153. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

160/2010 FORU AGINDUA, urriaren 15ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak maiatzaren 11n emandako 186/1993 Foru Aginduaren 3. artikuluaren 1. puntua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, Nafarroako ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako eskolako jantokiak arautu zituen uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuan xedatutakoa garatu zen.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetako eskolako jantokiak uztailaren 24ko 246/1991 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren. Hantxe zehaztu ziren jantoki motak, baimentzeko eta jarduteko araubidea eta horrelako jantokiak kudeatzeko eta finantzatzeko sistemak.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak maiatzaren 11n emandako 186/1993 Foru Aginduaren bidez, foru dekretu hartan xedatutakoa garatu zen. Xedapen horren 3. artikuluan ezarri zen eskolako jantokiaren hezkuntza zerbitzu osagarria ofiziala izanen dela, bakarrik, eskolaldi zatituko egunetan, izan ere, zerbitzu hori ikasleak goizez eta arratsaldez eskolatu behar izateagatik ezartzen da.

Dena dela, hezkuntza bereziko ikastetxeetako ikasleen kasuan, jantokiak eginkizun bereziki garrantzitsua du hezkuntza eremuan, ikastetxearen hezkuntza proiektuan jasotzen den esku-hartze orokorreko proiektuaren jarraipena delako. Proiektu horren helburu nagusia autonomia pertsonala eta pertsonen arteko harremanak garatzea da, komunikaziorako sistema alternatibo eta handigarriak erabiliz.

Horregatik, Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzuak uste du egokia dela eskolako jantoki zerbitzua eskolaldi bakarreko egunetan ere ematea "Andrés Muñoz" edo "Torre Monreal" ikastetxeetan, horien hezkuntza proiektuak esku-hartze hau behar dutelako. Orain arte, egun horietan tokian tokiko guraso elkarteek kudeatu dute zerbitzu hori. Txosten horretan, gainera, adierazi da horrela zerbitzuaren kostuetan aurreztuko dela.

Ikusita, halaber, Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak emandako txosten juridikoa.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren maiatzaren 11ko 186/1993 Foru Aginduaren 3. artikuluaren 1. puntua aldatzea. Honela geldituko da idatzita:

"Eskolako jantokia hezkuntza zerbitzu osagarri bat da, ikasleak goizez eta arratsaldez eskolatu behar izateagatik ezartzen dena. Hortaz, eskolaldia zatitua duten egunetan baizik ez da izanen ofiziala.

Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, ikasleen ezaugarri bereziak kontuan harturik, jantokia ikasturteko egun guztietan izanen da ofiziala."

2. Foru agindu honek 2011ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusira, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusira, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura eta Aniztasunaren, Orientazioaren eta Kultura-aniztasunaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2010eko urriaren 15ean.-Hezkuntzako kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F1018398