151. ALDIZKARIA - 2010eko abenduaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

NAFARROAKO HIRI HONDAKINEN TRATAMENDURAKO PARTZUERGOA

Udal jatorriko hiri hondakinak eraman, sailkatu, tratatu, balioztatu eta desegiteko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantzako aldaketa. Behin betiko onespena

2010eko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 11n, argitara eman zen Udal jatorriko hiri hondakinak eraman, sailkatu, tratatu, balioztatu eta desegiteko zerbitzuaren tasa arautzen duen ordenantza fiskaleko aldaketa. Aldaketa hori Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoko Zuzendaritza Kontseiluak 2010eko irailaren 28an egin bilkuran onetsi zuen hasiera batez.

Jendaurreko epea azaroaren 17an bukatu zelarik, eta ez denez erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu, hasierako onespena behin betikoa bihurtu da.

Aldatutako ordenantzaren behin betiko testuarekin batera argitara ematen da, orok jakin dezan eta aplikagarri diren gainerako legezko ondorioak izan ditzan. Hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1. artikuluan ezarritakoa betez.

Iruñean, 2010eko azaroaren 22an.-Partzuergoko burua, Amelia Salanueva Murguialday.

ORDENANTZA FISKALA, UDAL JATORRIKO HIRI
HONDAKINAK ERAMAN, SAILKATU, TRATATU,
BALIOZTATU ETA DESEGITEKO ZERBITZUAREN
TASA ARAUTZEN DUENA

I.-Lege oinarria, izaera eta xedea

1. artikulua.

1.-Ordenantza hau hurrengo artikuluetan ezarritako eskurantzen babesean ezarri da: Konstituzioaren 133.2 eta 142. artikuluak, Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/98 Legearen 4.3 eta 20.4 artikuluak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 47.1.4 artikulua eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legaren 12. artikulua eta hurrengoak; orobat, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoaren Estatutuen 5-b), 27-b) eta 31. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

2.-Ezarri diren ordainarazpenen izaera fiskala, hortaz, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan aipatzen diren zerbitzu edo jardueren tasak izatea da.

3.-Udal jatorriko hiri hondakinak eraman, sailkatu, tratatu, balioztatu eta desegiteko zerbitzuaren tasak ezartzea du helburu ordenantzak.

II.-Zergapeko egintzaren definizioak

2. artikulua.

Ordenantzan aurreikusitako ondorioetarako, hona zer diren:

-Hondakinak: Hondakinei buruzko apirilaren 2eko 10/1998 Legearen eranskinean aipatzen diren kategorietako bateko edozein gai edo gauza, jabeak bota egiten badu edo botatzeko asmoa edo betebeharra badu. Dena dela, Hondakinen Europako Zerrendan, Ingurumen Ministerioak otsailaren 8ko 304/2002 Aginduaren bidez onetsitakoan, ageri direnak hondakintzat hartuko dira, baita haien aldaketetan sartutakoak ere.

-Hiri hondakinak edo Udalarenak: norberaren etxean, saltoki, bulego eta zerbitzuetan sortutakoak, baita arriskutsutzat jota izan gabe duten izaera edo konposizioagatik aurreko toki edo jardueretan sortutakoen parekotzat hartzen ahal direnak ere.

Honako hauek ere hiri hondakintzat joko dira: a) Eremu publikoak, berdeguneak eta aisialdiko eremuak garbitzean sortutako hondakinak. b) Etxeko animaliak, baita abandonatutako gauza, altzari eta ibilgailuak ere. c) Eraikuntzako obra txikietan eta etxeko konpontze lanetan sortutako zabor eta hondakinak. d) Oro har, Udalak tratatu, bildu eta kudeatzen dituen hondakin eta hondar guztiak, indarra duen legeriaren arabera.

-Etxebizitza: ondasun higiezina, familiendako etxe partikular bat edo gehiago dituena, jendearen bizitoki dena, inor bizi edo ez.

-Bulegoak: titulartasun publiko edo pribatuko ondasun higiezina, bulego lanetan erabiltzen dena, bankuak, kutxak eta kredituko gainontzeko entitateak barne.

-Saltokia: titulartasun pribatuko ondasun higiezina, prestatutako produktuak saltzeko edo banatzeko erabiltzen dena, nahiz zerbitzuak emateko dirua ordainduta, hala nola kafetegi, taberna, jatetxe, pub, diskoteka, dantzaleku, bingo, biltegi, supermekatu, ekonomato, kooperatiba, arrandegi, fruta-denda, harategi, okindegi eta antzeko, tailer, gasolindegi, zinema, antzoki, jarduera artistiko, gimnasio, aisialdiko kirolgune, igerileku, ileapaindegi, ikastegi, ikastetxe, hotel, motel, ostatetxe, pentsio eta ospitaleak; halaber, edozein ostatu, klinika, kontsultategi eta tanatorio edo antzeko ezaugarriak dituen beste edozein enpresa jarduera, izaera sozial hutsekoak barne, dirua ordaindu gabe egiten dena eta Poliziaren eta Ikuskizun Publikoen Erregelamendu Orokorrean bildutako guztiak.

-Zentro ofizialak: titulartasun publikoko ondasun higiezinak, hau da, Estatuko Administrazio Orokorrekoak, Autonomia Erkidegoetakoak, Toki Administraziokoak eta nortasun juridikoa duten zuzenbide publikoko gainerako entitateetakoak, aipatutakoei lotuak edo haien mendekoak, kultura, erlijio, kirol, gizarte, osasun, ongintza, herritarren segurtasun, babes zibil edo ingurumeneko jarduerak egiten dituztenak, ospitaleak, klinikak, a,bulatorioak, hilerriak, kuartelak, espetxeak, ikastetxeak, unibertsitateak, garraio publikoko geltokiak, jendea hartzeko bulegoak eta, oro har, jarduera administratiboari dagozkion guztiak, haietan entitateek zilegi dituzten eskumenak garatzen badituzte.

-Industria: titulartasun publiko edo pribatuko ondasun higiezina, fabrikatu, elaboratu eta lehengaiak produktu elaboratu bihurtzen dituena merkaturatzeko, hala nola harriak, mineralak, ura, etab. ateratzen dutenak, energia, metalak, beira, ehunak, janariak, edariak, tabakoa, ongarriak, landareak, larrua eta oinetakoak, papera, kautxoa, plastikoak, ibilgailuak eta garraioko materiala, makineria etab. nahiz antzeko produku manufakturatuak ekoizten dutenak; orobat, tona handiko gaiak biltegian pilatzea eta handizka banatzea.

-Hondakinen kudeaketa: hiri hondakinak jaso, biltegian pilatu, garraiatu, balioztatu eta desegitea transferentziako estazioetan, sailkapen planetan eta probintziako CTRetan, modu orokorrean edo instalazio horietako baten edo gehiagoren bidez banan-banan.

-Hiri hondakinen kudeaketa integrala: hondakina kudeatzea, biltzen denetik desegiteko entregatzen den arte, hautatu, sailkatu eta birziklatu ondoren.

III.-Zergapeko egintza

3. artikulua.

1.-Hein batean edo erabatean kudeatuz, Udalaren jatorriko hiri hondakinak eraman, sailkatu, tratatu, balioztatu eta desegiteko zerbitzu publikoa egitea da tasa honen zergapeko egintza. Zerbitzu hori ez da borondatez eskatu edo hartzen dena, eta hondakinak etxe, ostatu, industria, lokal edo establezimenduetan sortutakoak dira.

Zerbitzuak egindakotzat joko dira:

-Jendea bizi den etxeetan edo bizitzeko moduan direnetan.

-Lokal edo establezimenduetan, haietan industria, merkataritza, lanbide, arte edo zerbitzu alorreko jarduerak egiten badira.

-Bi kasuetan, baldin etxebizitzak, ostatuak edo zerbitzuak ematen dituzten lokalak Lurralde Kontribuzioan inskribatuta badaude edo hartarako baldintzak betetzen badituzte. Etxebizitzek lehen edo bigarren okupazioko lizentzia izaten ahal dute edo ez; lokal eta establezimenduek irekitzeko edo jarduera hasteko baimena edo, betiere, jarduera ekonomikoa egiten dela edo higiezina etxebizitza gisa erabiltzen dela egiaztatuz gero.

2.-Hirikotzat edo Udalekotzat jo gabeko hondakinak kudeatzeko zerbitzuak ez dira tasa honen zergapeko egintza. Bereziki, honako hauek:

a) Ibilgailuak, makineria eta industriako ekipoak, haien baliagarritasuna bukatutakoan, abandonatutako ibilgailuak kenduta.

b) Industriako hondakinak, ohikoak: industriaren jarduerak sortutakoak, etxekoetakoen parekotzat jo ezin eta berezitzat hartu ezin direnak haien bolumen, izaera edo jatorriagatik, haien ezaugarriak direla eta kaltegarriak izanik pertsona, animalia eta landareen bizitzarako.

Oro har, kategoria honetan sartzen dira ingurumena andeatzeko arriskua duten guztiak, nahiz ez diren arriskutsutzat hartuak Estatuko eta Europako araudian.

c) Lohi eta lokatza, Partzuergoak baimendu gabea, nekazaritzako hondakinak; nekazaritzan erabilitako ontzikiak; giza hondarrak edo detritua; material kutsatuak, korrosiboak, arriskutsuak edo neurri bereziak eskatzen dituena haiek bildu edo botatzeko higiene, profilaxi edo segurtasun aldetik, apirilaren 21eko 10/1998 Legeak eta azaroaren 21eko 283/1995 Dekretuak ezarri moduan; eta, bereziki, azken xedapen horren 25. artikuluan aipatzen direnak.

d) Hondakin bereziak, hala nola elikagai eta produktu iraungiak, altzari eta gauza zaharrak, bilgarriak, landare olioak, animalia hilak edo haien puskak, obra zibileko eta eraikuntzako lur eta hondakinak, edo beste edozein, Partzuergoaren zerbitzu teknikoek, haien ezaugarriak ikusita, berezitzat jotakoa, nahiz artikulu honetako ataletan ez jaso.

e) Hondakin arriskutsuak, oro har: hondakin arriskutsuen zerrendan daudenak, Europako Zerrendan direnak, baita haien ontziki eta bilgarriak ere. Etorkizunean Europako araudiak arriskutsutzat jotzen dituenak eta Gobernuak onesten dituenak Europako araudian edo nazioarteko itunetan -Espainia ere parte dela- ezarritakoari jarraituz. Bereziki, etxeko hondakin arriskutsuak.

Kategoria honetan sartzen dira, etxeetan sortutakoak izanik, Europako Zerrendan arriskutsutzat jotakoak, hala nola:

1. Lekeda, itsasgarri, pintura, berniz eta disolbatzaileak eta haien ontziak.

2. Olio mineralak, gehigarriak, automozioko jariakinak eta haien ontziak.

3. Botikak, terapian erabiltzen diren produktuak eta haien ontziak.

4. Hondakin elektriko eta elektronikoak, hala nola ordenagailuak eta etxetresna elektrikoak, RAEE 2002/96 CE zuzentarauan erregulatuak.

5. Pila eta metagailuak.

6. Hodi fluoreszenteak.

7. Erradiografiak.

f) Hondakin sanitarioak: esate baterako, zenbait eritasun kutsatzeko gai diren hondakin infekziosoak, hondakin anatomikoak, odola eta haren eratorri likidoak, orratzak eta material zorrotz edo ebakitzaileak, moteldutako birus bizien txertoak etab. Oro har eta mugarik gabe, Europako Hondakinen Zerrendako 18.01.01; 18.01.02; 18.01.03; 18.02.01; 18.02.02, 18.02.03 eta 18.01.05 multzoetan sailkatutako hondakinak, baita kutsatzeko arriskua dutenak osasun etxeetan, haietan jarduera edo zerbitzu hauek egiten direlako:

-Eriendako osasun laguntza.

-Analisia, ikerketa edo irakaskuntza.

-Produktu biologikoak eskuratu edo manipulatzea.

-Medikuntza prebentiboa.

-Albaitaritzako laguntza.

-Hileta eta auzitegiko zerbitzuak.

h) Hiltegietako hondakinak.

Aurreko ataletan aipatu hondakinak sortu edo gordetzen dituztenek Administrazioaren esku utzi beharko dituzte, nahiz haiek kudeatzeko jarduerez arduratzen den entitatearen edo kudeatzaile baimenduaren esku, hondakin bakoitzerako legez aurreikusitako moduan.

3.-Hondakinak hobeki kudeatzeko, Partzuergoak edozein unetan katalogatzen ahal ditu berriro bere jarduketa eremuan ezarritako jarduerek sortutako hondakinak, Europako Hondakinen Zerrendari jarraituz.

IV.-Tributudunak, subjektu pasiboak eta erantzuleak

4. artikulua.

1.-Zerga arloko araudiak harekiko betebeharrak ezarritako pertsona fisiko edo juridikoei nahiz entitateei esaten zaie tributudunak.

2.-Zergadunak, zergadunaren ordezkoak, atxikitzaileak eta konturako diru-sarrera egitera behartuak eta Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 21. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoak tributuduntzat hartzen dira; orobat, jaraunspen banatugabeak, ondasun komunitateak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizi zergagarria osatzen badute.

5. artikulua. Subjektu pasiboak

1.-Zergadun gisa, tasa honen zergapeko egintzaren zerbitzuen onura edo eragina jasotzen duten pertsona fisiko eta juridikoak dira subjektu pasiboak, baita entitateak ere, Partzuergoan sartutako toki entitateen udalerrietan diren toki, plaza, kale edo eremu publikoko etxebizitza, lokal edo establezimenduak okupatu edo erabiltzen badituzte.

Subjektu pasiboak nor diren zehaztearren, Partzuergoak emandako zerbitzuaren onuraduntzat joko dira Partzuergoko entitateren batek hala hartzen dituenak bere jarduketa eremuaren barrenean hondakinak biltzeko tasa ordainarazten duenean. Tasa honen tarifa aplikatuko zaie, hondakinak sortzen dituen jarduera edo erabilera etxekoa den edo ez kontuan hartuta.

2.-Zergadunaren ordezko gisa, etxebizitza, lokal edo establezimenduen jabeak subjektu pasibotzat hartuko dira; jabe horiek zilegi dute kuotak zerbitzuaren erabiltzaileei egoztea, zerbitzuaren onuradun direnez gero.

6. artikulua. Erantzule solidario eta subsidiarioak.

Tributu zorren erantzukizun solidario eta subsidiarioa dute Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 29 eta 30. artikuluetan aipatzen diren pertsona edo entitateek.

V.-Salbuespen, murriztaketa eta hobariak

7. artikulua.

1.-Ez da inolako salbuespen, murrizketa edo hobaririk ezarri tasa honen subjektu pasiboentzat, non ez diren propio jasota egun aplikatzen den araudian.

VI.-Zergaldia eta sorrarazpena.

8. artikulua.

1.-Zerbitzua udal, barruti, alde, sektore, kale edo plazetan ematen hasten den unean sorrarazten da tasa eta hura ordaindu beharra sortzen da tasaren subjektu pasiboentzat, etxebizitza, ostatu, merkataritzako eta industriako lokal eta establezimenduak edo bizitzeko, okupatzeko edo jarduera ekonomikoak burutzeko gai diren tokiak erabiltzen dituztenean.

2.-Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 107. artikuluan ezarritako moduan sorrarazten da tasa.

VI.-Zerga-oinarria, likidazio-oinarria, tarifa eta tributu kuota.

9. artikulua.

-Zerga-oinarria:

1.-Tasaren zerga-oinarria subjektu pasibo bakoitzarentzat zehazteko, kontuan hartuko da zenbat unitate dauden hondakinak sortzeko gai direnak etxebizitza okupatzeko edo edozein jarduera ekonomiko ustiatzeko eskubideetan, Partzuergoko kide den entitateak bere araudian ezarritako determinazioen arabera.

-Likidazio-oinarria:

2.-Likidazio-oinarria eta zerga-oinarria bat dira, murrizketarik ez denez.

-Tarifa:

3.-Partzuergoko organo eskudunak, ordenantza honen eranskinean zehaztutako tipologiaren arabera, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean ezarriko ditu zerga-oinarriei aplikatuko zaizkien tasa eta tarifak, tasaren tributu kuotak zehaztuko dituztenak.

-Tributu-kuota:

4.-Tributu-kuota urtekoa izanen da, eta indarrean dauden tarifei kargaren oinarriak aplikatzetik aterako da, kide berrien kasuan izan ezik; horiei hainbanaketa aplikatuko zaie, eman zaien zerbitzuaren araberako irizpideei jarraituz.

VIII.-Kudeaketa arauak

10. artikulua. Sartzeko deklarazioa.

1.-Partzuergoaren tasari dagokion errolda fiskaletik kudeatzen da tasa. Hura, hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzua ematen dela eta, Partzuergoko entitateek prestatu eta urtero onetsitako erroldak elkartuta osatzen da.

2.-Ondorio horiekin, Partzuergoak uneoro bere esku izanen du entitate kidetuek kudeatutako errolda fiskalen informazio eguneratua.

11. artikulua. Alta, baja eta aldaketen deklarazioak.

Tasa hau ordainarazteko arrazoi den hondakinen tratamendurako zerbitzuko alta, baja eta aldaketen deklarazioak Partzuergoko kide diren entitateetan tramitatu beharko dira, non dagoen zerbitzua hartzera behartzen duen higiezina, eta ordenantza honetako aurreikuspenen araberako ondorioak izanen ditu.

12. artikulua. Ordainarazpena, diru-bilketa eta likidazioa.

1.-Partzuergoko entitateak arduratuko dira, zergaldi bakoitzeko ezarritako tarifen arabera, ordenantza honetan araututako tasa biltzen, hondakinak jasotzen emandako zerbitzuaren tasa ordainaraztean.

2.-Partzuergoko entitateek, tratamenduaren tasa biltzearren, ordainagirian zehaztuko dute zein den kontzeptua eta zein subjektu pasiboari aplikatzen zaion tarifa.

3.-Aitorpen eta likidazioak Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoak prestatutako inprimakietan aurkeztuko dira, zergaldi bakoitzeko diru-bilketaren ondoko hilabetean.

4.-Partzuergoko entitate batek hiri hondakin solidoak biltzeko zerbitzuaren tasa seihilekotik gorako maiztasunarekin ordainarazten eta biltzen badu, otsailean eta irailean ordenantza honek arautzen duen tasa aurreratu beharko dio Partzuergoari. Aurrerapen bakoitzaren zenbatekoa izanen da urtero entitate bakoitzari kudeatzea dagokion errolda fiskalaren erdia beste.

13. artikulua. Premiamendu bidea.

Likidatutako kuotak, kobrantzaren borondatezko epean ordaintzen ez badira, administrazioaren premiamendu bidez eskatuko dira, Nafarroako Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren arauei jarraituz.

IX.-Arau-hausteak eta zehapenak

14. artikulua.

1.-Tributuaren aurkako arau-hausteen kalifikazioari dagokionean, baita haien zehapenen gainean ere, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen I. tituluko IV. kapituluko 6. atalean xedatutakoari jarraituko zaio.

2.-Zehapenak ezarrita, ez dira inoiz bertan behera geldituko sorrarazitako kuoten likidazioa eta kobrantza.

15. artikulua.

Ordenantza honetan ezarritako tasak eta tributuen aurkako arau-hausteen ondoriozko zehapenak ordaindu izanak ez du libratzen egungo araudia urratzeagatik ezarritako zehapen edo isunak ordaintzetik, eta bereziki zerbitzua arautzen duen ordenantza ez betetzeagatik.

X.-Arau osagarriak

16. artikulua.

Ordenantza honek aurreikusten ez duen hartan, tasa hau aplikatu, kudeatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeari buruzkoa bada, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio, baita Nafarroako Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrari eta hura garatzeko emandako gainontzeko xedapenei ere.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek, Nafarroako Hiri Hondakinen Tratamendurako Partzuergoaren Zuzendaritza Kontseiluak behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan, 2011ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta berariaz aldatu edo ezeztatu arte jarraituko du indarrean.

Iruñean, 2010eko irailaren 28an.-Partzuergoko burua, Amelia Salanueva Murguialday.

ERANSKINA

2011ko tarifen zenbatekoak zehaztu dira, ondoko taulan ezarritako kopuru eta irizpideen arabera, zein den jarduera eta zerbitzuaren prestazioa gertatzen den establezimendua. Etxeko tarifari dagokionez (T) 44,50 eurokoa izanen da.

MULTZOA

TARIFAK

JARDUERAK TOKI ZEHATZETAN

PISUA, TARIFEN ARABERA

1. MULTZOA

(Etxekoa)

1. TARIFA

Etxeak.

T

2. MULTZOA

(Etxeko tarifaren parekoak)

2. TARIFA

Bulegoak, langelak, jarduera profesionalak egiten diren lokalak, eta oro har zerbitzuen sektorearekin lotutakoak. Egoitza eta instalazio publikoak sartzen dira hemen, betiere jantoki zerbitzurik ez badute.

Merkataritzako establezimenduak, elikagaiak salbu, haien azalera osoa 150 m²-tik beherakoa bada.

Elkarte gastronomiko guztiak sartzen dira.

1,25 x T

3. TARIFA

Merkataritzako establezimenduak, elikagaiak salbu, haien azalera osoa 150 m²-tik gorakoa bada.

Ostalaritza eta aisialdiko establezimenduak, jantoki zerbitzurik gabe, haien azalera osoa 150 m²-tik beherakoa bada.

Elikagaien establezimenduak, haien azalera osoa 150 m²-tik beherakoa bada.

2 x T

4. TARIFA

Ostalaritza eta aisialdiko establezimenduak, jantoki zerbitzurik gabe, haien azalera osoa 150 m²-koa edo hortik gorakoa bada.

3 x T

5. TARIFA

Industriako establezimenduak, lantegiak, jantoki zerbitzurik ez dutenak eta elikagairik maneiatzen, biltegiratzen edo eraldatzen ez badute.

3 x T

3. MULTZOA

(Bereziak)

6. TARIFA

Elikagaien merkataritzako establezimenduak, haien azalera osoa 150 m²-tik gorakoa eta 500 m²-koa edo txikiagoa bada. Ostalaritzako establezimenduak sartzen dira, publikoak edo pribatuak izan, jantoki zerbitzua izan eta azalera hori dutenak.

5 x T

7. TARIFA

Industriako establezimenduak, jantoki zerbitzua izan edo haien jardunean elikagaiak maneiatu, biltegiratu edo eraldatzen badituzte.

6 x T

8. TARIFA

Elikagaien merkataritzako establezimenduak, haien azalera osoa 500 m²-tik 1.000 m²-ra artekoa bada.

Ostalaritzako establezimenduak, publikoak edo pribatuak, jantoki zerbitzua izan eta azalera hori dutenak, baldin eta haien plaza kopurua 100dik beherakoa bada.

Hemen sartzen dira kanpin guztiak, haien plaza kopurua edozein delarik ere.

7 x T

4. MULTZOA

(Hondakin sortzaile handiak)

9. TARIFA

Elikagaien merkataritzako establezimenduak, haien azalera osoa 1.000 m²-koa edo hortik gorakoa bada.

Ostalaritzako establezimenduak, publikoak edo pribatuak, jantoki zerbitzua izan eta azalera hori dutenak, baldin eta haien plaza kopurua 100 edo hortik gorakoa bada.

20 x T

L1019453

Iragarkiaren kodea: L1019453