aurrez aurreko edozein erregistrotan edo Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 38.4 artikuluan ezartzen dituen tokietan, betiere adierazita erregistro-unitate elektronikoak dokumentazioari emandako erregistro-sarreraren zenbakia, edo, bestela, eskabide bat aurkeztu beharko da, dokumentazio hori atxikirik. Aurkeztu ezean, interesdunari errekerimendua eginen zaio ez-egite hori hamar eguneko epean zuzentzeko, betiere adierazita halakorik egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

5. Lehen aipatutako epeetan agiriak aurkeztu ezean, interesdunak eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta hori adierazten duen ebazpena igorriko zaio euskarri elektronikoaren bidez, interesdunak bide hori lehenetsi badu edo espresuki baimena eman badu erabiltzeko, edo, bestela, interesdunak edo hori ordezkatzen duen pertsonak jakinarazpena jaso duela egiaztatu daitekeen edozein bide erabilita, betiere Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, haren 42. artikuluan aurreikusitako ondorioekin bat.

6. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoak ondoko inguruabarretan botatzen ahalko ditu atzera aurkezten zaizkion agiri elektronikoak:

a) Iruñeko Udalarenak ez diren beste administrazio, organo edo erakundeei zuzendutako agirien kasuan, salbu eta Udalak horiekin lankidetza-hitzarmenik sinatu badu, edo, ordenamendu juridikoan hala ezarrita, behartuta badago agiriak jasotzera.

b) Agiriok kode gaiztoa edo sistemaren osotasunaren edo segurtasunaren kontra jo dezakeen gailua dutenean.

c) Arauzko agiriak erabiliz gero, bete beharreko eremuak betetzen ez direnean, edo agiriaren izapidetzea oztopatzen duten inkongruentziarik edo ez-egiterik gertatzen denean.

7. Aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetan, horren berri emanen zaio agiriaren igorleari, eta adieraziko zaio zergatik bota den atzera agiria, eta, halakorik posible denean, zein diren hutsegite horiek konpontzeko bideak eta zein tokitan aurkeztu behar dituen. Interesdunak hala eskatzen duenean, justifikazio bat igorriko zaio aurkezten saiatu dela eta atzera egin izanaren inguruabarrak justifikatzeko.

26. artikulua. Funtzionamendua.

1. Eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan aurkez daitezke, eguneko hogeita lau orduetan, urteko egun guztietan.

2. Eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak jasotzeari utziko zaio bakarrik mantentze lan tekniko edo operatiboarekin zerikusia duten arrazoiak direla medio, eta behar-beharrezkoa den denboraz baino ez. Nolanahi ere, ahalik eta azkarren eman beharko zaie inguruabar horren berri Erregistro Elektronikoaren erabiltzaile izan daitezkeenei.

3. Erregistro Elektronikoaren funtzionamendua planifikatu gabe etenez gero, posible bada, erabiltzaileak hori jakitera ematen dion mezu bat ikusiko du.

4. Eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak Erregistro Elektronikoan hartu direla ulertuko da sistemak erabiltzaileari erakusten dionean, erantzun automatiko baten bidez edo beste modu batera, eskabidea aurkeztu izana egiaztatzen duen ziurtagiri elektroniko sinatua, eta, halakorik balitz, eskabideari atxikitako agiriak zerrendatuta egindako bidalketaren hatz-markarekin batera. Hatz-marka, ondorio hauetarako, kasuan kasuko informazioari algoritmo matematiko bat aplikatzearen ondorioz lortzen den laburpena izanen da. Horrekin batera, erregistro-zenbakia, haren data eta ordua ere agertuko dira, eta posible izanen da hala agiria inprimatzea nola horren kopia elektronikoa gordetzea. Agiri elektronikoak Erregistro Elektronikoan noiz sartu edo atera diren, Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoaren zerbitzu elektroniko baten bidez egiaztatuko da, zeinak idatziz jasoko baititu eguna eta ordua.

Iruñeko Udalak, halaber, aurreko paragrafoak aipatzen duen jaso izanaren ziurtagiriaren kopia elektronikoa igorriko du, argibide gisara, herritarraren postontzi pertsonalera, Udaleko egoitza elektronikoan dagoen Herritarren Karpeta izeneko zerbitzuaren barruan. Herritarrak, bestalde, postontzia kontsultatzen ahalko du, egindako erregistroak izeneko atalean.

5. Hartu izana ziurtatzen duen agiria erabiltzaileak ez jasotzeak, edo, halakorik balitz, hutsegite bat izan dela edo igorpena akastuna izan dela ohartarazten duen mezu bat jasotzeak esan nahi du Erregistro Elektronikoan ez duela hartu eskabidea, idazkia edo komunikazioa. Hori horrela, pertsona interesdunak beste une batean edo beste bitartekoren bat erabilita aurkeztu beharko du dena delako agiria.

6. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoaren bidez jaso edo igortzen diren eskabide, idazki eta komunikazioak oro noiz jaso edo igorri eta ordena horren arabera erregistratuko dira, eta, halakorik behar izanez gero, ahal den lasterren bideratuko dira organo eskudunetara, baliabide elektronikoen bidez.

27. artikulua. Epeak zenbatzeko modua.

1. Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoak, dagozkion epeak zenbatze aldera, Penintsula Iberiarreko data eta orduarekin bat jardunen du, eta datu horiek ikusgai izanen dira sarbideko helbide elektronikoan eta egoitza elektronikoan. Berme emanen da egoitza eta erregistro elektronikoaren data eta ordua xede horretarako Armadaren Errege Institutu eta Behatokiak ezarritakoekin sinkronizatuko direla, halako zehaztapen eta desfasearekin, ezen zer administrazio-izapide egin nahi eta horretarako ezarri diren epeak seguru betetzen direla bermatuko baita.

2. Egunean aurkeztutzat onartuko dira, betiere egun hori balioduna denean, Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan hogeita hiru ordu, berrogeita hemeretzi minutu eta berrogeita hemeretzi segundu bitarte aurkeztutakoak, salbu kontrakoa zehazten bada.

3. Egun baliodunetan edo naturaletan ezarritako epeak zenbatze aldera, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, egun baliogabe batean aurkezten diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan aurkeztutakotzat joko dira, non eta arau batek ez duen agiriak egun baliogabean jasotzeko aukera berariaz ematen. Ondorio horietarako, sarrera-idazpenean agiria benetan zein egun eta ordutan aurkeztu den eta egun eta ordu horiek erregistratuko dira. Halarik ere, epeak zenbatzeari dagokionez, hurrengo egun balioduneko zero ordu eta segundu bat izanen dira sarrera-data eta -ordua, eta hori egiaztatzeko, data eta ordua elektronikoki jasotzeko sistema erabiliko da.

Oro har, Nafarroako Foru Komunitatean festa diren egunak joko dira egun baliogabetzat, bai eta Iruñeko udalerrian festa diren egunak ere. Halaber, ezarritako epeak zenbatze aldera, baliogabetzat joko dira hala urteko igande guztiak nola udal bulegoetarako festa deklaratutako egunak. Xede horretarako, Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan, non erregistro elektronikoa paratuko baita, atal informatibo bat izanen da, urte bakoitzean zer egun jotzen diren baliogabetzat adierazteko.

Edozein modutan, Erregistro Elektronikoaren kasuan ez da aplikagarri izanen Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak haren 48.5. artikuluan xedatutakoa.

4. Zein egunetan eta ordutan egin den aurkezpena erregistroan, ordutik aurrera hasiko da Udal Administrazioaren organoek bete behar dituzten epeen zenbaketa. Nolanahi ere, epeak zenbatzen hasteko egiazko eguna jakinarazi egin beharko zaio idatzia, eskabidea edo komunikazioa aurkeztu duenari.

28. artikulua. Agirien irteera Iruñeko Udaleko Erregistro elektronikotik.

Hona Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoaren eginkizunak, beste organoei edo partikularrei elektronikoki igorritako agirien irteeraz bezainbatean:

a) Agiria zehazki zein egunetan eta ordutan igorri duen eta epeak noiz hasi diren zenbatzen egiaztatzea.

b) Zer administrazio-organok igorri duen zehaztea.

c) Zer pertsonari edo administrazio-organori igorri zaion adieraztea.

d) Labur azaltzea zein den kasu bakoitzaren gaia.

e) Zenbaki korrelatibo bat ematea egin duen irteera-idazpenari.

f) Automatikoki gordetzea igorri duen agiriaren kopia bat.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

Agiri, kopia, artxibo eta espediente elektronikoak

29. artikulua. Administrazio-agiri elektronikoak.

1. Iruñeko Udal Administrazioak bitarteko elektronikoak erabilita 30/1992 Legearen 46. artikuluan adierazitako administrazio-agiriak sor ditzake, baldin eta sinadura elektroniko bat edo gehiago badute, Ordenantzak Bosgarren kapituluan ezarritakoari jarraiki.

2. Administrazio-agirietan denboraren erreferentzia sartu beharko da, eta agiriaren ezaugarriek hala eskatzen dutenean denbora erreferentzia hori bitarteko elektronikoz bermatuko da.

3. Kudeaketa publikoan erabili eta espediente elektroniko batean sar daitezkeen agiri elektronikoek hainbat metadatu izan behar dituzte, dagokien administrazio-organoan edo -erakundean, -eginkizunean eta -prozeduran txertatzea ahalbidetzeko.

Halaber, agiri elektronikoei agiriaren sinadurari buruzko informazioa eta haien gaineko denbora-erreferentzia gehituko zaizkie.

Hona metadatua zer den, Ordenantza honen ondorioetarako: agiri elektronikoei elektronikoki atxikitako edozein argibide, izaera instrumentalekoa eta agiriaren edukiarekin independentea, agiriaren ezaugarriren baten berri berehalakoan eta automatikoki ematea xede duena, agiriaren baliagarritasuna, irisgarritasuna, kontserbazioa eta elkarreragingarritasuna bermatze aldera.

4. Iruñeko Udal Administrazioak emandako administrazio-agiriak Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean eta Segurtasunerako Eskema Nazionalean segurtasunari, kontserbazioari, informazioaren normalizaziori, formatuei eta aplikazioei buruz ezarritako irizpideekin eta aholkuekin bat etorriko dira.

30. artikulua. Kopia elektronikoak.

1. Kopia kautoak izango dira eta 30/1992 Legearen 46. artikuluak onartzen dien efikazia bera izango dute bitarteko elektronikoz egiten diren herritarren edota Udal Administrazioaren dokumentu elektronikoen kopiak, jatorrizko formatua gorde zein ez, beti ere, jatorrizko dokumentu elektronikoa Administrazioaren eskuetan badago eta sinadura elektronikoaren informazioari esker -eta hala dagokionean, denbora-zigiluarena ere bai-, kopia elektronikoa jatorrizko dokumentuarekin bat datorrela egiaztatzerik badago.

2. Halaber, Udal Administrazioak bitarteko elektronikoen bidez egiten dituen paperezko euskarrian sortutako dokumentuen kopiak digitalizazio-prozedura baten bidez eginen dira, non eta digitalizazioa Iruñeko Udal Administrazioko zer langilek egin duen eta haren sinadura elektroniko aitortua atxiki joanen baita eta digitalizazio-prozedurak kopiaren segurtasuna eta osotasuna bermatuko baititu, betiere 30/1992 Legearen 46. artikuluak aurreikusitako eginkortasunarekin.

3. Udal Administrazioak herritarrek emandako agiri pribatuen irudi elektronikoak hartu ahal izango ditu, eta irudi horiek balio eta eraginkortasun bera izango dute. Horretarako, digitalizazioa Iruñeko Udalaren Administrazioko zer langilek egin duen eta haren sinadura elektroniko aitortua atxikirik eduki eta agiriaren egiazkotasuna, osotasuna eta dokumentu-irudiak gorde ahal izango direla bermatuko duen digitalizazio-prozedura erabiliko da, eta hori hala egin dela jasota geratuko da, lortutako agiri elektronikoa dagokion agiri-biltokira igorriz, bertan artxiba dezaten. Hori modu automatizatuan egin ahal izango da, dagokion zigilu elektronikoaren bidez.

Hona zer jotzen den irudi elektronikotzat: paperezko euskarrian edo beste euskarri batean dagoen agiri bati aplikatutako digitalizazio-prozesu batetik sortzen den emaitza, irudia fideltasunez erreproduzitzen duena.

Digitalizazioa, bestalde, prozesu teknologikoa da, non paperezko euskarrian edo elektronikoa ez den beste euskarri batean dagoen agiri bat fitxategi elektronikoa bihurtzen baita, betiere agiriaren irudi kodifikatua, fidela eta osoa jasotzen duelarik.

4. 2. eta 3. puntuetan aipatu diren kopia eta irudi elektronikoek ondoko baldintza osagarriak bete beharko dituzte:

a) Kodifikaturik egon behar dute Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean zehaztutako formatuetako batean eta bertan ezarritako kalitate-mailekin eta baldintza teknikoekin bat.

Horri dagokionez, ordenantza hau garatzen duten xedapenek zehaztuko dute zein formatutan eta zein kalitate-mailarekin eta baldintza teknikorekin egin behar diren kopiak edo irudi elektronikoak, bai eta horiek egiteko ahalmena duten langileak ere.

b) Kopia elektronikoak kopia bat dela adierazi behar du hari lotutako metadatuetan.

c) Kopiatutako agiriak jatorrizkoa edo kopia kautotua izan behar du.

5. Aurreko 3. atalak aipatzen dituen agiri digitalizatuak baliagarriak izan daitezke hala digitalizazioa zehazki zein prozeduratarako egin eta horretan nola digitalizazioa egin duen Udal Administrazioak bideratutako beste edozein prozeduratarako.

6. Agiri elektronikoak paperezko euskarrian dauden kopietara igaro daitezke, prozedura automatizatuen bidez. Bitarteko elektronikoen bidez emandako eta elektronikoki sinatutako administrazioko agiri publikoen kopiak, paperezko euskarrian egindakoak, kopia kautotutzat hartuko dira, non eta elektronikoki sortutako kode bat edo haren egiazkotasuna Udalaren artxibategi elektronikoetara sartuz egiaztatzen duten beste egiaztapen-sistemaren bat atxikirik inprimatuta daramaten.

7. Hasiera batean paperezko euskarrian emandako agirien kasuan, artikulu honetan xedatutakoarekin bat kopia elektronikoak egin badira, jatorrizkoak deuseztatzen ahalko dira, Iruñeko Udalak ordenantza hau garatzen duten xedapenetan ezarritako baldintzekin bat, non eta agiri horiek balio historikorik, artistikorik edo haien kontserbazioa edo babesa aholkatzen duen bestelako garrantzirik ez duten, edo agiriei balio berezia ematen dieten sinadurarik edo adierazpen idatzirik jasotzen ez duten, eta, betiere, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru legean, apirilaren 4koan, eta horrekin bat datozen gainerako legeetan ezarritako aurreikuspenak errespetatzen direlarik.

31. artikulua. Agiriak elektronikoki biltegiratu, artxibatu, berreskuratu eta kontserbatzea.

1. Iruñeko Udalak bere eginkizunak gauzatzean sortzen dituen agiri elektronikoak oro bitarteko elektronikoez baliatuta gordeko ditu biltegian, halako moduz non azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45.5 artikuluan aurreikusitakoa beteko baita.

Horretarako, agiri elektronikoak biltegian gordetzeko euskarri zentralizatu bat sortuko da, eta hori hainbat segurtasun-neurriren jabe izanen da, ondokoak bermatze aldera: biltegiratutako agirien osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa, eta, bereziki, erabiltzaileen identifikazioa, sarreren gaineko kontrola eta datuak babesteari buruzko legeetan aurreikusitako bermeak bete izana.

2. Herritarren eskubideak edo interesak ukitzen dituzten administrazio-egintzen agiri elektronikoak euskarri elektronikoan gorde beharko dira, agiria sortu zen formatu berean, edota beste edozein formatutan, baina betiere agiria erreproduzitzeko beharrezkoa den informazioaren identitatea eta osotasuna bermatuta.

Era berean, ziurtatu egingo da datuak beste formatu eta euskarri batzuetara bidaltzeko aukera, aplikazio desberdinetatik sartzeko aukera bermatuz, benetako edukia aldatu gabe.

Halaber, agiri elektronikoak babestuko dira zaharkitzapenetik edo beste hainbat inguruabar teknikotatik.

Iruñeko Udalak bere eskuetan dauden agiri eta artxibo elektronikoak kontserbatzeko ardura izanen du, eta zaindu beharko ditu, haien suntsipen edo zaharkitzapenagatik haietara sartzeko ezintasuna ekidinez.

Artxibatzeko sistemen zaharkitzapena ez da inongo kasutan aitzakia baliagarria izanen, interesdunen sarrera oztopatzeko administrazio-espedienteetara.

3. Agiri elektronikoak dokumentu-kudeaketaren arloan indarra duten arauen arabera artxibatuko dira.

4. Udal Agiritegiaren ardura duten funtzionarioek bertan jasota dauden jatorrizko agirien kopia elektronikoak eman eta igorri ahalko dituzte, bitarteko elektronikoez baliatuta.

5. Iruñeko Udalak beharrezko diren antolamenduzko neurriak eta neurri teknikoak hartuko ditu, elkarreragingarritasuna bermatzeko, agiri elektronikoak haien bizitza-zikloan berreskuratu eta kontserbatzeaz bezainbatean. Hona neurriok:

a) Agiriak kudeatzeko politika zehaztea, erabileraz bezainbatean, agiriak eta espedienteak sortu eta kudeatzeko erabili behar diren berariazko arau eta prozedurekin bat.

b) Espedienteetan aurkibide elektroniko bat sartzea, kasuan-kasuan jarduten duen Alorreko Idazkaritza Teknikoak sinatua, espediente elektronikoaren osotasuna bermatzea eta hori berreskuratzea ahalbidetzen duena.

c) Agiri bakoitzaren identifikazio bakarra eta zalantzarik gabea, egoki diren konbentzioen bidez egina, agiria sailkatu, berreskuratu eta haren aipamena modu errazean egitea ahalbidetzeko.

d) Gutxienez sortu behar diren eta, halakorik balitz, osagarriak diren metadatuen eta agiri elektronikoen arteko lotura egitea, horien bizitza-zikloan zehar, eta horiek metadatuen eskeman sartzea.

e) Sailkapena egitea, Iruñeko Udalaren eta hari atxikitako Zuzenbide Publikoko Erakundeen eginkizun orokorrei zein berariazkoei egokitutako sailkapen-plan baten arabera.

f) Agiriak kontserbatzeko aldia, dagokien kalifikazio-batzordeek ezarritakoa, indarra duten legeekin eta kasu bakoitzean aplikagarri diren administrazio-arauekin eta betebehar juridikoekin bat.

g) Agirietarako sarbidea, osoki eta berehalakoan, ondokoak ahalbidetzeko: agirien edukiak zehatz-mehatz on-line ikustea, agiriak osoki eta modu egokian berreskuratzea, agiriak jatorrizko formatuetan kopiatzea edo behera kargatzea eta beharrezko diren agiriak paperean inprimatzea. Sistemak posible eginen du, kontserbazio-aldi osoan zehar gutxienez, sinadura elektronikoaren kontsulta egitea, barne hartuta, halakorik izanez gero, denbora-zigiluarena eta agiriari atxikitako metadatuen kontsulta egitea.

h) Neurriak hartzea, agiri elektronikoak haien bizitza-zikloan zehar kontserbatzeko, halako moduz non ondokoak ziurtatuko baitira: haien berreskurapena, administrazio-arauek eta betebehar juridikoek ezarritako gutxieneko kontserbazio-aldiarekin bat, epe luzerako kontserbazioa, haien proba-balioa, jardueren zein prozeduren egiaztapen elektroniko gisara duten fidagarritasuna, eta haien gardentasuna, memoria eta agiriaren edo espedientearen gainean eskumena duten Iruñeko Udaleko organoen eta hari atxikitako Zuzenbide Publikoko Erakundeen identifikazioa.

i) Koordinazio horizontala, agiriak kudeatzeko arduradunaren eta artxibatze gaietan jarduten duten gainerako zerbitzuen artean.

j) Espedienteen transferentzia, behar izanez gero, biltoki elektroniko ezberdinen artean, espedienteen kontserbaziorako, Artxibatze gaiei buruzko legeetan ezarritakoarekin bat, halako moduz non haien kontserbazioa eta berreskurapena bermatuko baitira epe ertainera eta luzera.

k) Informazioa ezabatzea, edo, behar izanez gero, euskarriak fisikoki suntsitzea, agiriak ebaluatzeko prozeduraren emaitzak horrela ezarriz gero, aplikagarri diren legeen arabera, betiere ezabapenaren erregistroa egin behar delarik.

l) Agiriak kudeatzeko egikaritzaren eta kontrolaren gaineko ardura eta horiek erabiltzeko eta artxiboetan edo biltoki elektronikoetan gordetzeko ardura duten langileen prestakuntza teknologikoa.

m) Elkarreragingarritasuna epe ertainera eta luzera bermatzen duten prozeduren dokumentazioa eta agiri elektronikoak identifikatu, berreskuratu, kontrolatu eta erabiltzeko neurriak.

6. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako eta agiri elektronikoen bizitza-ziklo osoa estaltze aldera, Iruñeko Udalak biltoki elektronikoak sortuko ditu, zeinak osagarriak eta baliokideak izanen baitira, eginkizunaz bezainbatean, artxibo konbentzionalekin.

7. Agiri elektronikoak kontserbatuko direla ziurtatze aldera, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalean aurreikusitakoa aplikatuko da.

Halaber, Segurtasunerako Eskema Nazionalean aurreikusitakoa ere aplikatuko da, segurtasunezko oinarrizko printzipioak eta gutxieneko baldintzak betetzeari dagokionez, agiriak zein bitartekotan eta euskarritan gorde eta horientzat egokiak diren segurtasun neurriak aplikatuz, betiere sistemen kategorizazioarekin bat.

Aipatu agiri elektronikoek izaera pertsonaleko daturik izanez gero, aplikagarria izanen zaie abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duten arauetan xedatutakoa.

Neurri horiek ondokoak bermatzeko xedez aplikatuko dira: agiri elektronikoen eta haien euskarrien zein bitartekoen osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, eskuragarritasuna, trazabilitatea, kalitatea, babesa, berreskurapena eta kontserbazio fisiko eta logikoa. Neurriok, bestalde, agiri elektronikoen arriskuen arabera eta agiriak noiztik noiz arte gorde behar diren kontuan hartuta hartuko dira.

Sinadura elektronikoari buruzko alderdiak, agiri elektronikoa gordetzeari dagokionez, sinadura elektronikoaren eta ziurtagirien gaineko Politikarekin bat ezarriko dira, bai eta sinadurak epe luzera kontserbatzen duten bizitza luzeko sinadura-formatuak erabiliz ere.

Sinadurak eta ziurtagiriek ezin dutenean bermatu agiri elektronikoen egiazkotasuna eta haien egiaztapena denboran zehar, horiek berez etorriko zaizkie biltoki eta artxibo elektronikoetan emandako kontserbazio- eta zaintza-aldien bidez, bai eta agiriak kudeatzeko metadatuen eta haiei loturiko beste hainbat metadaturen bidez ere, betiere agiriak kudeatzeko Politikan zehaztuko diren ezaugarriekin bat.

8. Kontserbazioa bermatze aldera, agiria zein formatutan egin, igorri edo jaso eta horretan berean gordeko da, eta, ahal delarik, agiriaren edukiaren, sinadura elektronikoaren eta atxikitako metadatuen osotasuna denboran zehar gordetzen duen estandar ireki bati dagokion formatu batean.

Formatua zaharkitzeko arriskua dagoenean edo Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalak onartzen dituenetatik kanpo geratzen denean, agiriak benetan kopiatzeko arauzko prozedurak aplikatuko dira eta formatua zein etiketak aldatuko dira, betiere informazioa emanez erabilitako formatuari eta, halakorik balitz, formatuen migrazioari edo bihurketari buruz.

32. artikulua. Espediente elektronikoak.

1. Espediente elektronikotzat hartzen da administrazio-prozedura bati dagozkion agiri elektronikoen multzoa, biltzen duten informazioa edozein motatakoa izanda ere.

2. Espediente elektronikoak aurkibide elektroniko baten bidez zenbakituko dira, Iruñeko Udalaren esparruan, eta aurkibide hori kasu bakoitzean diharduen Alorreko Idazkaritza Teknikoak sinatutakoa izango da. Aurkibide horrek bermatu egin beharko du espediente elektronikoaren osotasuna eta behar den guztietan berreskuratu ahal izatea; era berean, onargarria izango da agiri bera espediente elektroniko desberdinetan izatea.

3. Espedienteak bidali beharrean badago espediente elektronikoa eskuragarri jartzeko aukera, legezko ondorio guztietarako, eta interesdunak espedientearen kopia lortzeko eskubidea izango du.

Igorri behar diren edo interesdunen eskura jarri behar diren espediente elektronikoak ondoko arauekin bat osatuko dira:

a) Espediente elektronikoek kode bat izanen dute, posible izan dadin administrazioen arteko elkartrukeetan Administrazioaren edozein organok haien identifikazio unibokoa egitea.

b) Espediente elektronikoak aurkibide elektroniko baten bidez zenbakituko dira, eta hori lehengo 2. puntuan xedatutakoaren arabera elektronikoki sinatuko da.

c) Espedienteen elkarreragingarritasuna bermatze aldera, hala haien egitura eta formatua nola igortzeko eta eskuragarri jartzeko zerbitzuen zehaztapenak Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalak horri buruz ezarritakoari lotuko zaizkio.

d) Espediente elektronikoak agiri elektronikoek osatuko dituzte, eta haietan beste hainbat espediente elektroniko sartzen ahalko dira, prozedurak hala eskatzen duenean. Salbuespenez, espediente bati gehitu beharreko agiri jakin batzuen izaera edo luzera dela-eta gehitze hori ezarritako estandarren eta prozeduren arabera egitea zaildu edo oztopatzen denean, espedientearen aurkibideari gehitu beharko zaizkio agiri horiek, ezertan galarazi gabe aparte gehitzea.

e) Espediente elektronikoan sartzen diren agiriak iraupen luzeko formatuari edo formatuei lotuko zaizkie, zeinak izan daitezkeen erabiltzaile guztiek eskuragarri izanen baitituzte, doanekoak diren tresnen bidez, Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalak xedatzen dituen baldintzekin bat.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

Administrazio prozedura elektronikoa

33. artikulua. Komunikazio elektronikoak.

1. Herritarrek une oro aukeratu ahal izango dute zein modutan komunikatuko diren Udal Administrazioarekin, baliabide elektronikoen bidez edo ez, salbu eta lege bidez ezartzen bada edo legeak xedatutakotik ondorioztatzen bada baliabide ez-elektronikoen erabilera derrigorrezkoa dela. Modu batean edo bestean komunikatzeko aukera ez da herritarrarentzat loteslea izango; hau da, edozein momentutan aldatu ahal izango du hasieran aukeratutako komunikatzeko modua.

Udal Administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzea aukeratuz gero, Ordenantza honen eta aplikagarri diren gainerako arauen arabera eginen da, muga bakarrak izanen direlarik unean-unean erabilgarri eta aplikagarri dagoen teknologiak ezarritako mugak.

2. Udal Administrazioak herritarrekiko komunikazioetan bitarteko elektronikoak erabiliko ditu, herritarrek eskatu edo berariaz onartu badute. Eskaera eta adostasun hori bitarteko elektronikoen bidez bidali eta eskatu ahal izango da kasu guztietan.

3. Bitarteko elektronikoen bidez egindako komunikazioak balioa izateko, argi jasota geratu beharko da bai bidali egin dela bai jaso egin dela, datak ere jasota geratu beharko dira, bai eta komunikazioen eduki osoa ere, eta bidaltzailea eta hartzailea ziurtasunez identifikatuta egon beharko dira.

4. Komunikazioak seguruak eta osoak izateko betekizunak, kasuan-kasuan, komunikazio horietako datuen izaera kontuan izanda ezarriko dira, proportzionaltasun irizpideekin bat etorrita eta datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

5. Udal Administrazioak ezarri ahal izango du harekiko harremanetan herritarrentzat baliabide elektronikoak erabiltzea derrigorrezkoa dela honako kasuetan: interesatuak pertsona juridikoak direnean, edo pertsona fisikoak izanda ere beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo bere lan-jardueragatik edota beste arrazoi batzuengatik egiaztatuta dagoenean bermatuta dutela behar diren baliabide teknologikoetara sartzea eta erabiltzea.

6. Iruñeko Udalak bitarteko elektronikoak erabiltzeari lehentasuna emanen dio, beste herri-administrazioekin komunikatzeko. Komunikazio horien arauak komunikazioetan parte hartzen duten herri-administrazioen artean dagokien hitzarmenak sinatuta zehaztuko dira, betiere Elkarreragingarritasunerako eta Segurtasunerako Eskema Nazionaletan segurtasunari, kontserbazioari eta formatuen zein elkarreragingarritasuna bermatzen duten aplikazioen normalizaziori buruz ezarritako irizpideei eta aholkuei lotuko zaizkielarik.

34. artikulua. Norbaiten eskariz abiarazitakoa.

1. Udal Administrazioak norbaiten eskariz abiarazitako prozeduren izapideak elektronikoki egiteko sistema ezarriko du modu progresiboan.

Prozedura, prozesu eta zerbitzuen kudeaketan bitarteko elektronikoak aplikatu aurretik aztertu egingo da prozedura, prozesua edo zerbitzua berriz diseinatu eta erraztu behar ote den, eta hori egitean honako alderdiak izango dira kontuan bereziki:

a) Herritarrei eskatutako agiriak kentzea edo gutxitzea, agirion ordez datuak, datu-transmisioak edo egiaztapenak ezarriz, edo agirien aurkezpena izapideen amaierarako arautzea.

b) Epeak eta erantzuteko denbora gutxitzea.

d) Barne-komunikazioen eta lan-kargen banaketaren arrazionalizazioa.

e) Agiri elektronikoetan onetsitako formatuak eta estandarrak.

2. Iruñeko Udalak elektronikoki bideratzeko txertatu dituen administrazio-prozedurak baliabide elektronikoen bidez has daitezke, interesdunak hala eskatuta, behin Ordenantza honek arautzen duen Erregistro Elektronikoan dagokion eskabidea aurkeztu eta gero.

3. Aurkeztutako eskabideetan ondokoak adieraziko dira, gutxienez:

a) Datu pertsonalak eta, halakorik izanez gero, interesdunaren ordezkapena egiaztatzen dutenak, betiere administrazio-prozedura erkidegoari buruzko legeetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Dagozkion jakinarazpenak jasotzeko moduaren aukeraketa, hau da, bitarteko elektronikoez edo bitarteko ez-elektronikoez.

Herritarrak jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez jasotzea aukeratuz gero, jakinarazpenak zein helbidetan egin behar diren adierazi beharko du.

c) Eskaera argi eta garbi zehazten duten egitateak, zioak eta eskaria.

d) Tokia eta data.

e) Zein alor edo organori zuzentzen zaion. Herritarrak zein organotara jo behar duen ez jakiteak ez du inongo kasutan eskabidearen izapidetzea oztopatuko.

g) Eskatzailearen sinadura elektroniko aitortua.

4. Eskatzaileek egoki jotako agiri elektronikoen kopia digitalizatuak gehitzen ahalko dituzte, eskaerak zehaztu edo osatzeko, edo beraietan adierazten diren egitateak edo zioak justifikatzeko. Agiri horiek eskabideari atxikitako artxibo elektronikoetan sartuko dira, eta eskabidean behar bezala identifikatuko dira, publikoki jasota gera dadin, herritarrei bermatzeko, agiri horiek aurkeztu direla eta ez direla galdu edo ezabatu.

Udal Administrazioak aurkeztutako agiri elektronikoen edukia erkatzeko eska dezake. Agiri elektroniko horiek aurkeztuta, Udal Administrazioari baimena ematen zaio agiri horietan jasotako informazio pertsonala eskuratzeko eta erabiltzeko.

Agiri horien irudi elektronikoek men eginen diete Iruñeko Udalak prozesu horietarako onetsitako formatuei eta estandarrei. Baldintza hori bete ezean, interesdunari galdatuko zaio ohartutako akatsa zuzendu dezan, betiere Ordenantza honetan zuzenketetarako aurreikusi den moduan.

5. Behin eskabidea aurkeztu eta Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan onetsi eta gero ez da posible izanen, ez interesdunarentzat ez Administrazioarentzat, haren edukia eta harekin batera doazen agirien edo artxiboena aldatzea. Eskabidea onetsi eta gero egindako edozein aldaketa ez egindakotzat joko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoak ez du ezertan galarazten Iruñeko Udalak agiri bat teknikoki bihurtzeko ahalmena, hura irakurri, gorde, artxibatu edo tratatzeko beharrezkoa denean, ezta interesdunak duen eskubidea ere, administrazio-prozedura arloko legeekin bat beste agiriak aurkezteko edo beharrezkoak diren argibideak emateko.

6. Iruñeko Udalak administrazio-prozedura bat bitarteko elektronikoen bidez abiatu nahi duten interesdunen eskura jarriko ditu, egoitza elektronikoan, eskabideak egiteko eredu edo sistema elektronikoak, eta horiek eskuragarri egonen dira, horretarako muga bakarra direlarik nazioko zein nazioarteko arauek eta protokoloek ezarritako estandarrak eta komunikazio- zein segurtasun-irizpideak erabili beharretik ondorioztatzen diren murrizketa teknologikoak.

Eskabidea elektronikoki egiteko ereduak Nafarroako bi hizkuntzetan eskainiko dira.

Arauzko eskabide-sistemek emandako informazioa automatikoki egiaztatzeko bideak izaten ahalko dituzte, bere sistemetan bildutako datuei edo beste administrazioen datuei dagokienez, eta formularioa ere eskainiko dute, osorik edo parte batez betea, herritarrek informazioa egiazta dezaten, eta, behar izanez gero, aldatu edo osatu dezaten.

7. Erregistro Elektronikoaren arduradunari dagokio aurkeztutako eskabideak eskumena duen Alorrera edo administrazio-organora igortzea, non eta herritarrak adierazi ez duen eskaera nori zuzendua den. Herritarrak eskabidea alor edo organo jakin batera zuzenduz gero, Erregistro Elektronikoaren sistemak igorriko du, automatikoki, adierazitako alor edo organora.

Hartzaileak uste badu elektronikoki izapidetzeko jaso duen eskabidea ez dela bere eskumenekoa, Erregistro Elektronikoaren arduradunari ohartaraziko dio, jomuga-datuak alda ditzan, eta elektronikoki igorriko du, denbora galdu gabe, eskumena duen alor edo organora, hark izapideak egin eta ebazpena eman dezan.

8. Abiarazteko eskabideak ez baditu betetzen galdatutako betekizunak, alor edo organo eskudunak errekerimendua igorriko dio herritarrari, legeak ezarritako epean hutsegitea zuzen dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio halakorik egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere artikulu honen 3.b) atalean adierazitako moduan eman eta jakinarazi behar den ebazpena eta gero.

Errekerimendua dagokion espedientean jasota geratu beharko da.

9. Udal Administrazioak galdatutako edozein agiri epean aurkeztutzat joko da hori aurkezteko emandako epearen azken eguna amaitu baino lehen aurkeztu denean, salbu eta baldintza-agirian, deialdian edo administrazio-egintzan edo -prozeduran aurkezteko muga-ordua ezarri bada.

35. artikulua. Administrazioak bere kabuz abiarazitakoa.

1. Interesdunaren onespena jaso ez bada, administrazioaren jakinarazpen elektronikoek, alegazioak aurkezteko epeak emateak edo agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko errekerimenduek ez dute eraginkortasunik izanen Administrazioak bitarteko elektronikoen bidez bere kabuz abiarazitako administrazio-prozeduretan.

2. Interesdunak onetsi duela ulertuko da onespena berariaz eman duenean edo, eman gabe, onespena dakarten egintzak egin dituenean.

36. artikulua. Ordezkaritzaren bidez jardutea.

1. Udal Administrazioak pertsona fisikoak edo juridikoak gaitu ahalko ditu, izaera oro hartzaileaz edo berariazkoaz, interesdunen izenean elektronikoki hainbat hartu-eman egiteko. Gaikuntzak xede dituen baldintzak, prozedurak eta izapideak zehaztu beharko ditu, bai eta ordezkarien izaera hartu dutenek zer nolako betebeharrak hartzen dituzten ere, eta ordezkaritzaren balio-presuntzioa xedatuko du, salbu eta aplikagarri diren arauek besterik aurreikusten badute.

Udalbatza, elkarte eta erakundeekin sinatutako gaikuntza-hitzarmenen eragina zabaldu dakieke aurrekoekin kolegiaturik edo elkarturik dauden eta kide diren pertsona edo entitateei. Horretarako, interesa duten pertsonek edo entitateek banako atxikipen-agiri bat sinatu beharko dute, non berariaz adieraziko baita haren eduki osoa onesten dela.

Gaikuntzak pertsona baimenduari berariaz baimendutako egintzetan parte hartzeko bakarrik ematen dio ordezkariaren izaera.

Udal Administrazioak edozein momentutan eskatzen ahalko du ordezkaritza horren akreditazioa.

2. Iruñeko Udalak Ahalordeen Erregistro Elektronikoa sortzen ahalko du. Bertan interesdunek hirugarrenei Iruñeko Udalean haien ordez jarduteko ematen dizkieten ahalmenak inskribatzen ahalko dira.

Ahalordeen Erregistro Elektronikoak bidea emanen du hirugarrenen izenean Iruñeko Udalean elektronikoki jarduten dutenen ordezkaritza egiaztatzeko.

Ahalordeen Erregistro Elektronikoan formalki txertaturik dagoen ordezkaritzan akatsik edo gabeziarik dagoela ulertzen bada, hori zuzentzeko eskatzen ahalko zaio interesdunari, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32.4 artikuluan edo aplikagarri diren berariazko arauetan ezarritakoarekin bat.

Ahalordeen Erregistro Elektronikoa sortuz gero, Iruñeko Udalak zehaztuko ditu ahalordeak emateko araubidea, akreditazio-moduak, aplikazio-esparrua, ahalen ezeztapena eta ahala egiaztatzen duten agiriak aurkezteko modua eta tokia.

3. Aurrekoaz gain, herritarrek, oro har, ordezkari baten bidez jarduten ahalko dute Udal Administrazioarekin elektronikoki dituzten harremanetan. Ordezkaritza ondoko bitartekoetako baten bidez egiaztatu beharko da:

a. Ahalordeak euskarri elektronikoan aurkeztuta.

b. Ordezkaritza-harremana jasotzen duten sinadura elektronikoaren ziurtagirien bidez, betiere, Iruñeko Udalak ziurtagiriok onesten baditu, ordenantza honek ezarritakoarekin bat.

c. Ordezkaria ahalduna dela adierazten duen deklarazioaren bidez, betiere ordezkaritza gero Udal Administrazioaren erregistroetan egiaztatuko delarik.

d. Eskabide elektroniko bat aurkeztuz, non ordezkariaren zein ordezkaritza baimentzen duen ordezkatuaren sinadura elektroniko aitortuak agertuko baitira.

37. artikulua. Prozeduren instrukzioa baliabide elektronikoak erabilita.

1. Prozeduren instrukzioa baliabide elektronikoen bidez egiteko kasu bakoitzean erabilitako programa, aplikazio eta informazio-sistemek bermatu egin beharko dute epeen kontrola, data eta ordua jaso direla, prozeduren ardura duten organoen identifikazioa eta espedienteen tramitazio ordenatua.

2. Interesdunek prozeduraren instrukzioan parte hartzeko baliabide elektronikoak erabiltzen direnean, ebazpen-proposamena egin aurretik prozeduraren edozein urratsetan interesdunek alegazioak aurkezteko edo, hala badagokio, entzunaldiaren izapidean, komunikazioak eta jakinarazpenak egiteko Ordenantza honetan ezarritako komunikazio eta jakinarazpen-baliabideak erabiliko dira.

38. artikulua. Izapide-egintzak eta txostenak.

1. Administrazio-prozeduraren izapide-egintzak eskatu eginen dira, bai eta eman, administrazio-unitateen artean gaztigatu eta, egoki denean, interesdunari jakinarazi ere, horretarako bitarteko elektroniko egokien erabilera lehenetsiz, betiere horiek erabilgarri badaude.

2. Izapide-egintzak prozeduran sartu beharko dira, batasun eta denbora segidako irizpideen arabera. Halaber, horiek izapidetzeko ardura duten Udal Administrazioko langileek kontsultagai izanen dituzte.

3. Behin izapide-egintza eman eta funtzionario eskudunak elektronikoki sinatuta, ezin izanen da hori geroago ezabatu edo haren edukia aldatu.

39. artikulua. Entzunaldia prozeduran.

Norbaiten eskariz abiarazitako prozeduretan, horiek elektronikoak edo konbentzionalak izaki gorabehera, bitarteko elektronikoen bidez eskainiko zaie entzunaldia interesdunei, betiere berme juridiko guztiekin eta interesdunek berariaz onartu badute.

40. artikulua. Interesdunek izapideen egoerari buruzko informaziora irispidea izatea.

1. Oso-osorik modu elektronikoan kudeatutako administrazio-prozeduretan, interesdunaren esku jarriko da irispide mugatuko zerbitzu elektronikoa, interesdunak, identifikatu ondoren, gutxienez prozeduraren izapideei buruzko informazioa kontsultatzeko aukera izan dezan, salbu eta aplikatu beharreko araudiak mugak ezartzen baditu. Prozedurako izapideen egoerari buruzko informazioan izapide-egintzen zerrenda emango da, egintza horiei buruzko argibideekin, bai eta egintza horien data ere.

2. Gainontzeko prozeduretan ere, izapideen egoerari buruzko informaziorako zerbitzu elektronikoak jarriko dira, eta horietan, gutxienez, prozedura zein fasetan dagoen adieraziko da eta prozeduraren ardura daukan organo edo unitatearen berri emango da.

3. Aurrekoaz gain, kasuan kasuko interesdunari aplikagarri zaizkion kasu guztietan oharpenak igorriko zaizkio bere espedientearen izapidetze-egoerari buruz, berak harremanetarako eman dituen helbide elektronikoetara.

41. artikulua. Atzera egitea eta uko egitea.

Administrazio-prozedura elektroniko bat eragin duen eskabide batean atzera egitea edo horri uko egitea elektronikoki sinatutako agiri baten bidez edo bitarteko konbentzionalak erabilita egin daiteke. Bitarteko konbentzionalak erabiliz gero, Udal Administrazioak bere ekimenez eginen du atzera egitearen edo uko egitearen oharpena administrazio-espediente elektronikoan, horri buruz dagokion administrazio-ebazpena ematea ezertan galarazi gabe.

42. artikulua. Bukaera.

1. Prozedura bat baliabide elektronikoak erabiliz ebaztean, bermatu egingo da organo eskuduna zein den ageriko dela Ordenantza honetan ezarritako identifikazio-baliabideren bat erabiliz.

2. Prozedura elektroniko bati buru ematen dion egintzak edo erabakiak azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 89. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko ditu, eta egintza edo ebazpena emateko eskumena duen administrazio-organoaren sinadura elektroniko aitortua eraman beharko du.

3. Udal-egintza edo -erabakien proposamen elektronikoek kasuan-kasuan Udal Erregelamendu Organikoak galdatzen dituen onespenak eta ontzat emanak jaso beharko dituzte. Eskuz egindako sinaduren ordez, Ordenantza honek aurreikusten duen Udaleko langileen sinadura elektroniko aitortua erabiliko da.

4. Behin udal-egintzak edo -erabakiak hartu eta gero, Udalbatzaren Osoko Bilkurako idazkariak, Tokiko Gobernu Batzarreko zinegotzi idazkariak edo Tokiko Gobernu Batzarrari laguntzeko organoaren titularrak fede emanen dute haietaz, zeinek bere eskumenaren esparruan, sinadura elektroniko aitortuaz baliatuta.

43. artikulua. Administrazio-jarduera automatizatua.

Ebazpenak automatikoki hartu eta jakinarazi ahalko dira, horrelakorik aurreikusita duten prozeduretan eta Ordenantza honen 11. artikuluan administrazio-jarduera automatizatuetarako ezarri diren baldintzekin bat.

44. artikulua. Argibideak eta oharpenak.

Udal Administrazioak argibideak emanen dizkie halakorik eskatu, adierazi edo onesten duten interesdunei eta herritarrei, haien sakelako telefonoetara, helbide elektronikoetara edo tankera horretako beste baliabide elektronikoetara informazioa igorrita, haien interesekoak izan daitezkeen zerbitzu edo ekitaldi publikoei buruz, hala nola argibide, oharpen, beraiek egindako kontsulten erantzun, alerta eta besteri buruz.

45. artikulua. Administrazio-egiaztagiriak, bitarteko elektronikoen bidez.

1. Administrazio-erraztasuneko eta administrazioen arteko elkarreragingarritasuneko printzipioekin bat, Iruñeko Udal Administrazioak paperezko euskarrian ematen diren administrazio-egiaztagiriak pixkanaka desagertzea sustatuko du, eta haien ordez, posible den kasuetan, bitarteko elektronikoak edo datu-transmisioak darabiltzaten egiaztagiriak erabiliko dira. Lehendabizikoek artikulu honetan xedatutakoari egin beharko diote men, eta bigarrenek hurrengoan xedatutakoari.

Ziurtagiriak emateak, haien trataerak eta ondorioek ordenantza honetan xedatutakoari men eginen diote, betiere izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arauei eta administrazio-prozedurari aplikagarri zaien gainerako arauei zorrozki lotuta.

2. Bitarteko elektronikoak erabilita egindako administrazio-egiaztagiria agiri elektroniko bat izanen da eta bertan zer datu egiaztatu nahi eta horiek jasoko dira, bai eta datuok emateko eskumena duen agintariaren sinadura elektronikoa ere.

3. Administrazio-egiaztagiri bat ondoko kasuetan eginen da bitarteko elektronikoen bidez:

a) Interesdunak hala eskaturik. Egiaztagiria interesdunari berari igorriko zaio, edo haren eskura jarri, eskatu dion organora bidal dezan.

b) Organo errekeritzaileak eskaturik, bai interesdunaren ekimenez bai organo errekeritzailearen ekimenez, betiere interesdunak horretarako berariaz baimenduta, salbu eta irispidea lege batek baimentzen duenean. Kasu horretan, egiaztagiriaren eskaerak adierazi beharko du zer izapide edo prozeduratarako eskatzen duen eta adierazi beharko du interesdunaren berariazko baimena duela edo, bestela, hori salbuesten duen araua zein den.

4. Interesdunaren baimenak -prozedura izapidetzen duen organoak administrazio-egiaztagiria eska dezan- prozedura abiarazteko eskabidean edo geroko beste edozein komunikaziotan jasota egon beharko du.

5. Bitarteko elektronikoak erabilita emandako administrazio-egiaztagiriek paperezko euskarrian emandakoek eragiten dituzten ondorio berberak izanen dituzte. Horretarako, bere edukiak paperezko euskarrian inprimagarri egon beharko du, eta eskuz egindako sinaduraren ordez elektronikoki sortutako egiaztapen-kode bat erabiliko da aipatu euskarrian, haren egiazkotasuna egiaztatze aldera, egoitza elektronikora bitarteko telematikoen bidez iritsiz.

6. Bitarteko elektronikoen bidezko administrazio-egiaztagiriak honako hauek ematen ahalko dituzte: legeekin edo arauekin bat horretarako gaitasuna duten pertsonak, eginkizun horretarako administrazio-organo eskudunak izendatzen dituen pertsonak eta organo eskudunak egiaztapen-eginkizun horretarako eskuordetu dituen pertsonak edo haien ordezkoak, titularrek lanpostua hutsik utzi dutenean eta kanpoan edo gaixorik daudenean.

7. Herritarrek paperezko egiaztagirien ordez euskarri elektronikoan aurkezten ahalko dituzte egiaztagiriak, edo, bestela, beste administrazioek, entitate publikoek edo pribatuek elektronikoki emandako egiaztagiri elektronikoen kopia, paperean, baldin eta organo egiaztatzaileak Ordenantza honen 9.3 artikuluan jasotako sinadura-sistemetako bat erabili badu, egiaztagiriaren edukia paperezko euskarrian inprimatzen ahal bada (formatu elektronikoan aurkeztu den kasuetan) eta elektronikoki sortzen den egiaztapen-kode bat badu, haren egiazkotasuna frogatzeko egiaztagiria eman duenaren artxiboetara telematikoki sartuz.

46. artikulua. Datu-transmisioak.

1. Ordenantza honetan araututako printzipioen markoan, Udal Administrazioak hitzarmenak egitea sustatuko du, hala beste administrazioekin nola administrazio-egiaztagiriak edo agiriak eman eta jasotzen dituzten entitate publikoekin zein pribatuekin, datu-transmisioen bidez agiri edo egiaztagiri elektronikoak egitea, igortzea, eta, hala behar denean, baliozkotzea errazte aldera.

2. Datu-transmisioetan, paperezko euskarrian emandako administrazio-egiaztagirien ordez bitarteko telematikoen bidez igorriko dira, galdatutako segurtasun-betekizunekin bat, organo, erakunde, entitate publiko edo pribatu batek haren eskumenak erabiltzeko behar dituen datuak.

3. Ulertuko da, ondorio guztietarako, eta balio zein indar administratibo osoarekin, Iruñeko Udal Administrazioaren prozedurak eta jarduketak erregulatzen dituzten arauetan aurreikusita dauden egiaztagiriak ohiko bidetik aurkeztu beharrean artikulu honetan xedatutako moduan egindako datu-transmisioen bidez aurkeztuko direla.

4. Egiaztagiri baten ordez kasuan kasuko datu-transmisioa egiteko, datuen titularrak berariaz baimendu beharko du datu-transmisioa, salbu eta lege mailako arau batek aurreikusten dituen kasuetan. Titularrak baimena eman ezean, interesdunak dagokion egiaztagiria eskatu beharko du, beste bideak erabilita.

5. Datu-transmisio oro Udal Administrazioak dagokion hitzarmena zein organo, erakunde, entitate publiko edo pribatu izapidetzailerekin hitzarmena sinatu eta horren eskariaz eginen da. Halaber, eskatutako datuak eta haien titularrak identifikatu dira, bai eta horiek zertarako eskatzen diren ere. Eskabidean, jaso beharra dago kasuan kasuko titularren berariazko baimenarekin jarduten ari dela, salbu eta baimen hori beharrezkoa ez denean.

6. Udal Administrazioko organoak edo erakundeak jasota utziko du espedientean datuak eskatu eta jaso direla. Fiskalizazio- eta kontrol-organoek datuen jatorria eta egiazkotasuna egiaztatze aldera, hainbat mekanismo ezarriko dira, aipatu organoek transmititutako datuetara irispidea izan dezaten.

Horretarako, Iruñeko Udal Administrazioak dela igorle dela hartzaile gisara egindako datu-transmisio guztien kopia elektronikoa gorde eta artxibatuko du.

47. artikulua. Jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egitea.

1. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira interesdunak halakorik eskatu edo berariaz baimendu duenean, edo Udal Administrazio honek hori bete beharrezkotzat jo duenean, haien gaitasun ekonomikoa, teknikoa, jardun profesionala edo akreditatutako beste zioak direla medio beharrezko baliabide teknologikoetarako irispidea eta eskuragarritasuna bermaturik dauzkaten pertsona juridikoen edo pertsona fisikoak osatutako taldeen kasuan.

Eskabidean adierazi beharra dago jakinarazpenak unean-unean erabilgarri dauden bitarteko elektronikoen bidez jasotzeko borondatea. Bitarteko horiek, betiere, Ordenantza honek ezarritakoak izanen dira.

Interesdunen baimena orokorra izan daiteke Udal Administrazioarekin harremanetan jartzen dituzten izapide guztietarako, edo izapide baterako edo batzuetarako, betiere kasuan-kasuan adierazi denarekin bat. Norbaiten eskariz abiarazitako administrazio-prozedura elektronikoetan baimena emandakotzat joko da, salbu eta interesdunak berariaz kontrakoa adierazi badu.

Bitarteko elektronikoen erabilera lehenesteko adierazpena edo horiek erabiltzeko baimena, bitarteko elektronikoen bidez eskura daitezke, kasu orotan.

2. Bitarteko elektroniko nahiz ez-elektroniko ezberdinak erabiltzearen ondorioz administrazio-egintza beraren jakinarazpen bat baino gehiago egiten direnean, ulertuko da jakinarazpenak sor ditzakeen ondorio juridiko guztiak izan dituela, barne hartuta dagozkion errekurtsoak jartzeko epearen hasiera, zuzen egin den lehendabiziko jakinarazpenetik aitzina. Udal Administrazioak horretaz ohartarazi ahalko du jakinarazpenaren beraren edukian.

3. Administrazio-jarduketa baten jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egitea baimendu dela ulertuko da behin jakinarazpena horretarako balioa duen bide batez egin eta gero interesdunak halako jarduketak egiten dituenean non beraietatik ondorioztatuko baita interesdunak jakinarazpenaren xedea den ebazpenaren edo egintzaren eduki eta irismenaren berri izan duela. Jakinarazpenak indarra hartuko du interesdunak jarduketa horiek noiz egin eta data horretatik aitzina.

4. Bitarteko elektronikoak erabilita, ondoko moduen bidez egin daitezke jakinarazpenak:

a) Udal Administrazioaren egoitza elektronikoan elektronikoki agertuta, artikulu honen 6. zenbakian araututako moduan.

b) Jakinarazpena jaso egin dela adierazten duten posta elektronikoko sistemen bidez.

c) Xede horretarako gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

d) Ezar daitezkeen jakinarazpen elektronikoaren bidezko beste bitartekoak erabilita, betiere jasota geratzen bada interesdunak berariazko arauetan ezarritako epean eta baldintzekin bat jaso duela jakinarazpena.

5. Prozeduraren izapideak egiten diren bitartean, interesdunak dagokion organoari eskatzen ahalko dio hurrengo jakinarazpenak ez egiteko bitarteko elektronikoen bidez, eta 30/1992 Legearen 59. artikuluak onesten dituen gainerako bitartekoak erabiltzeko, salbu eta artikulu honen 1. zenbakian xedatutakoarekin bat derrigorrezkoa denean jakinarazpena bitarteko elektronikoen bidez egitea.

Lehenesten den jakinarazpen bidea aldatzeko eskabidean, hurrengo jakinarazpenak zein bitartekotan eta tokitan egin behar diren adierazi beharko da.

Bitartekoaren aldaketa, jakinarazpenei dagokienez, Udal Administrazioko erregistroan aldatzeko eskabidea noiz jaso eta biharamunetik aitzina ematen diren jakinarazpenetan aplikatuko da.

6. Iruñeko Udalak, hasiera batez, bitarteko elektronikoen bidez eginen ditu jakinarazpenak. Horretarako, artikulu honen 4. atalaren a) letrak Udaleko egoitza elektronikoan "elektronikoki agertzeko" aurreikusten duen sistemaz baliatuko da. Geroago, dena dela, egoki joz gero, atal beraren b), c) eta d) letretan aurreikusitako sistemetako bat erabiltzen ahalko du.

Ondokoan datza Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan "elektronikoki agertzearen" bidezko jakinarazpena: interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazio-jarduketaren edukietara sartuko da, Herritarren Karpeta izenekoan dagoen jakinarazpen-zerbitzuaren bidez. Aipatu karpeta, bestalde, Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan kokaturik dago.

Agerpen elektronikoak jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, ondoko baldintzak bete beharko ditu:

a) Jakinarazpen edukietara sartu baino lehen, interesdunak ohar bat ikusi beharko du, non administrazio-jarduketa jakinarazpen bat dela ohartaraziko baitzaio, eta horren bidez sartzen ahalko da.

b) Dagokion informazio-sistemak jasota utziko du sarrera hori egin dela, zein egun eta ordutan egin den adierazita.

7. Arazo teknikoak direla-eta ezin bada jakinarazpena elektronikoki egin, Udal Administrazioak bide konbentzionala erabiliko du jakinarazpena egiteko.

HAMARGARREN KAPITULUA

Interesdunen fakturak eta diru-sarrerak

48. artikulua. Fakturak.

1. Udal Administrazioak onartuko du hirugarrenek fakturak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztea, fakturak emandako zerbitzuei dagozkienean, betiere faktura-emailearen eta fakturaren egiazkotasuna agerian badaude.

Faktura-emailearen eta fakturaren egiazkotasuna ez badago agerian jasota, emaileari eskatuko diote hori Udal Administrazioak egoki jotako bitartekoen bidez egiazta dezan.

Halaber, Udal Administrazioak fakturetan agertzen diren kopuruak ordaintzeko, baliabide elektronikoez baliatzen diren administrazio-prozedurak erabiliko ditu.

2. Iruñeko Udalaren esparruan, fakturak Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoan aurkezten ahalko dira bitarteko elektronikoen bidez. Horretarako, interesdunek eskuragarri izanen dute, egoitza elektronikoan, faktura elektronikoa aurkezteko eskabide eredu bat, hori izapidetzeko eskatzen diren datuak sartzea errazteko. Eskabideari faktura atxiki behar zaio, formatu elektronikoan, eta eskabidea sinadura elektronikoaz izenpetu behar da.

Izapidetzen den faktura bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar da elektronikoki, halako moduz non ezin izanen baita aurkeztu faktura bat baino gehiago eskabide bakar bati atxikirik. Horrela, faktura bakoitzari erregistro-zenbaki bakarra esleituko zaio.

49. artikulua. Interesdunek Ogasun Alorrean egindako diru-sarrerak.

1. Toki Ogasunei buruzko legeek xedatutakoarekin bat, Udal Administrazioak sistema elektronikoak jarriko ditu eskura, interesdunek tributuak, isunak, errekarguak edo dagozkion beste hainbat kopuru ordain ditzaten.

2. Erabilgarri jarritako sistema horiek ordaindu izanaren egiaztagiria emanen dute.

HAMAIKAGARREN KAPITULUA

Izapideak, zerbitzuak eta prozedura-kudeaketa eranstea,
bitarteko elektronikoen bidez egiteko

50. artikulua. Izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa berriak eransteko mekanismoa, horiek bitarteko elektronikoen bidez egiteko.

1. Iruñeko Udal Administrazioak, arian-arian, gero eta bitarteko elektroniko gehiago ezarriko ditu izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa berriak elektronikoki egiteko.

2. Bitartekoak ezarri baino lehen, azterketa eginen da prozedura, prozesuak eta izapideak funtzionalki berriz diseinatzeko eta horiek errazteko. Hori egitean bereziki hartuko dira kontuan ekainaren 22ko Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legearen 34. artikuluan ezarritako irizpideak eta kapitulu honetan xedatutakoa.

3. Administrazio elektronikoari eransten zaizkion izapideen, zerbitzuen edo prozedura-kudeaketaren ezaugarriak kasuan kasuko organo eskudunak Ordenantza hau garatzeko onetsitako xedapenetan zehaztu beharko dira, betiere hurrengo artikuluetan eransketak egiteko zedarritutako proiektuetan oinarriturik.

4. Kapitulu honek administrazio elektronikoaz jaso dituen aurreikuspenak ondoko kasuei ere aplikatzen ahalko zaizkie:

a. Bide elektronikoan izapidetzeko erantsitako prozeduren, izapideen eta zerbitzuen kudeaketa aldatzeko prozedurari.

b. Beste administrazio eta entitate publikoekin zein pribatuekin batera aritzeko administrazio elektronikoaz bezainbatean sinatutako lankidetza hitzarmenei, ezertan galarazi gabe hitzarmenetan aplikagarri diren gainerako arauen aplikazioa.

c. Beste Administrazio Publikoekin komunikatzeko eta harremanetan jartzeko administrazio elektronikoaren arloko prozedurei.

51. artikulua. Eransteko proiektua.

Eransteko proiektuak ondokoak jaso beharko ditu:

1. Eransketa justifikatzeko memoria, non, besteak beste, eransketak berekin dakartzan antolamenduzko ondorioak eta ondorio teknikoak jasoko baitira.

2. Erantsi diren izapideen, zerbitzuen edo prozedura-kudeaketaren identifikazioa.

3. Izapidea egiteko, zerbitzura sartzeko edo prozedura kudeatzeko jarri diren bide elektronikoen identifikazioa.

4. Herritarren borondatea elektronikoki identifikatzeko eta egiaztatzeko sistemak, erantsi den izapide bakoitzerako, edo zerbitzuan sartzeko eta prozedura kudeatzeko, horiek beharrezkoak direnean.

5. Erantsitako izapide, zerbitzu edo prozedura-kudeaketa bakoitzerako erabiliko diren programa eta aplikazio elektronikoak.

6. Izaera pertsonaleko datuak babesteko eta arriskuak baloratzeko neurriak.

7. Txosten teknikoa, ondokoa bermatzeko: datuen erabilera zuzena eta eskualdagarritasuna, ematen den informazioaren egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, erabilgarritasuna eta kontserbazioa, eta hartu behar diren neurriak.

52. artikulua. Eransteko proiektuaren onespena.

Behin eransketa-proiektua egin eta aurreko artikuluak aipatzen dituen txostenak eman eta gero, proiektua eta behar diren gainerako agiriak organo eskudunari helaraziko zaizkio, bere onespenaren gainean ebatz dezan.

53. artikulua. Iruñeko Udalaren izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa elektronikoen katalogoa.

Behin izapide bat, zerbitzu bat edo prozedura-kudeaketa bat elektronikoki izapidetzeko eranstea onetsi eta gero, herritarrei horren berri emate aldera, Iruñeko Udalaren izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa elektronikoen katalogoan txertatuko da, eta egoitza elektronikoan emanen da argitara.

XEDPEN GEHIGARRIAK.

Lehena.-Ordenantza garatzea eta gauzatzea.

Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 124.4 b) artikuluarekin bat, Alkatetza da Ordenantza hau garatu eta gauzatze aldera behar diren xedapenak emateko organo eskuduna.

Bigarrena.-Nafarroako Foru Komunitateko hizkuntza ofizialen eta beste hizkuntzen erabilera.

Ordenantza honek indarra hartu eta urtebeteko epean, gehienez ere, bermatu eginen da Iruñeko Udalak haren web-gunearen eta egoitza elektronikoaren bidez herritarren eskura jartzen dituen argibideak, ereduak eta zerbitzuak Nafarroako Foru Komunitatean ofizialak diren bi hizkuntzetan egonen direla. Halaber, hainbat informazio beste hizkuntzatan ere ematen ahalko dira, interes orokorrekotzat jotzen denean.

Testuak zein bere kabuz editatuko dira hizkuntza bakoitzean, herritar bakoitzak nahi duena erabil dezan, eta, gaztelaniaz besteko hizkuntzen kasuan, egokitzapena arian-arian eginen da.

Hirugarrena.-Zerbitzu-jarduerak eta leihatila bakarra.

1. Zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzko17/2009 Legean, azaroaren 23koan, xedatutakoa betez eta gauzatuz, Iruñeko Udal Administrazioak bermatuko du zerbitzu-jarduera bati eta haren erabilerari heltzeko beharrezkoak diren prozedura eta izapide guztiak elektronikoki eta urrunetik egiteko aukera, salbu eta zerbitzua non eman eta toki horren ikuskaritzaren kasuan edo zerbitzua emateko zer ekipo erabili eta horren ikuskaritzaren kasuan.

2. Halaber, Iruñeko Udalak bermatuko du zerbitzu-emaileek eskura izanen dutela, elektronikoki eta urrunetik, egoitza elektronikoan dagoen leihatila bakarraren bidez, hala zerbitzu-jarduera batera eta hori gauzatzera iristeko beharrezkoak diren prozeduren gaineko argibideak nola horretarako egin beharreko izapideak egiteko bidea.

Leihatila bakarrak, bereziki, ondokoak bermatuko dizkie zerbitzu-emaileei:

a) Behar diren argibideak eta formularioak jasotzeko aukera -jarduerara eta horren erabilerara iristeko-, azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 18. eta 19. artikuluekin bat.

b) Behar diren agiriak eta eskabideak aurkeztu ahal izatea.

c) Zerbitzu-emaileek interesdun izaera zein prozeduratan eduki eta horien izapidetze-egoera ezagutzea eta egin beharreko izapide-egintzen gaineko jakinarazpena zein horien gaineko ebazpena jasotzea, administrazio-organo eskudunak igorrita.

3. Halaber, Iruñeko Udalak beharrezko neurriak hartu eta beharrezko teknologiak erabilgarri jarriko ditu, sistema ezberdinen elkarreragingarritasuna bermatzeko.

4. Iruñeko Udalak beharrezko neurriak hartuko ditu, Udal Administrazioa osatzen duten entitateen eta Espainiako gainerako administrazio publikoen zein Europar Batasuneko herrialdeetako gainerako administrazioen arteko informazioa trukatzeko sistema elektroniko batez hornitze aldera, betiere azaroaren 23ko 17/2009 Legeak ezarritako betebeharrak betetzen direla bermaturik.

Laugarrena.-Udal Administrazioan sartzeko deialdiak.

Iruñeko Udal Administrazioan sartzeko deialdietan, informazio-teknologiekin eta administrazio elektronikoarekin zerikusia duten gaiak eta, egoki joz gero, probak edo merituen balorazioak sartuko dira, izangaiek tresna horien gaineko oinarrizko ezagutza egiazta dezaten.

Bosgarrena.-Herri-administrazioen komunikazio-sarea.

Sarbide Elektronikoari buruzko Legearen 43. artikuluak aurreikusitakoa betetze aldera, eta ziurtagirien ezeztatze-egoera eta haien edukia egiaztatzeko sistema, Ordenantza honen 9.3. artikuluak aipatzen duena, egoki ibil dadin, Iruñeko Udalak Espainiako Administrazio publikoen komunikazio-sarea erabiliko du, lehentasunez, gainerako administrazio publikoekin komunikatzeko, SARA izeneko sarearen bidez.

Horretarako, Iruñeko Udalak behar diren hitzarmenak edo baliabide juridikoak sinatu beharko ditu dagozkion administrazio publikoekin, SARA sarearekiko etengabeko lotura lortu eta bermatzeko, xede horretarako ezarritako baldintzekin bat.

XEDPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Argibide eta zerbitzu elektronikoak eguneratu eta kontrolatzea, eta eransteko proiektuak egitea.

Herritarren Partaidetzako eta Teknologia Berrietako Alorrak bermatu beharko du Iruñeko Udalak bitarteko elektronikoen bidez ematen dituen argibideak eta zerbitzuak etengabe eguneratzen direla, bai eta horien gaineko kontrola ere. Horretarako, informazioa zein egunetan eguneratu den agertu beharko da.

Halaber, Alor horrek egin beharko ditu, kasuan-kasuan eransketa proposatzen duen Alorrarekin batera, Ordenantza honen 51. artikuluak aipatzen dituen eransketa-proiektuak.

Aurrekoa gorabehera, Iruñeko Udalak Administrazio Elektronikoaren Batzorde laguntzaile bat sortzen ahalko du, aurreko paragrafoan jasotako eginkizunak eta hura sortzeko xedapenean ematen ahal zaizkionak betetzeko.

Bigarrena.-Egungo izapideak, zerbitzuak eta prozedura-kudeaketa eranstea.

Egun, hala web-gunean nola beste bide telematikoetan, elektronikoki izapidetzeko eskuragarri dauden izapideak, zerbitzuak eta prozedura-kudeaketa, batetik, eta hasiera batean egoitza elektronikoan eskuragarri jartzen direnak, bestetik, elektronikoki izapidetzeko sisteman erantsita daudela joko da, eta, horrenbestez, Iruñeko Udalaren izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa elektronikoen Katalogoan txertatuko dira, Ordenantza honek indarra hartu eta hortik aitzina.

Hirugarrena.-Jadanik abiarazitako prozedurak.

Ordenantza hau ez da aplikagarria izanen Ordenantzak indarra hartu baino lehenago abiarazitako prozeduretan.

Laugarrena.-Jakinarazpen elektronikoa.

Iruñeko Udalak jakinarazpen elektronikoa abiaraziko du halakorik behar duten prozeduretan eta izapideetan, baldin eta horiek, unean-unean, Iruñeko Udalaren izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa elektronikoen Katalogoan txertaturik badaude.

Bosgarrena.-Erregistro elektronikoa.

Iruñeko Udalak Erregistro Elektronikorako irispidea jarriko du, unean-unean, Iruñeko Udalaren izapide, zerbitzu eta prozedura-kudeaketa elektronikoen Katalogoan txertaturik dauden prozedura eta izapideetarako.

Seigarrena.-Sistemak egokitzea Elkarreragingarritasunerako eta Segurtasunerako Eskema Nazionaletara.

1. 3/2010 eta 4/2010 Errege Dekretuak, biak ala biak 2010eko urtarrilaren 8koak, betez, Ordenantza honek indarra hartzen duenean erabilgarri dauden sistemek Elkarreragingarritasunerako eta Segurtasunerako Eskema Nazionaletara egokitu beharko dute, zeinak aipatu Errege Dekretuek, hurrenez hurren, arautu baitituzte.

2. Udal Administrazioak Segurtasun-politika propioa ezarri beharko du, eta hori organo eskudunak onetsiko du. Segurtasun-politika hori 2010eko urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan jasotako printzipioen arabera ezarri behar da, eta, hori garatzeko, aipatu Errege Dekretuaren 11.1 artikuluan xedatutako printzipioak aplikatuko dira.

Segurtasuna prozesu integrala izanen da, eta hori sistemarekin harremana duten elementu guztiek eratuko dute, hala nola baliabide teknikoek, materialek, antolamenduzkoek eta giza-baliabideek.

Prozesuan parte hartzen duten pertsonen eta haien nagusi arduradunen kontzientziazioari garrantzirik handiena emanen zaio, ezjakintasuna, antolamendu- eta koordinazio-falta edo jarraibide ezegokiak ez daitezela izan segurtasunerako arrisku-iturriak.

Sistemaren segurtasunerako hainbat neurri hartu behar dira, hala argibideak eta zerbitzuak babestu, prebenitu, antzeman eta berreskuratzeko nola sistemaren kontrako mehatxuak gauzatu ez daitezen edo ematen den informazioari edo zerbitzuei larriki eragin ez diezaieten. Neurri horiek berriz ere ebaluatu eta eguneratuko dira, aldian-aldian.

Segurtasun-politikak modu garbian identifikatu beharko ditu segurtasuna betetzeaz arduratzen direnak zeintzuk diren, eta Udal administrazioko kide guztiek izan behar dute horren berri. Hori horrela, informazio-arduraduna, zerbitzu-arduraduna eta segurtasun-arduraduna bereiziko dira. Informazio-arduradunak esku artean darabilten informazioaren betekizunak zehaztuko ditu; zerbitzu-arduradunak ematen diren zerbitzuen betekizunak zehaztuko ditu; eta segurtasun-arduradunak informazioaren eta zerbitzuen segurtasun-baldintzak betetzeko erabakiak zehaztuko ditu. Informazio-sistemen segurtasunaren gaineko ardura bereizi eginen da zerbitzuak ematearen gaineko arduratik. Udal Administrazioaren Segurtasun-politikak zehaztuko ditu arduradun bakoitzaren eskuduntzak eta koordinatzeko zein gatazkak ebazteko mekanismoak.

Langile kualifikatuak, aritutakoak eta ikasitakoak arduratuko dira sistemen segurtasuna zaindu, aztertu eta horren gaineko auditoretza egiteaz, segurtasun-sistemen bizitza-zikloaren fase guztietan: instalazioa, mantentze-lanak, intzidentzia-kudeaketa eta eraispena.

Informazio-sistemei gutxienez bi urtean behin ohiko auditoretza eginen zaie, Segurtasunerako Eskema Nazionalaren betekizunak betetzen diren egiaztatze aldera. Auditoretza-txostenak sistemaren arduradunari eta segurtasun-arduradunari aurkeztuko zaizkie. Segurtasun-arduradunak txostenak aztertu eta ondorioak aurkeztuko dizkio sistemaren arduradunari, egoki diren neurri zuzentzaileak har ditzan.

3. Elkarreragingarritasuna osoki hartuko da kontuan, zerbitzuak eta sistemak sortzetik bertatik, bizitza-ziklo osoan zehar: planifikazioa, diseinua, eskurapena, eraikuntza, hedapena, ustiaketa, argitalpena, kontserbazioa eta irispidea edo elkarrekiko lotura.

Elkarreragingarritasuna hitzaren antolamenduzko dimentsioak eta dimentsio semantikoak zein teknikoak kontuan hartuta ulertuko da, betiere 2010eko urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren III., IV. eta V. kapituluetan ezarritakoarekin bat.

Iruñeko Udal Administrazioak Sinadura Elektronikoaren eta Egiaztagirien gaineko Politika onetsi eta argitaratuko du, betiere horretarako 2010eko urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian ezarritako arau teknikoarekin bat.

4. Hala egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna eta elkarreragingarritasuna nola herritarrak zerbitzu publikoetara elektronikoki iristeko bidea Elkarreragingarritasunerako eta Segurtasunerako Eskema Nazionaletan ezarritakoak arautuko ditu.

5. Ordenantzak indarra hartu eta handik hamabi hilabetera, aurreko zenbakietan galdatutakoa osorik aplikatzea oztopatzen duen inguruabarrik izanez gero, egokitzapen-plan bat abiatu beharko da, horiek gauzatzeko epeak ezartze aldera. Epeak, salbu eta aurrekontuan erabilgarri dauden diru-kopuruek halakorik posible egiten ez badute, ez du 48 hilabete baino gehiago joko, ordenantzak indarra hartu duenetik.

Aipatu plana aldez aurretik egin beharko da, denbora nahikoaz, eta organo eskudunak onetsiko du.

6. Udal Administrazioak kontrol-mekanismoak ezarriko ditu, Elkarreragingarritasunerako eta Segurtasunerako Eskema Nazionalak benetan eta eraginkortasunez beteko direla bermatzeko.

7. Udal Administrazioak ezagutzera emanen ditu, egoitza elektronikoan, adostasun-deklarazioak eta eratu ditzakeen beste segurtasun- edota elkarreragingarritasun-bereizgarriak. Horiek guztiak, betiere, Elkarreragingarritasunerako eta Segurtasunerako Eskema Nazionalekin bat eratu beharko ditu.

8. Segurtasun-zehaztapenak eta Elkarreragingarritasunerako Eskema Nazionalarekiko adostasuna zerbitzuen eta sistemen bizitza-zikloan sartuko dira, dagozkien kontrol-prozedurekin batera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Iruñeko Udalaren Administrazioa egokitzea, eskubideak gauzatu ahal izateko.

Ordenantza honek indarra hartzen duen datatik aitzina, haren 5. artikuluak aitortzen dituen eskubideak Ordenantzan xedatutakoari men egiten dioten prozedurekin eta jarduketekin bat gauzatu daitezke. Xede horretarako, Iruñeko Udalak eguneraturik izanen ditu prozedura eta jarduketa horien zerrenda, egoitza elektronikoan.

Bigarrena.-Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion zuzenbide publikoko erakundeak egokitzea.

a) Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion zuzenbide publikoko erakundeen esparruan -zeinak Ordenantza honen 3.1.b artikuluak aipatzen baititu-, Ordenantzan xedatutakoari men egiten dioten prozedurekin eta jarduketekin bat gauzatu daitezke 5. artikuluak aitortzen dituen eskubideak, betiere aurrekontuen erabilgarritasunak posible egiten badu.

b) Iruñeko Udalaren pean dauden edo hari atxiki zaizkion zuzenbide publikoko erakundeek Udalaren egoitza elektronikoa erabiliko dute, berea sortu beharrean. Baldin eta legearekin bat erakundeen gobernu-organoek hartu behar badute erabaki hori, Iruñeko Udalak aipatu erakundeetan dituen ordezkariek horren alde eginen dute.

Hirugarrena.-Ordenantzaren hedapena eta udal langileen prestakuntza.

Ordenantza hau onetsi eta berehala, Iruñeko Udalak ezagutzera emanen du, bitarteko elektronikoen bidez. Udal Administrazioak hainbat ekimen gauzatuko ditu, Udaleko langileei administrazio elektronikoaren gaineko ezagutza gaurkotua helarazi eta horren gaineko prestakuntza berariazkoa emanen zaiela bermatzeko.

Laugarrena.-Prozedura eta izapide berrien erregulazioa.

Ordenantza honek indarra hartzen duen unetik aitzina, prozedura, administrazio-izapide eta zerbitzu berririk erregulatuz gero, edo daudenak aldatuz gero, bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera aurreikusi beharko da, eta Ordenantza honek ezarritako baldintza eta betekizunak bete beharko dira. Erregulazioa ordenantza honen hamaikagarren artikuluak aurreikusi duen eransketa-prozedurari lotuko zaio.

Bosgarrena.-Arau osagarriak.

Ordenantza honek aurreikusi ez dituen kasuei Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legean, ekainaren 22koan, eta hori garatzen duten arauetan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Seigarrena.-Indarraldia.

1. Uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluarekin bat, Ordenantza honek ez du ondoriorik izanen harik eta bere testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko nahiz Foru Komunitateko Administrazioek toki-entitateei haien egintzak nahiz erabakiak ezeztatzeko errekerimendua egiteko duten ahalmena gauzatzeko ezarritako epea iragaten den arte.

2. Ordenantza honen testu osoa eskura izanen da, azter dadin, Iruñeko Udaleko egoitza elektronikoan.

ERANSKINA

Iruñeko udaleko egoitza elektronikoarekin batera abiatuko diren zerbitzuen zerrenda

-Autoa partekatzeko zerbitzua.

-Jarduera sailkatuak - Lizentziak: Jarduera, Obra eta Eremu Publikoaren Okupazioa.

-Jarduera kaltegabeak-Irekitzeko lizentziak.

-Alegazioak, Udalaren zirkulazio-isunen aurka.

-SMS bidezko alertak.

-Ur-azterketak, udal-laborategian.

-Zergen, tasen eta prezio publikoen ordainketa geroratzeko edo zatikatzeko eskaerak.

-Gainbalioaren gaineko zergaren autolikidazioak.

-Oharpenak, eremu publikoan abandonaturiko ibilgailuen gainean.

-Oharpenak, kexak edo salaketak, animaliek (zakurrak, katuak, usoak etab.) eragindako arazoen ondorioz.

-Oharpenak, kexak edo salaketak, pertsonek edo animaliek eragindako zaratei, arazoei eta atzemandako premia larriko arriskuei buruz.

-Oharpenak, kexak edo salaketak, egoera txarrean dauden elikagaiei buruz.

-Ibilgailu-pasabidea baja emateko eskaerak.

-Jakinarazte-bidea aldatzeko eskaera, espediente batean.

-Helbide fiskala aldatzeko eskaerak.

-Banku bidezko helbideratzea aldatzeko eskaerak.

-Jarduera ekonomikoen gaineko ziurtagiriak, agiriak eta konpultsak.

-Arantzadiko Udal Kirolgunea eta Sanduzelaiko Kirol Hiria - Igerileku estalia: Abonamenduen eta sarreren salmenta, 2010eko negualdirako.

-Zangak irekitzeko lizentzien espedienteen gaineko kontsultak.

-Udal-espedienteen kontsultak.

-Egitateen kontsultak.

-Jakinarazpen fede-emaileen kontsultak eta horiek hartzea.

-Erroldaren kontsultak.

-Ordainagirien kontsultak.

-Sarrera-erregistroaren kontsultak.

-Aldez aurretiko kontsultak, ibilgailu-pasabide bat alta emateko.

-Kontsultak, Iruñeko Udalari gainbalioaren zerga dela-eta ordaindu beharrekoak gutxi gorabehera zenbat jotzen duen jakiteko.

-Kontsultak, ibilgailu bat udal-garabiak eraman duen jakiteko.

-Hirigintzaren gaineko kontsultak: Udal plana, lurzatiketak, kalifikazioa, poligonoak, lurzatiak, etab.

-Zirkulazio-istripu baten atestatuaren kopia-txostena.

-Gorpuen edo gorpuzkien errausketa, Iruñeko Udal Hilerrian.

-Kaleen izendapena eta atarien zenbakikuntza.

-Salaketak, kutsadura akustikoa dela-eta (pianoek, obrek, alarmek eta abarrek eragindako zaratak).

-Salaketak, keak, gasak eta kiratsak isurtzeagatik.

-Salaketak, ostalaritza- edo elikadura-establezimenduei eta industriei.

-Babes Ofizialeko etxebizitzen deskalifikazioa: Udalari ordaindu beharreko kopuruen kalkulua.

-Iruñeko Udalean jasota dauden izaera pertsonaleko datuetan sartzeko eskubidea gauzatzea.

-Iruñeko Udalean jasota dauden izaera pertsonaleko datuak ezerezteko eskubidea gauzatzea.

-Iruñeko Udalean jasota dauden izaera pertsonaleko datuak erabiltzearen kontra egiteko eskubidea gauzatzea.

-Iruñeko Udalean jasota dauden izaera pertsonaleko datuak zuzentzeko eskubidea gauzatzea.

-Jabetzei buruzko agiriak, PFEZren gaineko aitorpenarekin aurkezteko.

-Fakturen igorpena, Facturae formatuan.

-Obra bukaerako ziurtagiriak, irekitzeko lizentzia lehenagotik zeukan establezimenduetan.

-Eremu publikoko edukiontzien gaineko kudeaketa.

-Zirkulazio arau-hausleen identifikazioa.

-Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga (TMIZ edo Zirkulazio-zerga) Ibilgailu matrikulatu berriak.

-Aldizkako Zergak eta Tasak - Ordainagiriaren xehekapena.

-Ispilu ahurren instalazioa, garaje partikularretako irteeretan.

-Eremu publikoan hesiak edo bestelako okupazio-elementuak paratzeko tasen likidazioa.

-Dorre-garabia instalatu eta abiarazteko eskaerak.

-Izapide laburreko lizentziak: Obra txikiak eta eremu publikoaren okupazioa.

-Izapide laburreko lizentziak: Jarduketa jakinarazietako obrak.

-Lizentziak, lehen erabileretarako.

-Ezkontza zibilak Iruñeko Udalean egiteko eskaerak.

-Ibilgailu-pasabiderako lizentzien baldintzak aldatzeko eskaerak.

-Xafla berriak ibilgailu-pasabideetarako (aurrekoak galdu, hautsi edo lapurtuak izan direlako).

-Errolda-agiriak eskuratzeko eskaerak.

-Eremu publikoaren okupazioa: Zanga irekitzea (premiarik gabea).

-Eremu publikoaren okupazioa: Zanga irekitzea (premiarik gabea eta izapide laburrekoa).

-Eremu publikoaren okupazioa: Edukiontzien instalazioa.

-Eremu publikoaren okupazioa: mortero-siloak, obra-txabolak, hesiak, aldamioak eta karga-jasogailuak.

-Ordainagirien ordainketa.

-Oharpen, kexa edo iradokizunen aurkezpena.

-Salaketen aurkezpena, Alde Zaharretik kanpoko hirigintza-diziplinaren gainean: eraikinen egoera txarra, lizentziarik gabeko obrak ...

-Kexa edo iradokizunen aurkezpena, zirkulazio-seinaleei buruz: semaforoak eta kaleak zein seinaleak pintatzeko lanak.

-Kexen aurkezpena, Alde Zaharreko eraikinen egoera txarra dela-eta.

-Kexen eta iradokizunen aurkezpena, ondoko gaiei buruz: argi publikoak, kaleen garbiketa, espaloien eta zoladuraren egoera, berdeguneak eta hiri-hornigarriak.

-Erreklamazioen aurkezpena, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren likidazioaz bezainbatean.

-Erreklamazioen aurkezpena, Hiri-lurren balioa handitzearen gaineko zergaz bezainbatean.

-Errekurtsoen aurkezpena, Udaleko zirkulazio-isunen aurka.

-Administrazio-errekurtsoak aurkeztea.

-Barkilloen salpostuak: Alta hartu eta berritzeko eskaerak.

-Salpostuak Landabengo azokan: Baja ematea.

-Kalte-ordainen erreklamazioak Iruñeko Udalari.

-Erreklamazioak, katastro-balioa dela medio.

-Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroa.

-Iruñeko Udaleko Erregistro Elektronikoa.

-Objektu galduen erregistroa eta berreskuratzea.

-Tokien erreserba, minusbaliatuen ibilgailuak aparkatzeko.

-Espazioen behin betiko erreserba, zama-lanetarako.

-Orduen erreserba hilerrian, gorpuak laguntzeko.

-Pibotak kentzeko eskaerak, senar-emaztegaien eta aitamabitxien autoak eliza ondora sar daitezen.

-Eskaerak, Herritarren Karpetan alta hartzeko.

-Eskaerak, Ezkondu gabeko bikote egonkorren (egitatezko bikoteak) Udal Erregistroan alta hartzeko.

-Baimen-eskaerak, Iruñeko eskola-garraioetarako.

-Eskaerak, eremu publikoko terraza-begiratokiei baja emateko.

-Eskaerak, Ezkondu gabeko bikote egonkorren (egitatezko bikoteak) Udal Erregistroan baja hartzeko.

-Eskaerak, obrek eragindako Iruñeko Udalaren Jarduera Ekonomikoen gaineko kuotan hobaria izateko.

-Eskaerak, Administrazioaren isiltasunaren gaineko ziurtagiria eskuratzeko.

-Eskaerak, Udal-hilerriko panteoien titulartasunaren ziurtagiriak eskuratzeko.

-Ziurtagiriak eta beste hainbat agiri (fotokopiak, planoen fotokopiak, etab.) eskuratzeko eskaerak.

-Ondasunen edo jabegoen konpultsa-eskaerak.

-Aurretiko kontsulten eskaerak, jarduera sailkatu edo kaltegabeaz bezainbatean.

-Estatistika-datuen eskaerak, biztanleen erroldako datuez bezainbatean.

-Eskaerak, zanga irekitzeko lizentzia eskuratze aldera gordailuan utzitako fidantzak itzultzeko.

-Hiri-kontribuzioaren ordainagiriaren kopien eskaerak.

-Zirkulazio-zergaren ordainagiriaren kopien eskaerak.

-Eskaerak, artelanak udal-aretoetan erakusteko.

-Aurretiko txostenen eskaerak, Alde Zaharrean eta I. zein II. Zabalgunean etxebizitzak zaharberritzeko diru-laguntzak eskuratzeko.

-Herritarren Elkarteen Udal Erregistroan izena emateko eskaerak.

-Eskaerak, jarduera kaltegabeetarako lizentziak eskuratzeko.

-Udal-lizentzien eskaerak, eremu publikoan terrazak edo begiratokiak paratzeko.

-Lizentzien eskaerak, emanaldi, kontzertu, antzezpen eta beste hainbat ekitalditarako.

-Lizentzia pertsonalen eskaerak, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko.

-Eskaerak, eremu publikoko terrazak edo begiratokiak aldatzeko.

-Eskaerak, txanpon-zerrendak egiteko, txanpon-errekorra lortze aldera.

-Kaleak identifikatzeko xaflen eskaerak.

-Eskaerak, bizilagunendako lur azpiko aparkalekuak sustatzeko.

-Eskaerak, mendi-diapositiben proiekzioetarako.

-Eskaerak, Iruñeko Udalean taldeei protokolo-harrera egiteko.

-Eskaerak, Gaztediaren Etxeak norbere sakelakora SMSak igortzeko.

-Diru-laguntzen eskaerak, Alde Zaharreko eta Lehen zein Bigarren Zabalguneko etxebizitzak zaharberritzeko.

-Bizilagun-txartelen eskaerak, jarduera bat egiteko.

-Bizilagun-txartelen eskaerak, aparkalekuetarako.

-Talde profesionalendako txartelen eskaerak, 120 minututik gorako aparkaldiak ordaintzeko.

-Eskaerak, udal-hilerriko panteoiak eskualdatzeko.

-Eskaerak, Udalaren ikastetxeetako aretoak eta instalazioak erabiltzeko.

-Eskaerak, Caldereria kaleko aretoa erabiltzeko.

-Eskaerak, Iruñeko Udaletxean bisita gidatuak egiteko.

-Eskaerak, isunei dagozkien argazkiak ikusteko edo horien kopiak eskuratzeko.

-Zirkulazio-zergaren ordainketa egunean izatearen gaineko egiaztagirien eskaerak.

-JEZen gaineko agirien eskaerak, PFEZ aitorpenarekin aurkezteko.

-Agirien eskaerak, Udalarekin zorrik ez duzula egiaztatzeko.

-Eskaerak, udal-zerbitzuak bere gain har ditzan lorategiak mantentzeko lanak.

-Baimen-eskaerak, eremu publikoan jarduerak egiteko: auzoetako festak, lasterketak, liburu-azokak, kabalgatak, patinajea, filmazioak, etab.

-Eskaerak, eremu publikoa aldi baterako okupatzeko.

-Diru-laguntzak, Alde Zaharrean aparkatzeko tokia eskuratzeko.

-Harpidetzak, Iruñeko Udalak emandako informazioari.

-Ibilgailu-pasabideetarako lizentziak eskualdatzea.

-Gorpuak Iruñeko Udal Hilerritik Nafarroako edo Nafarroatik kanpoko beste hilerri batera eramateko eskaerak.

-Gorpuzkinak beste hilerri batetik Iruñeko Udal Hilerrira eramateko eskaerak.

-Gorpuzkinak Iruñeko Udal Hilerritik Nafarroako beste hilerri batera eramateko eskaerak.

-Gorpuzkinak Iruñeko Udal Hilerritik Nafarroatik kanpoko beste hilerri batera eramateko eskaerak.

-Gorpuzkinak, Udal Hilerrian bertan, panteoi batera lekualdatzeko eskaerak.

-Gorpuzkinak, Udal Hilerrian bertan, kolunbario batera lekualdatzeko eskaerak.

-Irekitzeko lizentzien eskualdaketa: Jarduera sailkatuak eta kaltegabeak.

-Behin behineko ibilgailu-pasabidea.

-Autoeskoletako ibilgailuak: Zirkulazio-baimen berezia.

Iragarkiaren kodea: L1019709